56. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

7/2015 FORU DEKRETUA, otsailaren 11koa, Ekonomisten Nafarroako Elkargoa sortzen duena, Nafarroako Ekonomisten Elkargo Ofizialak eta Nafarroako Merkataritza eta Enpresa Tituludunen Elkargo Ofizialak bat eginda.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.26 artikuluak ezartzen duenaren arabera, Nafarroak eskumen esklusiboa du lanbide elkargoen arloan eta tituludun lanbideetako jardunaren gaineko gaietan, indarreko legediari jarraikiz.

Eskumen hori erabiliz onetsi zen apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzkoa. Foru lege horren 11. artikuluan ezartzen da, elkargoek beraiek eskatuta, lanbide elkargoen bat-egitea erabaki daitekeela foru dekretu bidez, bakoitzaren estatutuetan ezartzen denari jarraikiz.

Bestalde, Ekonomisten Kontseilu Orokorra sortzeko urriaren 4ko 30/2011 Foru Legearen bidez, ekonomisten eta merkataritza tituludunen elkargo-erakundeak bateratzea onetsi zen. Lege horretan ezarrita dago autonomia erkidegoetako elkargoek sustatuko dutela bateratzea kasuan kasuko autonomia erkidegoan, aplikatzekoa den araudi autonomikoan aurreikusitakoaren arabera.

Nafarroako Ekonomisten Elkargo Ofizialak eta Nafarroako Merkataritza eta Enpresa Tituludunen Elkargo Ofizialak bat egitea erabaki zuten bakoitzaren batzar nagusiak onetsita, elkargokideek elkargo bateratu bat eratzeko asmoa adierazi baitzuten.

Ahaleginak arrazionalizatzearekin lotuta dago bateratzea, izan ere, elkargo horiek zuzenbide publikoko korporazio diren aldetik bete beharreko helburuak lortzeko bidean eraginkortasuna eta eragimena hobetu nahi dira. Bestalde, ekonomiaren arloko lanbideek gure foru komunitateko administrazio publikoen aurrean, eta, oro har, gizartearen aurrean solaskidetza bakarra izateak ere onurak ekarriko ditu.

Urriaren 4ko 30/2011 Legeak ezarritakoaren ildotik, bateratzearen ondorioz sortutako elkargo berria Ekonomisten Nafarroako Elkargoa-Colegio de Economistas de Navarra deituko da, eta Nafarroako Ekonomisten Elkargo Ofiziala eta Nafarroako Merkataritza eta Enpresa Tituludunen Elkargo Ofiziala ordeztera dator.

Bateratze prozesuaren barrenean, orobat, lehengo bi elkargoetako batzar nagusiek elkargo bateratu berriaren estatutuak onetsi dituzte.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko otsailaren 11n egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Bat-egitea eta izaera.

1. Ekonomisten Nafarroako Elkargoa sortzen da, Nafarroako Ekonomisten Elkargo Ofizialak eta Nafarroako Merkataritza eta Enpresa Tituludunen Elkargo Ofizialak bat eginda.

2. Espainiako Konstituzioaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, bat-egitearen ondorioz sortzen den elkargo berria zuzenbide publikoko korporazio bat da, barne-egitura eta funtzionamendu demokratikoa izanen dituena.

3. Foru dekretu honek indarra hartzen duen unetik aurrera, Elkargoak nortasun juridiko propioa izanen du, eta bere gobernu organoak eratzen diren unetik aurrera, jarduteko gaitasun osoa izanen du bere helburuak lortzeko.

2. artikulua. Araubide Juridikoa.

Bat-egite honen ondoriozko elkargoa honako hauek arautuko dute: Estatuko oinarrizko legedia, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea eta hura garatzeko arauak, bat-egiteari buruzko foru dekretu hau, Elkargoaren estatutuak eta barne-arauak, eta gainerako antolamendu juridikoa.

3. artikulua. Lurralde eremua.

Ekonomisten Nafarroako Elkargoaren jarduketa-eremua Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldea da.

4. artikulua. Langile eremua.

1. Ekonomisten Nafarroako Elkargoko kide izanen dira orain arte Nafarroako Ekonomisten Elkargo Ofizialeko kide zirenak, Nafarroako Merkataritza eta Enpresa Tituludunen Elkargo Ofizialeko kide zirenak eta foru dekretu honek indarra hartzen duenean Elkargoan sartzen direnak, bat egiten duten bi erakundeetatik edozeinetan kidetzea ahalbidetuko liekeen titulua baldin badute, hots, ekonomisten elkargoan edo merkataritza eta enpresa tituludunen elkargoan.

2. Honako hauek ere kidetzen ahalko dira Elkargoan:

a) Apirilaren 26ko 871/1977 Errege Dekretuan zehaztutako titularrez gain, Ekonomiako lizentziadunak, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziadunak, Ekonomia Zientzietako lizentziadunak edo diplomadunak, Zientzia Aktuarial eta Finantzarioetako lizentziadunak, eta Merkatuko Ikerketa eta Tekniketako lizentziadunak.

b) Unibertsitateko ikasketak Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokitzearen ondorioz, gradu edo master titulua dutenak, horrez gainera, unibertsitateko irakaskuntza ofizialak ezartzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 9. artikuluan eta ondokoetan adierazitako betebeharrak ere betetzen badituzte.

c) Aurrerantzean, ekonomiaren edo enpresaren arloko beste edozein unibertsitate titulu lortzen dutenak ere kidetzen ahalko dira Elkargoan.

3. Elkargoko kide guztiek eskubide eta betebehar berberak izanen dituzte Elkargoaren aurrean, lanbide bakoitzaren araudian ezarritakoa galarazi gabe.

5. artikulua. Subrogazioa.

1. Desegin diren elkargoetako ondarea eta langileak Ekonomisten Nafarroako Elkargoan sartuko dira.

2. Elkargo berria Nafarroako Ekonomialarien Elkargo Ofizialak eta Nafarroako Merkataritza eta Enpresa Tituludunen Elkargo Ofizialak zituzten eskubide eta betebehar guztietan subrogatuko da, bidezko diren ondorioetarako, kasuan-kasuan aplikagarri den arauari jarraikiz.

3. Bereziki, bat egindako elkargoek beren kideen aurrean zituzten eskubide eta betebehar guztietan subrogatuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo xedapen gehigarria.–Elkargo berriko gobernu organoen eraketa.

