61. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Deialdia, 2015-2016 denboraldian kirol eskolak antolatzen
dituzten kirol klubei diru-laguntzak emateko

Honako honen bidez aditzera ematen da Eguesibarko Udalak, 2015eko martxoaren 5ean egindako osoko bilkuran, deialdi hau onesteko erabakia hartu zuela.

DEIALDIA, 2015-2016 DENBORALDIAN KIROL
ESKOLAK ANTOLATZEN DITUZTEN KIROL
KLUBEI DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO

1.–Helburua, baldintzak, diru-laguntzaren xedea eta onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen helburua da 2015-2016 denboraldian (urritik maiatzera bitarte) kirol irakaskuntzako eskolak antolatzen dituzten klubei diru-laguntzak ematea, 3. artikuluan zehazten diren baldintzak betetzen badituzte. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2.–Aurrekontua.

2.1. Deialdi honi 65.000 euro esleitu zaio, gehienez ere, Udalaren 2016ko aurrekontuan dagokion kontu-sailaren kargura esleitu ere.

2.2. Deialdi honetan azaltzen diren laguntzak emateko, 2016ko ekitaldiko udal aurrekontuan kontu-sail egoki eta nahikoa izan beharko da.

3.–Laguntzen eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

3.1. Laguntzak eskatzen dituzten kirol klubek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

1. Haien jarduera egokia izanen da Nafarroako kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legean eta deialdi honen klausuletan adierazitako printzipio eta lehentasunekiko.

2. Eguesibarko kirol ikastaroei eta Udalaren kirol eskolei buruzko araudia bete behar dute.

3. Haien jardueran aritzen direnek 6 eta 16 urte bitarteko adina izanen dute, baina behar bezala justifikaturiko salbuespenak egoten ahalko dira, eskolaren ezaugarri zehatzetatik eratorritakoak.

4. Haien jarduera Eguesibarko Udalaren mugapean eta 2015/2016 denboraldian eginen da.

5. Kirol eskolen antolatzaileak eta kudeatzaileak izan beharko dute. Eskola horietan herritar guztiak baldintza beretan arituko dira, inolako bereizkeriarik egiten ez dela.

6. Udalak Kirol eskolei buruzko ordenantza fiskalean ezarritako kuotak kobratu beharko dizkiete klubek eskolen erabiltzaileei. Eskola berria bada, erroldatuak ordaindu beharreko tasak gutxienez ere hartuko beharko du 10. oinarria aplikatzetik sortzen diren gastuen %80.

7. Arau orokor gisa, entrenatzaile bakoitzeko 15 ikasle egonen dira gehienez, taldekako kirolen eskoletan izan ezik, non gehieneko kopurua federazio bakoitzean fitxen arabera ezarritakoa izanen baita.

8. Eguesibarko Udalarekin lankidetza hitzarmenik sinaturik ez edukitzea eta Udalak egindako kontratu baten esleipenduna ez izatea, diru-laguntza zein proiektutarako eskatu eta horretarako, eta Udalaren beste edozein alorren diru-laguntzarik jaso ez izana, jarduera hori bera gauzatzeko.

3.2. Kirol mota bakoitzean, eskola bakar bati emanen zaio diru-laguntza. Klub desberdinek egindako bi eskaera badaude kirol mota bererako, Udalak aukera emanen die eskatzaileei akordio batera irits daitezen, ea nork kudeatu behar duen delako eskola. Akordio batera iritsi ezean, Udalak bidezko dena ebatziko du, irizpide objektibo eta ertsiki pedagokiko eta kirolekoak aintzat hartuta, betiere interes publikoa babestuz.

3.3. Deialdi honetan arautzen diren laguntzak jasotzetik berariaz baztertuta daude kirol espazio egokirik ez duten kirol eskolak.

4.–Onuradunen betebeharrak.

