48. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

NAFARROAKO PARLAMENTUA. Deialdia, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko administrariak aldi baterako kontratatzeko izangai-zerrenda bat egitekoa.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2016ko otsailaren 29an egindako bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

Zerbitzu Orokorretako buruak proposatu du hautaprobak egiteko deialdia egin dadin, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko administrariak izateko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat egiteko.

Zerbitzu Juridikoek eta Kontu-hartzailetzak kasuko txostenak eman dituzte proposamen horren inguruan.

Proposamen hori aztertuta, eta Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 5. artikuluan esleitutako eskumenen arabera, hona

ERABAKIA:

1. Onestea hautaprobak egiteko deialdia, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko administrariak izateko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat egitekoa. Deialdiaren oinarriak erabaki honi erantsi zaizkio.

2. Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzea.

Iruñean, 2016ko otsailaren 29an.–Lehendakaria, Ainhoa Aznárez Igarza.

Deialdia, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko administrariak aldi baterako kontratatzeko izangai-zerrenda bat egitekoa

Hauek dira deialdiaren,

oinarriak

1.–Helburua.

Deialdi honen xedea da hautaproben bidez osatzea administrari-lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat, Nafarroako Parlamentuan sortzen diren beharrei aldi baterako erantzuna emateko, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeari buruzko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

Nafarroako Parlamentuko plantilla organikoan 15 administrari-lanpostu (C maila) daude, eta horietako hiruri euskara-titulua eskatzen zaie. Hautaprobak berberak izanen dira izangai guztientzat, eta, horien emaitzak ikusita, administrari-lanpostuak betetzeko aldi baterako kontrataziorako izangai-zerrenda bat prestatu eta onetsiko da, puntuazio handienetik txikienera osatua.

Euskaraz jakitea berariaz eskatzen duten lanpostuetan aritzeko aukera izanen dute deialdi honetan aipaturiko administrari-lanpostuetan aldi baterako kontratatzeko izangai-zerrendan egoteko hautatutako izangaiek, baldin eta beren eskabidean hori adierazten badute eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean 2. oinarriko d) letran ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiar edo Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea izatea, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez gainditzea.

c) Goi mailako batxilergoko titulua, bigarren mailako lanbide heziketako titulua edo ofizialki horien baliokide deklaratutako beste titulu bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.

Atzerrian lortutako tituluak badira, haien homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Euskaraz dakiten administrarien kontratazioan ere parte hartu nahi duten izangaientzat: Nafarroako Gobernuaren EGA titulua izatea, edo Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidetzat aitortua dagoen ziurtagiria, edo behar den hizkuntza-eskakizuna zehazten duen proba bat gainditzea, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat. Proba hori onartuen behin-behineko zerrenda argitaratu baino lehen eginen da.

e) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia izan ez izana, ezta diziplinako kaleratze bidez bidali izana ere.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira betebehar guztiak; baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

2.3. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baino ez dute aurkeztu beharko betebeharren betetzea egiaztatzen duen jatorrizko dokumentazioa edo kopia konpultsatua, dagokion kontratua formalizatu baino lehen.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta haien egintza guztiak deuseztatuta geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Parlamentuko lehendakari andreari zuzendu, eta Nafarroako Parlamentuaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira (Navas de Tolosa kalea, 1-Iruña), edo beste erregistro batzuetan, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluari jarraituz.

3.2. Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, eskabideari postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtapena egin aurretik.

3.3. Eskabideak I. eranskinean adierazitako ereduaren araberakoak izanen dira, eta eskuratu ahalko dira Nafarroako Parlamentuaren erregistro orokorrean nahiz Nafarroako Parlamentuaren webguneko (www.parlamentodenavarra.es) “Transparencia/Listas y convocatorias Personal/Convocatorias públicas de personal/Ejercicio 2016” izeneko atalean.

3.4. Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.5. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia ere aurkeztu beharko dute.

3.6. Espainiako nazionalitatea ez duten pertsonek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte eta, zein den kasua, 2.1.a) oinarrian nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena ere bai. Gainera, zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien inolako diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez izateari buruzkoa.