Foru dekretu honek indarra hartzen duenetik hilabeteko epean, Elkargo berriko Batzar Nagusia eratuko da (elkargokide guztiek osatua) eta Elkargo berriko Gobernu Batzordea aukeratuko du, Elkargoaren estatutuetan ezarritako arauekin bat.

Bigarren xedapen gehigarria.–Ekonomisten Nafarroako Elkargoaren estatutuak argitaratzea.

Ekonomisten Nafarroako Elkargoaren estatutuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, foru dekretu honen eranskin gisa.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Nafarroako Lanbide Elkargoen Erregistroan inskribatzea.

1. Elkargo berriak, egoki baderitzo, behar diren tramiteak egiten ahalko ditu Nafarroako Lanbide Elkargoen Erregistroan inskribatzeko.

2. Era berean, Elkargo berriak ahalmena izanen du bere estatutuen inskripzioa eta lehenengo xedapen gehigarriaren arabera aukeratzen den Gobernu Batzordearen inskripzioa sustatzeko.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko otsailaren 11n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

ERANSKINA

Ekonomisten Nafarroako Elkargoaren estatutuak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna.

Ekonomisten Nafarroako Elkargoa zuzenbide publikoko korporazio bat da, legeak babestua eta Nafarroako Foru Komunitateak aitortua. Nortasun juridiko propioa du, eta gaitasun osoa bere helburuak betetzeko, eta lanbide elkargoen gaineko lege indardunetan, ekonomisten lana eta haien lanbide antolakuntza arautzen dituzten xedapen orokorretan eta estatutu hauetan beretan ezarritakoari jarraikiz gobernatuko da.

Nafarroako Ekonomisten Elkargo Ofiziala agintari eskuduna da indarreko legediak ematen dizkion eskumenen esparruan, Zerbitzu Jardueretan Libreki Hasi eta Horietan Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 3. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Zuzenbide publikoko korporazio bat denez, zuzenbide administratiboaren menpe dago, salbu eta esparru zibil eta penaleko aferetan, horiek kasuan kasuko araubide juridikoaren pean geldituko baitira, eta bere langileekiko harremanei loturiko aferetan, horiek lan arloko legediaren pean geldituko baitira.

Ekonomisten Nafarroako Elkargoa Espainiako ekonomisten eta merkataritza tituludunen elkargo-egituraren barrenean kokatzen da, horren parte baitira Espainiako Ekonomisten Kontseilu Orokorra, kontseilu autonomikoak eta ekonomisten elkargoak.

2. artikulua. Lurralde eremua eta egoitza soziala.

Ekonomisten Nafarroako Elkargoaren lurralde eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

Ekonomisten Nafarroako Elkargoaren egoitza soziala Iruñean dago, Rodezno Kondearen plazako 8. zenbakian.

Gobernu Batzordeak hala erabakiz gero, egoitza Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldearen barreneko beste edozein tokitara eraman daiteke.

3. artikulua. Xedeak.

Honako hauek dira Elkargoaren xedeak:

1) Nafarroako Lanbide Elkargoen funtsezko xedeak honako hauek dira: elkargokideen lanbidea eta lanbide interesak ordezkatzea eta defendatzea, gizartearen interes orokorrekin bat etorriz, eta lanbide jarduna antolatzea haren esparruan eta ezarritako lege eremuaren barnean. Hori guztia Nafarroako Administrazio Publikoen eskumenari kalterik egin gabe eginen da, beren zerbitzuan lan egiten duten langileei dagokienez.

2) Lanbide jarduera antolatu eta kontrolatzea, kasuan kasuko lege esparruaren eta eskumen eremuaren barrenean.

3) Lanbidea ordezkatzea, elkargokideen lanbide interesak defendatzea, eta bere elkargokideen zerbitzuen kontsumitzaile eta erabiltzaile direnen interesak babestea.

4) Betiere, elkargokideen jardueretan lanbidearen arau deontologikoak betetzen direla bermatzea, eta herritarren interes orokorra babestea.

5) Administrazioari laguntzea eta parte hartzea lanbideak, profesionalak eta zerbitzuen erabiltzaileak defendatzen.

6) Zeregin profesionalak gizartean txertatzeko behar diren lanak egitea, horretarako behar diren ekimen guztiak artikulatuz.

7) Elkargokideei eta kontsumitzaile eta erabiltzaileei arreta ematea, horretarako sortutako zerbitzuaren bitartez.

8) Administrazioarekin elkarlanean aritzea elkargokideei buruz, irmo dauden zehapenei buruz edo zerbait ikuskatu edo ikertzeari buruz Europako Batasuneko estatu bateko edozein agintaritza eskudunek egiten dituen eskakizunei erantzuteko.

9) Ematen diren zerbitzu profesionalen kalitate maila egokia dela begiratzea.

10) Lanbidearekin zerikusia duten interes orokorrak behar bezala betetzen direla begiratzea.

11) Nafarroako Administrazio Publikoei laguntzea haien eginkizunetan, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legean ezarri bezala.

4. artikulua. Elkargoaren eginkizunak.

Ekonomisten Nafarroako Elkargoari honako eginkizun hauek dagozkio bere lurralde eremuan:

1. Elkargoko kideen zerbitzuen kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesak babestearen aldeko edozein eginkizun.

2. Administrazioak bere esku uzten dizkion eginkizun guztiak betetzea eta harekin lankidetzan aritzea azterlanak eginez, txostenak emanez, estatistikak prestatuz eta bere helburuekin loturiko bestelako jarduerak eginez, hala eskatzen bazaio, edo bere ekimenez hala erabakita.

3. Legeek ezartzen duten ordezkaritza izatea bere helburuak betetzeko.

4. Ekonomisten eta merkataritza tituludunen lanbidearen eskumeneko arloetan Administrazioari aholku emateko kontseilu edo erakundeetan parte hartzea.

5. Unibertsitateko patronatuetan ordezkatuak izatea.

6. Ekonomisten lanbideari dagozkion ikastetxeetako ikasketa planak prestatzen parte hartzea eta haiek antolatzeko arauei buruzko txostenak egitea, eta ikastetxe horiekin etengabeko harremana izatea eta behar den informazioa prestatzea profesional berriak lanbidean has daitezen.

7. Lanbidea ordezkatu eta defendatzea administrazioaren, erakundeen, auzitegien, entitateen eta partikularren aurrean; lanbidearen interesak ukitzen diren auzietan alderdi izateko legitimazioa izatea, eta, bere kideei dagokienez, eskea egiteko eskubidea erabiltzea, legean ezarritakoari jarraikiz.

