218. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CINTRUÉNIGO

Deialdia, Cintruenigoko Udalaren zerbitzuko obra arduradun nagusia izateko lanpostu bat barne igoera murriztuan
eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak 2016ko urriaren 10ean hartu erabakiaren bidez onetsi zen Cintruenigoko Udalaren zerbitzuko obra arduradun nagusia izateko lanpostu bat, barne igoera murriztuan eta oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, oinarri hauei jarraituz:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da obra arduradun nagusia izateko lanpostu bat (lantaldeko burua) betetzea Cintruenigoko Udaleko D mailako langileen arteko oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluaren babesean. 2016ko ekitaldiko plantilla organikoan, A06 zenbakiarekin identifikatu da plaza.

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia C mailako funtzionario bilakatuko da, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik.

1.3. Lanpostuak C mailako lansaria izanen du, gehi plantilla organikoan esleituak dituen osagarriak.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuko beharrek hori eskatzen dutenean.

1.5. Izendatuak bere mailan eta kategorian agintzen zaizkion eginkizunak beteko ditu, besteak beste:

–Lantaldearen lanen plangintza eta programazioa: proiektu txikiak, mantentze-lanak eta gorabeherenak, lan zama banatuz dauden bitartekoen eta aurreikusitako epeen arabera.

–Ikuskapen, neurketa, plangintza... jarduerak egitea, parkeak, eremu publikoak eta hiri altzariak, urbanizazioak, obrak, eremu publikoak eta gainerako elementuak (arketak) egoera onean daudela bermatzeko, eta obra lantaldeari dagozkion obra eta lanak zuzentzea.

–Arduradunak ezarritako irizpideetatik eta plangintzatik abiatuz, udalerriko eraikinen, obren eta instalazioen segurtasuna kontrolatzea.

–Udal lantaldeko atal guztietako alorreko arduradunen koordinazioa.

–Lanak egunero antolatzea, bai eta horiek egiteko makineria, erreminta, ibilgailu eta materialak ere.

–Langileen jarduerak eta lanak gainbegiratuko ditu: kaleen garbiketa, igeltserotzako konponketak, Udalak eskatutako egiturak eta aparatuak jarri eta kentzea, lurperatze lanak, pintatze lanak hiri altzarietan eta bideetako seinaleetan, lorezaintza...

–Lantaldeak antolatzea (langileak).

–Langileak garaiz etortzen nahiz lanera agertzen ote diren kontrolatuko du eta ikusitako hutsen berri emanen dio Udaleko Langileen Alorrari, eta langileei eta agindutako eginkizunei dagozkien lan-gaztiguak egin beharko ditu.

–Lantaldea zuzendu, antolatu, koordinatu eta gainbegiratzea, horretarako helburuak eta jardunbideak ezarrita, eta eginkizunak banatzea langileen artean, funtzionamendua egokia izan dezan.

–Egindako lan programa betetzeaz arduratzea (jarraipena eta ebaluazioa), uneoro programaren egoerari eta aurreikuspenei buruzko informazioa erraz eta modu fidagarrian eskura duelarik.

–Mantentze lanetan, jarraibideak eta jarduteko irizpideak ezartzea.

–Lantaldearen eguneroko/aldizkako gaztiguak jaso, aztertu, datuak jaso eta laburpen-txostena egiteko ardura hartzea.

–Material eta ekipoak kontratatzeko beharrak proposatzea, lan programan oinarrituz eta behar den denborarekin, izan daitezkeen geldialdiak edo atzerapenak saihesteko, eta azpikontratatutako lanen kontrola eta jarraipena egitea.

–Gertatzen diren larrialdi, arazo eta desbideraketei irtenbidea ematea, zuzenketa egokiak eginez larrialdiak edo ezartzen diren lehentasunak nolakoak eta horrela.

–Urteko lan egutegirako proposamena egitea, eta bere menpean jarduten duten langileak lanera agertzen ote diren, ordutegia betetzen ote duten, absentismo maila zenbaterainokoa duten, eta horrelakoez arduratzea.

–Lantaldeak egin beharreko obren planifikazioa, diseinua eta exekuzioa.

–Langile aski ote dagoen kontrolatzea, eta kontratazioak proposatzea oporretarako, erialdietarako eta halako iraupen jakineko lan berezietarako.

–Bere kargura dauden langileen lana gainbegiratzea eta behar duten laguntza teknikoa ematea, antolaketak ezarritako betebeharrekin bat.

