109. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

97E/2016 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitatean ETE enpresek egindako prestakuntza ekintzak finantzatzeko diru-laguntza publikoak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, sektore arteko gizarte eta ekonomia eragileen parte-hartzearekin, Nafarroako aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialen lehentasunezko balio estrategikotzat eta, beraz, enpleguaren egonkortasunerako eta kohesio sozialerako funtsezko tresnatzat jo eta bere gain hartzen du prestakuntza.

Prestakuntza hori enpresen estrategia orokorraren barrenean ere sartu behar da; horrela, enpresek funtsezko zeregina dute prestakuntza ekintzak antolatu eta gauzatzerakoan.

Langileei lan merkatuaren premietara egokitutako prestakuntza ematea dute helburu prestakuntza ekintzek. Prestakuntza horrek enpresen produktibitate eta lehiakortasun eskaerak bete eta lanbidean gora egiteko langileen sustapen nahiak eta garapen pertsonala ase beharko ditu, gaitu egiten baititu zein bere lanbidean prestatuta aritzeko.

Prestakuntza ekintza horiei esker, enpresek behar dutenean planifikatu eta burutu dezakete prestakuntza, eta giza baliabideen prestakuntza enpresentzako ezinbesteko inbertsioa dela sustatzen ahal dute; horrela, errazago sartzen ahal dira ETEetan. Aldi berean, langileen legezko ordezkariei enpresak egin gogo duen prestakuntzaren berri emanez, bermatu egiten da enpresaren esparruan enpresaburuen eta langileen artean gai horri buruzko elkarrizketa soziala izanen dela. Helburu hori lortuko da Administrazioaren eta ETEen erantzukizun partekatuaren bitartez.

Diru-laguntza hauek norgehiagokako araubidean ematen direnez, beharrezkoa da baremo bat diseinatzea, aukeratzeko zein eskaerari emanen zaion diru-laguntza eta zeini ez, edo, eskatzen den kopurua esleitzen dena baino handiagoa bada, dagoen dirua eskaera guztien artean hainbanatzeko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legean jasotako aukera baita. Kasu honetan, Zerbitzu honek bigarren aukeraren alde egitea erabaki du, zenbait ETE beren plantilla prestatzeko laguntzarik gabe uztea baino egokiagotzat jotzen baita. Gainera, zalutasuna ematen dio kudeaketari, eta hori oso komenigarria da gaur egungo egoeran.

Merkatu azterketarik ez dago diru-laguntzak moduluen bidez emateko eta justifikatzeko araubidea erabili ahal izateko diru-laguntzen kudeaketan, eta horregatik gehieneko modulu bat ezartzen da eta justifikazioaren arabera ordainduko da, 30/2015 Legean ezarritakoaren antzera. Erreferentziarik ez dagoenez, bidezkotzat jo da batik bat lanean ari diren pertsonei zuzendutako prestakuntzaren deialdian erabilitakoarekin parekatzea: 10 euro ikasle eta orduko. Erreferentziako balio horrek behera egin du, luzez 13 eurokoa izan baitzen halako ikastaroetarako.

Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak Batzordeak ekainaren 17an emandako 651/2014 (EB) Erregelamendua betetzen dute. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema lan esparruan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legeak zenbait aldaketa sartu ditu, eta deialdi honetan jaso dira.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du, non, besteak beste, deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea eskatzen baita.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Diru-laguntza publikoen deialdia onestea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ETE enpresek egindako prestakuntza ekintzak finantzatzeko.

2. 300.000 euroko gastua baimentzea 2016ko gastuen aurrekontuko ‘’Enplegu Plana. Langileen enplegurako prestakuntza ekintzak. Kofinantzatua eta sektoriala’’ izeneko 950002 96200 4709 242102 kontu-sailaren kargura, betiere krediturik badago.

Aurrekontuko kontu-sailean kreditu erabilgarria badago, deialdirako diru kopurua handitzen ahalko da, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

3. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honi atxikirik daude.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. 2016ko deialdi hau apirilaren 30a baino beranduago argitaratzen bada, maiatzaren lehendabiziko 15 egun naturaleko epea deuseztatuko da eta eskaerak aurkezteko 15 egun naturaleko epea irekiko da, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan. Errekurtso berberak jar daitezke deialdiaren oinarri arautzaileen aurka.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 20an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

I. ERANSKINA

ETEen prestakuntza ekintzetarako laguntzak
emateko deialdiaren oinarri arautzaileak

1.–Xedea eta helburua.

1.1. ETE enpresek Nafarroako Foru Komunitatean beren langileentzat egiten dituzten prestakuntza ekintzak finantzatzeko diru-laguntzak emateko prozedura arautzea dute xede oinarri hauek.

