98. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 6an hartua. Honen bidez onesten da Cascanten saltoki kolektibo handi bat, lau saltoki handik osatua, jartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala. Sustatzailea Inmuebles Calchetas SL da.

I.–Aurrekariak eta xedea.

Nafarroako Gobernuak 2011ko apirilaren 11n hartutako Erabakiaren bidez, Udalez gaindiko Plan Sektorial (UPS) deklaratu zen Cascanten saltoki kolektibo handi bat, lau saltoki handik osatua, ezartzeko proposamena, Inmuebles Calchetas SLk sustatua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean (LAHFL) aurreikusitako ondorioetarako. Erabaki hori 2011ko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 9an.

UPSaren helburua da lau saltoki handi jartzea Cascanteko zerbitzu poligonoko ipar-ekialdean, AR-7 banaketa eremuko 1. sektorean, zehazki haren P10, P11 eta P12 lurzatietan. Hurrenez hurren, kirol gauzetarako, brikolaje gauzetarako, etxetresna elektrikoetarako eta hipermerkaturako izanen dira.

A-68 autobideko sarreraren ondoan dago aipatutako Cascanteko zerbitzuen poligonoa, udalerriko iparraldeko mugan, Tuterako udalerriarekin mugan, N-121-C errepidearen bi aldeetako lurzoruak hartzen dituela. Hiru bide-ardatzen artean dago: N-121-C Tutera-Tarazona errepidea, NA-3010 Tutera-Ablitas errepidea eta AP-68 Ebroko autobidea. Proposamenaren eremutik hurbilen dauden biziguneak Murchante (1,5 km) eta Tutera (2,5 km) dira. Aurreikusia dago NA-121-C errepideko biribilgune baten bidez eginen dela sarbidea Cascanteko zerbitzuen poligonorako.

6/2010 Foru Legearen xedapen iragankor bakarraren babespean tramitatzen da jarduketa. Aipatutako foru legeak partez aldatu zuen Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legea. Esparru juridikoari dagokionez, proiektatutako saltokiak dira lau banakako saltoki handi, baina, horretaz gain, saltoki edo barruti kolektibo handi bat dira. Eskatzaileak darabilen merkataritzako terminologian, “Merkataritzako azalera ertainekoen parkea” izanen litzateke.

Aurkeztutako planak, lau saltoki handiren ezarpena zehazteaz gain, berarekin dakar aldatzea Cascanteko zerbitzuen poligonoko 7. banaketa eremuko 1. sektoreko indarreko plan partzialeko antolamendua.

Bestalde, UPSean jasorik dago aldatuko direla argindarraren, uraren, gasaren, telekomunikazioen eta kaleko argien sareak, Cascanteko zerbitzuen poligonoaren urbanizazio proiektuan aurreikusiak, eta sare horiek berrantolatuko direla, aurreikusitako antolamendu berrira eta planean azaldutako behar berrietara egokitzeko.

II.–Aurkeztutako alegazioak.

Espedientea jendaurrean egon den bitartean bi alegazio idazki aurkeztu dira. Ondoren azaltzen dira haien edukia eta eman zaizkien erantzunak.

1.–David Botín Cociña jaunak aurkeztutako alegazio idazkia, Queiles Servicios Empresariales SL enpresaren izenean eta hura ordezkatuz.

Edukia:

Cascanteko zerbitzuen poligonoko 7. banaketa eremuko 1. sektoreko zenbait lurzatiren jabea da enpresa hori, baina lurzatiak ez daude UPSaren barnean. Bada, enpresak oroitarazten du hirigintza esparrua urbanizatu gabe dagoela, baina Cascanteko Udalak behin betiko onetsirik dituela birzatiketa eta urbanizazio proiektuak.

Alegatzaileak adierazten du ezen alegazio honek ez diola kontra egiten 17/2001 Foru Legearen (6/2010 Foru Legeak emandako idazketa berriaren arabera) 19.6 artikuluan aurreikusitako salbuespenaren aplikazioari, uste baitu bete egiten direla UPSa onesteko ezarritako baldintza guztiak, baina adierazi nahi du ez dituela ezagutu ez merkataritzako UPSaren idazketa ez sustapena, eta horietan ez duela parte hartu, eta UPSak ez dituela ukitzen, ez ukitu behar ere, bere lurzatiak, betebeharrak eta ondasunak, horiek baitira sektore osorako onetsitako indarreko hirigintza planeamendu baten ondorio. Ildo horretan, ulertzen du alegatutako UPSa dela proiektu zehatz eta jakin baterako merkataritzako lizentzia bat, eta ez antolamendurako tresna bat, ezta lurraldea planifikatzeko izaera eta ondorio orokorrak dituen tresna bat ere.