–Biltegia kudeatzeko ezarritako irizpideak betetzea: inbentarioak egin, antolaketa, sailkapena, materialaren irteera-sarrerak eta abar.

–Hornitzaileei aurrekontuak eskatzea, agintzen zaizkion erosketak egitea (materialak, lanerako arropak eta abar erosteko txartelak sinatu eta kontrolatzea bere eskumenen esparruan), ezarritako jarraibide eta prozeduren arabera.

–Udal ibilgailuen, erreminten eta makinen kontrolaz, mantentze-lanez eta zainketaz arduratzea.

–Urteko gastuen aurreikuspena eta kontrola, aurrekontuen bidez.

–Lantaldearen giza alderdiei eta harremanei kasu egitea, horiek bideratuz eta ebatziz, gogobetetasuna, ordena eta diziplina bultzatuz.

–Herritarrek edo Udaleko beste alorrek egindako eskaerak bildu eta bideratzea, arduradunari jakinaraziz eta jarduteko lehentasunak ezarriz.

–Laneko arriskuei aitzintzeko arauak betetzea eta betearaztea.

–Ofizial gisa jardutea, beharrezkoa den edozein mementutan.

–Bere eskumeneko esparruari dagozkion gaztigu eta txostenak egitea, edozein motatakoak direlarik ere.

–Udaleko eta udal erakundeetako beste teknikariekin koordinatzea, irizpideak eta jarduketak bateratzeko, udal proiektuen plangintza egiteko eta abar.

–Bere eginkizunak betetzeko behar diren harreman eta loturak finkatu eta garatzea beste erakunde, entitate eta profesionalekin.

–Herritarrei harrera egitea eta argibideak eta orientabideak ematea bere ardurapeko gaietan.

–Laneko arriskuei aitzintzeko arauak betetzea, bai eta segurtasun eta higiene arauak ere.

–Alorraren hobekuntza sustatu eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintzak eta aldaketak proposatzea.

–Lana antolatzea, ezarritako xedeak beteko direla bermatu beharrez.

–Bere lan esparruko ordena zehatz eta doia mantentzea eta, hartara, bere eskura jarritako baliabideak egoera onean eta erabiltzeko maneran edukitzen ahalegintzea.

–Alorrari/Kudeaketa zentroari atxikitako gainerako langileekin aritzea lana metatzen denean edo norbait kanpoan edo eri dagoenean.

–Herritarrari egiten zaion zerbitzuaren hobekuntza bulkatzea eta horretan laguntzea. Hartara, kasuren batean behar izanez gero, egokitu beharko du, bere lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta Udalaren beharrak betetzeko.

–Aipatuez gain, bestelako zereginak beteko ditu, bere karguari lotutako gaitasun, kategoria, maila eta eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortu beharrez agintzen zaizkionak.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Cintruenigoko Udalaren zerbitzuko funtzionario edo lan-kontratudun finko izatea.

b) C edo D mailei atxikia egotea, Langileen Estatutuaren 15. atalari jarraituz.

c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea izatea eta izangaiak administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua duela frogatzea; edo administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun aitortua duela frogatzea.

d) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea.

2.2. Aipatu baldintzak deialdi honen 9. oinarrian azaldutako epean eta moduan frogatu beharko dituzte izangai hautatuek. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen direla ulertuko da, eta oposizio prozedurak irauten duen bitartean izendapenera arte bete beharko dira.

2.3. Lanpostuaren titularrak, deialdi hau bukatutakoan, C1 gidabaimena lortu beharko du 2 urteko epean, karguari zin egin eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak udal bulegoetan aurkeztuko dira, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira, eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.3. Eskabidearekin batera, deialdian ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu behar dira, jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak.

Izangaiek merezimenduak alegatu eta justifikatu beharko dituzte.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoan, eta egiaztatu ondotik izangaiek deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela, Cintruenigoko Udaleko alkate udalburuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du. Zerrenda hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta ondoko hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ahalko dituzte eta eskabidean akatsik egin badute, horiek zuzendu.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta horiek ebatzita, Cintruenigoko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta oposizioaldia hasteko eguna, ordua eta tokia adieraziko ditu. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.–Epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Raquel Garbayo Berdonces, Cintruenigoko Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: Casto Alvero González, alkateordea.

–Lehen mahaikidea: Manuel Contreras Sampayo, Cintruenigoko Udaleko arkitektoa.

–Ordezkoa: Luis Cornago Rodríguez, Cascanteko Udaleko arkitektoa.