Honako hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Diru-laguntza jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

b) Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea diru-laguntza emateko edo diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla.

c) Kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapeneko eta kontrol finantzarioko jarduketak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea, informazio hori udal artxiboetan ez dagoenean.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

e) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela frogatzea.

f) Orobat frogatzea, aurreko atalean adierazitako mementua baino lehen, Eguesibarko Udalarekiko betebehar ekonomiko guztiak beteak dituela. Eguesibarko Udalarekiko zerga-betebeharrak eguneratuak daudela frogatzea ofizioz eginen da. Aurrekoa gorabehera, Eguesibarko Udalak ofizioz kitatu ahal izanen ditu, aldez aurretik, diru-laguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, edo horien parte bat, diru-laguntza horiek zor dituzten kopuruekin konpentsatuta.

g) Egiaztatze eta kontrol ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzearren, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako dokumentuak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatzen zaion merkataritzako eta sektoreko legeetan agindutako moduan; halaber, deialdietan eta ebazpenetan eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.

h) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

i) Behar bezala iragartzea diru-laguntzaren xede diren programak edo jarduerak Iruñeko Udalak finantzatu dituela, betiere deialdi honen 15. klausulan aurreikusitakoarekin bat.

j) Jasotako zenbateko osoa edo haren zati bat itzuli beharko da Diru-laguntzen ordenantza orokorrean adierazitako kasuetan eta, bereziki, honako hauetan: diru-laguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura ez betetzea; diru-laguntza eskuratzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik; jasotako dirua zertan erabili den frogatu beharra ez betetzea; zenbait diru-laguntza batera jasotzea, haien artean bateragarriak direnean izan ezik; diruz lagundutako jardueraren kostuaren muga gainditzea, onuradunak bateragarriak diren diru-laguntzak eskuratuz (muga horretatik goitiko zenbatekoari erreparatuko zaio), edo diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak aldatzea edo ez betetzea. Orobat deialdi honetan ezarri diren egiaztapen egintzei trabak jartzen zaizkienean eta horiei men egin beharra betetzen ez denean. Organo emaileak hartuko du diru-laguntza itzultzeari buruzko erabakia, aitzinetik espedientea instruiturik, aplikatzekoa den legeria orokorrarekin bat. Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira eta, horiek kobratzeko, diru-bilketari buruz indarra duen araudian xedatzen dena aplikatuko da.

k) Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 4, 5 eta 6. artikuluetan datuak jasotzeari buruz ezartzen diren legezko prebentzioak betetzea.

5.–Eskabideen eta dokumentazioaren aurkezpena.

5.1. Interesdunen eskaerak deialdiari erantsitako eredu normalizatuaren araberako eskabidearen bidez eginen dira (I. eranskina), eta eskatzaileak sinatu behar du. Eskabidea egonen da entitatearen legezko ordezkaritza duenak edo horretako ahalmena duenak sinatuta eta behar bezala beteta, eta eskabideari honako dokumentazio hau erantsiko zaio:

a) Entitate eskatzailearen nortasuna frogatzeko agiriak (estatutuak eta IFK), izaera juridikoaren arabera dagokien erregistroan inskribatuak, hori beharrezko bada, eta legezko ordezkariaren NANa.

b) Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak deialdi honetako baldintzak betetzen dituela adierazteko.

c) Eskatzailearen erantzukizuneko aitorpena, tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela dioena.

Horretarako, edonoiz eta, edonola ere, diru-laguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, aipatu betebehar horiei dagozkien egiaztagiriak, eskudun den Administrazioak emanak, eskatzen ahalko zaizkio onuradunari, betiere Administrazioaren ahalmenak ezertan galarazi gabe, aurkeztutako aitorpenak edo egiaztagiriak ikertzeko.

d) Entitatearen identifikazioa, egin behar den jardueraren deskribapena eta bankuko datuak.

e) 2015-2016 denboraldiko aurrekontua, ekipo edo talde bakoitzeko honako elementu hauek zehaztuta:

–Ekipo bakoitzean zein den haurren edo fitxen gehieneko kopurua.

–Arbitrajearen gastu zenbatetsia.

–Lizentzien gastu zenbatetsia.

–Aseguruen gastu zenbatetsia.

–Joan-etorrien gastu zenbatetsia.

–Bertzelako gastuak.

f) Beste hainbat administrazio, entitate edo pertsona publiko zein pribaturi helburu bera lortzeko eskatutako diru-laguntzen zerrenda, halakorik balitz, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, entitateen izena eta emandako zenbatekoa.

g) Eskatutako agiriez gain, entitateak nahi dituen agiri guztiak aurkezten ahalko ditu, bere proiektuaren berri emateko.

