78. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 23a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

INDUSTRIA, ENERGIA ETA TURISMO MINISTERIOA

Energia Politikako eta Meatzaritzako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, Red Eléctrica de España, S.A.U.ri baimena ematen diona “Castejon-Muru Artederreta 1 eta 2” izeneko aireko linea elektrikoa, 400 kV-koa eta zirkuitu bikoitzekoa, 87. euskarritik 91. euskarrira bitarte aldatzeko, Tafallako udal mugapean, Nafarroako probintzian

Red Eléctrica de España, S.A.U.k, helbidea Alcobendasen (Madril), Conde de los Gaitanes pasealekuko 177an duenak, aipatutako instalaziorako administrazio baimena eta exekuzio proiektuaren onespena eskatu du.

Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloan ireki zen espedientea.

Espedientea Energia elektrikoa garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, haren hornidura eta haren instalazioetarako baimenen prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin bat tramitatu zen, eta kasuan kasuko txostenak eskatu ziren.

Red Eléctrica de España, S.A.U.ren eskaera jendaurrean jarri zen, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin bat.

Zenbait alegazio jaso ziren, eta eskatzailearen erantzuna jaso zuten. Ingurumenari dagozkion gaiak jasotzen dituzte gehienbat, eta azpimarratzen da beharrezkoa dela proiektuari buruzko ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa tramitatzea.

Tafallako Udalak erantzun du, adieraziz aldaketaren proiektuak ez diela eragiten bere kargura dituen ondasun edo zerbitzuei, eta, halaber, instalazioari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena egin beharra dagoela, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Eskatzaileari igorri zaio, eta hark adierazi jaso duela eta ulertzen duela txostenak ez diola aurka egiten proiektuari; horrekin batera dio Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko prozedura ez dela hasi Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak txostena eman zuelako adieraziz proiektua honen kasuan ez dela beharrezkoa ingurumen arloko prozedura hori betetzea. Udalari igorri zaio txostena, ados dagoen edo eragozpenak dituen adieraz dezan, eta inolako erantzunik jaso ez denez erregelamenduzko epean, ulertzen da ados dagoela, aipatutako abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretu horren 127.4 artikuluan xedatutakoaz baliatuz.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren txostena jaso da; bertan adierazten du ados dagoela instalazioarekin abelbideen arloan dituen eskumenei dagokienez, eta baldintza tekniko zenbait ezartzen ditu. Eskatzaileari igorri zaio, eta hark onartu ditu baldintzak.

Iberdrolaren erantzuna jaso da, abiadura handiko trenaren eragina dela-eta enpresa banatzailearen linea elektrikoetan egindako aldaketak jasotzen dituena. Eskatzaileari igorri zaio, eta hark adierazi du jaso duela eta ulertzen duela ez dagoela desadostasunik baimenarekin, eta baimendu beharreko linearekiko erregelamenduzko distantziak betetzen direla, eta baimendu beharreko instalazioaren aldaketaz iritzia emateko eskatzen du. Erakundeari igorri zaio txostena, ados dagoen edo eragozpenak dituen adieraz dezan, eta inolako erantzunik jaso ez denez erregelamenduzko epean, ulertzen da ados dagoela, aipatutako abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretu horren 127.4 artikuluan xedatutakoaz baliatuz.

Nafarroako Gobernuaren Sustapen Departamentuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2013ko abuztuaren 12an emandako Ebazpena jaso da, bere eskumeneko errepidea airetik gurutzatzeko baimena ematen duena eta zenbait baldintza tekniko ezarri. Eskatzaileari igorri zaio, hark aurrekoaz jakitun dela esan, eta onartu ditu baldintzak.

Telefonicaren erantzuna jaso da, eta bertan ez du aurkako iritzirik adierazten, baina zehazten baldintza tekniko batzuk bete behar direla eta beharrezkoa dela jakinaraztea noiz eginen diren lanak. Eskatzaileari igorri zaio, eta hark adierazi du jakitun dela instalazioarekin adostasuna dagoela, baldintza teknikoak onartzen ditu eta zehazten du lanak egiteko data jakinaraziko dela.

