140. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

100/2016 FORU AGINDUA, ekainaren 7koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, 367 eredua onestean duena: “Itzulketa eskaera ohiko etxebizitzan berrinbertitzeko salbuespenagatik Europar Batasuneko edo tributu arloko informazio-truke egiazkoa duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetako egoiliar zergadunentzat”, bai eta 292 eredua ere: “Aukerako araubidea aplikatzeko eskaera, Europar Batasuneko edo tributu arloko informazio-truke egiazkoa duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetako egoiliar diren pertsona fisiko zergadunentzat”.

Europar Batasunaren barrenean herritarren joan-etorri librea errazteko asmoz, azaroaren 27ko 26/2014 Legeak, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen testu bateginean (martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia), zazpigarren xedapen gehigarria erantsi zuen, ohiko etxebizitzan berrinbertitzeko salbuespenari buruzkoa, ondorioak 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera dituena.

Xedapen horrekin bat, karga-tasatik kanpo geldi daitezke zergadun ez-egoiliarrak Espainiako lurraldean duen ohiko etxebizitza eskualdatzearekin lortutako ondare-irabaziak, eskualdaketan lortutako zenbatekoa berrinbertitzen bada beste ohiko etxebizitza bat erosteko. Berrinbertitutako zenbatekoa eskualdaketan jasotakoa baino txikiagoa bada, berrinbertitutako zenbatekoari dagokion ondare-irabazi lortuaren zati proportzionalaren gainean baino ez da aplikatuko salbuespena.

Zergadun ez-egoiliarrak, salbuespen hori aplikatzekoa badu, Europar Batasuneko estatukide batean bizi behar du, edo tributu arloko informazio-truke egiazkoa duten Europako Esparru Ekonomikoko estatu batean.

Berrinbertsio hori bi urtetiko gorakoa ez den epe baten egin behar da, ohiko etxebizitza eskualdatzen denetik aurrera. Ohiko etxebizitza besterentzean lortutako zenbatekoek ere ematen dute berrinbertitzeko salbuespenerako eskubidea, erabiltzen badira hura eskualdatu aurreko bi urtean erositako ohiko etxebizitza berri bat ordaintzeko.

Aurrekoa dela-eta ondorioztatzen da bi prozedura bereiz daudela ohiko etxebizitzan berrinbertitzeko salbuespena aplikatzeko. Lehenbizikoan, ondare-irabaziari dagokion zergaren autolikidazioa aurkeztu aurretik egiten da berrinbertsioa (210 aitorpen eredua). Salbuespen hori aitorpen horretan kontsignatu behar da. Bigarrenean, gainerako kasuetarako aplikatzen da. Ohiko etxebizitza eskualdatzean lortutako ondare-irabaziari dagokion zerga zor ordaindua itzultzeko eskaera aurkeztuko da.

Bigarren prozedura hori Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko erregelamenduaren bigarren xedapen gehigarrian garatzen da (uztailaren 30eko 1776/2004 Errege Dekretuaren bidez onetsia). Uztailaren 10eko 633/2015 Errege Dekretuaren bidez erantsi zen xedapen gehigarri hori.

Xedapen horren arabera, salbuespenaz baliatzen ahal den zergadun ez-egoiliarrak, kasuan kasuko zerga zorra ordaindua badu, ordaindutako zerga zor osoa edo haren zati bat itzultzeko eska dezake, itzultzeko eskaera bat aurkeztuz, higiezina zer lurraldetan dagoen, horren zerga administrazioan. Eskaera hiru hilabeteko epean aurkeztu behar da, ohiko etxebizitza berria eskuratzen denetik aurrera. Horrekin batera, ohiko etxebizitza Espainian eskualdatu dela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar da, baita ohiko etxebizitza berria erosi dela frogatzen duena ere.

Higiezina Nafarroan dagoenean, Foru Komunitateko organo eskudunak zehazten dituen ereduaren eta moduaren arabera eginen da eskaera hori, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluak esleitzen dizkion eskumenen arabera.

Azaroaren 27ko 26/2014 Legeak, halaber, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen 46. artikulua aldatu du, haren aplikazio eremua handitu baitu. Artikulu horrek arautzen du zenbait zergadun ez-egoiliarrek, baldintza jakin batzuk betetzen badira, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadun gisa tributatzeko duten aukera.

