80. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

13E/2016 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, “Herri kultura tradizionalaren zabalkunde proiektuak” egiteko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena egin du, eta bertan eskatu du kultur entitateei “Herri kultura tradizionalaren zabalkunde proiektuak” egiteko diru-laguntzak emateko deialdia eta deialdi horren oinarri arautzaileak onestea, 67.000,00 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea; eta, kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintzak eta betebeharrak, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Herri kultura tradizionalaren zabalkunderako proiektuak egiteko kultur entitateei diru-laguntzak emateko deialdia.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan harturik:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KOD.

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4809-334100: Kultur entiitateentzako diru-laguntzak, herri kultura tradizionalaren zabalkunderako

2016

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko apirilaren 8an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

HERRI KULTURA TRADIZIONALAREN ZABALKUNDERAKO PROIEKTUAK EGITEKO KULTUR ENTITATEEI 2016AN DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN
OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiaren xedea da 2016ko urtarrilaren 1etik azaroaren 9ra, biak barne, gauzatzen diren kultur proiektuak egiteko kultur entitateei emanen zaizkien laguntzak arautzea, proiektu horien helburua baldin bada Nafarroako Foru Komunitateko kultur ondare tradizionalaren adierazpideen sustapena eta zabalkundea egitea, hau da, Nafarroako tradizioari eta folkloreari dagozkienak, kultur ekintzaren arloan. Programa honen ondorioetarako, sustapen eta zabalkundea Nafarroako herri kultura tradizionalaren zabalkundea eta goresmena egiten duten ikuskizunak, erakusketak, jaialdiak, jardunaldiak, hitzaldiak eta antzeko ekintzak direla ulertzen da.

1.2. Deialditik kanpo daude herriko festekin, inauteriekin, tokian tokiko festekin, prozesioekin eta bestelako agerpide erlijiosoekin zerikusia duten jarduerak.

1.3. Deialdiaren xedea Nafarroako kultura tradizionalarekin lotutako kultur ekintza areagotzen laguntzea da, hobeki ulertu eta zabaltzeko, eta entitateei laguntzea interes berezia izan, eta aurreko atalean aipatzen den xedea betetzen duten proiektuak gauzatzeko.

1.4. Entitate bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du.

1.5. Entitatearen urteko programazioak ez dira diruz lagunduko.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko kultur entitatea izatea.

b) 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako entitatea izatea.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden entitateak.

2.3. Deialdi honetatik kanpo daude toki entitateak, haien erakunde autonomoak, enpresa entitate publikoak, fundazio eta sozietate publikoak, partaidetzarik handiena Nafarroako Foru Komunitatearena baldin bada, bai eta Nafarroako Gobernuko 2016ko aurrekontuetan kontu-sail izenduna duten entitateak ere. Deialditik kanpo daude, halaber, Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribatutako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrak, aldi baterako onartutakoak barne.

3. Deialdiaren diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honek, guztira, 67.000 euroko diru kopurua izanen du, Nafarroako Gobernuko 2016ko aurrekontuen kargura.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa. Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diru-laguntzan sartzen ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 6. oinarriko 6.2 puntuarekin bat.

Bestalde, entitate eskatzaile bakoitzaren laguntzaren zenbatekoa ez da izanen deialdi honi esleitutako aurrekontu osoaren %15 (10.050 euro) baino gehiago.

3.3. Aurrekontu erabilgarria ekitaldian zehar handitzen bada, edo hasiera batean emandako kopuruak askatzen badira, 8. puntuan ezarritakoari jarraikiz onartu diren baina diru-laguntzarik eskuratu ez duten proiektuei ere ematen ahalko zaie, lortutako puntuazioaren hurrenkeran. Emandako dirua handitzen ahalko da soilik justifikatzeko epea amaitu aurretik gertatzen bada.

3.4. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.5. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaerakoa baino txikiagoa denean, onuradunari eskatzen ahalko zaio eskaera alda dezan, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion diru-laguntzara egokitzeko. Doikuntza horretan, hala badagokio, zilegi izanen da diruz laguntzen ahal den jardueraren ondoriozko diru-sarreren aurreikuspenak modu proportzionalean murriztea.