–Bigarren mahaikidea: Catalina Bernaola Olivares, Corellako Udaleko arkitektoa.

–Ordezkoa: Felix Manzanos, Fiteroko Udaleko arkitektoa.

–Hirugarren mahaikidea: Esther González Benavente, Tuterako Udaleko arkitekto teknikoa.

–Ordezkoa: Ignacio López Burgaleta, Tuterako Udaleko aparejadorea.

–Mahaikide idazkaria: Ana Celia Barbarín Jiménez, Cintruenigoko Udaleko idazkaria, langileen ordezkaria.

–Ordezkoa: Francisco Javier Iturria Jiménez, langileen ordezkaria.

5.2. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.3. Epaimahaiak pertsona edo/eta erakunde adituen laguntza har dezake, hautapen probetarako.

5.4. Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratu beharko da eta ezin izanen da eratu ez eta lanean jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa biltzen ez bada.

Epaimahaiaren eraketak balioa izan dezan, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.6. Oinarri hauek lotesleak izanen dira, deialdia egin duen Cintruenigoko Udalarendako, epaimahaiarendako eta izangai guztiendako.

5.7. Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikorako aholkulari espezialistak biltzen ahalko ditu epaimahaiak. Aholkulari horiek beren espezialitatean baizik ez dira ariko eta horretan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da probak zein toki, egun eta ordutan izanen diren.

Gero, epaimahaiak jendaurrean paratuko ditu, egoki denean paratu ere, gainerako proben iragarkiak, betiere erregelamenduaren arabera.

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogaturiko merezimenduak.

Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatu beharko ditu izangai bakoitzak, lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

Epaimahaiak hurrengo puntuan zehaztutako baremoaren arabera baloratuko ditu alegatu eta behar bezala egiaztatutako merezimenduak. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibide zein datu osagarriak.

7.2. Merezimenduen baremoa:

a) Administrazio publikoetan, zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostuan edo zerbitzu anitzetako ofizial lanpostuan emandako urte bakoitzeko 3 puntu, eta gehienez ere 15 puntu.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Beste zerbitzu batzuekin aldi berean emandako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik altuena dutenak bakarrik baloratuko dira.

3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon den denborako zerbitzuak, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin balitu bezala kontatuko dira.

6. Administrazio publikoetan bai langile finko bai bitarteko gisa egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan.

7. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 15 puntukoa izanen da.

b) Lanpostuaren betekizunei loturik dauden gaiei buruzko prestakuntza eta hobekuntza ikastaroetan parte hartu izanaren titulu-ziurtagiri bakoitzagatik:

–15 orduko edo gutxiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,50 puntu.

–15 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: puntu bat.

–30 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: 1,5 puntu.

Gehienez ere 15 puntu emanen dira, guztira, ikastaroengatik.

7.3. Lehiaketan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta ez da inor baztertuko.

7.4. Fase hau bukatzean, epaimahaiak ohiko euskarrietan argitaratuko ditu lehiaketaren behin-behineko puntuazioak eta irekiko du erreklamazioak aurkezteko bost egun naturaleko epea, argitaratu eta biharamunetik hasita, interesdunek beren eskubideen alde komeni zaiena alega dezaten.

7.5. Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean epamahaiak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsi eta euskarri beretan argitaratuko ditu.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

Lehen ariketa.–Teorikoa, II. eranskineko gaiez zenbait galdera labur edo test motakoak erantzun beharko dira, idatziz, gehienez ere bi ordutan. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira. Proba honetan gehienez ere 35 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 17,5 puntu erdietsi behar dira.

Plika sistemaren bidez eginen da ariketa.

Bigarren proba.–Praktikoa. Ariketa honetan hainbat proba eginen dira, II. eranskinarekin zerikusia duten ezagupenak baloratzeko. Proba honetako gehieneko puntuazioa 35 puntukoa izanen da eta, gutxienez ere, 17,5 puntu atera beharko dira proba gainditzeko.

8.2. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Bazterturik geldituko dira horietako ariketaren batean gutxienez gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

8.3. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu Udaletxeko iragarki oholean, azterketa gainditzen duten izangaien zerrenda haien kalifikazioekin, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den ere.

8.4. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek nortasun agiri nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

8.5. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

9.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, epaimahaiaren proposamena eta agirien aurkezpena.