3.7. Euskaraz dakiten administrarien lanpostuetan kontratatuak izan nahi duten izangaiek deialdian eskatzen den titulazio ofizialaren fotokopia ere aurkeztu beharko dute, eskabidearekin batera. Titulazio hori ez daukaten eta deialdi honetako 2. oinarriko d) letran aipatutako proba egin nahi dutenek horixe adierazi beharko dute eskabidean.

3.8. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora- edo baliabide-egokitzapenik behar badute, horiek eskabidean eskatu beharko dituzte; horretarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, organo eskudunak emandako legezko desgaitu-izaeraren frogagiriaren kopia ere aurkeztu beharko dute.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

5.–Izangaien onarpena. Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea iraganik, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak jarriko ditu jendaurrean, bai Nafarroako Parlamentuko iragarki oholean bai www.parlamentodenavarra.es webguneko “Transparencia/Listas y convocatorias Personal/Convocatorias públicas de personal/Ejercicio 2016” atalean. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.

5.2. Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratu ondoko bost egun balioduneko epean, interesdunek erreklamazioak egin ahalko dituzte, edo eskabideko akatsak zuzendu. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira www.parlamentodenavarra.es webgunean, “Transparencia/Listas y convocatorias Personal/Convocatorias públicas de personal/Ejercicio 2016” izeneko atalean, hain zuzen ere, bai eta Parlamentuko iragarki-oholean ere.

5.3. Hautaproba 2016ko bigarren hiruhilekoan egitea aurreikusten da. Hautaprobaren eguna, ordua eta tokia www.parlamentodenavarra.es webgunean, “Transparencia/Listas y convocatorias Personal/Convocatorias públicas de personal/Ejercicio 2016” izeneko atalean, argitaratuko dira, baita Parlamentuko iragarki-oholean ere, hamabost egun natural lehenago, gutxienez.

5.4. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu egiten zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dutela ondorioztatuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik eduki litzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

5.5. Izangai onartu eta baztertuen zerrenda argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Hauexek izanen dira epaimahai kalifikatzaileko kideak:

Epaimahaiburua: Alberto Catalán Higueras jauna, Parlamentuko 2. lehendakariordea.

Ordezkoa: Maiorga Ramirez Erro jauna, Parlamentuko 1. idazkaria.

Epaimahaikidea: Sergio Zozaya Garralda jauna, Zerbitzu Orokorretako burua.

Ordezkoa: Gorka Aldatz Payan jauna, administraria.

Epaimahaikidea: Laura Vidán Astiz andrea, administrazio-kudeaketako erdi-mailako teknikaria.

Ordezkoa: Belén Armendáriz Semberoiz andrea, administraria.

Epaimahaikidea: Langileen Batzordeak hautaturiko ordezkari bat.

Ordezkoa: Langileen Batzordeak hautaturiko ordezkari bat.

Idazkaria: Silvia Doménech Alegre andrea, legelaria.

Ordezkoa: Manuel Pulido Quecedo jauna, legelaria.

6.2. Epaimahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak gertatzeagatik epaimahaiaren osaera aldatuko balitz, halaxe jakinaraziko litzateke, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendekin batera.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia. Parlamentuko Langileen Batzordeak hautatutako ordezkarien izendapena onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera eginen da.

6.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketa eta jarduna baliodunak izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.6. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eska dezake probarako. Aholkulari horiek lankidetzan ariko dira epaimahaiarekin, beren espezialitate teknikoetan jardutera mugaturik.

7.–Hautaketa-prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

7.1. Hautaketa-prozesua ariketa baten bidez eginen da, eta ariketa horrek bi proba izanen ditu:

a) Lehenbiziko proba: Proba honetan aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik. Gaiak deialdiko II. eranskineko A) atalean ageri direnak izanen dira. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Probaren balorazioa 40 puntukoa izanen da gehienez ere, eta kanpoan geldituko dira gutxienez ere gehieneko puntuazioaren erdia (20 puntu) lortzen ez duten izangaiak.

b) Bigarren proba: Proba honetan ere aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik. Gaiak deialdiko II. eranskineko B) atalean ageri direnak izanen dira. Era berean, izangaien hitzezko, zenbakizko eta ortografiazko gaitasunak ebaluatuko dira. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Probaren balorazioa 40 puntukoa izanen da gehienez ere, eta kanpoan geldituko dira gutxienez ere gehieneko puntuazioaren erdia (20 puntu) lortzen ez duten izangaiak.