Nafarroako Ubidearen txostena jaso da, eta bertan adierazten dute proiektatutako aldaketak ez duela egungoak baino ukipen gehiagorik, eta, beraz, lanak amaitu ondoren baldintzak egun dauden berberak izanen direla. Horrez gain, baldintza tekniko batzuk gehitzen ditu exekuzio eperako. Eskatzaileari igorri zaio, hark aurrekoaz jakitun dela esan, eta onartu ditu baldintzak.

Gas Naturalen erantzuna jaso da, eta bertan baldintza tekniko batzuk eransten ditu. Eskatzaileari igorri zaio erantzuna, eta hark adierazten du jaso duela eta baldintza teknikoak onartzen dituela, eta zehazten du, halaber, ezin duela aurreratu lanak noiztsu eginen diren, eta lanak hasi baino lehenago, behar den denborarekin, jakinaraziko diola. Erakundeari igorri zaio txostena, ados dagoen edo eragozpenak dituen adieraz dezan, eta inolako erantzunik jaso ez denez erregelamenduzko epean, ulertzen da ados dagoela, aipatutako abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretu horren 127.4 artikuluan xedatutakoaz baliatuz.

Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloak proiektuaren aldeko txostena eman zuen 2014ko uztailaren 31n.

Energia Politikako eta Meatzaritzako Zuzendaritza Nagusiak, 2003ko azaroaren 23ko Ebazpenaren bidez, baimena eman zion Red Eléctrica de España, S.A.U.ri “Castejon-Muru Artederreta” izeneko aireko linea elektrikoa, 400 kV-koa eta zirkuitu bikoitzekoa, paratzeko honako udal mugapen hauetan, Nafarroan: Castejón, Valtierra, Cadreita, Alesbes, Martzilla, Azkoien, Faltzes, Erriberri, Tafalla, Artaxoa, Barasoain, Añorbe, Biurrun-Olkotz, Untzue eta Muru Artederreta.

2014ko urriaren 14an, kontsulta egin zitzaion Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren eta Ingurumen Naturalaren Zuzendaritza Nagusiari, jakiteko “Castejon-Muru Artederreta 1 eta 2” izeneko aireko linea elektrikoaren 87. euskarritik 91. euskarrira bitarteko tartearen aldaketaren gaineko ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio erraztua egin behar ote den, kontuan hartuta 2014ko maiatzaren 8an baimena eman zela linea horretan berean beste aldaketa bat egiteko, 7.etik 12.era bitarteko tartean, hain zuzen. 2014ko abenduaren 1ean erantzuna jaso zen, adieraziz ezen “kasu honetan, egun dagoen linea baten bi aldaketa egonda, 1. puntuan esan denez, proiektuen arteko bereizketa bera dela eta, II. eranskineko 4. taldeko b) atala aplikaezina da, besterik gabe, bai eta, ondorioz, 7. artikuluko 2.d atala ere, eta, horrenbestez, ez da beharrezkoa bien artean dagoen denbora aldea aztertzea (...) erabakitzeko aurreko agindua aplikatu behar den ala ez eta proiektuetako baten edo bien ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio erraztua egitea nahitaezkoa den.

Bestetik, Elektrizitatearen eta gasaren barne-merkatuen arloko eta komunikazio elektronikoen arloko zenbait zuzentarauren transposizioa egiten duen eta gasaren eta elektrizitatearen sektoreetako kostuen eta diru-sarreren arteko bat ez etortzeek eragindako desbideratzeak zuzentzeko neurriak onartzen dituen 13/2012 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluak ezartzen du “Ministroen kontseiluak energia elektrikoa garraiatzeko sarearen plangintza berririk onartu arte, ezingo da Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren garraio-instalazioetarako administrazio-baimen gehiagorik eman.”

Martxoaren 30eko 13/2012 Errege Lege Dekretu horren zioen azalpenaren ondorioetako bat da plangintza berrikusteko helburua dela saihestea sisteman instalazio gehiago sartzea, egungo eskaerarako eta hurrengo urteetarako aurreikuspenekin beharrezkoak ez direnak alegia, bai eta azpiegitura elektriko berriak eraiki daitezela soilik nahitaezkoak direnean sistemak segurtasunez funtzionatzeko, hurrengo urteetarako aurreikusitako eskaera zein izanen den kontuan hartuta, eta mugakide diren estatuetako sistema elektrikoekin konexioak egiteko beharrezkoak direnean.