5.2. Eskatzen diren agiriak Eguesibarko Udalak jada baditu eta datuetan ez bada egon inolako aldaketarik, erantzukizuneko aitorpena emanen da haien ordez. Aitorpen horretan adieraziko da zer egunetan eta zer erakunde edo bulegotan aurkeztu ziren edo zeinek eman zituen edo non dauden. Baldintza da haien prozedura bukatu ondoren ez direla bortz urte baino gehiago iragan behar. Aurrekoan xedatutakoa alde batera utzita, Udalak ezin badu agiriren bat eskuratu, eskatzaileei eskatzen ahalko die hura aurkezteko edo, bestela, agiria zein betekizuni dagokien eta horiek beste bide batzuk erabiliz egiaztatzeko, betiere ebazpen proposamena egin baino lehen.

5.3. Uztailaren 31 bitarteko epean, behin betiko inskripzioak eta kirolariengandik datozen diru-sarrerak aurkeztu beharko dira Eguesibarko Udalaren erregistroan, klubak sinatu eta zigilatutako txostena ekarrita. Datu horiek bat etorri beharko dira Udaleko kirol koordinatzaileak duen informazioarekin.

6.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

6.1. Diru-laguntzaren eskabideak eta frogagiriak 2015eko apirilaren 1etik 30ra bitarte aurkeztu beharko dira, Eguesibarko Udalaren erregistro orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluan aipatzen direnetako batean. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

6.2. Aurkezten den dokumentazioak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emanen dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

6.3. Uztailaren 31 arte aurkeztu ahalko da inskripzioen eta behin betiko diru-sarreren agiria.

7.–Antolaketa eta instrukzioa.

7.1. Diru-laguntzak emateko prozedura bideratzeko organo eskuduna Eguesibarko Udalaren Kirol Zerbitzua izanen da. Ebazpen proposamena ekarriko duten datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egokiak iruditzen zaizkion jarduketak eginen ditu, ofizioz, zerbitzu horrek. Klub onartuen behin-behineko ebazpena emanen da eta, orobat, estimazioa, maiatzean aurkezten den dokumentazioan oinarrituta, aldez aurretik Kirol batzordeak aldeko irizpena emanda, eta klub interesdunei jakinaraziko zaie. Behin betiko ebazpena abuztuan emanen da, inskribatuen behin betiko kopuruak eta inskribatuek ordaindutako zenbatekoak aurkezten dituztenean klubek. Ebazpen proposamena instrukzio organoak emanen du, espedientea ikusita, eta Eguesibarko Udalaren Kirol batzordeari helaraziko dio.

7.2. Inskripzioak egiaztatu ondoren, ebazpena emanen da, eskatzaile bakoitzari dagokion laguntza deklaratzeko. Alkatea izanen da ebazteko organo eskuduna.

8.–Ebazteko eta jakinarazteko epea.

8.1. Diru-laguntzen ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aitzina.

Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskatzaileak eskaera ezetsi egin dela ulertzen ahalko du.

8.2. Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei.

9.–Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

Diru-laguntzen deialdi honetako eskaerak baloratzeko, irizpide hauek baliatuko dira:

1. Oinarri hauetako 3. artikuluan ezarritako beharkizunak betetzea.

2. Beharkizunak betetzen dituela egiaztatu ondoren, gastuak kalkulatuko dira, 10. klausulan ezarritakoaren arabera.

3. Udalak ezartzen dituen inskripzio kuotak ikasleek ordaintzetik jasotakoa izanen dira diru-sarrerak.

4. Bi kopuru horien arteko diferentzia izanen da diru-laguntzaren zenbatekoa.

5. Zenbateko horrek ezin izanen du inoiz gainditu ateratzen den defizitaren %100.

6. Klub batek ezin izanen du jaso aurrekontuko kontu-sail osoaren %25 baino gehiago. Horren salbuespena eginen da aurrekontuko kontu-saila erabat agortzen ez denean eskolendako diru-laguntzak banatu ostean, baldin eta, aipatutako portzentajea betez, kluben batek ez badu eskola garatzeko diru-laguntza osoa jaso. Kasu horretan, dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa emanen zaio gehienez ere.

7. Klubei onartu behar zaizkien laguntzek gainditzen badute 2. oinarrian ezarritako aurrekontua, hainbanaketa eginen da onuradunen artean.