Entitate alegatzaileak jarraitzen du adierazten ez dagoela ados ez UPSak ez Nafarroako Gobernuaren 2011ko apirilaren 11ko Erabakiak urbanizazio obra berriei ematen dieten tratamenduarekin. Obra berri horiek merkataritza ezarpenaren ondorioz egin behar dira, eta, behar denean, urbanizazio proiektuaren testu bategin batean integratzearen ondorioz. Aipatzen du obra berriak ez direla definitzen, eta ez dela jasotzen hirigintza planean sartu beharreko aldaketen inpaktu ekonomikoa. Bere iritziz, gaur egun hirigintza planak aurreikusirik duenarekiko gainkostua ekarriko dute.

Alegatzen duenez, 6/2010 Foru Legearen xedapen iragankor bakarrak ezarritako betebeharra da Udalez gaindiko Plan Sektoriala behin betiko onetsi eta urtebetera hastea saltokia ezartzeko obrak, baina horrek ezin ditu lotu edo ukitu Cascanteko AR7ko 1. sektoreko Konpentsazio Batzordean dauden gainerako jabeak, ez baitute zerikusirik ez UPSeko xedapenekin ez merkataritzako jarduketarekin.

Horregatik, sozietate interesdunak proposatzen du ezen merkataritzako UPSa behin betiko onesteko akordioan jaso dadila manu bat urbanizazio –eta, behar izanez gero, birzatiketa– proiektua etorkizunean aldatzeari buruz, urbanizazio lanak fase independenteetan zatitzeko, eta, hala, horietako bat izatea merkataritzako UPSeko lurzatien esparrurako soilik. Halaber, eskatzen du sektore osoaren onerako diren kontu-sail horiek –sare orokorrak, kanpoko sareekiko loturak, etab.– aurrera ditzala UPSaren sustatzaileak exekuzioan, bere egutegi propioaren arabera, eta hurrengo faseak exekutatzean egozteko gainerako jabeei.

Alegatzaileak uste du ezen alegazio horri baiezkoa ez emateak berarekin ekarriko lukeela UPSarekin zerikusirik ez duten gainerako jabeek aurreratu edo finantzatu beharko luketela, berek mozkinetan parte-hartzerik ez izanik, behinik behin epe laburrean, eta, horrenbestez, kalte ekonomikoa ekarriko liekeela.

Puntu honetan, alegatzaileak argitzen du ezen, bere asmoa ez denez UPSaren eremuko urbanizazio obren hasiera atzeratzea –izan ere, azkenerako, horrek berarekin ekarriko luke ez litzatekeela beteko 6/2010 Foru Legearen xedapen iragankor bakarrak ezarritako betebeharra, hots, UPSa behin betiko onetsi eta urtebetera has daitezela establezimendua ezartzeko obrak–, eskatzen duena dela UPSa behin betiko onesten duen akordioak bere baitan izan dezala manu bat, urbanizazio –eta, behar izanez gero, birzatiketa– proiektua etorkizunean aldatzeari buruzkoa, lehen azaldutakoa, eta, dioenez, ez da hain beharrezkoa akordio horren aurretik kudeaketa urbanistikorako bi tresnen testu bategin bat onestea.

Aurretik azaldutako guztiarengatik, sozietate alegatzaileak eskatzen du UPSa onesten duen behin betiko akordioak honako manu hauek onets ditzala:

a) Lehenbizikoa: baldin UPSean aurreikusitako merkataritza jarduketak gainkosturik badakar, kontuan harturik Cascanteko AR7ko 1. sektorerako behin betiko onetsitako urbanizazio proiektuan finkatutako kontu-sailak, merkataritzako sustatzailearen konturako bakarrik izan daitezela.

b) Bigarrena: urbanizazio obrak faseka zatitu daitezela, halako moduz non merkataritzako UPSarekin zerikusirik ez duten jabeei ez zaien egotziko urbanizatzea gauzatzeko gasturik, harik eta beren faseetako urbanizazio obrak hasten diren arte, ezta 1. sektore osoari onura ekartzen dioten gastuak ere, esaterako sare orokorrak edo oraingo sareekin lotzekoak ere.

c) UPSaren sustatzaileak aurkez dezala, behin betiko onetsi aurretik, Cascanteko AR7ko urbanizazio planaren testu bategina, hura ezagutzera emateko eta jendaurrean jartzeko aldi berri bat ireki dadila edo luza dadila, jakin dadin zer eragin izanen duen jarduketa orokorrean.