1.2. Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzek prestakuntza ekintzak finantzatzea dute helburu, horiek lana duten langileen gaitasun eta kualifikazioak hobetzera eta lanbidea eguneratu eta espezializatzera bideraturik, edozein dela ere langileak zerbitzuak ematen dituen jardueraren sektorea edo arloa. Prestakuntza ekintzek ezagutza berriak lortzen eta etengabe birziklatzen lagundu beharko dute, langileen sustapena eta integrazio soziala eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko.

1.3. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren fitxategiko espezialitateekin lotutako eta lotu gabeko prestakuntza ekintzak lagunduko dira diruz, 70 orduz gehienez ere.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (NL-NEZ aurrerantzean) 70 ordutik gorako prestakuntza ekintzak laguntzen ahalko ditu diruz, entitate eskatzaileak eskaera arrazoitua egin ondoren.

1.4. Aplikaziorako lurralde eremua Nafarroako Foru Komunitatea izanen da. Zer urtetarako diren laguntzak, haiek eman eta urte horretako azaroaren 30era bitarte gauzatu beharko dira prestakuntza ekintzak.

2.–Diru-laguntzen zenbatekoak.

2.1. Deialdi honetan aurreikusitako ekintzak “Enplegu plana. Langileen enplegurako prestakuntza ekintzak. Kofinantzatua eta sektoriala” izeneko 50002 96200 4709 242102 kontu-sailaren kargura finantzatuko dira, betiere krediturik badago.

Aurrekontuko kontu-sailean kreditu erabilgarria badago, deialdirako diru kopurua handitzen ahalko da, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

2.2. Prestakuntza ekintza bakoitzagatik eman beharreko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa honela zehaztuko da: ikasleen kopurua (gehienez ere 15, ondorio ekonomikoetarako) bider orduen kopurua bider deialdi honen II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoa.

Diru-laguntzen zenbatekoa prestakuntza orokorreko ekintzen kostu finantzagarriaren %70ekoa izanen da, eta berariazko prestakuntzako ekintzen kostu finantzagarriaren %35ekoa.

3.–Entitate onuradunak.

3.1. Nafarroan kokatuta eta, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko definizioaren arabera, ETE diren enpresa pribatuak oinarri hauetan araututako laguntzen onuradunak izaten ahalko dira.

Ondorio horietarako, ETE enpresaren definizioa Europar Batasunak unean-unean ezartzen duena izanen da.

3.2. Nafarroan kokatuta egon eta langileen %50 baino gehiago desgaitasunak dituzten pertsonak edo baztertuak edo baztertzeko arriskuan direnak badira, enpresa horiek oinarri hauetan araututako laguntzen onuradunak ere izaten ahal dira.

3.3. Enpresen elkarteek ere parte hartzen ahal dute deialdian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Elkarte horren eraketa agiri pribatu batean jaso beharko da, eta bertan elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, onuradun den aldetik dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen izan beharko duena. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio epea bukatu arte elkartea ezin da desegin.

3.4. Aldi baterako laneko enpresak eta beren langileentzako prestakuntza entitate edo zentroak ezin dira onuradunak izan.

3.5. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden entitateak ezin dira inoiz onuradunak izan.

4.–Prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenak.

4.1. Aurreko oinarrian entitate onuradun gisa aipatu enpresetako langile guztiek hartzen ahal dute parte deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan, hartan zehaztutako moduan eta baldintzetan. Langileen Estatutuko lan-kontratazioko edozein modalitateren arabera egoten ahalko dira lanean langile horiek, edo kooperatibetako eta lan-enpresetako bazkide langileak izaten ahal dira.

Prestakuntza hartzen dutenek Nafarroan kokatuta dauden lantokietan eman beharko dituzte zerbitzuak.

4.2. Ezin izanen da bitan edo gehiagotan parte hartu prestakuntza ekintza berean.

4.3. Entitate onuradunak bertaratze ziurtagiria emanen dio prestakuntza ekintza bukatzen duen parte-hartzaile bakoitzari (ikastaroko ikastorduen %75 gutxienez), eta egiaztapen diploma bat, berriz, prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditu duen parte-hartzaile bakoitzari. Bi agirietan honako hauek agertu beharko dira, gutxienez ere: ekintzaren izena, prestakuntza eman duen zentroa, prestakuntzaren edukiak, zein egunetan egin den eta zenbat prestakuntza ordu jaso diren.

Aurreko lerroaldean aipatu diren egiaztagiriek, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erakutsi beharko dute, toki ikusgarri batean. Logotipo hori ez da inolaz ere izanen entitate sustatzailearen nahiz antolatzailearen ikurra baino txikiagoa, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2006 Foru Dekretuaren I. eranskinean adierazten den bezala.