10.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

10.1. Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren gastuak:

–Eskolaren zuzendaritza: Taldekako kiroletan, koordinatzaile batendako laguntza ezarri da sei taldeko, eta banakako kiroletan koordinatzaile batendako laguntza 90 haurreko multzoko.

  • 1.530 euro/koordinatzailea.

–Begirale edo entrenatzaileak eta talde kopurua: Taldekako kiroletan, begirale batendako laguntza ezarri da talde bakoitzeko, eta banakako kiroletan begirale batendako laguntza 15 ikasleko multzoko.

  • 1.200 euro/entrenatzailea.
  • 600 euro/eskolaurreko entrenatzailea.

Diruz laguntzen ahal diren koordinatzailearen eta begiraleen gastuak zentzu zabalean ulertuko dira, eta betiere hauek egonen dira horien artean: prestakuntza eta kualifikazio teknikoko gastuak, klubaren kolaboratzaileek beren jardueretan izandako gastuen itzultzea, kolaboratzaileek beren jarduera egiteko behar dituzten baliabide materialak eta beste antzeko batzuk.

–Administrazioko gastu orokorrak: Zenbateko finkoa emanen da ikasle bakoitzeko. Zentzu zabalean ulertuko dira, eta betiere hauek egonen dira horien artean: paperdendako gastuak, telefonoa eta argia bezalako hornidura arrunten inputazio partziala etab.

  • 2,5 euro parte-hartzaile bakoitzeko.

–Ekipamenduak: Zenbateko finko bat ematen da ikasleko, parte-hartzaileek ezinbesteko diren gutxieneko jantziak izan ditzaten; jantzi horiek Kirol Eskolarenak izanen dira eta denboraldi bakoitzaren bukaeran itzuli egin beharko dira.

  • 8 euro parte-hartzaile bakoitzeko.

–Kirol materiala: Zenbateko finko bat ematen da ikasleko, eskolari emateko entrenatzeko eta lehiatzeko behar den gutxieneko materiala.

  • 4 euro parte-hartzaile bakoitzeko.

–Joan-etorriak: Autobusaren kostua emanen da udalerri eta eskualde mailan egiten diren lehiaketa ofizialetan parte hartzeko egiten diren joan-etorrietarako; lehiaketa horiek gutxienez ere Eguesibartik 50 kilometrora izanen dira.

–Arbitrajeak: Udalerri eta eskualde mailan egiten diren lehiaketa ofizialetan sortzen diren arbitraje gastuak ordainduko dira.

–Fitxak eta mutualitateak eta beste federazio gastu batzuk: Udalerri eta eskualde mailan egiten diren lehiaketa ofizialetan sortzen diren federazio gastuak ordainduko dira.

–Aseguruak: Kirol Eskolaren jardueran, klubaren erantzukizun zibileko asegurua kontratatzeko gastuak ordainduko dira.

–Bertzelakoak: Kirol eskolen esparruan kirol kluben jarduerengatik sortutako beste gastu batzuk, Kirol Zerbitzuak interesekotzat eta beharrezkotzat jotzen dituenak.

10.2. Honako hauek ez dira izanen laguntza jaso dezaketen gastuak:

a) Udalerri eta eskualde mailan egiten diren lehiaketa ofizialetatik zuzenean eratortzen ez direnak.

b) Aurreko urteetako defizita.

c) Beste laguntza deialdi edo beka batzuk direla-eta zerbitzu honek diruz lagundu dituen gastuak.

d) Kirol jarduera egiteko behar-beharrezkoak ez diren gastuak.

e) Taldeei ezartzen zaizkien zehapen edo isunak, Kirol Zerbitzuari egozten ahal ez zaizkionak.

f) Federazio batzuek ordainarazten dituzten fidantzak.

g) Jada beste entitate batzuek diruz lagundu dituzten gastuak, hala nola Nafarroako kirol jokoetan parte hartzen duten taldeei Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen dizkien gastuak.