Aldaketa horien ondoren, zerga horren zergadunek badaukate aukerako araubide hori aplikatzeko eskatzea, Europar Batasuneko estatu kide bateko pertsona fisiko egoiliarrak badira, edo tributu arloko informazio-truke egiazkoa duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetakoak, frogatzen badute egoera hauetako batean daudela:

a) Espainian lanaren errendimenduengatik eta jarduera ekonomikoen errendimenduengatik, gutxienez, errenta osoaren %75 jaso izana ekitaldian, baldin eta errenta horiek egitez tributatu badute epe horretan ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarengatik.

b) Espainian ekitaldian lortutako errenta ez denean iristen Espainiako egoiliarrak izan balira beren inguruabar pertsonal eta familiakoen arabera zegokiekeen gutxieneko pertsonal eta familiakoaren %90era, baldin eta errenta horrek zergaldian egitez ez-egoiliarren errentaren gaineko zergagatik tributatu badu eta, halaber, Espainiatik kanpo lortutako errenta gutxieneko hori baino txikiagoa izan bada.

Araubide horren erregelamendua Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko erregelamenduaren V. kapituluan garatzen da. 23. artikuluak zehazten du zerga horren zergadunek, erregelamendu horren 21. kapituluko baldintzak betetzen badituzte, badutela eskatzea kapitulu horretan araututako aukerako araubidearen aplikazioa.

Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluak ezartzen du ezen, aukerako araubide horren aplikazioan foru araudia kontuan hartzeko, Nafarroan lortutako lanaren eta enpresa edo lanbide jardueren errendimenduek Espainian lortutako errenta osoaren zatirik handiena izan behar dutela. Zergadunak itzulketa horretarako eskubidea duenean, Foru Komunitateak ordainduko dio, errenta horiek Espainiako zer tokitan lortu diren kontuan izan gabe.

Hori dela eta, Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikulu horrek esleitzen dizkion ahalmenen barnean, Nafarroako Foru Komunitateak irizten du bere itzulketa ereduak onetsi behar dituela ohiko etxebizitzan berrinbertitzeko salbuespenarengatik Europar Batasuneko egoiliar zergadunentzat edo tributu arloko informazio-truke egiazkoa duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetako egoiliar zergadunentzat, baita aukerako araubidearen aplikazioa eskatzekoak ere beste estatu kide batzuetako egoiliarrak diren pertsona fisiko zergadunentzat edo tributu arloko informazio-truke egiazkoa duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetakoentzat, bere eskumen esparruko kasuak errazteko.

Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko erregelamenduaren bigarren xedapen gehigarriko 5. atalak xedatzen duenez, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak ezarriko du zein izanen diren eredua eta modua ohiko etxebizitzan berrinbertitzeko itzulketaren eskaera aurkezteko. Ulertu behar da gaikuntza hori Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari dagokiola, Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari dagokio foru agindu hau onestea.

Gainera, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez, aipatutako xedapenekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 367 eredua onestea, “Itzulketa eskaera ohiko etxebizitzan berrinbertitzeko salbuespenagatik Europar Batasuneko edo tributu arloko informazio-truke egiazkoa duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetako egoiliar zergadunentzat”.

367 eredua onesten da, “Itzulketa eskaera ohiko etxebizitzan berrinbertitzeko salbuespenagatik Europar Batasuneko edo tributu arloko informazio-truke egiazkoa duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetako egoiliar zergadunentzat”. I. eranskinean dago jasota.

367 eredua paperez edo telematika bidez aurkez daiteke, 7. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. artikulua. 367 eredua aplikatzeko eremu subjektiboa.

Ordaindutako zerga zorra osorik edo zati batean itzultzeko eredu hau, Europar Batasuneko estatu kide bateko zergadun egoiliarrek edo tributu arloko informazio-truke egiazkoa duten Europako Esparru Ekonomikoko estatu kide bateko egoiliarrek aurkezten ahal dute, Iruzur Fiskalari Aurre egiteko neurriei buruzko azaroaren 29ko 36/2006 Legearen lehen xedapen gehigarriaren 4. atalean aurreikusi bezala, baldin eta Espainian duten ohiko etxebizitza Nafarroako Foru Komunitatean badute eta uste badute eskubidea daukatela Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen (martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsita) testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian ohiko etxebizitzan berrinbertitzeko aurreikusitako salbuespena aplikatzeko, berrinbertitzeko salbuespena ez badute kontuan hartu ohiko etxebizitzaren eskualdatzearen ondoriozko ondare-irabaziari dagokion zergaren autolikidazioa aurkeztean.