Ebazpen honen xede den aldaketa abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 154. artikuluan Administrazioak onetsitako proiektu edo planen ondorioz linea aldatzeari buruz ezarritakoaren babesean eskatu da, bertan hauxe esaten baita:

1. Administrazio publikoek lehendik dagoen linea bat alda dezaketen proiektuak edo planak egiten dituztenean, entzutea emanen zaio linearen entitate titularrari, proiektatu den aldaketari dagokionez bidezkoak diren alegazioak egin ditzan, alderdi teknikoei, ekonomikoei eta beste edozeini buruzkoak.

2. Aurreko lerrokadan aipatzen den espedientean Energia Politikako eta Meatzaritzako Zuzendaritza Nagusiak edo eskumena duen organo autonomikoak eman beharko du txostena.

3. Linea aldatu beharra dakarren proiektuaz edo planaz eskumena duen administrazioak, plan edo proiektua onetsi ondotik, aldaketaren kostua eta eragindako kalteak ordainduko dizkio linearen titularrari.

Adierazitakoaren ondorioz, ulertzen da ebazpen honen xede den aldaketa, sistemarentzako kosturik ez dakarrenez, ez dagoela sartuta martxoaren 30eko 13/2012 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluak aipatzen dituen mugetan.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak bigarren xedapenean ezartzen duenez, instalazio elektrikoak baimentzeko prozedurak, lege honek indarra hartu aurretik hasitakoak, aurreko legeei jarraikiz tramitatuko dira ebatzi arte”.

Esandakoaren ondorioz, Energia Politikako eta Meatzaritzako Zuzendaritza Nagusi honek ebatzi du:

Red Eléctrica de España, S.A.U.ri baimena ematea “Castejon-Muru Artederreta 1 eta 2” izeneko aireko linea elektrikoa, 400 kV-koa eta zirkuitu bikoitzekoa, 87. euskarritik 91. euskarrira bitarte aldatzeko, Tafallako udal mugapean, Nafarroan.

Hauexek dira linearen ezaugarri nagusiak:

–Sistema: korronte alterno trifasikoa.

–Tentsioa: 400 kV.

–Frekuentzia: 50 Hz.

–Isolamendua: U-210 BS motako beira, UNE-EN 60305 arauarekin bat.

–Zirkuitu kopurua: bi.

–Faseak: triplex eroalea, altzairu aluminizatuaz sendotutako aluminiozko eroaleekin –LA 455 motakoak (CONDOR AW) eta 454,54 mm²-ko sekziokoak–.

–Lurreko kableak: aluminioz estalitako altzairuzkoa bata (7 N.º 7AWG) eta bestea OPGW (OPGW 17 kA, 48 F.O gehienez).

–Isolamendua: U-210 BS motako beira, UNE-EN 60305 arauarekin bat.

–Ukitutako euskarrien kopurua: hiru (88., 89. eta 90. euskarriak).

–Euskarriak: metalezko dorreak, alde berdineko RU serieko profil angeluar, torlojoz lotu eta galbanizatuez eginak.

–Zimentazioak: euskarriko hanka bakoitzeko zimendatze trinkoak.

–Lurreko konexioak: altzairuzko 12mm-ko hagaxka bikoitzarekin eginiko eraztunak.

–Ukitutako udalerria: Tafalla, Nafarroako probintzian.

–Luzera: 1.878 m.

Nafarroako Gobernuak eskatu duen Instalazioaren aldaketaren xedea da 400 kV-ko aireko linea elektrikoa arautzea, “Kantauritik Mediterraneorako Abiadura Handiko Korridorea” proiektuaren eragin eremuan. Tartea: Alesbes-Erriberri eta Erriberri-Tafalla”.

Baimen hau ematen bada ere, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkien eta beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak beharko dira, bai eta aplikatzekoak diren xedapenek eragindako beste guztiak ere.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Energiaren Estatu-idazkariari zuzendua, hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoarekin bat.

Madrilen, 2015eko martxoaren 11n.–Zuzendari nagusia, María Teresa Baquedano Martín.

Iragarkiaren kodea: E1504917