98. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CINTRUENIGO

Ordenantza, laborantzako herrilurren aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Cintruenigoko Udalak, 2015eko martxoaren 3an egin osoko bilkuran, legez behar den gehiengoa izanik, erabaki zuen hasiera batean onestea Cintruenigoko laborantzako herrilurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza.

Iragarkia toki entitate honen iragarki oholean argitaratu da, baita 2015eko 50. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, martxoaren 13an. Horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da, inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, erabakia behin betikoa bilakatu da, eta argitara ematen da erabaki hori eta ordenantzaren testu osoa, ondorio juridikoak izan ditzan.

Cintruenigon, 2015eko apirilaren 23an.–Alkatea, Raquel Garbayo Berdonces.

ERANSKINA

CINTRUENIGOKO LABORANTZAKO HERRILURREN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Cintruenigoko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea du xede ordenantza honek.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute tributurik ordainduko. Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Hauek dira herrilurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herrilurretako ondasunak erabili, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Cintruenigoko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herrilurretako ondasunen inguruan Cintruenigoko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Cintruenigoko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek baitira lehentasuneko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Cintruenigoko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Cintruenigoko Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzera ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Cintruenigoko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herrilurretako ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari Cintruenigoko Udalak, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Cintruenigoko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Cintruenigoko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Cintruenigoko Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Cintruenigoko Udalak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da; betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak.

Herrilurren gainerako aprobetxamenduek berariazko araudia izanen dute eta aurreikusia ez dagoen orotan, berriz, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduan eta arlo horri buruzko foru araudian ezarritakoa aplikatuko da.

15. artikulua. 1. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Cintruenigoko Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea 6 urteko antzinatasunez.

c) Cintruenigon urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Cintruenigoko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Cintruenigoko Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurretako aprobetxamenduak

16. artikulua. Cintruenigoko laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez esleitzea edo Udalak zuzenean ustiatzea.

Cintruenigoko Udalak laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondoren, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

17. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitatearen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

18. artikulua. 1. 20 erreguko azalera ezarri da ereduko lotearendako.

2. 17. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei eman beharreko loteak zehazteko, ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuko zaizkio:

a) Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea; hots, lote bat.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea, hau da, 2 lote.

c) Zazpi kidetik bederatzi kidera bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea; hots, 3 lote.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea; hots, 5 lote.

19. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Cintruenigoko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 17 eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratu ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako herrilurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

20. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da (urte naturala, epeak kontatzeko).

21. artikulua. Lote bakoitzari dagokionaren %50ekoa da aprobetxamendu mota honetako lurzatien onuradunek ordainduko duten kanona, eta prezioa izanen da 5 euro/-erregua.

Dena den, kanonak toki entitateak hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa beharko du izan, gutxienez ere.

2015erako proposatu zen kanonari dagokio zenbateko hori, eta urtero eguneratuko da, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten duen kontsumoko prezioen indizearen arabera.

Edonola ere, esleipen-hartzaileek ureztaketa gastuak ordaindu beharko dituzte.

22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egiten denean ere laborantza zuzenean eta norberak egina dela ulertuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 17. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

23. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, laborantza zuzenean eta norberak egina dela ulertzeko, esleipen-hartzaileak edo haren familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 17. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritzako ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Cintruenigoko Udalaren Osoko Bilkurari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, hurrengo artikuluan xedatua aplikatuko da.

24. artikulua. Laborantza norberak zuzenean egiteko ezintasun fisiko hori Gizarte Segurantzaren elbarritasun ziurtagiriaren bidez frogatu beharko da, eta esleipenaren unean nahiz lurrez baliatzen ari diren bitartean kasu horretan gertatzen diren titularren lurzatiak herrilurrak aprobetxatzeko hurrengo moduan esleituko ditu Udalaren Osoko Bilkurak, esan nahi baita, herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidez, eta hala ez bada, beste modu batean, hau da, Udalak berak ustiapena eginez edo enkante publikoaren bidez. Udalak lurzatien titularrei esleipenetik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Cintruenigoko Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborea apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Udalaren Diruzaintzan.