Erantzuna:

Kontuan harturik alegatzaileak adierazitakoa, 2012an Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak sustatzaileari eskatu zion espedientea osa zezala, “urbanizazio obren deskribapenarekin eta ebaluazio ekonomikoarekin, hain zuzen ere merkataritzako ezarpenaren ondorioz egin beharreko eta, kasua bada, Cascanteko AR7 banaketa eremuko –Zerbitzuen poligonoa– 1. sektoreko urbanizazio plana aldatuko duten urbanizazio obren deskribapenarekin eta ebaluazio ekonomikoarekin.”

Aurrekoa kontuan izanik, sustatzaileak eranskin bat gehitu du (I. eranskina: UPSeko urbanizatzearen handitzearen justifikazio ekonomikoa), eta han jasotzen da UPSak zer aldaketa dakartzan onetsitako Cascanteko AR7ko banaketa eremuko 1. sektoreko urbanizazio planeko obretan.

Bestalde, espedientearen sustatzaileak alegazioen idazki honi erantzun dio, adieraziz bere gain hartzen dituela planeko urbanizazio obren aldaketek (tramitatzen ari den UPSaren ondoriozko antolamenduaren aldaketek eraginak), ekar ditzaketen gainkostuak. Ildo horretan, 9.3.2 puntuan (UPSaren memoriako birzatiketarekin lotutako gorabeherak) honako hau jasotzen da: “UPSa onetsi ondoren, Cascanteko Udalean tramitatu behar dira exekuzio tresnetan beharrezko jotzen diren aldaketak, besteak beste Birzatiketa Proiektua”.

Halaber, UPSari plano bat erantsi zaio, ORD.22.02 izenekoa, non irudikatzen baita UPSa garatzeko behar den urbanizazio-eremua. Haren barnean daude, UPSaren eremuaz gain, horren inguruko espazioa, zeinean baitago AR7 banaketa eremuko –Zerbitzuen poligonoa– 1. sektorera sartzeko biribilgunea eta sektore horretako plan partzialean eta urbanizazio planean jasotako bideak eta eremu publikoak, aurreikusitako saltokiak inguratzen dituztenak.

Urbanizatzearen garatzeari dagokionez, berriz ere arrazoia eman behar zaio alegatzaileari, honako honi dagokionez: UPSak, urbanizazio plan onetsiaren aldaketak (UPSaren ondoriozkoak) zehaztu eta horien kostua ezartzeaz gain, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 43. artikuluan xedatutakoarekin bat, jaso beharko du gauzatzeko kalkulatzen duen denbora. Nolanahi ere, ukitutako eremuan badenez urbanizazio plan onetsi bat, gauzatu gabea, programazio hori koordinatu egin beharko da, urbanizazio plan horren programazioaren barnean, eta, koordinazio hori egiteko, urbanizazio planean aldaketa bat egin beharko da, kasua bada “testu bategin” bat beharko duena, alegatzaileak eskatu bezala. Ildo honetan, aipatu behar da UPSaren urbanizazio plan bat tramitatzea alferrikakoa izanen litzatekeela, zeren proiektu horrek bakarrik gara lezake UPSean aurreikusitako antolamendua, eta, hortaz, ez luke jasoko, besteak beste, bide saretik antolamendu horretarako sarbiderik, beharrezkoa dena. Horrek ekarriko luke, alde batera utzita auzi ekonomikoak, batera edo gero tramitatu behar izatea, Cascanteko Udalean, Cascanteko zerbitzuen poligonoko urbanizazio plan indardunaren aldaketa, ez bakarrik UPSeko urbanizazio planera egokitzeko, baizik eta programazio koordinatua izateko UPSeko urbanizazio obrekin, halako moduz non UPSean aurreikusitako merkataritza-ezarpenen funtzionamendurako behar diren zerbitzuak eta azpiegiturak, UPSaren esparrutik kanpokoak, UPSeko urbanizazio obrekin batera eginen diren.

Horregatik, koordinazio eta eraginkortasun administratiboa erdiesteko, UPSaren exekuzioa egin behar da Cascanteko zerbitzuen poligonoko birzatiketa eta urbanizazio proiektuen aldaketen espedienteen bidez.

Hala, Cascanteko zerbitzuen poligonoaren urbanizazio planaren aldaketak obrak zehaztu eta programatu behar ditu, eta horiek exekutatzeko faseak ezar ditzake. Horiek, nolanahi ere, unitate funtzional bat eratu behar dute, zuzenean erabil daitekeena, eta egoki diren inguruko eremu publikoak integratuko dituena; horiek bakarrik ezin izanen dute eratu urbanizazio fase bat.