Balorazio Batzordeak eskaera berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

4. Laguntza jaso dezaketen proiektuak.

4.1. Proiektua hau da: entitate batek, denbora epe zehatz batean eta ezarritako aurrekontu batekin helburu bat lortzeko betetzen dituen jardueren multzoa.

4.2. Proiektuak lau zati ditu:

–Titulua.

–Proiektuaren deskribapen zehatza.

–Zabalkunde plana.

–Diru aurrekontua.

Deskribapenean proiektua deskribatuko da, eta haren helburuak eta horiek lortzeko bete beharreko ekintzak zehaztuko dira.

Horrez gain, hauek ere jasoko dira: proiektua noiz eginen den, onuradunen ezaugarriak eta kopurua, lortu nahi den emaitza ebaluatzeko bide emanen duten adierazleak, herri kultura tradizionalaren testuinguruan proiektuak duen garrantzia eta egokitasuna, proiektuaren edukiak eta helburuak bat etorzea, alderdi berritzaileak eta pedagogikoak eta euskara erabiliko den edo ez.

Zabalkunde planean proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak zehatz-mehatz jasoko dira.

Aurrekontuari dagokionez, proiektuaren aurrekontu osatua aurkeztu beharko da, eta bertan argi geldituko da entitateak dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, boluntarioak, kontratudunak) eta baliabide materialak (azpiegiturak) koherenteak direla, proiektuari aurre egiteko.

Proiektua II. eta III. eranskinetan jasotako ereduaren arabera aurkeztu beharko da.

5. Eskaeren aurkezpena eta eskatutako agiriak.

5.1. Laguntza eskaerak oinarri hauetako I. eranskinean ageri diren ereduen araberakoak izanen dira, eta, bertan aipatu dokumentazioa nahitaez erantsita, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

5.2. Eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa paperean eta euskarri digitalean aurkeztu beharko da (CD-Rom edo USB memoria), aiseago tramitatu eta baloratu dadin.

5.3. Eskabidearekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Legez eratutako entitate bat dela frogatzen duen agiria.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.

d) Proiektuaren azalpen txostena, II. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa. Proiektuaren datu ekonomikoak III. eranskinean bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5.4. Nafarroako Gobernuaren beste deialdi batzuetan aurkeztu diren kultur entitateek ez dituzte aurkeztu beharko aurreko puntuko a, b eta c letretan aipatzen diren agiriak, deialdi horietan ere eskatu baldin badira, salbu eta aldaketaren bat izan badute agiriok.

5.5. Eskabide ereduak, azalpen txostena eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/servicios.

5.6. Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.7. Diru-laguntzaren eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, hark emandako posta elektronikoaren bidez, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 42. artikuluan ezarritako moduan.

5.8. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

6. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntza jasotzen ahalko duten gastuak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak, behar-beharrezkoak direnak eta oinarri hauetan ezarritako epean egiten direnak. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzeneko kostuak.

–Proiektuko ekintzak egitearekin lotutako kultur taldeen eta arte konpainien, artisten eta hizlarien ordainsariak.

–Egile eskubideen kudeaketarako entitateek sortutako gastuak.

–Aurkeztutako proiektuaren ekintzak gauzatzean eragindako gastuak.

–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko behar diren langileen lansarien eta gizarte segurantzaren kostuak, barnean direla entitate onuradunaren zerbitzuan ari direnena eta horretarako kontratatzen direnenak. Lehenbiziko kasuan, proiektuan benetan emandako denboraren proportziozko zatiak egotziko zaizkio proiektuari.

–Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako eta merkaturatzeko gastuak.

–Proiektuko ekintzak egitera zuzendutako kanpoko baliabideak, hala nola toki, ekipamendu eta baliabide materialen alokairuak eta beste batzuk, kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak.

–Bidaiak, Nafarroako Foru Komunitatean bertan nahiz kanpora egindakoak, deialdiaren helburuarekin lotura baldin badute.

–Proiektuan aurreikusitako ekintzak egiteko behar diren langileen ostatu gastuak, dietak eta bidaia gastuak, barne hartuta entitate onuradunean lanean arintzen direnena eta horretarako kontratatzen direnena, bai eta jarduera egiteko beharrezkoak diren eszenografia, atrezzoa, jantziak, tresnak, eta/edo elementu teknikoak garraiatzea ere, gehienez ere:

–Ostatua eta dietak: Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartu eta 2012ko 244. NAOn, abenduaren 17an, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatutako gastuak.