Azken ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Cintruenigoko Udaletxeko iragarki oholean eta web orrian, azterketa gainditu dutenen zerrenda, lorturiko puntuazioaren hurrenkeran, eta deialdia egin duen organoari igorriko dio puntuazio altuena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena. Proposamen hori loteslea izanen da deialdia egin duen organoarentzat, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketan puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen ariketan ateratako puntuazioa hartuko da kontuan.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Izendapena eta lanpostuaz jabetzea: hautapen prozesua buruturik, Cintruenigoko Udaleko organo eskudunak C mailako funtzionario izendatuko du proposatutako izangaia, deialdiko lanpostuan ari dadin. Izendapen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Epe horretan, eta ezinbestekoak izan ezik, izendatuak ez badu lanpostuaren jabetza hartzen, eskubide guztiak galduko ditu Cintruenigoko Udaleko C mailako funtzionario bilakatzeko.

10.2. Deialdi honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan –uztailaren 5eko 113/85 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen hartan– eta horrekin bat heldu diren xedapenetan xedatutakoari jarraituko zaio.

11.–Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, aukeran, ondorengo errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Legeria orokorrean ezarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, arlo horretako bereko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki edo ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

11.2. Epaimahaiak ematen dituen egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da deialdia egin duen udal organoari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik, hilabeteko epean.

Cintruenigon, 2016ko urriaren 28an.–Alkatea, Raquel Garbayo Berdonces.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Igeltserotza eta pintura. Eraikuntzako materialak eta igeltserotzako tresnak: erabilera eta mantentze-lanak. Igeltserotzako konponketa nagusiak. Dekorazioko pinturaren kontzeptu orokorrak: materialak, pinturak, bernizak, masillak, disolbatzaileak eta desugertzaileak. Pintura egokia hautatzea. Pinturako berariazko tresnak: eskuzko tresnak eta tresna mekanikoak. Pinturako tresnen eta lanabesen mantentze-lanak. Pintura lana: euskarria prestatzea, azalera desberdinetan pintatzeko metodoak. Pinturen kontserbazioa eta garbiketa. Pintura ematean egiten diren akatsak eta konponketa ohikoenak.

2. gaia.–Iturgintza eta berokuntza. Kontzeptu orokorrak, kontsumoko uraren instalazioak eraikinetan (ACS eta AFCH), saneamenduko sareak, matxurak eta oinarrizko konponketak iturgintzako instalazioetan: hodietako matxurak, hustubideetako matxurak, instalazioetako hotsak, instalazioen elementu berezietako matxurak. Gas instalazioen mantentze-lanak (erabiltzailearen eragiketak). Berokuntza sistema zentralizatuak: galdara gelako elementuak eta osagaien identifikazioa, berokuntzako oinarrizko zirkuituak, funtzionamenduaren oinarrizko ikuskatzeak, mantentze-lanak (erabiltzailearen eragiketak). Berokuntza sistema autonomoak: berokuntzarako igorgailu elektrikoak.

3. gaia.–Airea girotzeko eta aireztatzeko instalazioak. Aire girotuaren ekipamenduak: motak, funtzionamenduaren oinarriak, mantentze-lanak (erabiltzailearen eragiketak). Aireztatzeko instalazioak: motak eta mantentze-lanak (erabiltzailearen eragiketak).

4. gaia.–Legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeko mantentze-lanak. 865/2003 E.D. Legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeko higiene eta osasun irizpideak: uztailaren 31ko 54/2006 Foru Dekretua. Instalazioak mantentzeko oinarrizko irizpideak: prebentzio neurriak, mantentze-lanen programak eta eragiketen erregistroa. SCO/317/2003 Agindua eta 126/2009 Foru Agindua, zeinen bidez arautzen baita legionellaren arriskua duten instalazioetako mantentze-lan higieniko-sanitarioak egiten dituzten langileentzako prestakuntza eta berrikuntza ikastaroak baimentzeko prozedura.

5. gaia.–Elektrizitatea: oinarrizko kontzeptuak. Glosarioa eta definizioak. Garraio elektrikoa: eroaleak, isolatzaileak eta kanalizazioak. Elektrizitateko mantentze-lanetarako tresnak eta lanabesak. Matxurak eta oinarrizko konponketak. Goi tentsioko instalazio elektrikoak: kontzeptua eta motak. Behe tentsiokoak: kontzeptua eta sailkapena. Lotura instalazioak eraikinetan: harguneak, babeseko kutxa orokorrak, elikatzeko linea orokorra, banakako deribazioak, kontagailuak eta aginte eta babeserako gailu orokorrak. Barne instalazioak: agindu orokorrak, instalazioko sistemak, hodi eta kanal babesleak, instalazioen babesa eta zuzeneko eta zeharkako ukipenen kontrako babesa. Argiak: lanparen ezaugarriak, lanparen osagaiak, lanpara motak, argien elementuak, barne eta kanpoko argien instalazioak eta argiztapenean energia aurreztea.

