48. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

43E/2016 EBAZPENA, otsailaren 24koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Villatuertako udal mugapean metalezko piezak fabrikatzeko instalazio baten Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako eskatutako aldaketa onartzen duena. Jardueraren titularra Embega S. Coop. da.

Instalazio horrek Ingurumen baimen integratua dauka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 22ko 453/2007 Foru Aginduaren bidez emana. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 6ko 440E/2014 Ebazpenak eguneratu zuen foru agindu hori.

2015eko abuztuaren 28an, titularrak eskatu zuen Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzeko. Zehazki, eskatu zuen sulfatoen gehieneko balioa igotzeko, otsailaren 20ko 12/2006 Foru Dekretuaren III. eranskinean oro har ezartzen den 500 mg/l baliotik 1.500 mg/l balio espezifikora, foru dekretu horren 19. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

Gaur egun isurkiaren karga kutsatzailea egunean 120 kg sulfato da, uneko gehieneko emarirako (10.000 l/h). Batez besteko emaria egunean 45 m³ bada, karga kutsatzailea egunean 22,5 kg sulfato da. Eskatzen den gehieneko balio espezifikoa onartuz gero, karga kutsatzailea egunean 360 kg sulfato izanen litzateke uneko gehieneko emarirako, eta 67,5 kg sulfato egunean batez besteko emarirako. Otsailaren 20ko 12/2006 Foru Dekretuak ez du gehieneko baliorik ezartzen kolektorera doan eguneko fluxuan, parametro horri dagokionez.

Sektoreko BREFaren arabera, hondakin uren gatzak eta/edo azido inorganikoak (sulfatoak, besteak beste) kolektorean isuriz gero, estolderia sistemen funtzionamendua kaltetu daiteke: hodi, balbula eta ponpen korrosioa, tratamendu biologikoaren funtzionamendu okerra uraz beheiti, etab. Ez da bestelako ukipenik adierazten.

MTDtzat (teknika erabilgarri onenak) jotzen da gatz inorganikoak (kloruroak eta sulfatoak, nagusiki) jatorrian tratatuz edo in situ kontrolatzea, udaleko estolderia sisteman kalteak, akatsak edo funtzionamendu desegokia eragiten ahal dituztenean.

2015eko azaroaren 16an, saneamendu-sarearen kudeatzaileak txostena egin zuen, instalazioaren titularrak planteatzen duen aldaketa egitearen aldekoa.

Instalazioak bere produkzio prozesuan sortzen diren hondakin ur industrialak tratatzen ditu malutapen, dekantazio eta harea-iragazkiaren bidez, baina ez du betetzen otsailaren 20ko 12/2006 Foru Dekretuan ezartzen den gehieneko balioa (500 mg/l), 500dik 1.500 mg/l bitarteko balioak lortzen baititu.

Gehieneko balioan eskatzen den aldaketa onartuz gero, instalazioak behar bezala funtzionatuko luke ingurumenaren aldetik, eta koherentea izanen litzateke teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko a) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez esleitu zaizkidan eskumenak erabiliz, haren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren, Mendi Zerbitzuko zuzendariaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten baita indarreko araudiak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiari esleitzen dizkion zenbait eskumen administratiboren erabilera,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Villatuertako udal mugapean metalezko piezak fabrikatzeko instalazio baten Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako aldaketa onartzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Embega S. Coop. da.

Bigarrena.–Urriaren 6ko 440E/2014 Ebazpenaren bidez instalazio horri emandako Ingurumen baimen integratuan, hondakinen produkzioari eta kudeaketari buruz, agertzen diren baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Embega S. Coopera, Villatuertako Udalera eta NILSAra igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko otsailaren 24an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1602415