8. Auzitegiei, legeetan ezarritakoa betez, elkargokideen zerrenda helaraztea, gai judizialetan peritu gisa esku hartzeko deitu diezaieten, edo beraiek izendatzea, kasuan kasukoa.

9. Bere eskumenen esparruan, elkargoko kideen lanbide jarduera antolatzea, eginkizun horretan behar bezalako gaitasuna eta kalitatea bermatzen dela eta lanbidearen duintasuna eta etika eta partikularren eskubideak errespetatzen direla begiratzeko, eta diziplina ahalmena erabiltzea lanbidearen eta Elkargoaren inguruko auzietan, ekonomisten eta merkataritza tituludunen arau deontologikoekin bat eta aplikagarri diren gainerako arauei jarraikiz, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei buruzko arauak, esate baterako. Elkargoko kideei eskatzea merkataritzako komunikazioen arloan legearen arabera jokatzeko, lanbidearen independentzia eta osotasuna, eta, beharrezkoa denean, lanbideko sekretua babes daitezen.

10. Elkargoko kideentzat interes komuneko jarduera eta zerbitzuak antolatzea (profesionalak, prestakuntzakoak, kulturalak, laguntzakoak, aurreikuspenekoak eta antzekoak), eta haien sostengu ekonomikorako behar diren bitartekoak jartzea.

11. Elkargoko kideen artean harmonia eta elkartasuna zabal daitezen saiatzea, eta haien arteko lehia desleiala saihestea.

12. Lanbidean intrusismoa galarazteko neurriak hartzea.

13. Bitartekaritzarako erakunde gisa eratzea, Auzi zibil eta

merkataritzazkoetako bitartekaritzari buruzko 5/2012 Legean arautzen denari jarraikiz.

14. Laudo bidez ebaztea, alderdi interesdunek eskatuta, elkargokideek beren lanbide jardueran egiten dituzten lanen ondoriozko betebeharrei buruz sor daitezkeen desadostasunak.

15. Zerbitzu-sarien baremoak ezartzea, orientazio gisa, baina, bakar-bakarrik, kostuen tasazioaren ondorioetarako.

16. Profesionalen zerbitzu-sariak eztabaidan dauden prozedura judizial edo administratiboetan txostena egitea.

17. Elkargoko kideak libreki eta berariaz eskatuz gero, laneko hartukizun, ordainsari edo zerbitzu-sariak kobratzeaz arduratzea, betiere Elkargoak horretarako zerbitzu egokiak baditu eta Elkargoko estatutuetan zehazten diren baldintzetan.

18. Prestakuntza profesionaleko ikastaroak antolatzea graduatu ondokoentzat, hala badagokio.

19. Elkargoko kideen etxebizitza arazoak konpontzen laguntzea; horretarako, behar diren patronatuetan eta entitateetan parte hartuko dute.

20. Lege orokorrak eta bereziak, lanbide estatutuak eta barne araudiak betetzea eta elkargokideei betearaztea, baita Elkargoko organoek, zeinek bere eskumeneko arloetan, hartzen dituzten erabaki eta arauak ere.

21. Elkargoko kideei buruzko eta haiei ezarritako zehapen irmoei buruzko informazio eskaerei erantzutea, baita Europar Batasuneko estatu bateko edozein agintari eskudunek egiten dituen ikuskapen edo ikerketa eskaerei ere, Zerbitzu Jardueretan Libreki Hasi eta Horietan Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean ezarritako moduan, eta bereziki honako hauek kontuan hartuta: kontrolak, ikuskapenak edo ikerketak egiteko eta informazioa lortzeko eskaerak behar bezala arrazoituak egotea, eta lortzen den informazioa eskatu den xederako soilik erabiltzea.

22. Gizarteak, oro har, aurrera egiteko prozesuan laguntzea, printzipio demokratikoen erabilera, giza eskubideak eta gizarte erantzukizuna sendotzen dituzten ekintzei sostengua emanez.

23. Elkargoko kideen interes profesionalei onura ekartzen dieten bestelako eginkizunak betetzea.

24. Estatuko edo autonomia erkidegoko legediak edo lege edo erregelamendu maila duten beste arau batzuek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta, orobat, administrazio publikoek eskuordetzen dizkiotenak eta lankidetza hitzarmenen ondorioz datozkionak.

25. Profesionalekiko harremanetan herritarren eskubide eta interesak errespetatzen direla bermatzea, lanbidearen etika zainduz eta diziplina ahalmena erabiliz.

26. Aholku organoetan eta langileak hautatzeko prozesuetan parte hartzea, Nafarroako administrazio publikoek hala eskatzen diotenean.

27. Elkargoko kideentzat interesgarriak diren lanbide, laguntza eta kultur jarduera eta zerbitzu komunak antolatzea; profesionalei esperientziak eta ezagutzak trukatzeko aukera ematea, Elkargoko kideak izan edo ez, eta etengabeko lanbide prestakuntza sustatzea.

28. Intrusismoa eta profesionalen arteko lehia desleiala galaraztea, antolamendu juridikoak aurreikusten dituen ekintzen bitartez.

29. Esku hartzea, bitartekaritzaren edo arbitrajearen bidez, Elkargoko kideek elkarren aurka edo hirugarrenekin izaten dituzten gatazka profesionaletan, alderdiek hala eskatzen dutenean.

30. Profesionalen hartukizun, ordainsari edo zerbitzu-sariak kobratzeaz arduratzea, elkargoko kideek eskatuz gero eta elkargo bakoitzeko estatutuetan zehazten den moduan; eta txostena ematea prozesu judizialetan eta administrazio prozeduretan, profesionalen zerbitzu-sariak eztabaidagai direnean, hala egiteko eskatzen badiote.

31. Bere aurrekontuak onestea eta Elkargoko kideen ekarpenak finkatu eta arautzea.

32. Txostena ematea Foru Komunitatearen arauen proiektuen gainean, lanbideari dagozkion gaiak arautu behar direnean, hala nola: eginkizunak, esparruak, zerbitzu-sariak, gobernu organoetako kideen bateraezintasunak, prestakuntza edo espezializazio ikastaroak eta diplomak.

33. Legeak babesten dituen gainerako eginkizunak, lanbidearen interesen aldekoak badira eta Elkargoko helburuak betetzeko lagungarriak badira.

