109. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

118E/2016 EBAZPENA, apirilaren 28koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Uztegiko Gantxinea etxera sartzeko bidea egiteko proiekturako, Araizko udal mugapean. Sustatzailea Iturrioz Agustin da.

2016ko otsailaren 18an Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D) epigrafean dago sartuta (100 metro linealetik gorako bide berriak eta pista iraunkorrak ireki eta aldatzeko lanak, eta 10 kilometrotik beherako errepide tarteak zabaldu eta hobetzeko lanak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketan bide berri bat eginen da Uztegiko Gaintxinea etxera sartzeko, ondoko lurzatian dagoen bordatik abiatuta, lurzati hori zeharkatuz. Bide hori 300 metro da luze eta 3 metro zabal. 15-20 cm-ko zagor artifiziala izanen du, eta lurrezko areka, hormigoizko hodia duten erretenekin, ura izan dezaketen bidegurutzetan. Maldak, gehienez, %12koak izanen dira.

Bidea lurzatiaren ertzei jarraituz diseinatu da, okupazioak ahalik eta gehien murrizteko. Hondeaketa eta betelan txikiak ditu, eustormarik gabe. Jarduketa azterturik eta kontuan izanik zonaldeko topografia irregularra, ikuspegi txikia eta mugituko den lur kantitate txikia, irizten da proiektatutako jarduketak ez duela paisaiaren harmonia orokorra desitxuratzen eta ez duela eragin larririk sortzen bistarako. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena eman du.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2016ko martxoaren 2an egindako txostenean emandako irizpenaren arabera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 111. artikuluan xedatutakoarekin bat, eskaera baimendutako jarduketatzat har daiteke. Udalaren eskumenekoa da, eta ez du lurzoru urbanizaezinean baimendu beharreko jardueraren baimenik behar, foru lege horren 117. artikuluan ezarritakoa.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Uztegiko Gantxinea etxera sartzeko bidea egiteko proiekturako, Araizko udal mugapean. Sustatzailea Iturrioz Agustin da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Lurrak ahalik eta gutxien mugituko dira. Ahalik eta lubaki gutxien sortuko dira. Lur-mugimenduetatik ateratako lurrak jarduketa berean sortutako lubetekin konpentsatuko dira, edo lurzatian barna zabaldu eta nibelatuko dira.

–Ez da zuhaitzik edo zuhaixkarik kaltetu edo moztuko beharrik gabe. Zerbait moztu behar izanez gero, basozaintzari abisatuko zaio, dagokion markaketa egiteko.

–Beharrezko neurriak hartuko dira kalterik ez egiteko ur ibilguei, lur gainekoak edo lur azpikoak izan.

–Obraren hondakinik ez da abandonatuko. Obrak bukatuta, ukitutako eremuaren garbiketa orokorra eginen da.

–Sortutako hondakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek tratatu behar ditu, indarreko araudiarekin bat.

–Obrak egiten hasi aurretik, behar bezain goiz abisatuko zaio Ultzama-Arakil aldeko barrutiko Basozaintzari (ogfoular@cfnavarra.es edo 609-466022).

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.500 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Araizko Udalari, Basozaintzari (Ultzama-Arakil aldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko apirilaren 28an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1605265