10.3. Diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa, hura bakarka kontsideratuta, 18.000 eurotik goitikoa bada, ekipamenduko ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuek sortutako gastuen kasuetan, onuradunak gutxienez ere hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa kontratatu baino lehen, salbu eta, diruz laguntzen ahal diren kostuek izandako ezaugarri bereziren bat dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago. Edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada; aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, eraginkortasun eta ekonomiaren irizpideei jarraituko zaie, eta txosten batean berariaz justifikatu beharko da diru aldetik onuragarriena ez den proposamena aukeratzen denean. Eskaintza horiek justifikazioan beharko dira azaldu, edo diru-laguntzaren eskaeran.

11.–Bateragarritasun araubidea.

11.1. Deialdi honen diru-laguntzak Eguesibarko Udalaren beste edozein alorretakoekin baino ez dira izanen bateraezin; aitzitik, beste edozein administraziok, entitatek edo pertsona fisiko nahiz juridikok xede bera harturik emandakoekin batera eskura daitezke.

11.2. Diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen diruz laguntzen den jardueraren kostua baino handiagoa. Udala jabetzen bada onuradunak gehiegizko finantzaketa jaso duela hainbat entitatetatik, diruz lagundutako jardueraren kostuaz bezainbatean, gehiegizko kopuruak zenbat jo eta hori dena itzultzeko galdatuko dio onuradunari, Udalaren diru-laguntzak guztira zenbat egin eta horrenbesteraino.

12.–Ordainketa.

12.1. 13. klausularen arabera diru-laguntza honek sustatzen dituen jarduerak egin direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu ondoren ordainduko da diru-laguntza.

Zenbateko ekonomiko hau kobratu izana entitate bakoitzaren kontabilitatean edo erregistro liburuan jaso beharko da, entitateak horrelako bat izan beharra baldin badu.

12.2. Ordainketa egitean diru-laguntzaren likidazioa eginen da, egiaztatutako datuen eta benetan egindako gastuen arabera. Laguntza ez da inoiz ere izanen onartutako kopurua baino handiagoa.

13.–Justifikazioa.

Jarduera justifikatzen duen dokumentazioa erantsi beharko zaio diru-laguntza eskaerari.

Ezarritako baldintzak bete direlako eta deialdian aurreikusitako helburuak lortu direlako justifikazioa honako hauek eratuko dute: jarduerako talde edo ekipoaren gastuetarako diru-laguntza eskaerarekin batera aurkezten diren fitxek eta egindako gastuen frogagiriek. Fakturak eta gainerako agiri baliokideak aurkeztu behar dira, betiere trafiko juridikoan balioa dutenak edo indar administratiboa dutenak, diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatze aldera.

Frogatzeko kontu-ematea ondoko agiriek osatuko dute:

a) Diruz lagundutako jardueraren gaineko ebaluazio txostena, non xehetasunez aitortuko baitira diru-laguntzen bidez finantzatu diren jarduerak eta haien kostua.

Memoriaren edukia, gutienez, ondokoek osatuko dute:

–Programaren edo proiektuaren izena.

–Diru-laguntzaren xedea, aurkeztutako aurrekontuaren eta proiektuaren araberakoa.

–Egindako jarduketak eta proposatutako helburuen zein lortutako emaitzen deskribapena.

–Egindako aldaketak proiektua edo jarduera gauzatzen.

–Finantzabideen zerrenda. Diru-laguntzarekin finantzatu diren jardueren deskribapena, haien kostua adierazita; norberaren funtsekin edo bertze diru-laguntza batzuekin finantzatu diren jarduerak ere aipatuta.

b) Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda izenpetua eta ordenan zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoak guztira emanik.

c) Maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak (uztailaren 4ko 96/2005 Foru Dekretuak aldatua) aipatzen dituen egiaztagiriak, fakturak edo horien ordezkoak eta ordainagiriak, gastua egiaztatze aldera, baita nominak, tributuak zein Gizarte Segurantzako kuotak eta, oro har, trafiko juridikoan baliodun izan edo indar administratiboa eduki eta balio frogagarria duten bertzelako agiriak ere, betiere modu korrelatiboan ordenaturik eta zerrenda zenbakituan emandako ordena-zenbakiaren arabera. Agiri horien fotokopiak egin eta zerbitzu kudeatzaileak konpultsatu eta adostuko ditu, jatorrizkoak interesdunei itzuliko zaizkielarik. Dokumentu horien jatorrizkoak edo haien kopia konpultsatua entitate onuradunean gordailatuko dira, gutienez ere lau urtean.