II. KAPITULUA

Elkargoan kidetzeko eta lanbidean aritzeko baldintzak

5. artikulua. Elkargoan kidetzeko betebeharrak.

Elkargoko kide izateko, betebehar hauek bete beharko dira:

1. Europar Batasuneko estatu bateko nazionalitatea izatea, edo hortik kanpoko estatu batekoa, baldin eta estatu horrek eta Europar Batasunak profesionalak libreki zirkulatzeko printzipioa aplikatzen badiote elkarri eta modu eraginkorrean, hala establezimendu batean finkatzeko nola zerbitzuak aldian behin emateko, salbu eta legez salbuetsitako kasuetan eta Espainiak sinatutako hitzarmenetan edo tratatuetan xedatutakoa.

2. Honen bidez sortzen den Ekonomisten Nafarroako Elkargoko kide izanen dira orain arte Nafarroako Ekonomisten Elkargo Ofizialeko kide zirenak, Nafarroako Merkataritza Tituludunen Elkargo Ofizialeko kide zirenak eta Elkargoan sartzen direnak, betiere, foru dekretu honek indarra hartzen duenean, bat egiten duten bi erakundeetatik edozeinetan kidetzea ahalbidetuko liokeen titulua baldin badute, hau da, ekonomisten elkargoan edo merkataritza tituludunen elkargoan. Apirilaren 26ko 871/1977 Errege Dekretuan aipatutako tituludunez gainera, honako tituluren bat daukatenak ere sartzen ahalko dira honen bidez sortzen den elkargoan: Ekonomiako lizentziadunak, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziadunak, Enpresa Zientzietako diplomadunak, Zientzia Aktuarial eta Finantzarioetako lizentziadunak eta Merkatuko Ikerketa eta Tekniketako lizentziadunak; aurrerantzean, ekonomiaren edo enpresaren arloko beste unibertsitate titulu bat lortzen dutenak ere kidetzen ahalko dira.

3. Lanbide Sozietateei buruzko 2/2007 Legearekin bat eratu eta Elkargoko Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatzen diren ekonomisten lanbide sozietateak ere txertatzen dira Elkargoan. Sozietate horiek lege horren ondorioz dagozkien eskubideak izanen dituzte Elkargoaren aurrean, eta ekonomisten deontologia profesionalaren menpe eta elkargoaren diziplina araubidearen menpe egonen dira. Lanbide sozietateek ez dute Elkargoaren organoetako hautagai edo hautesle izateko eskubide korporatiborik izanen. Lanbide sozietateek Elkargoaren organo eskudunek onesten dituzten kidetze kuotak ordainduko dituzte. Sozietateetako kideak, ekonomistak izanez gero, aldi berean kidetuak izan beharko dira.

4. Elkargoan sartzeko eskaera egitea, ezarritakoari jarraikiz.

5. Batzar Nagusiak urtero ezartzen duen kuota ordaintzea. Kuota ezin da izan tramitazio kostuak baino altuagoa.

6. Gaitasun juridiko osoa izatea eta lanbidean aritzeko desgaitua ez egotea.

6. artikulua. Ohorezko kideak.

Gobernu Batzordeak erabaki dezake esparru akademikoan edo profesionalean nabarmentzen diren pertsonak Elkargoko ohorezko kide izendatzea.

7. artikulua. Elkargoan kidetu beharra.

Eskatutako titulazioa eduki eta estatutuetan ezarritako baldintzak betetzen dituztenek eskubidea izanen dute dagokien lanbide elkargoan onartua izateko.

Estatuko lege batek hala ezartzen badu, lanbideetan aritzeko, nahitaezkoa izanen da kasuan kasuko lanbide elkargoan kidetua izatea.

Ekonomistak Ekonomisten Nafarroako Elkargoan kidetzen ahalko dira, baldin eta haien helbide profesional bakarra edo nagusia (bat baino gehiago izanez gero) elkargo horren lurralde eremuaren barrenean badago. Ekonomisten elkargo batean kidetua izanez gero, elkargokidea estatu osoan aritzen ahalko da, inolako jakinarazpenik egin behar izan gabe eta inolako kontraprestazio ekonomikorik ordaindu behar izan gabe, salbu eta kideentzako zerbitzuak emateagatik elkargoak eskatu ohi dituenak kidetze kuotan sartzen ez direlako.

Lanbidean hasi eta bertan aritzeko, tratu berdinaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioari jarraituko zaio, bereziki arraza, etnia, erlijioa edo sinesteak, desgaitasuna, adina, sexu joera edo generoa direla-eta egiten den bereizkeria errefusatzen baita, 66/2003 Legearen II. tituluko III. kapituluko III. atalean ageri den moduan eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 5. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Europar Batasuneko beste estatu bateko profesional bat aldi baterako lekualdatzen denean, kualifikazioak onartzeari buruz Europar Batasuneko Zuzenbidearen araberako araudi indardunak dioenari jarraituko zaio.

Elkargoaren lurraldetik kanpo arituz gero lanbidean, lanbide jarduera egiten den lurraldeko elkargoari dagozkion antolamendu eta diziplina eskumenak erabiltzearen ondorioetarako, kontsumitzaile eta erabiltzaileen onurarako, elkargoek agintaritza eskudunen arteko komunikaziorako eta lankidetza administratiborako dauden sistemak eta tresnak erabiliko beharko dituzte, hain zuzen, Zerbitzu Jardueretan Libreki Hasi eta Horietan Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean aurreikusita daudenak. Lanbide jarduera egiten den lurraldeko elkargoak ezartzen dituen zehapenek Espainiako lurralde osoan izanen dute eragina.

8. artikulua. Lanbidean aritzeko moduak.

Ekonomista lana honako araubide hauetan egin daiteke:

a) Nor bere kasa, dela banaka, dela sozietate moduan. Horretarako, behar den aitorpena egin beharko da Elkargoan.

b) Lan mendekotasuna izanda.

c) Administrazio harremana izanda.

Ekonomisten Nafarroako Elkargoak bertan kidetzen diren pertsona fisikoei eta lanbide sozietateei aitortzen die ekonomista lanetan aritzeko aukera. Bigarrenei dagokienez, Lanbide Sozietateei buruzko 2/2007 Legean aitortutako eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte, eta haien lanbide jarduna aplikagarri zaien legediaren araberakoa izanen da. Hortaz, Elkargoak aplikagarri diren legeetan zehaztutako murriztapenak baizik ez dizkie aplikatuko.