Betiere, aldaketen espedienteak tramitatzean, kontuan hartu behar da zer epe ezarri den 6/2010 Foru Legearen xedapen iragankor bakarrean, saltokien ezarpen obrak gauzatzen hasteko. Xedapen hori aintzat hartuz, baldin 1. sektoreko urbanizazio planaren aldaketak urbanizazio faseak ezartzen baditu, UPSa garatzeko behar den urbanizazio esparrua izanen da zerbitzuen poligonoaren lehenbiziko urbanizazio fasea edo lehenbiziko fasearen zatia.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 139.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, urbanizazio gastuak jabeen artean banatu behar dira proportzioan, dagokien aprobetxamenduaren arabera, eta horri buruz adierazi behar da ezen kostu horiek programatzeko tresna egokia dela –betiere urbanizazio planak ezartzen dituen faseekin bat programatuko dira– tramitatzen diren zerbitzuen poligonoaren kudeaketa-proiektuen aldaketa.

Hortaz, UPS honen xede den edukiari egiten zaizkion alegazioak baiesten dira.

UPSaren geroko alegazioei dagokienez, zerbitzuen poligonoko birzatiketa eta urbanizazio proiektuen aldaketen espedienteen (UPSaren sustatzaileak tramitatu behar baititu) jendaurreko aldian aurkezten ahalko ditu alegazioak alegatzaileak, kasua bada.

2.–Alegazio idazkia, Isabel Azcárate Ezpeleta andreak aurkeztua, Nafarroako Merkatarien Elkarteen Federazioa ordezkatuz.

Edukia:

Lehenbizikoa.–Alegatzaileak uste du ezen apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legearen xedapen iragankor bakarrean jasotako salbuespena aplikatzeko honako baldintza hauek behar direla:

–Salbuespenaren justifikazio formala. Manuak “justifikatua” dio; beraz, arrazoi formal esplizitua.

–Salbuespena eskatzen duten balioak edo elementuak izatea, eta garrantzia duten eta balioetsi beharko diren balioak eta inguruabarrak.

–Hirilur edo lur urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoru bat, kudeaketarako tresna onetsiak dituena, edo tramiteetan. Bistan denez, nahi den edo interesekoa den ezarpenak baimendurik edo gaiturik egon behar du.

Testuinguru honetan, ulertzen du salbuespena ez dela bidezkoa, eta, beraz, proiektua ez litzatekeela baimendu behar.

Ildo horretan, federazio alegatzaileak uste du ezen “agiriak aurkeztea edo eskatzaileak merkataritzako esperientzia izatea ezin izan da, inola ere, araubide orokorrerako salbuespena, araubide iragankor bat ezarriz, eta, horrenbestez, ezin dira baimendu etxebizitzetarako lurzoruetatik urruti ezartzea.” Halaber, uste du ez zegoela proiektu horretarako inbertsioak egiteko arrazoirik lehenagotik, ezta ezarpenik egiteko ere hiri lurzorutik kanpo edo gehienbat etxebizitzetarako den lurzoru urbanizagarritik kanpo, eta 2 urte lehenago ere halakorik ezar zitekeela, eta, aitzitik, ez dela halakorik gauzatu.

Bigarrena.–Bestalde, aintzat hartzen du ezen, 17/2001 Foru Legearen irizpideekin bat, eragindako mugigarritasunak ekarriko duen CO2ko aireratzeek ingurumenean inpaktua izanen dutela, eta badela aukera bitarteko publiko eta kolektiboen bidez iristeko eta, hortaz, joan-etorrien eragina ez larritzeko. Halaber, kontuan harturik aukeratu den kokapena eta jendaurreko aldian dauden saltokien irismena (4 saltoki handi), ondoriozta daiteke ez direla betetzen mugigarritasun irizpidea (zehazki saltokietara doan jendea garraiatuko duten bitarteko publikoak) eta ingurumeneko irizpidea (CO2ko emisioak).

Erantzuna:

Lehenbizikoa.–Alegatutako arrazoi berberak jadanik erabili izan ditu alegatzaileak, eta jasoak izan dira, beste kasu batzuetan, errekurtso bidez, merkataritzagune handiak ezartzeko baimena eman denean, apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legearen xedapen iragankor bakarraren babesean. Aipatutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoak ezetsiak izan ziren, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2013ko abenduaren 18ko 1043/2013 Epaiaren eta 2014ko irailaren 25eko 000409/2014 Epaiaren bidez, hurrenez hurren, non ezartzen baita espedientearen zati diren txosten sektorialetan dagoela justifikazioa.

Bigarrena.–Eragindako mugigarritasunak ekarriko dituen CO2ko emisioen ez-betetzeei dagokienez, azpimarratu behar da ezen urratutako manuaren ondoriozko baieztapena dela, beste azalpenik gabekoa. Nolanahi ere, eta Ingurumen ondorioen adierazpenean jasotzen dena alde batera utzita, aipatu behar da UPSaren mugigarritasun azterlanak ondorioztatzen duela “CO2 ekoizpena kalkulatu dela, oinarri harturik batez besteko joan-etorriak eta ibilgailuen batez besteko emisioak. Hala ere, ezin bermatu da eskaintza handitzeak joan-etorrien berrantolamendu eraginkorrago bat ekarriko duela. Baina esan daiteke jarduketak CO2ko emisioen murrizketa ekar dezakeela, eta, kasurik makurrenean, egoera bere horretan geldituko dela.”