5.–Prestakuntza ekintzak.

5.1. Prestakuntza ekintzak presentzialak baizik ez dira izanen eta langileen gaitasunak eta kualifikazioak hobetzea eta lanbideko eguneratzea eta espezializazioa bultzatzea izanen dute helburu.

5.2. Prestakuntza ekintzatzat hartzen da lanbide gaitasunak, teorikoak eta/edo praktikoak, eskuratzera bideratzen dena. Ekintzak unitate pedagogiko batean egituratua egon beharko du eta berezko helburuak, edukiak eta iraupena eduki beharko ditu, parte-hartzaile guztientzat berdinak.

5.3. Prestakuntza ekintzak ezin izanen dira atzerrian egin, eta Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo egiten direnak diruz lagundu ahal izateko, NL-NEZaren aldez aurreko baimena beharko da arrazoi bereziengatik, betiere interesdunak eskaera arrazoitua egiten badu laguntza eskatzeko unean.

5.4. Prestakuntza ekintza ez da 10 ordutik beherakoa izanen.

Prestakuntza ekintzaren iraupena, eguneko, ez da 8 ordu baino luzeagoa izanen, eta asteko, ezta 40 ordu baino luzeagoa ere.

5.5. Prestakuntza ekintzak taldeka antolatzen ahalko dira, 20 lagun daudela gehienez ere talde bakoitzean, baina 15 ikasleko taldearena izanen da gehieneko finantzaketa.

5.6. Enpresak bere baliabideak erabiliz ematen ahalko du prestakuntza, edo kanpoko entitate bat azpikontratatuz. Ondorio horietako, prestakuntza emateko langileen kontratazioa ez da azpikontrataziotzat joko.

Enpresak kanpoko entitate bat azpikontratatzen badu prestakuntza emateko, dagokion erregistroan inskribatua egotea eskatuko zaio entitateari, baita prestakuntzako espezialitateen katalogoan ez dagoen prestakuntza denean ere.

Enpresa onuradunak prestakuntza bere baliabideak erabiliz antolatu eta gauzatzen badu, inskripzio hori ez da beharrezkoa izanen.

5.7. Ez dute diru-laguntzarik jasoko informazio edo zabalkundeko jarduerek, beren helburua prestakuntza prozesu baten garapena ez bada, hala nola jardunaldiek, azokek, mintegiek, sinposioek eta biltzarrek.

Irakaskuntza arautuak, doktorego ikastaroek, graduatu ondoko ikastaroek eta masterrek ere ez dute diru-laguntzarik izanen, ez eta enpresetako harrera prestakuntzak ere.

6.–Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

6.1. Eskabideak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (http://www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz.

Bestela, NL-NEZak emanen duen eredua erabiliko da, eta enpresaren, enpresen elkartearen edo bestelako entitate baten legezko ordezkariak edo ordezkariek behar den moduan sinatua aurkeztuko da. Kasu horretan, NL-NEZeko erregistro orokorrean aurkeztuko dira, edo erregistro elektronikoen bidez. Eskabideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aipatu erregistro eta bulegoetan ere aurkez daitezke.

6.2. Urtean zehar, aurrekontuan horretarako dirurik bada, eskaerak aurkezteko beste epe batzuk irekitzen ahalko dira. Epe horiek martxoaren, maiatzaren eta irailaren lehendabiziko 15 egun naturaletan izanen dira. Lehenbiziko fasea ebatzi ondoren aurrekontuan oraindik ere diru erabilgarririk baldin badago, hurrengo epea irekiko da, eta horrela bata bestearen atzetik. Kasuan-kasuan erabilgarri dagoen aurrekontua epe bakoitza ireki aurretik argitaratuko da Nafarroako web-atarian laguntzari buruz dagoen fitxan eta aurreko faseko laguntzak emateko ebazpenean.

6.3. Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da (jatorrizkoa edo kopiak):

a) Entitate eskatzailearen nortasuna frogatzen duten agiriak, eraketa eskrituraren kopiaren bidez, salbu eta lehenagotik NL-NEZean badaude.

b) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

c) Eskaera egiten duen lege ordezkari baimenduaren identifikazioa eta sinadura. Ordezkaritza hori notario-ahalordearen bidez edo zuzenbidean onartzen den beste edozein dokumenturen bitartez frogatuko da, eta horrekin batera NANaren fotokopia eta jakinarazpenetarako helbidea aurkeztuko dira.

d) ETE izatearen aitorpena edo enpresaren plantilla osoari buruzkoa, desgaitasunen bat duten, baztertuta dauden edo baztertzeko arriskuan dauden langileen kopurua aipatuta.

e) Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatu egoeretakoren batean ez dagoela dioen aitorpena (egoera horiek onuradun izatea galaraziko liokete).

f) Prestakuntza ekintzen eta birziklatzearen beharra justifikatzen duen memoria, egoeraren eta plan estrategikoaren araberakoa, enpresako Zuzendaritzak sinatu eta izenpetua.

g) Zer prestakuntza ekintzatarako eskatzen den diru-laguntza, haien laburpen taula, bakoitzeko aurrekontua adierazita, mugatzailea izanen baita justifikaziorako.

h) Eskatutako prestakuntza ekintza bakoitzaren dokumentazioa, eredu normalizatua erabiliz.

i) Langileen ordezkariek egindako txostena, prestakuntza ekintzei buruzko iritziak biltzen dituena edo, halakorik ez bada, hura ez izatea justifikatuko duena.

j) Transferentzia bidezko ordainketarako eskaera, diru-laguntza, ematen baldin bada, ordaindu ahal izateko.

k) Prestakuntza ekintza berberetarako beste diru-laguntza publiko edo pribaturen bat izateari buruzko aitorpena. Halakorik bada, zehaztu haren ezaugarriak.

6.4. Aurrekoaz gain, NL-NEZak aurkezten zaizkion eskaeren gainean behar bezala ebazteko behar dituen argibide eta agiri osagarri guztiak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.

NL-NEZak, kopiak aurkeztu badira, dokumentazioaren jatorrizkoa eskatzen ahalko du, beharrezkotzat jotzen badu.

Ez da beharrezkoa izanen lehendik NL-NEZean dauden agiriak aurkeztea. Kasu horretan, eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan ezarritakoari heldu ahalko dio, baina zein espediente zenbakirekin tramitatu ziren esan beharko du.

7.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

7.1. Diru-laguntza eskaera aurkeztuta, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei 10 eguneko epea emanen zaie, idazkia jaso eta biharamunetik hasita, behar diren argibideak edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie, halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

7.2. Ez dira tramitera onartuko deialdian ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

8.–Organo eskudunak eta diru-laguntzak emateko prozedura.

8.1. Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

8.2. NL-NEZeko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

8.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

8.4. Baldintzak betetzen dituzten eskaeren zenbateko guztien artean ez bada diru-laguntzetarako gehieneko zenbateko orokorrera iristen, eskatu zaiona emanen zaio entitate onuradun bakoitzari.

Aipatu zenbateko guztien artean eman daitekeena gainditzen bada, onuradunen artean hainbanatuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan jasotakoaren arabera.

8.5. Oinarri arautzaile hauen 2. eta 8.4 oinarrietan xedatutakoa aplikatuz diru-laguntza zehaztu ondoren, eta espedientea eta aginduzkoak diren txostenak ikusi ondoren, organo instruktoreak ebazpen proposamena eginen du, behar bezala arrazoitua, Zerbitzuko zuzendariak ontzat emana, eta onetsitako prestakuntza ekintzen eranskina gehituta.

Instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusirik, NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileak espedientearen gaineko ebazpena emanen du.

8.6. Espedientearen ebazpena eman eta jakinarazteko epea hilabete batekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

8.7. Ebazpenak ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

9.–Entitate onuradunen betebeharrak.

9.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

–Deialdi honetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzako nahitaezko doakotasuna errespetatzea.

–Diru-laguntzaren sarrera eta prestakuntza ekintzen exekuzio gastuak kontabilitateko kontu bereizietan edo berariazko epigrafe batean identifikatzea, guztietan “enplegurako prestakuntza” erreferentzia jarrita.

–Diru-laguntza zein prestakuntza jardueratarako eskatu den, hura egitea deialdi honen baldintza eta beharkizun formal eta materialei jarraikiz, baita diru-laguntza emateko oinarri izan ziren onespen baldintzekin bat ere.

–Prozedura instruitzeko eta prestakuntza ekintzak gauzatu eta likidatzeko faseetan behar diren argibide eta agiriak aurkeztea, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte-hartzaileak prestakuntza ekintzetara agertu direla frogatzen duten agiriak, parte-hartzaileek sinatuak eta ezartzen diren gutxieneko betebeharren arabera.

–Bertaratze ziurtagiria ematea prestakuntza ekintzaren parte-hartzaile bakoitzari, edo aprobetxamendua egiaztatzen duen diploma bat, deialdi honetan ezarritako moduan.

–Diru-laguntza emateko betebeharrak eta baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak aurkeztea, baita diru-laguntza emateko arrazoi izan den jarduera eta kostuak gauzatu direla frogatzen dutenak ere.

