81. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 28a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA

Ediktua. 157/2014 prozedura arrunta

Antonio Fernández Ayesa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako idazkaria.

Aditzera ematen dut: kautela-neurrien pieza bananduan, 157/2014 prozedura arruntaren ondoriozkoan, autoa eman zen, irmo gelditu dena. Hona hemen, hitzez hitz:

"Autoa:

Lehendakaria: Joaquin Cristobal Galve Sauras jauna. Magistratuak: María Jesús Azcona Labiano andrea, Francisco Javier Pueyo Calleja jauna.

Iruñean, 2013ko ekainaren 2an.

Aditzera eman da;

Aurrekariak:

Bakarra.–Asociación Española de Black Bassek (AEBASS) jarritako 157/2014 administrazioarekiko auzi-errekurtsoan eskatu denez aurkaratutako egintza administratiboa eten dadila, Sala honek erabaki zuen behar den pieza intzidentala eratzea, eta demandatutako Administrazioari entzutea ematea eskaera horri buruz. Tramite horren emaitza autoetan jaso da.

Txostengilea Salako magistratu lehendakari Joaquín Cristóbal Galve Sauras jauna da.

Zuzenbideko oinarriak:

Lehenbizikoa.–Asociación Española de Black Bass (AEBASS) auzi-jartzailearen ordezkaritzak eskatu du, kautela-neurri gisa, eten dadila aurkaratutako egintza administratiboa, hots, Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren urtarrilaren 21eko 19/2014 Foru Agindua. Haren bidez onetsi zen 2014an Nafarroan arrantza egiteko araudi berariazkoa, barnen direla espezie exotiko inbaditzaileen populazioak kontrolatzeko zenbait neurri. Zehazki, eskatu du aipatutako foru aginduaren 1., 2., 17., 23. eta 33. artikuluak eten daitezela kautela-neurri gisa, perka amerikarrari edo black bassari dagokionez.

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 129.1. artikuluak honako hau ezartzen du: Epaiaren eraginkortasuna segurtatuko duen edozein neurri har dadila eska dezakete interesdunek, prozesuaren edozein unetan. Manu horren 2. idatz-zatiak honako hau ezartzen du: Xedapen orokor bat aurkaratzen bada, eta aurkaraturiko manuen indarraldia eteteko eskatzen bada, errekurtsoa jartzeko idazkian edo demanda-idazkian egin beharko da eskaera. Honako hau dio 130. artikuluak: lehian diren interes guztiak xeheki baloratu ondoren kautela-neurria hartzea erabaki daiteke, soil-soilik, egintza exekutatzeak edo xedapena aplikatzeak errekurtsoaren xede legitimoa galaraz lezakeela ondorioztatzen bada. 130. artikuluaren 2. atalak honako hau dio: kautela-neurria ukatu ahal izango da, kalte larria ekar badiezaieke interes orokorrei edo hirugarren baten interesei; epaile edo auzitegiak balioetsiko du hori, xehetasunez.

Bigarrena.–Auzi-jartzaileak Auzitegi Gorenaren 2012ko martxoaren 23ko bi auto aipatzen ditu, hemen errekurtsogilea den elkarteak berak (Asociación Española de Black Bass) abiarazitako prozedurakoa, eta beste bat Federación Española de Pesca y Casting entitateak abiarazitako prozedurakoa. Bi kasuetan, Auzitegi Goreneko higarren Salak erabaki du azaroaren 14ko 1628/2011 Errege Dekretuaren indarraldia etetea (errege dekretu horrek espezie exotiko inbaditzaileak arautzen ditu), amuarrain artikoari eta perka amerikarrari edo black bassari dagokienez. Era berean, auzi-jartzaileak aipatzen du ezen hainbat autonomia erkidegok, esaterako Kataluniak, Aragoik, Valentziak edo Gaztela eta Leonek argitaratu dituztela beren arrantzarako araudiak, Auzitegi Gorenak erabakitako kautelazko etena guztiz errespetatuz.

Bistan da espezie hau, gutxienez oraingoz, ez dela oso ugaria Foru Komunitatean; horrenbestez, ez da kalte handirik ikusten zenbait manu etetearen ondorioz. Inola ere ezin ulertu da interes orokorra ukitzen denik, are gehiago kontuan izanik ezen kasik berberak diren inguruabarretan Auzitegi Gorenak bi etete auto eman dituela, gai bera dela eta, gai hau Estatu mailan arautzen duen Errege Dekretuari dagokionez.

Horrenbestez, eta Auzitegi Gorenak eta beste autonomia erkidego batzuek ere eusten dioten tesiari eutsiz, bidezkoa da auzi-jartzaileak eskatutako kautelazko etena agintzea, perka amerikarra edo black bass espeziea sartzeari dagokionez.

Hirugarrena.–Uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 139. artikuluan xedatutakoarekin bat, ez da bidezkoa adierazpenik egitea intzidente honetako kostuei buruz.

Ikusirik goian aipatutako legezko manuak eta oro har kasu honetan aplikatzekoak diren gainerakoak,

Xedapen zatia:

Salak erabakitzen du: Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren urtarrilaren 21eko 19/2014 Foru Aginduaren indarraldia eteteari baietz esatea (haren bidez 2014. urtean Nafarroan izanen den arrantzarako berariazko araudia onesten da), "micropterus salmoides” edo “black bass” espeziea sartzeari dagokionez. Ez da bidezkoa adierazpenik egitea intzidende honetako kostuei buruz.

Ebazpen hau ez da irmoa eta haren aurka berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da organo judizial honetan, bost eguneko epean.

Halaxe erabaki, agindu eta sinatu dute idazpuruan adierazitako magistratuek, eta nik, idazkariak, horren fede ematen dut."

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2, 107.2 eta 134.2 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, honako hau egin eta sinatzen dut.

Iruñean, 2015eko martxoaren 24an.–Salako idazkaria, Antonio Fernández Ayesa.

Iragarkiaren kodea: J1504608