Lanbide batean modu esklusiboan aritzeko eskakizunei edo bi lanbidetan edo gehiagotan aldi berean jardutea mugatzen duten eskakizunei dagokienez, ekonomisten kasuan, legeak ezarritakoak baizik ez dira aintzat hartuko, eta berdin jokatuko da Elkargoko lanbideetako merkataritza-komunikazioei aplikatzen ahal zaizkien murriztapenei dagokienez.

Lanbide sozietateak Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatuko dira, horretarako sortu baita. Hortaz, aipatutako legeak horrelako sozietateen gainean Elkargoari esleitzen dizkion eskubide eta eskumenak Erregistroak hartuko ditu bere gain.

9. artikulua. Elkargoan kidetzeko prozedura eta tramitazioa.

Eskatzaileak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Idatzizko eskaera, kidetzeko gogoa duela adierazten duena.

b) Lehenago aipatutako ikasketei dagokien lizentziadun edo doktore titulua, gradukoa edo graduondokoa, edo hura eskatu izanaren gordekina.

c) Estatutuetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezartzen denari jarraikiz, Elkargoak prestatuko dituen galdetegi administratiboak betetzea.

d) Sinadura egiaztatzeko fitxa.

e) Eskaerak Elkargoko idazkaritzan aurkezten ahalko dira, edo Elkargoaren web tokian gaitu den Leihatila Bakarraren bidez.

Gobernu Batzordeak, aurkezten den dokumentazioa ikusita, hilabeteko epean ebatziko du Elkargoan sartzeko eskaeren gainean, arrazoiak emanez, deusetan galarazi gabe argibideak eskatzeko eta aurkeztutako dokumentazioa legez onargarria den egiaztatzeko eginbideak. Ebazpen horretan, Elkargoan sartzeko eskaerak onartu edo ukatuko ditu, legez aplika daitekeen araudian xedatutakoari jarraikiz.

Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, honako hauek adierazita: Gobernu Batzordearen ebazpenaren eguna, egokitu zaion elkargokide-zenbakia, ebazpenaren edukia eta haren aurka aurkezten ahal diren errekurtsoak.

Presako kasuetan, Elkargoko dekano-presidenteak erabaki dezake aipatutako baldintzak betetzen dituztenak elkargokide gisa onartzea eta alta ematea, baina, halakoetan, Gobernu Batzordearen hurrengo bilkuran horren berri eman beharko du.

Ebazpen horren aurka interesdunak errekurtsoa jartzen ahalko du eskumena duen kontseilu orokorraren aurrean, hilabeteko epean. Errekurtsoa Elkargoko Gobernu Batzordeari aurkeztuko zaio, eta horrek, Ekonomisten Elkargoen Kontseilu Orokorrera igorriko du bere txostenarekin batera, kasuan kasuko autonomia erkidegoko legedian ezarritako kasuetan izan ezik.

10. artikulua. Elkargokide izateari uztea.

Honako arrazoi hauengatik ematen ahalko zaie baja elkargokideei:

a) Norberak eskatuta, idatziz adierazita ekonomista lanbidean aritzeari utzi nahi diola edo ekonomisten beste elkargo batean sartu nahi duela. Gobernu Batzordeak idatzi bat prestatuko du borondatezko bajak onartzeko, salbu eta Gobernu Batzordeak baldin badaki eskatzaileak ekonomista lanetan jarraitzen duela eta, lan jarduera horretan aritzeko, Elkargoan kidetua izan behar duela legez. Baja ukatzeko ebazpena emanez gero, arrazoiak azalduko dira, eta, hura jakinaraztean, bidezko diren errekurtsoen berri eman beharko da.

b) Gobernu Batzordeak berariaz ebatzita, kuotak 3 hilabetez ez ordaintzeagatik, deusetan galarazi gabe ordaindu gabe utzitako kuotak ordaintzeko eskatzea. Horrelakoetan, aurretik elkargokideari entzunen zaio, eta erabakia idatziz jakinaraziko zaio.

c) Legedian edo estatutuetan Elkargoan sartzeko eskatzen diren baldintzak betetzeari uzteagatik.

d) Diziplina espediente baten ondorioz organo eskudunak ezarritako zehapenagatik (izan aldi baterako etenaldia, izan behin betiko kanporatzea), betiere aurretik interesdunari entzun ondoren, edo organo judizial eskudunak ezarritako zigor osagarriagatik.

e) Hiltzeagatik.

f) Tramiteak Elkargoko idazkaritzan egiten ahalko dira, edo Elkargoaren web tokian gaitu den Leihatila Bakarraren bidez.

III. KAPITULUA

Elkargokideen eskubideak eta betebeharrak

11. artikulua. Elkargokideen eskubideak.

Hona hemen elkargokideen eskubideak:

1. Ekonomistei dagozkien lanetan aritzea, lanbide estatutuaren arabera, dela bakarka, dela beste profesional batzuekin elkartuta. Lanbide sozietate baten bidez ekonomista gisa egiten den lanbide jarduera aitortua izateko, sozietateak legez ezarritako baldintzak bete beharko ditu, eta Elkargoaren Erregistroan inskribatua egon beharko du.

2. Elkargoaren sostengua hartzea, bere lan jardueraren inguruko pertsonen eta entitate publiko zein partikularren aurrean.

3. Batzar Nagusiaren bilkuretara joatea, haietan hizpidea eta botoa dituela.

4. Gobernu Batzordeko eta Elkargoan dauden gainerako hauteskunde organoetako kideak hautatzea eta kargu horietarako hautagai izatea, eta Batzar Nagusiaren erabakiak hartzeko bozketetan parte hartzea.

5. Elkargoaren zerbitzuak erabiltzea, bakoitzarentzat ezarritako baldintzei jarraikiz, besteak beste, Elkargoaren webgunearen bitartez gaitutako Leihatila Bakarra.

6. Gaikuntza ematea Elkargoari bere lanbide jardueraren ondorioz zorretan utzi dizkioten ordainsariak kobratzeko auzibidean edo auzibidera jo aurretik, prozesuaren ordez, Elkargoak zerbitzu hori eskaintzen duen kasuetan. Horren truke, urteko aurrekontuetan ezarritako eskubideak ordaindu beharko dizkio korporazioari, dela erreklamatutako minutaren printzipalaren ehuneko jakin bat utziz, dela beste modu baten bidez.

