170. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko abuztuaren 24an hartua. Honen bidez jendaurrean jartzen da Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Planaren hasierako bertsioa eta Ingurumen azterlan estrategikoa.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean, 12.4.a) artikuluan, ezartzen da autonomia erkidegoei dagokiela egitea hondakinen prebentziorako autonomia erkidegoen programak eta hondakinen kudeaketarako autonomia erkidegoen planak.

14. artikuluan xedatzen da hondakinak kudeatzeko Estatuko Esparru Planak ezarriko dituela behar diren orientabideak eta egitura, autonomia erkidegoetako planak nahitaez horietara egoki daitezen.

Artikulu horretantxe finkatzen da autonomia erkidegoetako planen edukia, baina zehazki eduki behar dutena V. eranskinean adierazten da.

Eta hondakinen prebentziorako programei dagokienez, 15. artikuluan eskumena administrazio publikoei dagokiela ezartzen da, dagozkien eskumen esparruetan. Halaber, xedatzen da independenteki onets daitezkeela, edo hondakinak kudeatzeko plan eta programetan sar daitezkeela.

Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, denbora da sektore inplikatu guztiekin lanean ari direla, parte-hartze prozesu zabalean, helburu harturik behin betiko onesten den planak ahalik eta adostasun handiena izatea eta lanerako plana ezartzea hondakinen arloan, datozen urteetarako, arlo horretan onartu ohi den hierarkiarekin bat.

Bestalde, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak ezartzen du zer prozedura bete behar den onetsi beharreko planen “Ingurumen ebaluazio estrategikoa” deitutakorako.

Arau horren 21. artikuluak xedatzen du ezen organo eskudunak, kasu honetan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, jendaurrean jarriko duela planaren hasierako bertsioa, Ingurumen azterlan estrategikoarekin batera, gutxienez ere 45 eguneko epean.

Horregatik guztiagatik, ikusirik Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egindako txostena, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin bat, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak,

ERABAKI DU:

1. Jendaurrean jartzea Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Planaren hasierako bertsioa eta Ingurumen azterlan estrategikoa.

2. Planaren hasierako bertsioa eta Ingurumen azterlan estrategikoa, laburpen ez-teknikoarekin batera, interesdunen eskura daude hemen:

–Departamentuaren bulegoak, González Tablas kaleko 9an.

–Web orria:

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/participacion/procesos-de-participacion/propuestas-gobierno/revision-pigrn

3. Erabaki hau igortzea Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusira eta Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1609832