25. artikulua. Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Nekazaritza Batzordearen ustean, esleitutako lurzatiak, ordenantza honetako 22, 23 eta 24. artikuluetan xedatzen denaren arabera, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Honako hauei dagozkien egiaztagiriak eskatu ondoan, Udalak agindu epean aurkezten ez dituenean: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, Europar Batasunaren Nekazaritza Politikari dagokion aitorpena, eta lurra lantzeari, lehengaiak erosteari eta produktuak saltzeko lanei dagozkienak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Esleitutako lurzatiaren %80, gutxienez, lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak badituzte.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

26. artikulua. Lurzatiak Lehen Atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, soberan geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean.

27. artikulua. Udalak erabakiko du zein den herritarren arteko esleipeneko loteen azalera, lehentasuna dutenen arteko esleipena egin ondotik, zenbateko nekazaritzako azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan edo haien ustiategien tamainaren alderantzizko proportzioan. Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 17.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

28. artikulua. Esleipenaren epea 20. artikuluan adierazitako berbera da.

29. artikulua. Esleipen-hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 22 23, 24 eta 25. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.

30. artikulua. Lote bakoitzari dagokionaren %100ekoa da aprobetxamendu mota honetako lurzatien onuradunek ordainduko duten kanona, eta prezioa 10 -euro/-erregua izanen da.

2015erako proposatu zen kanonari dagokio zenbateko hori, eta urtero eguneratuko da, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten duen kontsumoko prezioen indizearen arabera.

Edonola ere, esleipen-hartzaileek ureztaketa gastuak ordaindu beharko dituzte.

31. artikulua. Esleipen hori egitean toki entitateek kontuan hartu beharko dute herrilurretako loteak gorde beharra onuradun berriendako; horien azalera hasierakoaren %5 izanen da gehienez.

3. ATALA

Udalak zuzenean egindako ustiapena edo enkante publikoa

32. artikulua. Cintruenigoko Udalak, aurreko banaketa prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra banatu gabe gelditu bada, enkante irekian eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Soberan gelditzen diren loteak eta onuradun berriei erantzuteko egindako erreserbak enkantean aterako dira. Onuradun berriei erantzuteko erreserben enkantea halako moldez eginen da non beren xedeetarako behar diren mementoan kenduko baitzaizkio esleipen-hartzaileari.

Hasierako prezioa 10 euro/erregua izanen da.

2015erako proposatu zen kanonari dagokio zenbateko hori, eta urtero eguneratuko da, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten duen kontsumoko prezioen indizearen arabera.

Edonola ere, esleipen-hartzaileek ureztaketa gastuak ordaindu beharko dituzte.

Enkantea egin ondoan laborantzako lur sobera bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Lehentasunezko eta zuzeneko esleipenerako prozedura

33. artikulua. Cintruenigoko Udalaren Osoko Bilkurak aitzinetik erabakia hartuta, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herrilurretako lurzatiak zuzenean eta lehentasunez esleitzea eska dezaten. Horretarako, ediktua argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta toki entitateko iragarkien oholean.

34. artikulua. 1. Herritarrendako aprobetxamenduen eskatzaileek zinpeko aitorpena edo frogagiriak aurkeztu beharko dituzte, ondoko zehaztapenak bilduko dituztenak:

a) Cintruenigoko herritarra izatea, sei urteko antzinatasunaz bederen eta urtean, gutxienez, bederatzi hilabetez udalerrian bizitzea.

b) Familia unitatea osatzen duten kideak, eta lehentasuna duten herritarren aprobetxamenduak eskatzen dituztenen kasuan, ezintasun fisikoa edo adimenekoa duten kideak.

c) Familia unitateko kide guztiak Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

d) Familia unitateko kide guztiak udalerri honetan eta besteetan zenbat erreguren jabe diren, baita errentan edo beste titulu baten bidez dauzkatenak ere, eta laborantza motak.

e) Familia unitateko kide guztien hirilurreko ondasunen zerga-oinarriak, udal honetakoak eta besteetakoak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta.

f) Nekazaritzarako eskura duen makineriaren zerrenda zehaztua.

g) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, abeltzaintzaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

2. Aitorpen horri familia unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken ekitaldiko aitorpenaren kopia erantsiko diote.

3. Zinpeko aitorpen hori egiaztatzeko, Udalak ahalmena du eskatzaileari beharrezkotzat jotzen dituen agiriak eskatzeko, bai errenta mailak zehazteko, 17.3 artikuluan ezartzen den moduan, bai zinpeko aitorpenean jasotako gainerako alderdiak baieztatzeko. Eskatutako epean agiri horiek aurkezten ez badira, eskabidea ezetsi eginen da.