7. Aldian behin, Elkargoaren jardunaren berri izatea argitalpenen bidez, informazio bileren bidez, Batzar Nagusiaren bilkuren bidez edo Gobernu Batzordeak ezartzen duen beste modu baten bidez, eta Elkargoak kasuan-kasuan antolatzen dituen jardueretan parte hartzea.

8. “Ekonomista kidetua” izendapena eta bere lan jardueran aitorturik dituen prerrogatiba guztiak erabiltzea, eta ekonomisten zigilua eta paper profesionala eskura izatea, bere kasa aritzen den kasuetarako.

9. Aurrekoekin zuzeneko lotura izateagatik datozen beste eskubide batzuk, edo behar den erabaki korporatiboaren bidez ezartzen direnak.

12. artikulua. Elkargokideen betebeharrak.

Elkargokideek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Lanbiderako ezarritako legeekin eta arau deontologiko eta teknikoekin bat jardutea lanbidean, dela banaka, dela lanbide sozietate baten bidez, bere zerbitzu profesionalen erabiltzaile eta kontsumitzaileen eskubideak bereziki errespetatuz.

2. Ekonomistaren zerbitzu profesionalen erabiltzaileek jakinarazten dizkioten interesak defendatzea, eta lanbideko sekretuari eustea parte hartzen duen afera guztietan.

3. Bere lanaren gaineko jakintza eta teknikak eguneratzea, eta egiten dituen lanek kalitate egokia dutela bermatzea.

4. Estatutu hauek eta haien garapenerako arauak betetzea, bai eta Elkargoko organoek ematen dituzten ebazpenak ere, bidezko diren errekurtsoak baztertu gabe.

5. Elkargoaren eguneroko kontuetan parte hartzea, estatutuetan ezarritako bideak erabiliz.

6. Eskatuz gero, Elkargoko organoen aurrean agertzea, arrazoia justifikatua dagoenetan izan ezik; Elkargoko karguak eta eginkizunak betetzea, horretarako izendatua izanez gero, eta ezarritako kuotak ordaintzea.

7. Elkargoko kideek helbide profesionala jakinarazi behar diote Elkargoari, baita helbide aldaketak ere. Elkargoaren erabakiak, deialdiak eta egin beharreko gainerako komunikazio guztiak helbide horretan jakinaraziko dira. Helbide profesionalaren aldaketa jakinarazten ez bada, aldaketak ez du ondoriorik izanen Elkargoaren kontuetarako. Jakinarazpenak baliabide elektronikoen bidez egin daitezke, elkargokideek jasotzen dituztela bermatzen bada, eta betiere legezko araudiaren arabera.

IV. KAPITULUA

Batzar Nagusiak

13. artikulua. Izaera.

Elkargokideen Batzar Nagusia Gobernu Batzordearen organo gorena da, eta arrunta edo berezia izan daiteke.

14. artikulua. Batzarrera agertzea.

Elkargokide guztiek dute Batzar Nagusiaren bilkuretara joateko eskubidea, hitza eta botoa izanik.

Elkargokideek beste elkargokide bat izendatzen ahal dute haien ordez joateko, ordezkariaren izena berariaz adierazita. Boto delegazioak Elkargoan bertan lortzen ahalko dira Batzar Nagusirako adierazitako egunaren bezpera arte. Administrazio zerbitzuek baimena ematen duen elkargokidearen sinadura haren NANarekin edo Elkargoan dagoen sinadura-txartelarekin erkatuko dute. Batzarra hasi aurretik, izendatutako ordezkariak boto delegazio hori erakutsi beharko du.

Izendatutako ordezkariak askatasunez emanen ditu bai bere botoa, baita esleitu zaizkien ordezkaritzei dagokiena ere, bozketa izenduna izan ala isilpekoa. Pertsona bakoitzak ezin ditu hamar boto delegazio baino gehiago eskuratu.

Gobernu Batzorderako hauteskundeetan ez da ordezkaritzarik onartuko. Beraz, horrelakoetan boto pertsonala erabili beharko da, edo kasu horretarako ezarritako posta bidezko prozedura.

15. artikulua. Eraketa.

Batzar Nagusia eratutzat hartzeko, elkargokideen %50 agertzea eskatuko da lehenengo deialdian, eta bigarren deialdian, berriz, zenbat-nahi kide agertuta ere, salbu eta estatutu hauetan gutxiengo zehatz bat eskatzen den kasuetarako.

16. artikulua. Deialdia eta gai zerrenda.

Batzar Nagusien eguneko gai zerrenda finkatzea Gobernu Batzordeari dagokio. Elkargokideek gai zerrendan sartzeko gaiak proposatzen ahalko dizkiote Gobernu Batzordeari, idatziz; gai horiek nahitaez aztertu beharko dira baldin eta elkargokideen ehuneko hamarren sinadurekin aurkezten badira.

Batzar Nagusirako zitazioa bilkura egin baino gutxienez hamabost egun natural lehenago bidali beharko da, postaz, mezularitza zerbitzuen bidez edo zitazioa bermatzen duen antzeko beste sistema baten bidez, are telematika bidez ere, eta zitazioarekin batera bilkuraren gai zerrenda, eguna, ordua eta tokia adieraziko dira. Batzar Nagusia berezia baldin bada, eta jorratu beharreko gaiak presakoak badira, zilegi izanen da deialdia zortzi eguneko aurrerapenarekin bidaltzea, baina, aldi berean, Nafarroan hedadura handia duen egunkari batean iragarri beharko da.

Deialdia elkargokideei igortzen zaien momentutik, gai zerrendan agertzen diren erabakiei buruzko aurrekariak eta agiriak haien eskura izanen dira Elkargoaren egoitzan.

Deialdia baliabide elektronikoen bidez egiten ahalko da, Leihatila Bakarra erabiliz, betiere teknikoki posible bada eta Elkargoko kideak jasoko duela bermatzeko modua baldin badago.

17. artikulua. Lehendakaria.

Dekanoari edo horren ordez aritzen den Gobernu Batzordeko kideari dagokio Batzar Nagusiko bilkuretan buru izatea eta haiek zuzentzea, kideei hitza ematea gai zerrendaren arabera eta bilkura bide onetik doala begiratzea. Lehendakariak ahalmena du bertaraturikoen parte-hartzeen kopurua ezartzeko, hala nola, horietako bakoitzaren iraupena, aldeko eta kontrako txandak, eta erabakiak eztabaidatu eta hartzeko modua.

18. artikulua. Erabakiak hartzea.

