89. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

148/2016 EBAZPENA, apirilaren 7koa, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Telefónica Móviles España SAk Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana aldatu eta eguneratzeko aurkeztu duen 6. espedientea onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko otsailaren 17ko 10/2002 Foru Legearen arabera, operadoreek planaren edukiaren edozein aldaketa, plana eguneratzen duena, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunari jakinarazi beharko diote.

Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusiaren urriaren 5eko 69/2016 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion Telefónica Móviles España SAk Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana aldatu eta eguneratzeko aurkeztu duen 6. espedientearen tramitazioari, eta agindua eman zen eskatutako kokapenak Nafarroako Gobernuaren gobernu irekiaren atarian argitaratzeko, interesdunek bidezko alegazioak aurkez zitzaten.

Orobat, ebazpen horretan errekerimendua egin zitzaien Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, bakoitzak bere eskumenen esparruan txostena egiteko azpiegituren lurralde planeko aipatu aldaketari buruz. Aipatu unitateek eta Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak txosten bana egin dute, eta horietan ezarritako determinazioak ebazpen honen II. eranskinean bildu dira.

Aipatu atarian jendaurrean egon den bitartean, ez da alegaziorik aurkeztu.

2015eko ekainaren 24ko Erabakiaren bidez, 10/2002 Foru Legean arautzen diren Nafarroako Foru Komunitateko azpiegituren lurralde planei dagokienez, Nafarroako Gobernuak erabaki du telekomunikazioen arloan eskumenak dituen departamentuak tramitatu eta ebatziko dituela plan horiek.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuaren 4. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Telefónica Móviles España SAk Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana aldatu eta eguneratzeko aurkeztu duen 6. espedientea onestea, barne direla ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren kokapenak eta II. eranskinean agertzen diren determinazioak, ukitutako instalazioek bete beharko dituztenak.

2. Ebazpena Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari igortzea.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak Telefónica Móviles España SAri jakinaraztea, eta aditzera ematea, ez duenez administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoarekin bat (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen).

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2016ko apirilaren 7an.–Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusia, Mikel Sagués García.

I. ERANSKINA

3100377 OLLAKARIZKETA

OLLAKARIZKETA (TXULAPAIN)

606834

4748854

3100807 TAXOARE-POLBERROA

TAXOARE

612459

4736458

3100972 ATETZ

EGUARATS (Atetz)

606308

4753506

3100791 P-MILAGROSA

IRUÑA

610833

4740168

3100796 P-LEZKAIRU

IRUÑA

611836

4739958

II. ERANSKINA

Determinazio orokorrak

–Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Irekitzeko lizentziaren fasean, eta oinarrizko estazioak martxan jarri baino lehen, teknikari eskudun baten ziurtagiria aurkeztuko da dagokion udalean. Txosten horretan justifikatuko da estazioak proiektu teknikoarekin eta aurkeztutako eranskinekin bat egin direla, eta emisio irrati-elektrikoetako esposizio mailen neurketa errealen emaitzak emanen dira. Neurketak erradiazio handiena den tokian eginen dira (bertaratzerik bada), barne direla bereziki aintzat hartu beharreko erabilera-eremuak, urtarrilaren 11ko CTE23/2002 Aginduan eta geroko aldaketetan ezarritako prozedurari jarraikiz eta maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Sustatzaileari gogorarazi behar zaio ezen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren arabera, obretako udal lizentziak eman baino lehen instalazio bakoitzaren ingurumen ukipenetarako baimen egokia tramitatu beharko dela, betiere instalazioa lurzoru urbanizaezinean bada eta aldez aurretik baimen hori ez badu.

–Ondare Historikoaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Aurreikusitako lanetan, horren berririk izan ez eta aztarna arkeologikoren bat agertuko balitz, lanak gelditu eta horren berri eman beharko dio, berehala, Arkeologiaren Atalari, ondare historikoaren alorrean indarrean dagoen legeriarekin bat (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatzeko, oharpen hori ez betetzeagatik ondare historikoari gerta dakiokeen edozein ukipen arau-hauste larritzat joko da.

–Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Abenduaren 31n martxan dauden estazioen zerrenda aurkeztu beharko du operadoreak, egun hori baino lehen, gutxienez datu hauekin: estazioaren kodea, UTMx eta UTMy koordenatuak, erabilitako teknologiak (GSM, UMTS, LTE, etab.), emisio frekuentziak eta sektoreen potentziak. Azken urtean estazioan aldaketarik izan ez bada, aski izanen da estazioaren kodea ematea eta aldaketarik ez duela izan adieraztea.

–Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan xedatutakoarekin bat, lurzoru urbanizaezineko kokapenek, lurzoru urbanizaezineko jardueretako baimena behar badute, instalatu baino lehen tramitatu beharko dute baimena. Orobat, aditzera ematen da baimen horiek eskatzeko behar den dokumentazio teknikoa aipatu legearen 119. artikuluan agertzen dela, eta ohartarazten da ezen, egin gogo diren jarduerak nahi diren tokietan gauzatzeak uki ditzakeen edo gauzatze hori baldintzatzen ahal duten azpiegitura eta/edo zortasunei dagokienez, operadoreek, obrak gauzatu baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko dituztela kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

Berariazko determinazioak

–Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak txostena eman du ondokoa adierazteko:

  • Lurraldearen planeamenduari dagokionez, bi jarduketak ez dira bateraezinak Eremu Zentraleko Lurraldearen Antolamenduko Planaren (LAP 3) lurralde eremuaren aurreikuspenekin, ezta horren arauzko determinazioekin ere.
  • Sektorearen legeriari dagokionez, sustatzaileari ohartarazten zaio jarduera egoki garatzeko behar diren baimen guztiak eskuratu behar dituela administrazio publikoetako beste organo batzuetan edo erakundeetan (azpiegiturak, bideak, zortasunak, ibilgu publikoak, isurketak, etab.).
  • Zehazki, bi kokalekuak Atezko Udalaren herrilurrarenak eta Txulapaingo Ollakarizketako Kontzejuaren herrilurrarenak dira, hurrenez hurren. Hortaz, haietan edozein jarduketa egiteko, Herrilurren Atalaren baimena beharko da. (6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).
  • Hirigintza planeamendua:
  • 2011ko maiatzaren 12az geroztik indarrean dagoen Atezko Udal Planaren arabera, lurzatia babestu beharreko lurzoru urbanizaezina da (ingurumeneko balioa, erabilera publikoko mendia) (403). Kontuan hartu gabe ingurumenaren alorreko organoak beharrezko balorazioa, azpiegitura bateragarria da plan horretan babeserako ezarritako araubidearekin.
  • Bestalde, Txulapainek ez dauka Udal Planik. LAPen jasotako ingurumen unitateen arabera baloratu da azpiegitura.

LAPen eremuan babestu beharreko lurzoru urbanizaezina Ingurumen unitateak PN2 eranskinean jasotako ingurumen unitateekin parekatu daitezkeen azpikategoriez dago osaturik nagusiki. LAP 3ko Ingurumen unitateen ondare naturala 03.04 planoan, lurzatiak UA6 izena du (zuhaixka eta belar formazioak), hortaz gorde beharreko lurzorutzat har liteke (ingurumeneko balioa, zuhaixka eta belar formazioak).

Lurzoru mota horietan, ulertzen da azpiegiturak baimendu daitezkeela lurzoru horren gainean kokatu beharra justifikatzen bada, bestelako aukerarik ez dagoenean.

  • Azkenik, bi kasuetan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 88. artikulua da aplikatu beharrekoa (Ingurumenera egokitu beharra). Antearen baimenaren tramitazioan justifikaturik geldituko da.
  • Lurzoru urbanizaezinaren baimena (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 117. artikulua). Sustatzaileak, baimena eskatzean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluan adierazten den dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du.

Atezko kokalekua beste operadoreei ere (Vodafone) baimendu zaie. Hortaz, eraikuntza edo instalazio berririk ez badu, 35/2002 Foru Legearen 111. artikuluaren esparruan, jarduketa baimendutzat jo liteke, aldez aurreko instalazioetan egiten den esku-hartzea bailitzateke, jarduera edo erabilera aldatzea eta bolumena handitzea ekartzen ez duena eta zerbitzuen demanda berririk behar ez duena.

–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak txostena egin du, adierazteko Ollakarizketako eta Atezko estazioek ingurumen ukipenetarako baimena behar dutela. Ebazpen hau ematean, zerbitzua operadoreak aurkeztutako dokumentazioa aztertzen ari da, eta, hori dela bide, dagokionean jakinaraziko dio operadoreari zein den ebazpena, edo dokumentazio osagarria aurkeztu behar duen.

Iragarkiaren kodea: F1604313