–Administrazio eskudunari diru-laguntzaren xede diren jarduerak finantzatzen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartuz gero, administrazio eskudunari horren berri ematea, harturiko funtsen aplikazioa frogatu baino lehen.

–Prestakuntza ekintzak ebaluatu, kontrolatu eta begiratzeko NL-NEZak eta kontrol organoek sustatzen dituzten jarduketak onartu eta haiei modu aktiboan laguntzea, eskatzen dituzten argibide eta agiri guztiak noiznahi emanez. NL-NEZak egokiak iruditzen zaizkion informazio eta agiri osagarriak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.

–Eskaerako datuak ez faltsutzea, ezta organo eskudunei aurkeztutako dokumentu eta ziurtagirietakoak ere.

–Deialdi honen babesean antolatzen diren ekintzen gaineko informazio eta publizitate jardueretan adieraztea finantzaketa publikoa izan dutela, eta, horrekin batera, diru-laguntza zein administraziok eman duen.

–Entitate onuradunak bere jakinarazpen, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan gutxienez Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian eta inolaz ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino neurri txikiagokoa. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira. Ez da diruz lagunduko atal honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez dituen materiala.

–Prestakuntza ekintzak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

9.2. Oinarri hauetan jasotzen diren eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta gainerako arau aplikagarriek eskatzen dituzten betebeharrez gain, pertsona juridiko eta entitate onuradunek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituztenean eta honako bi inguruabar hauek gertatzen direnean:

–Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

–Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Ondorio horietarako, bi baldintza horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek ondotik zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, entitatearen legezko ordezkariak sinatua eta NL-NEZari zuzendua, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarri bezala, eta horretarako hilabeteko epea izanen dute diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.

9.3. Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

10.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

10.1. Deialdi honetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren beste arauetan ezarritakoa kontuan hartuta gauzatuko ditu onuradunak prestakuntza ekintzak.

10.2. Entitate onuradunak bere giza baliabideak izan beharko ditu prestakuntza ekintzen programazio, koordinazio eta barne kontroleko eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du Administrazioaren aurrean. Hala, hark nola azpikontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol organismoen eginkizunak egoki betetzen direla.

10.3. Prestakuntza ekintza bakoitza hasi baino bi egun natural lehenago, gutxienez ere, entitate onuradunek hurrengo jatorrizko dokumentazioa igorri beharko dute NL-NEZera:

a) “Hasierako jakinarazpena”, datu hauek adierazita: entitatearen zenbakia eta izena, ekintzaren zenbakia, ekintzaren izena, prestakuntza barrenekoa edo kanpokoa den, hasiera eta bukaera egunak, zein egun eta ordutan ematen den, egutegi osoa, eta non egiten den.

b) Prestatzaileen fitxa osoa eta haien prestakuntzaren eta espererientziaren frogagiriak.

c) Prestakuntza ekintzan hasten diren ikasleen zerrenda.

Jakinarazpen horretarako, NL-NEZean eskura dagoen eredu normalizatua erabiliko da.

Hasieraren jakinarazpena egin ondotik ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio NL-NEZari, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuak eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza martxan jarri ondoren gertatzen bada. Kasu horietan, onuradunak aldaketaren berri eman beharko du gorabehera hori gertatu dela jakin eta berehala.

Ezarritako epean jakinarazi ezik, ulertuko da prestakuntza ekintza ez dela burutu, diru-laguntzaren likidazio ekonomikoaren ondorioetarako, salbu eta jakinarazpena ez bada epe barrenean egin ezinbesteko arrazoiengatik, behar bezala frogatuta.

11.–Prestakuntzaren kontrola, ebaluazioa eta jarraipena egiteko plana.

11.1. NL-NEZak, bere eskumenen barnean, oinarri hauen bidez diruz laguntzen diren ekintzen ebaluazio, kontrol eta jarraipen lanak egiten ahalko ditu. Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, NL-NEZaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Era berean, gauzatutako prestakuntza guztiaren kanpoko ebaluazioa egiten ahalko du NL-NEZak, etengabeko prestakuntzaren azpisistema hobetzeko xedearekin.

11.2. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako “Kalitatea ebaluatzeko galdetegia” erabiliko da, NL-NEZak horretarako ezarritako eredu normalizatuan.

12.–Kostuak justifikatzeko jarraibideak, eta diru-laguntzen likidazio ekonomikoa.

12.1. Emandako diru-laguntzen likidazio ekonomikoa eginen da kontuan hartuta zenbat parte-hartzailek bukatu duten prestakuntza eta egiaz egindako eskola orduen kopurua, prestakuntza ekintzaren kostu finantzagarrien arabera. Sortzen den diru-laguntzaren gehieneko muga izanen dira deialdi honen II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoak, prestakuntzaren maila kontuan hartuta.