Ildo horretan, ulertu behar da alegazioa ezetsi egin dela, ez baita frogaturik gelditu alegatutako ez-betetzea.

Hala ere, eta alegazio hau dela eta, eta bitarteko publiko kolektiboen bidez iristeari dagokionez, UPSeko mugigarritasun azterlanean jaso bezala, aipatu behar da gaur egun bermaturik dagoela garraio publikoa Tuterako Reina Sofia ospitaleraino, eta hura UPSetik 400 bat metro eskasera dagoela.

Nolanahi ere, Ebroko ardatzeko Lurraldearen Antolamenduko Planak (LAP5) jasotzen du barne eta kanpo komunikazioak indartu eginen direla, garraio publikoa bultzatzearen bidez, Tuterak, Murchantek eta Fontellasek eratzen duten azpieremurako.

Testuinguru honetan, eta irisgarritasuna hobetzeko, Cascanteko zerbitzuen poligonoko urbanizazio planaren aldaketan jaso behar da autobus geraleku pare bat ezartzea, bien artean oinezkoendako lotura izanen dutenak, baita UPSerako oinezkoen sarerako lotura ere, halako moduz non bermaturik geldituko baita garraio publikoko lerroen luzapena.

Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusiak txostena egin beharko du urbanizazio planari buruz, planteatzen diren autobus geralekuen ezaugarriak eta segurtasun baldintzak baloratzeko.

Ildo honetan, LAPeko jarraibideek aipatzen baitute, bizikleten eta oinezkoen joan-etorriak bulkatu behar dira. Hala, urbanizazio planean aurreikusi beharko dira joan-etorri horietarako ibilbideak eta Tarazonica bide berdearekin izanen den lotura (bide berde hori Cascanteko zerbitzuen poligonoko hego-ekialdeko mugatik doa, eta Tutera eta Tarazona lotzen ditu, Murchantetik eta Cascantetik hurbil pasatuz). Gainera, urbanizazio planean aurreikusi beharko dira motorretarako eta bizikletetarako aparkalekuak.

Kasua bada, UPSaren eremuko urbanizazio fasean sartu beharko dira jarduketa horiek.

III.–Nafarroako Gobernuak 2011ko apirilaren 11ko Erabakian ezarritako determinazioak betetzeari buruz.

Erabaki horrek, bere xedapen zatian, honako hau ezartzen du:

“3. Sustatzaileak espedientea osatu beharko du, erabaki honen azalpen zatiaren “UPSa baloratzeko irizpideak eta txosten sektorialak” atalean zehaztutakoaren arabera.

Aipatutako atalean zehaztutakoa labur azaltzen da jarraian, eta espedientearen sustatzaileak 2012ko urtarrilaren 24an eta 2015eko otsailaren 11n emandako erantzunak bildu eta baloratzen dira.

–“Apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legean UPSa onesteko ezartzen diren irizpideak. Aurkeztutako agiriek legeak UPSa onesteko zehazten dituen irizpideak justifikatzeari heltzen diote. Beraz, jendaurrean jartzeari eta beste erakunde batzuek esku hartzeari begira, espedientea behar bezala egin da.”

Beren eskumenen arabera espedienteari buruz txostenak egin dituzten unitate administratibo edo erakunde guztiek egin dute irizpide horien balorazioa. Aipatutako erabakian jasotzen eta laburtzen dira, baita erabaki honen ondoko ataletan ere.

–“Urbanizazioa egin gabe dago. Beraz, sustatzaileak argitu eta zehaztu egin behar du zer urbanizazio obra egin behar diren poligonoan, lau saltoki handiek osatuko duten merkataritza gunearen funtzionamendua egokia izan dadin.”

Errekerimendu honi heldu zaio David Botín Cociña jaunak aurkeztutako alegazio idazkiari emandako erantzunean. David Botín Cociña jaunak Queiles Servicios Empresariales SL enpresaren izenean eta hura ordezkatuz aurkeztu du alegazio idazkia.

–“Ildo horretan, proposamena hobeki ulertze aldera, komenigarria litzateke dokumentuan bereiztea eta justifikatzea indarreko araudiaren aldaketa dakarten determinazioak.”