3. artikulua. Aurkezteko tokia eta epea, eta erantsi beharreko dokumentazioa.

367 eredua Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko edozein bulegotan aurkeztuko da, ohiko etxebizitza berria eskuratu eta hiru hilabeteko epean. Horrekin batera, ohiko etxebizitza Espainian eskualdatu dela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar da, baita ohiko etxebizitza berria erosi dela frogatzen duena era.

4. artikulua. 292 eredua onestea, “Aukerako araubidea aplikatzeko eskaera Europar Batasuneko edo tributu arloko informazio-truke egiazkoa duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetako egoiliar diren pertsona fisiko zergadunentzat”.

292 eredua onesten da, “Aukerako araubidea aplikatzeko eskaera Europar Batasuneko edo tributu arloko informazio-truke egiazkoa duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetako egoiliar diren pertsona fisiko zergadunentzat”. II. eranskinean dago jasota.

292 eredua paperez edo telematika bidez aurkez daiteke, 7. artikuluan ezarritakoarekin bat.

5. artikulua. 292 eredua aplikatzeko eremu subjektiboa.

1. Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek aurkez dezakete eskaera hori Nafarroan, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen testu bateginaren 46. artikuluan eta Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko erregelamenduaren 21. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte eta errenta gehienak Nafarroan lortu badituzte.

Hartara, ondoko baldintzak betetzen dituzten zergadunek eska dezakete aukerako araubidearen aplikazioa:

a) Pertsona fisikoak izatea.

b) Egoitza Europar Batasuneko estatu kide batean edo tributu arloko informazio-truke egiazkoa duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetako batean izatea, Iruzur Fiskalari Aurre egiteko neurriei buruzko azaroaren 29ko 36/2006 Legearen lehen xedapen gehigarriaren 4. atalean aurreikusitako moduan.

c) Ondoko egoeretako batean egotea frogatzea:

1.–Espainian lanaren errendimenduengatik eta enpresa edo lanbide jardueren errendimenduengatik, gutxienez, errenta osoaren %75 jaso izana ekitaldian, baldin eta errenta horiek egitez tributatu badute epe horretan ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarengatik.

2.–Espainian ekitaldian lortutako errenta ez denean iristen Espainiako egoiliarrak izan balira beren inguruabar pertsonal eta familiakoen arabera zegokiekeen gutxieneko pertsonal eta familiakoaren %90era, lurralde komuneko indarreko araudiari jarraituz, baldin eta errenta horrek zergaldian egitez ez-egoiliarren errentaren gaineko zergagatik tributatu badu eta, halaber, Espainiatik kanpo lortutako errenta gutxieneko hori baino txikiagoa izan bada.

Bi egoera horietako edozeinetan, Nafarroan lortutako enpresa edo lanbide jarduerek eta laneko errendimenduek Espainian lortutako errenta osoaren zatirik handiena izan behar dute.

2. Aukerako araubidea ezin zaie inolaz ere aplikatu erregelamenduz paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurralde bateko egoiliarrak diren zergadunei.

3. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia) 71. artikuluko 1. atalean ezarritako familia unitate modalitateetako batekoak diren zergadunek eska dezakete aukerako araubidea aplika dakien, kontuan izanik testu bategin horren VI. tituluan baterako tributazioari buruz ezarritako arauak, betiere baldintza hauek betetzen badira:

a) Ezkontideak, eta, kasua bada, familia unitateko gainerako kideek, frogatzea egoitza dutela Europar Batasuneko estatu kide batean edo tributu arloko informazio-truke egiazkoa duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetako batean.

b) Aurreko 1. ataleko c) letran ezarritako baldintzak betetzea, familia unitateko kide guztiek eskuratutako errenta guztiak kontuan harturik.

c) Familia unitateko kide guztiek egitea eskaera, edo, kasua bada, beren legezko ordezkariek.

4. Zergaduna hiltzen bada, haren oinordekoek egin dezakete eskaera.

6. artikulua. Aurkezteko tokia eta epea, eta erantsi beharreko dokumentazioa.

1. 292 eredua Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren edozein bulegotan aurkeztuko da.

