80. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTAXOA

Egiturazko aldaketa Udal Planaren 4.3 artikuluan, lurzoru urbanizaezineko arauetan. Behin betiko onespena

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariaren martxoaren 2ko 31E/2016 Foru Aginduaren bidez, behin betiko onetsi zen Artaxoako Udal Plana aldatzeko espedientea, abeltegien eta hiri-lurzoruaren arteko distantziei buruzko araudiaren 4.3 artikuluan aipatzen den lurzoru urbanizaezinaren araubideari buruzkoa, eta, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 81. artikuluan ezarritakoari jarraituz, argitara ematen dira ezarritako determinazioak:

3. puntua aldatzen da Artaxoako Udal Planeko lurzoru urbanizaezineko hirigintza arauetan, eta hemendik aurrera testu hau izanen du:

3. Abeltzaintza intentsibo eta estentsiborako eraikinen ezaugarriak.

Abeltzaintza intentsiboa erraten zaio lurzoruko baliabideen mende ez dagoenari, aziendendako janari gehienak kanpotik ekartzen direlako eta abereak funtsean ukuiluan hazten direlako.

Abeltzaintza estentsiboan, aldiz, abereen elikaduraren oinarri nagusia lurzoruko baliabideen zuzeneko aprobetxamendua da.

Kokalekua:

Beti errespetatu behar dira Abeltegiak baimentzeko baldintza teknikoei, higiene eta osasun arlokoei eta ingurumenekoei buruzko 188/1986 Foru Dekretuan ezarritako distantziak (gaur egun, ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretua), honako muga honekin: instalazioari lotutako lurzatitik gutxienez 1.000 metro egonen dira hiri lurzoruaren edo lurzoru urbanizagarriaren mugaraino.

Hala ere, legez ezarritako abeltegiek, 1.000 metroko distantzia baino txikiagoa baina 500 metro baino handiagoa badute (188/1986 Foru Dekretua), handitzeak egiten ahalko dituzte, betiere eraikitzeko baldintzekin eta Udal Planeko gainerako ordenantzekin bat.

Salbuespenez eta behar bezala justifikatutako kasuetan, zilegi izanen da orain jarduna duten ustiategiek instalazioak handitzea, baldin edukiera txikiko handitzeak badira (30 AzLU baino gutxiago), ingurumena ukitzen ez badute eta kalterik ekartzen ez badute hurbileko hiri lurzoruan edo urbanizagarrian, eta gutxienez ere 250 metroko distantzia badute hiri lurzoruaren eta lurzordu urbanizagarriaren mugaraino, aplikatuz 500 metroko mugaren %50eko murrizketa, ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritakoa.

Eraikuntzek bete beharreko baldintzak:

–Gehieneko garaiera: 4,5 metro.

–Gehieneko luzera: 75 metro.

–Gutxieneko tartea lurzatiko mugara: 6 metro.

–Gutxieneko tartea instalazio bereko eraikuntzen artean: 6 metro.

–Materialak: eraikuntzari buruzko ordenantza aplikatuko da.

–Azalera: egin nahi den eraikuntza abelburuen kopuruaren neurrira egokituko da, eta hala dela frogatuko da.

–Bazka biltegiratzeko eraikuntzak: nekazaritzako biltegiei buruz xedatua beteko da.

–Zuhaitz ilara bat landatuko da fatxadaren eta lurzatiaren itxituraren artean, bide ondoan.

Argitara ematen da, interesdunak jakinaren gainean izan daitezen.

Artaxoan, 2016ko martxoaren 18an.–Alkatea, Adolfo Vélez Ganuza.

Iragarkiaren kodea: L1603867