12.2. Prestakuntza egin ondoren, diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztearen ondorioetarako, parte-hartzaile baten prestakuntza bukatutzat emateko, prestakuntza ekintzako orduen %75ean, gutxienez ere, parte hartu behar izanen du. Parte-hartzaileren batek prestakuntza ekintza uzten badu haren iraupen denboraren lehenbiziko %25 bete gabe dagoela, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira joandakoen ordez, eta behar bezala jakinaraziko da.

12.3. Egindako prestakuntza ekintza bakoitzaren diru-laguntzaren azken likidazioa egiteko, hura hasi zela behar den unean jakinarazi bada, entitate onuradunak 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko du diru-laguntzaren justifikazioa, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita.

Diruz laguntzen ahalko dira inolako zalantzarik gabe jarduera lagungarriaren ezaugarriak biltzen dituzten gastuak, betiere justifikazio epea, aurreko lerroaldean aipatua, bukatu baino lehen ordaindu badira.

NL-NEZak egokiak iruditzen zaizkion informazio eta agiri osagarriak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.

12.4. Aurreko atalean aurreikusitako ondorioetarako, onuradunak, ezarritako baldintzak bete dituela eta diru-laguntza emateko ebazpenean ageri ziren helburuak lortu dituela frogatzeko, jatorrizko dokumentazio hau aurkeztuko du:

a) Egindako prestakuntza ekintza bakoitzagatik, gastuen aitorpena eta ikastaroen azken likidazioa, NL-NEZak emanen duen ereduaren arabera, behar bezala beteak eta entitate onuradunaren legezko arduradunak sinatuak. Horrek bere gain hartuko du aurkezten diren datuen egiazkotasunaren erantzukizuna eta konpromisoa hartuko du administrazioak eskatzen dizkionean, agiri horietan ematen diren datuak abalatzen dituen kontabilitate dokumentazioa aurkezteko eta hark bidezkotzat jotzen dituen argibide osagarriak emateko.

b) Ikastaroa bukatu duten parte-hartzaileen zerrenda.

c) Parte-hartzaileen fitxak, beraiek sinatua, datak eta guzti.

d) Prestatzaileen zerrenda, haien deiturak, izena eta NANa adierazita.

e) Asistentzia kontrolaren jatorrizkoa, saio guztiak agerrarazten dituena, parte hartzen duten ikasleek eta prestakuntza irakasleak edo arduradunak sinatua, eredu normalizatuan.

f) Bertaratze ziurtagiria edo aprobetxamendu diploma eman zaien ikasleen zerrenda, non haiek hartu izanaren agiria edo eman izana frogatzen duen agiri fede-emailea agertuko baita.

g) Material didaktikoa jaso duten ikasleen zerrenda, non banatutako materiala eta haiek hartu izanaren agiria edo eman izana frogatzen duen agiri fede-emailea agertuko baitira.

h) Ikasleak Nafarroako Gobernuaren finantzazioaren berri izan duela frogatzen duen agiria.

i) Prestakuntza ekintzaren datu orokorren fitxa osoa, ekintzaren ebaluazio memoria barne.

j) Prestakuntza ekintzaren kalitatea ebaluatzeko ikasleek betetako galde-sorten fotokopia. Galde-sorta horiek baloratuko dituzte edukiak, baliabide didaktikoak, baliabide teknikoak, antolaketa, irakasleak eta prestakuntza ekintzaren balorazio orokorra.

k) Enpresak prestakuntza bere baliabideak eta bere langileak erabiliz eman badu, entitate onuradunak luzatutako jatorrizko ziurtagiria aurkeztuko da, non honako hauek agertuko baitira: urteko soldata gordina, enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuota, hitzarmenaren araberako urteko lanorduen kopurua, orduaren kostua eta enpresako barne prestatzaileek prestakuntza ekintzan emandako ordu kopurua. Gainera, nominaren fotokopia eta ordainketaren agiria.

Lehen aipatu diren agiriak eredu normalizatuan eta/edo NL-NEZak ezarriko dituen euskarri informatikoetan igorriko dira.

12.5. Kostuak jatorrizko fakturen eta froga balioa duten bestelako agirien bidez justifikatu beharko dira, funtsak ongi erabili direla frogatzeko moduko zehaztasunaz. Agiri horiek entitate onuradunak gordailutuko ditu. Orobat, faktura horien jatorrizko ordainagiriak aurkeztu beharko dira.

12.6. Eskuarki onartzen diren kontabilitate arauekin bat, kostuak kargu agirien bidez frogatzea ontzat emanez gero, agiri horiek gastuaren edo haren egozpenen frogekin batera igorri beharko dira.