Puntu honi erantzunez, UPSaren memorian atal bat sartu da, “9.3 UPSak aldatu behar dituen hirigintzako determinazioak eta horien justifikazioa” izenekoa, non identifikatzen baitira proposamen hau ezarrita ukituko diren determinazioak, denak ere xehakatuak. Hona hemen: aparkaleku tokien kopuruari buruzko determinazioa eta UPSaren eremuaren barneko lurzatien morfologiari eta bide-elementuei buruzkoak.

–“Halaber, dokumentuan justifikatu eta jaso behar lirateke batetik proposamenari edo saltoki kolektiboari lotutako aparkaleku hornidura eta bestetik saltoki bakoitzari lotutakoa.”

Sustatzaileak horri erantzun dio araudian artikulu bat sartuz, “4. Aparkalekuak” izenekoa, non, kontuan hartuz merkataritzako estandarra dela aparkatzeko toki bat salmentarako azalera erabilgarriko (UPSaren mugigarritasun azterlanean zehaztua dago) 35 metro koadroko, ezartzen baitira aparkaleku hornidura bat saltoki bakoitzerako, eta, horretaz gain, beste bat merkataritza gune osorako, denera 1.083 toki.

–“Azkenik, nahiz eta sustatzaileak agirian adierazi duen, 17/2001 Foru Legearen 25.2.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, ibilgailu elektrikoak kargatzeko 2 hornigailu egonen direla, horien kokalekua zehaztu beharko da.”

Araudiaren 5. artikuluak aipatzen du 6 hornigailu ezarriko direla. Turismoko eta Merkataritzako txostenaren arabera, 6 hornigailu horiek betetzen dute legezko betebeharra. Hala ere, ORD.12.02 izeneko planoan elektrizitateko 8 hornigailu kokatu dira saltokiei lotutako aparkalekuen barnean.

IV.–Sektoreko txostenak.

–Turismoko eta Merkataritzako txostena.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak hiru txosten eman ditu UPSa tramitatzen ari zen bitartean. Azkenekoan, 2015eko martxoaren 11koan, sustatzaileak bidalitako azkeneko agiriei buruzkoa baita, honako hau adierazi du:

“1) Ez dira aldatu ez lurzatiak ez eraiki nahi ziren saltokiak, 2012ko urriaren 4ko txostenean aipatutakoak.

2) Ibilgailu elektrikoetarako 6 hornigailu planifikatu dira, eta betetzen dute Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 25.2 a) artikuluan ezarritako legezko betebeharra.

3) Halaber, B motako energia kalifikazioko ziurtagiria aurkeztu du, eraikiko diren saltoki bakoitzerako, Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 25.2 b) artikuluan ezarritakoarekin bat.

4) Aurkeztutako agiriek sustatzaileari bakarrik egiten diote aipamena.

5) Jarduerak eragindako hondakinen kudeaketa egokia bermatu behar da. Horretarako, horiek murrizteko neurriak erabili behar dira eta, zehazki, elikagaien hondakinak aprobetxatzeko neurriak, Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 16, j) artikuluak ezarri bezala.”

Azkeneko puntu horri dagokionez, oroitarazi behar da j) letra erantsi zuela Elikagaien Hondakinen Erabilerari buruzko otsailaren 25eko 7/2013 Foru Legeak. Indarrean sartu zen espediente honen tramitazioa hasi ondoren, eta, hortaz, ez da aplikatzekoa.

–Herri Lanetako txostena.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak, 2011ko martxoaren 24an, txosten bat eman zuen, non ez baitzen determinazio gehigarririk ezartzen, AR7 banaketa eremuari buruzko aurreko espedienteetan ezarritakoez gainera (2006/388991, 2007/395742-304445, 2009/222074 eta 2010/288470 espedienteak), zeren N-121-C errepidean proiektatutako biribilguneak, poligonora sartzekoak, betetzen baititu txosten horretako determinazioak.

2015eko martxoaren 20an, zuzendaritza nagusi horrek beste txosten bat igorri du espedienteko azken dokumentazioari buruz, eta bere aurreko txostenari eusten dio.

–Energiaren eta Meategien Atalaren txostena.

2015eko martxoaren 6an, Energiaren eta Meategien Atalak txosten bat prestatu du espedienteko azken dokumentazioari buruz. Hartan, balorazio positiboa egiten da energiaren aldetik.

–Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizarterako Estatu Idazkaritzaren txostena.

Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizarterako Estatu Idazkaritzak txostena egin du 2015eko martxoaren 24an espedienteko azken dokumentazioari buruz, eta ondorioztatu du ezen, “Telekomunikazioei buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorraren 35.2 artikuluan xedatuarekin bat, aldeko txostena eman zela Calchetas-Cascante Udalez gaindiko Plan Sektoriala telekomunikazioei buruzko araudi sektorialera egokitzeari dagokionez”.

V.–Beste ohar batzuk.