–Garraioa: autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Furgoneta edo zamarako beste ibilgailuren bat erabiliz gero, zero koma berrogei (0,40) euro km bakoitzeko, gehi autobideko eta aparkalekuetako gastuak. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua pertsona fisiko edo juridikoaren egoitza soziala edo establezimendua izanen da.

–Ibilgailua alokairukoa denean, alokairuaren kostua.

–Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere klase turistako txartel arrunta diruz lagunduko da.

Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera. (282/1997 Foru Dekretua).

Entitate eskatzailearekin lotura duten pertsonak kontratatuz gero proiektua edo haren zati bat gauzatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Kontratazioa merkatuko ohiko baldintzekin bat egin beharko da.

–- Kontratazioa Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna jaso beharko du.

b) Zeharkako kostuak.

Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak betetzen dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako proiektua gauzatzeko.

Proiektu bakoitzean diruz laguntzen ahal diren zeharkako kostuek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %10etik gorakoak izanen.

6.2. Gastu hauentzat ez da diru-laguntzarik emanen:

–Herri bazkariak.

–Argitalpenen edo euskarri digitaleko materialaren edizioa.

–Web orrien eta sare sozialen mantentze lanak.

–Ikerketa eta ikasketa programak.

–Kirol edo eskola arloko jarduerak.

–Zinema jaialdiak eta lehiaketak, Foru Komunitatean 2016an egiten direnak.

–Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak, salbu eta diru-laguntzaren xede den proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarrien erosketarako 6.1 puntuan ezarritakoa.

–Proiektua garatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

–Balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskura dezakeena, bai eta antzeko zergak ere.

–Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

7.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:

a) Kontseiluko burua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Liburutegien/Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

b) Idazkaria: Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Ataleko teknikari bat, eta bera falta denean, Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua, hitz egiteko eskubidearekin baina botorik gabe.

c) Batzordeko kideak: Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua eta bera falta denean, Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko teknikari bat eta kultura eta/edo ekonomia kontuetan adituak diren beste bi pertsona.

7.3. Balorazio eta esleipen prozesua.

1. fasea.–Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 5.7 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

2. fasea.–Onartutako proiektuak jasoko dituzte ebaluazio batzordeko kideek, balorazioa egiteko.

3. fasea.–Entitate eskatzaileek ebaluazio batzordearen aurrean defendatzen ahalko dituzte beren proiektuak, gehienez ere 15 minutuko azalpenak emanez. Entitate eskatzaile guztiek izanen dute proiektua batzordearen aurrean defendatzeko aukera, hala eskatzen badute. Horretarako, I. eranskinean adierazi beharko dute, dagokion laukitxoan. Era berean, balorazio prozesu osoan zehar, batzordeak entitateen agerraldia eska dezake, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

4. fasea.–Ondoren, batzordeak bilera eginen du, aurkeztutako eskabideen puntuazioa jarriko du, eta diru-laguntza banatuko du 8. atalean aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren ordenan, 3. oinarriko 2. eta 3. ataletan ezarritakoari jarraikiz.

5. fasea.–Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du.

7.4. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8. Proiektuen balorazioa.

Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

8.1. Entitate eskatzailearen ibilbidea, eta jarduna (10 puntu arte).

a) Entitatearen ibilbidea: Erakundeak jardunean emandako urte osoak. (2 puntu arte).

10 urte baino gehiago: 2 puntu.

1etik 10 urtera bitarte: puntu bat.

b) Entitatearen jarduera: Azkeneko hiru urte naturaletan egindako eta egiaztatutako jarduera garrantzitsuen kopurua. (8 puntu arte).

Egindako jarduera bakoitzeko puntu bat (erakusketa, ikuskizuna, hitzaldiak, hitzaldi/mintzaldi zikloa...), 8 puntu arte. (Jarduera hitzaldi eta mintzaldi ziklo bat denean, zizloak 5 saio izan behar ditu gutxienez; kopurua txikiagoa baldin bada, puntuazioa proportzioan emanen zaio).