Erabakiak hartzeko bozketak eskua jasota edo izenez izen egin daitezke, bozketa irekiaren edo isilpekoaren bidez. Lehendakariak erabakiko du hori, bertaratzen diren kideei aditu ondoren eta hartu beharreko erabakiak nolakoak diren ikusita. Bertaratzen diren kideei iritzia eskatu ondoren, inor ere ez bada aurka agertzen, erabakiak ontzat hartu direla ulertuko da. Eguneko gai zerrendan sartu gabeko gaiei buruz ezin izanen da erabakirik hartu.

Hartzen diren erabakietan Lehiaren Babesari buruzko uztailaren 3ko 15/2007 Legean ezarritako mugak errespetatuko dira.

Batzarraren bilkura bukaturik, bertaratutako kideek zilegi izanen dute bilkuraren gainean egin nahi dituzten ohartarazpen edo kontrako argudioak idatziz agerraraztea, eta idazki hori aktari atxikiko zaio.

Erabakiak, zenbat-nahi kide azalduta ere, emandako botoen gehiengoaz hartuko dira, estatutu hauetan gai batzuentzat xedatutako kasuetan izan ezik.

19. artikulua. Bertan behera uztea.

Bilkurara agertzen diren elkargokideen kopurua, bertaratutakoak eta ordezkatuak zenbatuta, kidetuen %10etik beherakoa bada, eta gaiaren garrantzia dela-eta beharrezkoa baldin bada, lehendakariak erabaki dezake bilkura bertan behera uztea. Kasu horretan, beste deialdi bat egin beharko da hurrengo hilabetean. Batzarraren bilkura berriaren gai zerrendan bertan behera utzitako bilkuraren gai zerrendan zeuden gaiak sartu beharko dira gutxienez.

20. artikulua. Batzar Nagusi arrunta.

Batzar Nagusi arrunta urtean bitan bilduko da, honako gai zerrenda honen arabera:

1. Urteko lehenengo lau hilekoan, honako hauek aztertzeko: aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa, aurreko urteko jarduerei buruz eta egiten ari diren proiektuei buruz Gobernu Batzordeak prestatutako urteko memoria, Lanbide Elkargoei buruzko Legearen 11. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, diru-sarreren eta gastuen kontu orokorra eta aurreko ekitaldiari buruzko auditoretza-txostena onestea edo ezestea, proposamenak, galderak eta eskeak. Memoria horretan Lanbide Elkargoei buruzko Legearen 11. artikuluan ezarritako edukia jaso beharko da, eta Elkargoaren webgunean aditzera emanen da, urteko lehenengo seihilekoan.

2. Urteko azken hiruhilekoan, Batzar Nagusi arruntak aurrekontuen proiektua, proposamenak, galderak eta erreguak aztertuko ditu.

21. artikulua. Batzar Nagusi berezia.

Batzar Nagusiak bilkura berezia eginen du Gobernu Batzordeak halako deialdia egiten duen guztietan, Batzordeak berak erabakita edo elkargokideen gutxienez %5ek erabakita. Azkeneko kasu horretan, eskaeran zehatz-mehatz azalduko dira Batzar Nagusiak eztabaidatu eta erabakitzeko aurkezten diren gaiak eta proposamenak.

Bilkuraren deialdiaren gai zerrendan berariaz eta argi eta garbi aipatu ez den gairik ezin izanen da aztertu.

22. artikulua. Batzar Nagusien akta.

Batzar Nagusien akta Batzarrak berak onets dezake bilkura bukatu ondoren, edo, bestela, 2 hilabeteko epean, Batzar Nagusiko lehendakariak, idazkariak eta bilkurara joan direnen artean aukeratu beharreko bi kontu-hartzailek onetsita.

Batzar Nagusiaren hurrengo bilkuran ere onesten ahalko da.

23. artikulua. Aurkaratu daitezkeen erabakiak.

Batzarrak legez kontra hartzen dituen erabakiak, estatutuen kontrakoak direnak edo, elkargokide batzuen edo Elkargoaren beraren interesei kalte eginez, elkargokide bakar baten edo batzuen onerako diren erabakiak aurkaratzen ahalko dira.

Lege orokorretan, Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legean eta aplikagarri diren gainerako arauetan aurreikusitako kasuetan, Elkargoko organoek hartutako egintza eta erabakiak deusezak izanen dira eskubide osoz, eta deuseztagarriak.

Elkargoko kide guztiek eta Gobernu Batzordeak dute erabakiak aurkaratzeko legitimitatea. Organo kolektiboetako bileretan hartutako erabakien kasuan, elkargokidea bilera horretara agertu bazen eta han botoa emateko eskubidea baldin bazuen, beharrezkoa izanen da aurkaratutako erabakia onestearen kontrako botoa eman izana. Horren ondorioetarako, legez ezarritako kasuetan, Elkargoko kideek eskatzen ahalko dute beren desadostasun botoa agerrarazteko.

Gobernu Batzordeak uste badu Batzarraren erabaki bat estatutuen kontrakoa dela, haren betearazpena atzeratu, eta hurrengo 40 eguneko epean deituko duen Batzar Nagusi berezi batean berriz aztertzea erabakiko du. Erabakia berresten bada, bertaratu diren kide guzti-guztiek sinatu beharko dute akta nahitaez, bakoitzak emandako botoa adierazita, izen eta guzti.

Gobernu Batzordeak uste badu erabaki horiek korporazioaren jardunaren kontrakoak direla edo ohiz kanpoko garrantzia edo eragina dutela, edo legearen edo estatutu hauen kontrakoak direla, bost eguneko epean eten eginen ditu erabaki arrazoitu baten bidez, Espainiako Ekonomisten Elkargoen Kontseilu Orokorrak ebatzi arte, txosten arrazoitu bat bidaliko baitzaio sortutako egoeraren berri emateko, eta kontseilu horrek hamar eguneko epean ebatzi beharko du. Etenaldia berretsiz gero,Elkargoko dekanoak auzitegira bidaliko du espedientea, etendako egintzaren legezkotasunari buruz ebatz dezan.

V. KAPITULUA

Gobernu Batzordea

24. artikulua. Elkargoko zuzendaritza organoa.

Elkargoko Gobernu Batzordea da Elkargoko zuzendaritza organoa.

25. artikulua. Osaera.