Sustatzaileak, 2015eko martxoaren 12an, abala gordailutu izanaren gordekina aurkeztu zuen, Lurraldearen Antolamenduaren eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 43.3 artikuluan ezarritako betebeharrei erantzuteko. Horrenbestez, araudiko 6. artikulua (Bermeak ematea), abal hori aurkezteko betebeharra biltzen duena, kendu beharrekoa da.

Bestalde, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen 85/1995 Foru Dekretuaren 28. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta, aipatu artikuluan eta LAHFLaren 53.8 artikuluan aurreikusitako arbola kopuru gutxienekoa jaso behar da UPSaren araudian.

VI.–Ingurumen ondorioen adierazpena.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 27ko 204E/2015 Ebazpenaren bidez, Ingurumen ondorioen adierazpena egin zen Cascanteko zerbitzuen poligonoan 4 saltoki ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialari buruz (Inmuebles Calchetas SL da sustatzailea), zenbait baldintzarekin hura garatzeko orduan, euri-uren isurketari dagokionez, paisaia integratzeko neurriei dagokienez eta argiaren kutsadurari dagokionez.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2015eko martxoaren 31ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioen gainean ebaztea, erabaki honen xedapen zatian adierazitako moduan.

2. Inmuebles Calchetas SLk sustatutako Udalez gaindiko Plan Sektoriala onestea Cascanten saltoki kolektibo handi bat jartzeko, 4 saltoki handik osatua, alegazioen eta sektoreetako txostenen ondoriozko ondoko determinazioekin:

–UPSeko araudian, 6. artikulua kendu beharko da, abala aurkezteari dagokiona, eta zuhaitzen gutxieneko kopuru bat hartu beharko da kontuan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen 85/1995 Foru Dekretuaren 28. artikuluan eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 53.8 artikuluan aurreikusi bezala.

–Merkataritzako UPSaren sustatzaileak bere gain hartu beharko du jarduketak izan dezakeen gainkostua Cascanteko zerbitzuen poligonoko AR7 banaketa eremuko 1. sektoreko hirigintzako planean bildutako urbanizazio kostuen gainean.

3. UPSa gauzatuko da Cascanteko zerbitzuen poligonoa birzatitu eta urbanizazio proiektuak aldatzeko kasuan kasuko espedienteen bidez. Haien tramitazioa eta onespena Cascanteko Udalari dagozkio. Espediente horiek aurkeztutako alegazioen ebazpenean zehaztua bildu eta horretara doituko dira, eta batik bat, Cascanteko zerbitzuen poligonoko AR7 banaketa eremuko 1. sektorea urbanizazio proiektuko aldaketak kontuan hartu beharko du autobus geraleku pare bat sartzea, bien arteko lotura egokia duela oinezkoentzat, baita UPSko oinezkoentzako sareraino ere. Orobat, oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbideak aurreikusiko ditu, Tarazonica bide berdearekin lotuta, eta jasoko du zenbat aparkaleku aurreikusten den motozikleta eta bizikletetarako.

Zerbitzuen poligonoaren AR banaketa eremuko 1. sektorea urbanizatzeko proiektua aldatzeko espedientea onetsi aurretik, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusiak txostena egin beharko du.

Cascanteko Udalak telematika bidez igorri beharko dizkio Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari onetsitako tresnak, udal idazkaritzak behar bezala eginbidetuak, abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81. artikuluan xedatutakoaren ondorioak izan ditzan.

4. Espedienteari buruz egin diren sektoreko txostenetan eta planari buruzko ingurumen ondorioen adierazpenean xedatutakoaren arabera garatu eta gauzatuko da UPSa.

5. Sustatzaileari adieraztea ezen, Barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko xedez zenbait foru lege aldatzen dituen apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legearen xedapen iragankor bakarrarekin bat, baimen honetarako baldintza dela saltokia ezartzeko lanak hastea Udalez gaindiko Plan Sektoriala behin betiko onetsi eta urtebeteko epean.

6. Sustatzaileari gogoraraztea UPS honen bidez onesten den saltokien ezarpena ez gauzatzeko edo hura handitzeko eta aldatzeko, UPSa aldatzeko espedientea tramitatu beharko dela.

7. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 43. artikuluan xedatutakoaren arabera, baimena ematea Cascanteko Udalari garapen tresnak tramitatu eta onesteko, baita tramitatzen diren determinazio xehakatuetako aldaketak ere.

Cascanteko Udalak telematika bidez igorri beharko dio Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari onetsitako tresna, udal idazkaritzak behar bezala eginbidetua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 81. artikuluan xedatutakoaren ondorioak izan ditzan.

8. Nolanahi ere, obrak egiteagatik ukituta izan daitezkeen beste azpiegitura eta zortasunei dagokienez, edo obrak egitea baldintzatzen ahal duten azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik.