8.2. Proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa. (65 puntu arte).

8.2.1 Taldearen osaera eta gaitasuna (5 puntu arte).

8.2.2 Proiektua (45 puntu arte).

a) Proiektuaren kalitate orokorra (30 puntu arte).

–Proiektuaren izenburua.

–Proiektuaren deskribapena

–Proiektuaren helburuak.

–Helburuak lortzeko beteko diren ekintzak.

–Proiektua gauzatzeko datak.

–Onuradunen ezaugarriak eta kopurua

–Alderdi hauek ebaluatzeko bide emanen duten adierazleak: lortu nahi den emaitza, proiektuaren garrantzia eta egokitasuna kultura tradizioanalaren ikuspuntutik eta lurraldean, proiektuaren edukien eta helburuen arteko koherentzia, proiektuaren interes kulturala.

b) Euskararen presentzia proiektuaren edukiak eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean (8 puntu arte).

c) Proiektuaren zabalkundea: Komunikazio eta publizitate plana (7 puntu arte).

8.2.3. Proiektuaren hartzaileei loturiko kudeaketa estrategiak (15 puntu arte).

a) Proiektuari erantsitako ekintza pedagogikoak (5 puntu arte).

b) Zailtasun fisikoak edo psikosozialak dituen jendea hurbiltzen laguntzeko ekintzak (5 puntu arte).

c) Ekintza berritzaileak (hizkera berriak, ikuspegi berriak...) (5 puntu).

8.3. Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa. (25 puntu arte).

8.3.1. Proiektu osoaren kostuarekin alderatuta, eskatzen den diru-laguntzaren portzentajea (7 puntu arte).

–%60ra artekoa: 7 puntu.

–%60tik %65 arte: 5 puntu.

–%65tik %70 arte: 2 puntu.

8.3.2. Proiektuaren guztirakoaren gainean bermatu edo berretsitako finantzaketaren portzentajea, diru-laguntza hau kenduta. Hurrengo agiriren bat beharko da aurkeztu: baliabide berekiak (bankuko dokumentua edo zinpeko aitorpena, entitatearen legezko ordezkariak egina), maileguak, jarduteko kontratuak (kuantifikatuta eta sinatuta), berretsitako diru-laguntzak (haiek ematen dituen ebazpena), entitateari laguntza ekonomikoa emanen dioten entitateen ziurtagiri kuantifikatuak (Vianako Printzea Erakundea-Kultur Zuzendaritza Nagusiarekin hitzarmena sinatuz gero) (12 puntu arte).

% 50 baino gehiago: 12 puntu.

%41etik %50 arte: 10 puntu.

%31tik %41 arte: 8 puntu.

%21etik %31 arte: 6 puntu.

%11tik %21 arte: 3 puntu.

8.3.3. Diru-sarreren eta gastuen egituraren koherentzia (6 puntu arte).

8.4. Proiektuen balorazioa egin ahal izateko, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den azalpen txosteneko ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak. Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian osatuko da.

8.5. Aurreko irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Diru-laguntza jasotzeko, proiektuek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez. 50 puntu horietatik, gutxienez 32,5 proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa izeneko atalean lortu beharko dira.

8.6. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

9. Diru-laguntza emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere lau hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Diru-laguntza hau emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko dira (http://www.navarra.es/home_es/servicios).

Gainera, eskatzaileak berak emandako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39 Iruña).

9.3. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruzko jakinarazpen guztiak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.

10. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek interes soziala dute foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere.

10.2. Kultur mezenasgorako zerga-pizgarriak aplikatuko dira baldin eta onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta aplikatu behar den gainerako araudian ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte. Eta zehazki, diruz laguntzen diren proiektuei dagokienez, hurrengo oinarrian ezarritakoez gain, betebehar hauek bete beharko dituzte:

–Mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea 12 oinarrian aipatzen den azken memorian, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeko izan duten eragina ebaluatzea.

–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraunaldia eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptu gisa urte bakoitzean guztira jasoko duen zenbatekoa ere.

–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea, alegia, frogagiriak luzatzeari eta kasuan kasuko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunari bidaltzeari buruzkoak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

11. Onuradunen betebeharrak.

11.1. Interesdunek diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, telematika bidez, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Deialdi honen barnean diruz laguntzen den proiekturako soilik erabiltzea laguntza eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak betetzea.