6. gaia.–Zurgintza. Kontzeptu orokorrak: hitzen glosarioa. Zurgintzako oinarrizko tresna eta lanabesak. Eskuzko erremintak. Tresna elektrikoak. Zurgintzako materialak: aglomeratuak eta zurak. Zurgintzako estaldurak. Motak, jartzea eta zaintzea. Ateak eta leihoak. Zurgintzako lana: zurgintzako oinarrizko teknikak. Pintura eta zurgintzako akaberak. Ate, leiho eta pertsianetako lanak. Zurezko zoruak, ateak eta leihoak. Konponketa eta mantentze-lan ohikoenak.

7. gaia.–Sarrailagintza eta metalgintza. Materialak eta burdineria: oragailu mekanikoak, bisagrak, sarrailak, gontzak, kisketak, morroiloak eta ateetarako beste burdineria batzuk. Sarrailagintzan erabilitako beste tresna eta lanabes batzuk. Oinarrizko lanak: lotura finkoak: soldadurak, errematxatuak, tolesketa eta kolatzea, lotura artikulatuak (abisagratzea), lotura desmuntagarriak, sarrailak jartzea eta burdineriarekin egindako beste lan batzuk. Konponketak eta mantentze-lanak: sarrailetan, elementu mekanikoetan, eta burdin hesietako piezak eta konponketa. Beiragintza. Beiragintzako tresnak. Kristalak garbitzea. Beiragintzako materialak. Beiragintzako lanak: beira biltzea, beira moztu eta leuntzea eta beirak eta ispiluak jartzea. Beiren mantentze-lanak: tratamendu bereziekin, beiradun ateak eta sabai-leihoak eta argi-zuloak.

8. gaia.–Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko Legea eta langileen eskubideak eta betebeharrak. Lanpostuko segurtasun neurriak: zamak erabiltzea, asto-aldamioak, eskailerak, segurtasuna eskuzko tresnak erabiltzean, segurtasuna makina-erreminta elektrikoak erabiltzean, norbera babesteko ekipamenduak (NBE), lehengai eta substantziak erabiltzea: produktu kimiko toxiko eta arriskutsuak, etiketak jartzea eta segurtasun fitxa eta segurtasuneko seinalizazioa.

9. gaia.–Larrialdiak. Suteak. Norberaren babeserako plana. Norberaren jokabidea sutea dagoenean eta eraikinetatik alde egin behar denean. Suaren elementuak. Su motak. Sua itzaltzeko baliabideak: itzalgailuak, BIEak, zutabe lehorra eta ur-hargunea. Suaren kontrako babesa: seinalizazioa, antzematea eta alarma. Instalazioen mantentze-lanak. Segurtasuna eraikin publikoetan: segurtasun pribatua, segurtasun sistemak eta bidegabe sartzearen kontrako alarma eta sarreren kontrola.

10. gaia.–Ikus-entzunezko teknologiako aparatuak. Irudi eta soinuko ekipoen oinarrizko erabilera, konexioa eta funtzionamenduan jartzea: gardenkien eta diapositiben proiektoreak, arbel digitalak, bideoproiektoreak eta telebista ekipoak. Telekomunikazioak eta ekipo informatikoak: osagaien identifikazioa, lotura elektrikoa eta elkarrekiko lotura, kable-sare egituratua. Ahots eta datuen sarea.

11. gaia.–Hirietako apainketa eta lorezaintza: sortze eta berriztatze lanak lorezaintzan. Soropila berriztatzea eta ereitea, zuhaitzak, zuhaixkak eta landare loredunak ordezkatzea. Lurra prestatzea. Drainatzeak. Drainatze motak. Landaketa motak. Landaketa esparrua eta espezieak hautatzea. Hirietako apainketako eta lorezaintzako materialen eta erreminten zainketa eta mantentze-lanak.

12. gaia.–Orokorrean: lanposturako eskatutako prestakuntzari dagozkion gai eta eskumenei buruzko ezagutza teknikoak.

13. gaia.–Kultura orokorra, lanposturako eskatutako prestakuntza mailari dagokiona.

Iragarkiaren kodea: L1612247