Kontratistek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, laguntza ematekoa, alegia.

12.7. Diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obren exekuzioak sortutako kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamenduko ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuek sortutako gastuen kasuetan, onuradunak gutxienez ere hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, zerbitzua kontratatu edo ondasuna erosi baino lehen, salbu eta, diruz laguntzen ahal diren kostuek izandako ezaugarri bereziren bat dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada. Aurkezten diren eskaintzen arteko hautapena eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz eginen da, eta memoria batean justifikatuko da, espresuki, proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu ez bada. Aurkeztutako enpresen zerrenda diru-laguntzaren justifikazioarekin batera, edo, bestela, eskaerarekin batera aurkeztu beharko da.

12.8. Aurkeztutako agiriak justifikaziorako aski ez badira, NL-NEZak atzemandako akatsak jakinaraziko dizkio onuradunari, 10 eguneko epean zuzen ditzan.

12.9. Azken frogagiriak aztertu ondoren, Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuak prestakuntza ekintzaren espedientea amaitzeko eta azken likidazioa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileari, Zerbitzuko zuzendariak ontzat emanda.

Instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusirik, NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileak espedientearen gaineko ebazpena emanen du.

13.–Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza aukera hauetako baten bidez ordaintzen ahalko da:

a) Entitateak diruz lagundutako jarduera aldez aurretik justifikatuta, jarduera osorik gauzatu ondoren.

b) Kontura ordainduta. Horretarako, entitateak gauzatutakoaren txosten teknikoa edo gastuen fakturak aurkeztu beharko ditu, eta, hala, entitateak frogatutako kopurua ordainduko zaio.

14.–Azpikontratazioa.

14.1. Entitate onuradunak prestakuntza jarduera azpikontratatzen ahalko du, osorik edo partez, baina behin bakarrik eta oinarri hauetan ezarri bezala. Onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleren bat kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko.

Nolanahi ere, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizuna hartuko du bere gain administrazio publikoaren aurrean, eta berak zein azpikontratistak bermatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak behar bezala betetzen direla.

Behin ere ez da azpikontraturik eginen hirugarrenekin jardueraren kostua handitzen bada eta, horren ordainean, edukiari balio erantsia gehitzen ez badiote.

14.2. Azpikontratazioa onuradunari lotutako entitateekin egiten bada, ondoko inguruabar hauek gertatu beharko dira:

–Kontratazioa merkatuko ohiko baldintzetan egitea.

–Aldez aurretik organo emailearen baimena eskuratzea.

14.3. Hirugarrenekin itundutako jarduera diru-laguntzaren %20 baino handiagoa denean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratua agiri idatzi baten bidez formalizatu beharko da eta organo emaileak aldez aurretik baimendu beharko du. Ezin izanen da, inolaz ere, kontratu bat zatikatu haren zenbatekoa gutxitzeko eta baldintza hori betetzea saihesteko.

14.4. Oinarri honen bigarren eta hirugarren ataletan aipatutako organo emaileak aldez aurretik eman beharreko baimenari dagokionez, espresuki ematen ahalko da diru-laguntza emateko ebazpenaren bidez, edo baimena eskatu eta biharamunetik 15 eguneko epean igorritako ebazpenaren bidez. Aipatu epea organo emaileak ezer ere adierazi gabe bukatzen bada, baimena emantzat joko da.

14.5. Edonola ere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 11/2005 Lege Orokorraren 26. artikuluan jasotzen diren mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie onuradunei eta kontratistei.

15.–Prestakuntzaren barne kontrola.

15.1. NL-NEZak jarraipen eta kontroleko jarduketa hauek egiten ahalko ditu:

a) “Denbora errealeko” jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea, ematen den tokian bertan eta egiten den bitartean, froga fisikoak eta testigantzak erabiliz, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta prestatzaileei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, teknikoki egiaztatzeko prestakuntza ekintza nola egin den, emandako edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, argitalpenetan eta bestelako hedabideetan ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzaturik antolatu direla adierazi ote den begiratuko da.

b) “Ex post” jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egiten ahalko dira, entitate onuradunei, prestakuntzako arduradunei, ikasleei eta/edo prestatzaileei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, besteak beste, honako hauek egiaztatzeko:

–Prestakuntza ekintzak egin ote diren.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaiela eta bertan NL-NEZaren logotipoa agertzen dela.

–Prestakuntzaren kostuen justifikazioa: haien kontabilizazioa eta ordainketa, kontuan hartuta indarreko araudian ezartzen diren betebeharrak.

15.2. Profesionaltasunaren ziurtagiriak lortzera zuzendutako prestakuntza ekintzak NL-NEZak profesionaltasunaren ziurtagiriak lortzera bideratutako ikastaroetan Kalitatearen Jarraipenerako duen Plana jarraitu eta kontrolatzeko jarduketen mende egonen dira.