11.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatu beharko da diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

11.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta.

11.5. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, hura gertatu eta berehala, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, Ebaluazio Batzordearen ustean.

11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta jasotako finantzaketa edo diru-laguntza deskribatzen duen testu bat ezarri. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es. Ekitaldia diru-laguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (eskuorriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, diru-laguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko ataleko baldintzei jarraituz.

11.7. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietako oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

11.10. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

11.11. Entitateak garaiz eman beharko du egiten dituen jarduerei buruzko informazioa, aldian behin Nafarroako Gobernuaren web-ean eta beste baliabide batzuetan zabal dadin.

11.12. Entitateak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako azalpen txostenean jasotakoarekin alderatuta.

12. Ordainketa.

12.1. Oro har.

Oro har, behin entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren %25, %50, %75 eta %100 betetakoan, hurrenez hurren. Entitateak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du justifikazio partzialetan edo bukaerako justifikazioan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFZ, fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data, guztirako zenbatekoa, zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZ zehaztuta, kontuan hartuta diru-laguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak. Zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak aurkeztuko dira.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagiriaren bidez frogatuko dira. 100 eurotik beherako gastuen ordainketa, berriz, fakturen fotokopien bidez edo balio frogagarri bera duten gainerako dokumentuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin eta beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduketak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean. Frogagiriak aurkezteko epea 2016ko abenduaren 9an bukatuko da.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren. Entitateak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta egindako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFZ, fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data, guztirako zenbatekoa, zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZ zehaztuta, kontuan hartuta diru-laguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak. Zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak aurkeztuko dira.

c) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren funtsekin eta beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

d) Egindako jarduketak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean. Frogagiriak aurkezteko epea 2016ko abenduaren 9an bukatuko da.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.3. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzaren zati bat jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko da, emandako diru-laguntzaren %50 aurreratuta, gehienez ere. Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuan eskatu beharko dute, eta froga gisa dokumentazioa aurkeztu beharko dute (diruzaintzako egoera orria edo bankuko kontuen saldoa, eta ordaintzeko edo kobratzeko dauden eta proiektuarekin lotura duten gastuen eta diru-sarreren zerrenda).

13. Justifikatzeko epea eta modua.

13.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, diru-laguntzaren likidaziorako entitateek ondotik aipatzen diren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte proiektua amaitu eta bi hilabeteko epean; betiere, azken eguna 2016ko abenduaren 9 (data hori barne) izanen da. Dokumentazio hau paperean eta formatu digitalean aurkeztuko da:

a) Proiektuaren azken txostena eta proiektuan egindako jardueren ebaluazio txostena.

b) Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.

c) Onartutako proiektua gauzatzeko egindako gastuaren ziurtagiriak. Faktura horiek 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera luzatuak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Ez da onartuko ez ordainagiririk, ez aurrekonturik eta ez albaranik. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

d) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagiriaren bidez frogatuko dira. 100 eurotik beherako gastuen ordainketa, berriz, fakturen fotokopien bidez edo balio frogagarri bera duten gainerako dokumentuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

e) Ekitaldiko urteko kontuak.

f) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda zehaztua, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzaile/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data eta zenbatekoa (BEZa, PFEZa eta osoa), zenbakia eta data. Zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

13.2. Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

13.3. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek proiektuko gastuaren zenbateko osoa jaso beharko dute.

13.4. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie onartutako gastuen frogagiriei, jarduera egin eta gero onartutakoei, ordainketaren frogagiriak badituzte.

14. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

14.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dena dela, bateraezina izanen da proiektu bera Nafarroako Gobernuaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea. Diru-laguntza horien zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14.2. Nafarroako 2016ko aurrekontu orokorretan kontu-sail izenduna duten kultuta entitateek ezin izanen dituzte laguntza hauek eskatu.

15. Dirua itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutza interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

16. Arau-hausteak eta zehapenak.

16.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

16.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

17. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

18. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua.

II. ERANSKINA

Proiektua azaltzen duen txostena.

III. ERANSKINA

Proiektuaren datu ekonomikoak.

Behera kargatu beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1604363