Aurrekoaz gain, honako baldintza hauek bete beharko dira:

d) Faktura luzatzen duen entitatea BEZetik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

e) Hartzekodunei ordaindu izana egiaztatzen duten ziurtagiriak. Ordaindu izana banku zordunketa bidez egiaztatu behar da, behar bezala sinatutako hartu agiri baten bidez edo, bertzenaz, aurkeztutako fakturak ordaindu egin direla ziurtatzen duen bertze agiri bat aurkeztuz.

14.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteen eta zehapenen alorrean, Eguesibarko Udalaren ordenantza fiskal orokorraren 26.etik 33.era bitarteko artikuluetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

15.–Jardueraren finantzaketa publikoaren publizitatea.

Diru-laguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera diru-laguntzaren xede diren programa, jarduera, inbertsio edo jarduketak Eguesibarko Udalak finantzatu dituela. Horretarako, deialdi honetan eman beharko ditu denboraldiko ekipoak eta ordutegiak; baita eskaintzen diren plaza hutsak ere. Eguesibarko Udalaren Kirol Zerbitzuak informazio guztia zabalduko du, deusetan ukatu gabe klubak berak bere jarduerak zabaltzea Udalaren logoa ezarrita.

16.–Eguesibarko udalerrian euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantza betetzea.

Diru-laguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude euskaraz eta gaztelaniaz iragartzera diru-laguntzaren xede diren programak eta jarduerak.

17.–Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkeztu ahalko da, aukeran:

Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

1. ERANSKINA

Deialdia, 2015-2016 denboraldian kirol irakaskuntzako eskolak antolatzen dituzten kirol klub eta entitateei diru-laguntzak emateko

Identifikazio datuak:

Entitate antolatzailea:

Kirol mota:

Helbidea: IFK:

Telefonoa: .......................... Sakelako telefonoa:

Helbide elektronikoa:

AZALTZEN DUT:

Ikusirik 2015-2016 denboraldian kirol eskolak antolatzen dituzten kirol klub eta entitateei norgehiagokako araubideari jarraikiz diru-laguntzak emateko deialdia.

ESKATZEN DUT:

Eskaera aintzat har dadila. Eta ADIERAZTEN DUT,

–Deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

–Ordenantzaren 10. artikuluak debekurako aipatzen dituen arrazoietariko bakar bat ere ez duela entitate eskatzaileak.

–Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak ditudala.

Sinadura,

Sarrigurenen, 2015eko ..........aren .......(e)an

2. ERANSKINA

Entitate eskatzailearen eta egindako jardueraren informazioa

Entitate antolatzailea: IFK:

Helbidea:

Sakelako telefonoa:

Helbide elektronikoa:

Entitatearen legezko ordezkaria (izen-deiturak):

Proiektuaren deskribapena:

Bankuko datuak:

Sinadura

Iruñean, 2015eko ................aren ..........(e)an

3. ERANSKINA

Kirol eskola:

Koordinatzaile arduraduna

Telefonoa ............................ Sakelako telefonoa

Ikasleen/begiraleen/espazioen zerrenda:

EKIPOAREN/TALDEAREN IZENA

ENTRENATZAILEA

KLASE
EGUNAK/ENTRENAMENDUKO ORDUTEGIA

PARTIDU
EGUNAK/ORDUA

KIROL ESPAZIOA

Egutegia:

Hasiera data:

Bukaera data:

Jaiegunetan:

(1) Eguesibarko Udalaren Kiroldegiko igerileku estaliko kalea.

(2) Eguesibarko Udalaren Kiroldegiko kirol anitzetako pista.

(3) Eguesibarko Udalaren Kiroldegiko pilotalekua.

(4) Sarrigurengo Udalaren Kirol Hiriko belar artifizialeko zelaia.

(5) Kirol pista estalia (Sarriguren IP).

(6) Kirol pista estali gabea (Sarriguren IP).

(7) Gimnasioa (Sarriguren IP).

(8) Psikomotrizitate gela (Sarriguren IP).

Sinadura,

Sarrigurenen, 2015eko ..........aren .......(e)an

Sarrigurenen, 2015eko martxoaren 10ean.–Alkatea, Alfonso Etxeberria.

Iragarkiaren kodea: L1503955