16.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

16.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta emate-ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak diru-laguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du, edo, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako diru-laguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

16.2. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, partez galduko da kobratzeko eskubidea, eta proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.

16.3. Dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, ezarritako prozedurarekin bat, eta, bidezko bada, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

16.4. Atal honetan ezarritako itzuli beharrak ez du galarazten Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean diru-laguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei buruz ezarritakoa.

16.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo diru-laguntzari espresuki uko egiteagatik askatzen den dirua aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskabideak aintzakotzat hartzeko erabiltzen ahalko da.

17.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Onuradunek diru-laguntza honen xedeko jarduera berak finantzatzen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu badituzte, betiere prestakuntza ekintzaren gastuaren %100 gainditu gabe, NL-NEZari jakinarazi beharko diote, hartutako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

18.–Datuak babestea.

18.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

18.2. Prestatzaileen eta prestakuntza jardueretan parte hartzen dutenen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, interesdunak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzeko gainerako arauetan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira.

19.–Aplikatu beharreko arauak.

19.1. Oinarri hauetan aipatzen den deialdian parte hartzeak berarekin dakar oinarriak oso-osorik eta bete-betean onartzea.

19.2. Deialdi honetan aurreikusita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

19.3. Programa honetako diru-laguntzek Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 EE Erregelamenduan aldez aurretik ezarritako muga eta baldintzak beteko dituzte. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

20.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.

Orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan ezarritakoarekin bat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak bere web orrian argitaratuko ditu datu horiek.

II. ERANSKINA

Kostuak eta moduluak

Kostu finantzagarriak.

a) Barreneko eta/edo kanpoko prestatzaileen ordainsariak; horien barrenean sartzen ahal dira soldatak, gizarte aseguruak, dietak, joan-etorrietako gastuak eta, oro har, ekintzak prestatu, eman eta ebaluatzen aritzen diren prestatzaileei dagozkien kostu guztiak.

Prestakuntza ekintzak prestatu eta ebaluatzeko erabiltzen diren orduak, oro har, ezin dira prestakuntza ekintzaren ordu guztien %10 baino gehiago izan.

b) Ekintzan erabilitako eta/edo parte-hartzaileei emandako material didaktikoen eta kontsumigarrien gastuak.

Ikastaro bakoitzerako azkenean pagatu beharreko zenbatekoa kontrol finantzarioaren eta deialdiko baldintzen emaitzen ondoren finkatuko da.

Kontzeptu partzialen kostuaren batura kapitulu bakoitzaren kostu osoa da, eta bi kapituluen kostuaren baturak ikastaroaren gastu justifikatuak osatzen ditu.

Entitate onuradunaren legezko arduradunak bere sinadura eta zigilua ezarriko ditu NL-NEZak emanen duen gastuen aitorpeneko eta ikastaroko azken likidazioko agirian. Horrekin, datuen egiazkotasunaren gaineko erantzukizuna bere gain hartuko du eta, gainera, konpromisoa hartuko du Administrazioari, hala eskatzen zaion unean, agiri horretan agertzen diren datuak abalatzeko kontabilitateko dokumentazioa eta hark bidezkotzat jotzen duen informazio osagarria ere emanen diola.

Gehieneko modulu ekonomikoa.

Deialdi honetako diru-laguntzen xede diren ikastaroak finantzatzeko ematen diren diru-laguntzak likidatzeko aplikatzen ahal den gehieneko modulu ekonomikoa 10 eurokoa izanen da parte-hartzaile eta prestakuntza-orduko.

Diru-laguntzaren gehieneko kostua zehazturik, haren azkeneko zenbatekoa prestakuntza orokorreko ekintzen kostu finantzagarriaren %70 artekoa izaten ahalko da, eta berariazko prestakuntzako ekintzen kostu finantzagarriaren %35 artekoa.

Enpresa onuraduneko lanpostuari aplikatzeaz gain, beste enpresa edo lan esparru batzuetara alda daitezkeen kualifikazioak ematen dituen irakaskuntza teoriko eta praktikoari esaten zaio prestakuntza orokorra; horrela, langileari lana lortzeko aukera gehiago ematen dio.

Langileak orain duen edo geroago izanen duen lanpostuari zuzenean aplikatzeaz gain, beste enpresa edo lan esparru batzuetara aldatu ezin diren edo oso modu mugatuan aldatzen ahal diren kualifikazioak ematen dituen prestakuntza teoriko eta praktikoari esaten zaio berariazko prestakuntza.

Iragarkiaren kodea: F1606316