9. UPS honen araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Testu osoa erabaki honen eranskinean jaso da.

10. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Energiaren eta Meategien Atalari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari eta Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusiari igortzea.

11. Erabaki hau Telekomunikazioetako eta Informazioaren Gizarterako Estatuko Idazkaritzari, Cascante, Cintruenigo eta Fiteroko Ur Mankomunitateari, Red Eléctrica de España SAri, Cascanteko Udalari eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitu duela eta beraren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aldez aurreko errekerimendua egin dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 6an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

ERANSKINA

Araudia

1. artikulua. Xedea.

Araudi honen xedea da hirigintzako baldintzak arautzea Udalez gaindiko Plan Sektorial honen esparruan. Artikulu hauetan jasotzen ez den orotan, Cascanteko Udaleko hirigintzako araudian xedatuari jarraituko zaio (UPS hau idazteko momentuan, AR7 eremuko plan partziala).

2. artikulua. Erabilera xehakatuak.

UPSren erabilera bereizgarria merkataritzakoa da. Nolanahi ere, Cascanteko Udaleko hirigintzako araudian ezarritako erabileren araubideari jarraitu behar zaio (UPS hau idazteko momentuan, AR7 eremuko plan partziala).

3. artikulua. Eraikuntzen okupazio baldintzak.

Eraikuntzaren gehieneko okupazioak ezin du inola ere gainditu UPSeko esparruko lurzati pribatuen azalera osoaren %80.

Lurzatien gehieneko okupazioa taula honetan ezarriko da:

LURZATIA/ETXESAILA

ERABILERA

AZALERA

PARTAIDETZAREN % OSOA

ERAIKUNTZAREN OKUPAZIOA

(GEHIENEKOA)

LURZORU LIBREA

(GUTXIENEKOA)

APROBETXAMENDUA

(AU)

GEHIENEKO ERAIKIGARRITASUNA

P.10.1

MERKATARITZAKOA

9.020,00 m²

3,184

8.470,00 m²

550,00 m²

10.533,38

10.423,18

P.10.2

MERKATARITZAKOA-OSTALARITZA-ZERBITZUAK

15.098,60 m²

5,328

14.548,60 m²

550,00 m²

17.631,85

17.521,65

P.11.A

MERKATARITZA-OSTALARITZA-ZERBITZUAK

1.080,00 m²

0,381

1.080,00 m²

-

1.261,20

1.261,10

P.11.B

MERKATARITZAKOA

4.690,00 m²

1,655

4.355,00 m²

335,00 m²

5.476,89

5.476,79

P.11.C

MERKATARITZAKOA

4.625,40 m²

1,632

4.625,40 m²

-

5.401,45

5.401,45

4. artikulua. Aparkalekuak.

UPSeko mugigarritasunari buruzko azterlana kontuan izanik, aparkatzeko toki bat saltokien azalera erabilgarriaren 35 m² bakoitzeko ezartzen da merkataritzako estandartzat. Erabilera publikoko pribatuak izanen dira. Hori dela eta, honako hauek dira aparkalekuen esleipenak merkataritzako lurzati bakoitzeko:

–11C lurzatia (kirol artikuluak): 97 toki. Ikur komertziala-Calchetas Sport higiezinak.

–10.1 lurzatia (brikolajea): 101 toki. Ikur komertziala-Calchetas Brico higiezinak.

–12C lurzatia (hipermerkatua): 116 toki. Ikur komertziala-Calchetas Hiper higiezinak.

–11B lurzatia (elektronika): 95 toki. Ikur komertziala-Calchetas Electro higiezinak.

Merkataritzako multzorako, P12D lurzatia eta P12Eko zati bat gorde dira, eta horiek 415 leku dituzte aparkatzeko. Hartara, 824 leku daude guztira UPSeko esparruan.

5. artikulua. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko hornigailuak paratzea.

17/2001 Foru Legearen 25.2.9 artikuluarekin bat, kargarako 6 hornigailu paratuko dira. Hartara, salmentaren azaleraren 2.500 m² bakoitzeko bat izateko betebeharra konplitzen da. Haien kokapena dagokien planoan zehazten da.

6. artikulua. Zuhaitzak.

Bermatuko da zuhaitzak landatuko direla, multzoka edo bakarka, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen 85/1995 Foru Dekretuaren 28. artikuluan eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 53.8 artikuluan xedatua betetzeko.

Alde horretatik, urbanizazio proiektuek izanen dituzte, dokumentazioaren artean, beharrezko aurreikuspen deskriptiboak, grafikoak eta ekonomikoak, zuhaitz horiek landatzeko.

Iragarkiaren kodea: F1506941