Oro har, aurkezteko epea lau urtekoa izanen da, aukerako araubidea aplikatzea nahi den zergaldia bukatu ondoko urteko maiatzaren 2tik aurrera, edo hurrengo egun baliodunetik aurrera.

Errentak establezimendu iraunkorraren bidez lortu dituzten zergadunek lau urteko epea dute, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren aitorpenak aurkezteko epea bukatzen denetik zenbatuta.

Aukerako araubidea aplikatzeko ondorioetarako, zergaldia urte naturalarekin bat etorriko da. Halere, zergaduna abenduaren 31 ez den egun batean hiltzen bada, heriotza egunean bukatuko da zergaldia.

Familia-unitateko kideen kopurua urte bakoitzeko abenduaren 31n dagoen egoerari begiratuz zehaztuko da.

2. Aukerako araubidearen aplikazioa eskatzean, zergadun ez-egoiliarrak ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko du:

a) Egoitza fiskalaren ziurtagiria, atzerriko zerga agintaritzak egina. Baterako tributazioari buruzko arauak kontuan hartuz aukerako araubidea aplikatzea eskatu bada, egoitza fiskalaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, atzerriko zerga agintaritzak egina, errenta hartzaileak diren familia unitateko kide guztiei buruzkoa.

b) Zergadun ez-egoiliarrak mundu mailan lortutako errenten aitorpena edo, aukerako araubidea aplikatzean baterako tributazioaren arauak kontuan hartzea eskatzen bada, familia unitateko kide guztiek mundu mailan lortutako errentenak, baita beren inguruabar pertsonal eta familiakoenak ere; horretarako erabiliko da zergaldirako onetsi den pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren ereduaren formatua.

c) Zergadunak Espainian lortutako errenten aitorpena edo, aukerako araubidea aplikatzean baterako tributazioari buruzko arauak kontuan hartzea eskatzen bada, familia unitateko kide guztiek Espainian lortutako errentenak, baita beren inguruabar pertsonal eta familiakoenak ere; horretarako erabiliko da zergaldirako onetsi den pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren ereduaren formatua.

d) Benetako tributazioaren frogagiria, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren aldian, ondoko agiri hauek aurkeztuz:

1.–Jasandako atxikipenen egiaztagiria.

2.–Espainian establezimendu iraunkorren bidez enpresa edo lanbide jarduerak egin badira, sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren aitorpen-likidazioen zergadunarentzako alearen kopia (establezimendu iraunkorrak eta atzerrian eratuta dauden eta Espainiako lurraldean dauden errenta-egozpenaren araubideko entitateak).

3.–“Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrak” 210 ereduaren zergadunarentzako-ordezkariarentzako alearen kopia, hura aurkeztu bada.

3. Aurreko puntuan xedatutakoa ukatu gabe, administrazioak behar adina ziurtagiri eska diezaioke zergadunari, aukerako araubidea aplikatzeko baldintzak betetzen direla frogatzeko.

Kontuan hartu beharreko gorabehera pertsonalak edo familiakoak edo araubidearen aplikazioa justifikatzeko aurkezten den dokumentazioa Espainiako lurraldean ofiziala ez den hizkuntza batean idatzita dagoenean, kasuan kasuko itzulpena ere aurkeztu beharko da.

7. artikulua. 367 eta 292 ereduak aurkezteko moduak.

Eskaerak aurkezteko, modu hauetako edozein erabil daiteke:

a) Paper inprimatuan, I. eta II. eranskinetan ezarritako ereduaren arabera; bi ale ditu, “Administrazioarentzako alea” eta “Interesdunarentzako alea”. Inprimaki hori Nafarroako Zerga Ogasunak inprimakiak sortzeko duen zerbitzuan lortuko da, beste inon ez, eta Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean eskuratzen ahal da.

b) Telematika bidez, Internet erabiliz, 8. eta 9. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

8. artikulua. 367 eta 292 ereduak modu elektronikoan aurkezteko orotariko baldintzak.

1. Eskaeren aurkezpen telematikoa baldintza hauen pean dago:

a) Zergadunak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Zergadunak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.