35. artikulua. Udalak esleipen modu bakoitzeko onartuen behin-behineko zerrenda onetsiko du osoko bilkuran. Zerrenda hori Udalaren iragarki oholean emanen da argitara eta interesdunei jakinaraziko zaie, egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko, hamar eguneko epean.

Alegaziorik aurkezten bada, haiek ebatzi eta behin betiko zerrenda onetsiko da. Alegaziorik ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe, eta Udalaren iragarki oholean argitaratuko da.

36. artikulua. Lehentasunezko aprobetxamendurako eta herritarrendako esleipenerako eskubidea duten familia unitateko herritar titularren behin betiko zerrenda ateratakoan, Udalak zehaztu eginen ditu lurzatien loteak, haien ezaugarriak, azalerak eta abar.

37. artikulua. Loteak zozketaren bidez esleituko dira. Onuradunek uko egiten ahal diote aprobetxamenduari urte bakoitzeko ekainean, Udalari idazki batean horren berri emanda. Aipatu epe hori iraganik, urtekoa osorik ordaindu beharko dute. Esleitutako lurzatiari uko egiten dioten onuradunek ez dute banaketa modu horretako lurretan beste lurzatirik hartzeko eskubiderik izanen, beste esleipen bat egiten den arte.

38. artikulua. Udalak beretzat gordeko du laborantzako herrilurren azaleraren %5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei esleitzeko, eta Udalak behin-behinekoz esleitu ahalko ditu.

39. artikulua. Zortzi urteko esleipenaldia hasi ondoren, aprobetxamendurako eskubidea dutela uste dutenek Udalari eskatu ahalko diote, ekainaren 1etik 20ra bitarte, urtero.

40. artikulua. Lehen bi aprobetxamendu moduetako lurzatiak esleitzeko gertatu diren baldintzei eutsi behar zaie esleipenaldi osoan eta gerta litezkeen aldaketen berri Cintruenigoko Udalari eman beharko zaio. Alde horretatik, Udalak noiznahi egin ahalko ditu beharrezkoak iruditzen zaizkion egiaztapenak.

41. artikulua. Ordaindu behar den zenbatekoa izanen da lehen urterako proposatutako kanona; Udalak urtero eguneratuko du kanona, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Kanona urteko lehen hiruhilekoan ordainduko zaio Udalari.

42. artikulua. Esleipen-hartzaileek esleipenaren %10 utzi beharko dute, 10 eguneko epean. Esleitu eta 45 egunetara ordainduko dute gainerako zenbatekoa, lehen urteko kanon osoa ordaindu arte.

5. ATALA

Zuzenean ustiatu eta enkante publikoan esleitzeko prozedura

43. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurak enkateko baldintzak eta aterako diren loteak onetsiko ditu.

44. artikulua. Enkante irekiak izanen dira eta ahozko posturen bidez eginen dira.

45. artikulua. 1. Enkanteen emaitza berehala jakinaraziko da Udalaren iragarki oholean.

2. Esleipenaren proposamena jasotzen duen eskaintza, gutxienez zenbateko osoaren seitik bat gehituz hobetzen ahalko da.

46. artikulua. Udalak urtero eguneratuko du errematea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraikiz. Prezioa urteko lehen hiruhilekoan ordainduko zaio Udalari.

IV. KAPITULUA

Laborantzako herrilurretako aprobetxamenduetarako arauak

47. artikulua. Laborantzako herrilurren aprobetxamendua Cintruenigoko ohituren arabera eginen da.

Esleipen-hartzaileak behartuta daude haien lurzatiek behar dituzten ureztaketak egitera eta, orobat, Navako Goiko Erretenetik ureztatu ezin diren lurzatietan behar besteko ureztaketak egiten uztera, Planako herrilurretako lurzatietan barna hornitu behar baitira.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretan

48. artikulua. Cintruenigoko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu herrilurren gainean dauden aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xede hauek baldin badituzte:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

49. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen proiektuak Udalak berak edo herritar interesdunek sustatuko dituzte, eta lehentasunezkoak izanen dira.

50. artikulua. 1. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

2. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

3. Udalak onesten duen araubide berezia egokitu beharko da, arautu gogo den proiektuaren ezaugarrien eta xedearen arabera, eta iraunen du proiektuak lortu nahi dituen helburuak betetzeko behar den denbora guztian. Indarraldia iragandakoan, proiektuak ukituriko herrilurrak sartuko dira berriz ere ordenantza honetan ezarritako aprobetxamenduaren prozedura orokorrean.

4. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

51. artikulua. Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, ordenantza honetan xedatua betetzen dela ziurtatzeko.

52. artikulua. Esleipen-hartzaileari kalteak eta ordainak erreklamatzea eta sortutako erantzukizunak finkatzea ezertan ukatu gabe, Udalak jarraian azalduko diren zehapenak ezartzen ahalko ditu, dagokion zehapen espedientea instruituta.

53. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzeko, arau hauei jarraikiko zaie: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 177. artikulua eta ondorengoak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluaren I. kapitulua eta aplikatzekoa den araudia.

54. artikulua. Arau-hauste administratiboak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

–Hona arau-hauste arinak:

a) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

b) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

c) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

d) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

f) Beste lurzatietatik bereizteko ezpondak lantzea.

g) Lurrak goldatzean ildoa irekia uztea bide edo areka baten ertzean.

h) Simaurra, harriak, egurra, lastoa edo bestelako materialak uztea bideetan, erretenetan, altxonbideetan edo herrilurretako edozein tokitan, ez bada bereziki prestatu erabilera horietarako.

i) Finketan behar diren oharrak ez ematea edo seinaleak ez jartzea.

j) Ordenantza honetan xedatuaren aurkako beste edozein gertakari edo egintza, arau-hauste larri edo oso larri gisa sailkatu ez dena.

–Hona arau-hauste larriak:

a) Esleipena eskuratzeko, gezurrezko datuak ematea.

b) Aprobetxamendua norberak zuzenean ez egitea.

c) Esleitutako larreak lagatzea edo azpierrentamenduan ematea, ordenantza honetan aipatzen diren kasuetan eta baldintzetan izan ezik.

g) Asmo gaiztoz, Cintruenigoko Udalari ez ematea esleipenaren baldintzetan gerora izandako aldaketen berri.

j) Abereek edateko idoietatik ura hartzea, ureztatzeko edo herbizidak botatzeko.

k) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

l) Ez uztea Navako Goiko Erretenetik ureztatu ezin diren lurzatietan behar diren ureztaketak egiten uztera, Planako herrilurretako lurzatietan barna hornitu behar baitira.

m) Bi urteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

–Hona arau-hauste oso larriak:

a) Mugarriak kentzea edo haien egoera aldatzea.

b) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, mahastiak, zainzuriak etab.) Udalaren baimenik gabe egitea.

55. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren arau-hausteengatik, zehapen ekonomiko hauek ezarriko dira:

a) Arau-hauste arinak egiteagatik, 60,10 eurotik 300,50 eurora bitarteko isuna izanen da.

b) Arau-hauste larriak egiteagatik, 300,51 eurotik 601,01 eurora bitarteko isuna izanen da.

c) Arau-hauste oso larriak egiteagatik, 601,02 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko isuna izanen da.

Zehapen horiek mailakatu eginen dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako irizpideei jarraikiz.

56. artikulua. Ezartzen ahal diren zehapen ekonomikoak eta egindako kalte-galerak ordaindu beharra deusetan ukatu gabe, kalte-galerak benetakoak eta banan-banan bereizteko modukoak badira eta haien balio ekonomikoa kalkulatzen ahal bada, Udalak, inguruabarrak aztertu ondoren, zehapen osagarri hauek ezartzen ahalko ditu:

Arau-hausteak larriak edo oso larriak direnean, esleipena kendu eta beste bi esleipen alditan esleipena eskuratzeko aukeratik baztertzen ahalko da. Arau-hauste oso larri batzuen kasuan, inguruabarrak kontuan izanik, laborantzako herrilurren aprobetxamenduaren esleipen-hartzaile izateko eskubidea kentzen ahalko da.

57. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak aprobetxamenduaren titularrak izanen dira, esku hartzeagatik edo esku ez hartzeagatik, edo, kasua denean, egintzetan parte hartu duten pertsonak.

58. artikulua. Alkatea izanen da zehatzeko organo eskuduna.

59. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritako hura izanen da zehapen prozedura.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten edo berarekin bat heldu ez diren udal ordenantza eta udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorio juridikoak izanen ditu behin haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osoki argitaratu eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei, haien egintza edo erabakiak indargabetzeko, errekerimendua egiteko duen ahalmena erabiltzeko epea iragan ondoan; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L1506318