7.2. Izangaien puntuazio osoa lehenengo eta bigarren hautaprobetan lortutako puntuazioak batzearen emaitza izanen da. Gainditzeko, horietako bakoitzean eskatutako gutxieneko puntuazioa eskuratu beharko da.

7.3. Bi probak egun berean eginen dira, bata bestearen ondoren. Probak hasi baino lehen zehaztuko du epaimahaiak bi proba horietako bakoitzaren gehieneko iraupena. Proba horiek egiteko ez da inongo testurik kontsultatu ahalko, ez eta hiztegirik, kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, mutur lodiko tinta beltzezko bolaluma izan ezik.

7.4. Ariketa bakoitzerako, deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio-agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta deialditik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

7.5. Proba egiteko orduan, halaxe eskatzen duten minusbaliatuek denbora eta baliabide aldetik posible diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaldu dutenaren arabera.

8.–Onartuen zerrenda, deia eta kontratazioa.

8.1. Proba kalifikatu eta egon daitezkeen berdinketak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeraren araberakoa, argitaratuko du www.parlamentodenavarra.es webgunean, “Transparencia/Listas y convocatorias Personal/ Convocatorias públicas de personal/Ejercicio 2016” izeneko atalean, eta Parlamentuko iragarki-oholean.

Halaber, epaimahaiak Nafarroako Parlamentuko Mahaiari igorriko dio zerrenda, horrek onets dezan, hautaketa-prozesuaren espediente osoarekin batera.

8.2. Puntuazioari dagokionez izangaien artean egon daitezkeen berdinketak hautaprobetan asmatze gehien izan dituen izangaiaren alde ebatziko dira. Berdinketek hala ere jarraitzen badute, oker gutxien izan dituena hartuko da aintzat. Berdinketak jarraituz gero, zozketa bidez ebatziko da. Zozketa kalifikazio-epaimahaiak eginen du, eta ukitutako izangaiei bertan agertzeko deia eginen zaie.

8.3. Prozesua gainditu duten izangaiei deitu ahalko zaie Nafarroako Parlamentuan sortzen diren beharren arabera, deialdi honetako oinarrietan, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeari buruzko Erregelamenduan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoarekin bat, eta aldi baterako administrazio kontratua eginen zaie, administrari edo euskaraz dakien administrari gisa, C mailan; lanpostu horri dagozkion lansariak izanen dituzte, plantillako langile finkoei berez dagozkienak izan ezik.

8.4. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatzen duen apirilaren 10eko 13/2015 Foru Legean ezarritakoa, desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortzeari dagokionez.

8.5. Kontratatuei alta emanen zaie Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean eta bertan afiliatuko dira. Beraz, haiek ordaindu beharko dituzte kasuan kasuko kuota eta PFEZaren atxikipenaren zenbatekoa.

8.6. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak sei urteko indarraldia izanen du, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak onesten duenetik aurrera zenbatuta, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko aldi baterako langileak kontratatzeari buruzko Erregelamenduarekin bat.

9.–Errekurtsoak.

9.1. Deialdi honen, deialdi honetako oinarrien eta Nafarroako Parlamentuko Mahaiak deialdi hau dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa, Parlamentuko Mahaiari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean.

9.2. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak edo kalifikazio-epaimahaiak deialdi hau aplikatzeko erabakitzen dituzten gainerako egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Parlamentuko Mahaiari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide-eredua (PDF).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

A atala.

1. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa.

2. gaia.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua.

3. gaia.–Nafarroako Parlamentuko administrazioaren antolamenduari buruzko erregelamendua.

4. gaia.–Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua.

Oharra: Zein egunetan argitaratzen den deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen testuaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

B atala.

1. gaia.–Informatika jakintza orokorrak: Microsoft Office 2010 (Word, Excel, Access).

Iragarkiaren kodea: F1602627