Bi ezkontideek aukerako tributazioa hautatzen badute “Aukerako araubidea aplikatzeko eskaera Europar Batasuneko edo tributu arloko informazio-truke egiazkoa duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetako egoiliar diren pertsona fisiko zergadunentzat” 292 ereduan, haietako bakoitzak bete behar ditu aurretik adierazitako baldintzak.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

c) Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aurkezlea aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada, Nafarroako Zerga Ogasunak aurreko b) letran adierazitakoaren arabera onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du.

d) Aurkezpen telematikoa egiteko, zergadunak edo baimendutako aurkezleak, halakorik bada, Nafarroako atarian eskuragarri dagoen web inprimakia erabili beharko du. Inprimaki horrek bide emanen du euskarri elektronikoan beharrezko fitxategiak inportatuz dokumentazioa aurkezteko.

e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrian daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.

2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

9. artikulua. 367 eta 292 ereduak modu elektronikoan aurkezteko prozedura.

Eskaeren aurkezpen telematikoa Internet bidez, web inprimakia erabiliz, egiteko, prozedura hau erabiliko da:

1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen zerbitzuan sartu.

2. Egin nahi den eskaeraren eredua hautatu, eta eskaera aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3. Eskaera aurkezteko behar den dokumentazioa eranstea, euskarri elektronikoko artxiboak inportatuz.

4. Eskaera bete ondoren, igortzeko aukera erabili.

Eskaera zuzen egina bada, sistemak baliozkotuko du. Akatsik atzemanez gero, datu-orriaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da eskaera aurkeztu. Eskaera onartzen bada, Zerga Ogasunak pantailan haren datuak itzuliko ditu, egiaztapen kode seguru batekin eta aurkezpenaren ordu eta egunarekin balioztatuak. Eskaera onartu eta balioztatua inprimatu beharko da, kode elektronikoa barne.

Bi ezkontideek aukerako tributazioa hautatzen badute “Aukerako araubidea aplikatzeko eskaera Europar Batasuneko edo tributu arloko informazio-truke egiazkoa duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetako egoiliar diren pertsona fisiko zergadunentzat” 292 ereduan, aurkezpenerako, biek kasuan kasuko onartutako ziurtagiri elektroniko izan behar dute, edo eskatzailearen identifikazio fiskaleko zenbakia, ezkontidearen IFZ eta kasuan kasuko PIN zenbakiak jaso.

10. artikulua. 367 eta 292 ereduak aurkeztearen ondoriozko itzulketak egiteko bideak.

“Itzulketa eskaera ohiko etxebizitzan berrinbertitzeko salbuespenagatik Europar Batasuneko edo tributu arloko informazio-truke egiazkoa duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetako egoiliar zergadunentzat” eta “Aukerako araubidea aplikatzeko eskaera Europar Batasuneko edo tributu arloko informazio-truke egiazkoa duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetako egoiliar diren pertsona fisiko zergadunentzat” eskaeran ondoriozko itzulketetan, transferentzia bat eginen da zergadunaren bankuko kontura (eskaeran jasotakoa eta IBAN kodearen bidez identifikatuta). Kontua Espainian irekita egonen da, Nafarroako Zerga Ogasunaren edozein erakunde laguntzailetan.

Hala ere, Espainiako lurraldean kokatuta dagoen entitate laguntzaile batean konturik irekita ez dagoenean, inguruabar hori adierazten ahalko da, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Diru-bilketa Zerbitzuaren titularrarentzako idazki bat eskaerari gehituta, hark, hura aztertu eta bidezko egiaztapenak egin ondoren, dagokion itzulketa egiteko agindua eman dezan.

Zergadunaren ordezkaria titular duen kontu batean itzultzeko eskatzen denean, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan egiaztatuta egon beharko du ordezkaritzak, eta hori egiaztatzen duen dokumentuan klausula bat beharko da, ahalmena ematen diona zergadunaren aldeko itzulketa jasotzeko.

Xedapen iragankor bakarra. 367 eredua aurkezteko epea, epe orokorra iragana denean foru agindu honek indarra hartzen duen egunean.

“Itzulketa eskaera ohiko etxebizitzan berrinbertitzeko salbuespenagatik Europar Batasuneko edo tributu arloko informazio-truke egiazkoa duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetako egoiliar zergadunentzat” eskaera aurkezteko epea iragana badago (3. artikuluan adierazia), foru agindu honek indarra hartzen duen egunetik aurrera kontatuko da aurkezteko epea.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko ekainaren 7an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

I. ERANSKINA

F1607151_0.pdf

II. ERANSKINA

F1607151_1.pdf

F1607151

Iragarkiaren kodea: F1607151