Gobernu Batzordearen Osoko Bilkura honako kide hauek osatuko dute: dekanoa, dekanordea, idazkaria, idazkariordea, diruzaina, diruzainordea, eta sei batzordekide. Elkargoan kide gehiago sartuz gero, Batzar Nagusiak erabaki dezake batzordekideen kopurua handitzea, 12 arte.

26. artikulua. Karguak hautatzeko modua.

Gobernu Batzordeko kideak zuzeneko eta isilpeko bozketaren bidez hautatuko dira. Elkargoko kide guztiek parte har dezakete bozketan, deialdiaren egunerako, gutxienez, 90 eguneko antzinatasuna baldin badute Elkargoan.

27. artikulua. Agintaldia.

Gobernu Batzordeko kideen agintaldiak lau urte iraunen du, eta, bukatutakoan, berriz aukeratzen ahalko dira.

28. artikulua. Bateraezintasunak.

Honako hauek Gobernu Batzordeko karguak betetzeko bateraezintasuna dute: ministroak, idazkariordeak, estatuko idazkariak, idazkari nagusiak, zuzendari nagusi eta idazkari tekniko nagusiak (eta aurreko horien guztien maila bera duten administrazio publikoetako kargudunak), diputatuak, senatariak eta autonomia erkidegoetako legebiltzarretako kideak.

29. artikulua. Batzordeko kargu hutsak.

Gobernu Batzordean hutsik gelditzen diren tokiak Gobernu Batzordearen erabaki bidez beteko dira, ordezkatzen diren kideen agintaldia bukatu arte.

Dekanoaren, dekanordearen, idazkariaren eta diruzainaren ordezkoek Batzordeko kide izan beharko dute aurretik. Gainerako kideen ordezkoak ez dira nahitaez Gobernu Batzordeko kide izan behar aurretik, baina, gutxienez, laurogeita hamar eguneko antzinatasuna eduki beharko dute Elkargoan.

30. artikulua. Hutsik dauden tokiak batzordekideen kopuruaren erditik gorakoak izatea.

Batzordean bata bestearen atzetik edo aldi berean hutsik gelditzen diren karguen kopurua hasiera batean hautatuko batzordekideen erdiek egiten dutena baino handiagoa bada, aldez aurreko hauteskundeetarako deialdia eginen da.

Kasu horretan, gainerako batzordekideek eta, kasua bada, idazkariak edo horren eginkizunak bere gain hartzen dituenak Hauteskunde Batzordea biltzeko deia eginen dute, Estatutuen 48. artikuluari jarraikiz, eta batzorde horrek lehenbailehen egin beharko du hauteskundeetarako deialdia.

VI. KAPITULUA

Gobernu Batzordearen eskumenak

31. artikulua. Eskumenak.

Gobernu Batzordeak Elkargoa administratzeko eta haren helburuak lortzeko eskumenak ditu, eta, horri dagokionez, Batzar Nagusiari berariaz esleitu ez zaizkion ahalmen guztiak erabiliko ditu.

Zehazki, honako hauek dagozkio:

A) Elkargokideei dagokienez:

1. Elkargokideak onartzeari buruz erabakitzea.

2. Elkargokideek ordaindu beharreko kidetze-kuotak eta zerbitzuak erabiltzeagatiko eskubideak proposatzea.

3. Peritu gisa esku hartzera joan beharreko elkargokideen izendapenen berri ematea epaitegiei eta bestelako agintaritzei, eta, horretarako, jarduketa profesionalerako txanda bat edo gehiago ezartzea, horretarako onesten dituen funtzionamendu arauei jarraikiz.

4. Elkargokideei aholku ematea beren lanbide jardueraren gainean egiten dituzten zentzuzko erreklamazioei buruz, finkatzen diren aurrekontu-mugen barrenean. Horrelakoetan, haien ordezkari gisa ere jardun dezake edonolako entitate publikoen eta pertsona pribatuen aurrean.

5. Elkargokideei dagokienez, diziplina arloko ahalmenak erabiltzea.

6. Kostuen tasazioen kasuan, zerbitzu-sari profesionalen kobraketaren kudeaketa bere gain hartzea, erabaki bidez, aurreikusita badago eta horretarako zerbitzu bat baldin badago.

7. Elkargokideek lanbide jardueran begiratu beharreko arauak ezartzea, estatutu hauen 59. artikuluan aipatutako arloetan, harik eta barne araudi bat onetsi arte, edo, onetsi ondotik ere, hura aplikatuz eta garatuz, eta, horrez gainera, estatutu hauek eta Elkargoaren gaineko arauak interpretatzea.

8. Ekonomistek lanbide jarduerari buruzko arauak bete ditzaten jardutea, hala beste elkargokide batzuenganako begiruneari dagokionez, nola beren zerbitzu profesionalen erabiltzaileei dagokienez.

9. Ekonomisten lanbide jardueran beharrezkoa den independentziaz jokatzen dela begiratzea.

10. Ahaleginak egitea ekonomistek zerbitzu profesionalen kalitateari eutsi diezaioten eta beren jakintza egunera dezaten, eta galaraztea kasuan-kasuan behar den titulazioa edo jakintza ez dutenek lanbide honetan jardutea.

11. Batzar Nagusiaren bilkuretarako deia eta Gobernu Batzordeko karguak hautatzeko deia egitea.

12. Ekonomistek egiten dituzten lan profesionalak gauzatzeko moduari buruz edo ordainsariei buruz sortzen diren desadostasunak ebaztea laudo bidez, alderdi interesdunek eskatuta.

13. Ahaleginak egitea ekonomisten enplegu indizeak ahalik eta handienak izan daitezen.

14. Elkargoaren helburuak betetzeko beharrezkoak diren atalak edo batzordeak sortzea, eta haien funtzionamendu arauak onestea.

15. Elkargoaren helburuak hobeki betetzea helburu, mota guztietako entitate publiko edo pribatuekin lankidetza hitzarmen edo akordioak sinatzea.

16. Elkargoaren argitalpenen edizioen gainean ebaztea, argitalpen bakarra izan edo aldizkakoa, eta, kasua bada, haietako erredakzio eta zuzendaritza taldeko kideak izendatzea.

17. Prestakuntza eta espezializazio jarduerak antolatzea, horiek zuzenean kudeatzeko edozein formularen bidez edo beste entitate batzuekin itunduz; hala badagokio, ikastetxe edo unibertsitate institutuak sortzea eta hango jardueretan parte hartzea.

18. Gutxi gorabeherako zerbitzu-sariak proposatzea, kostuen tasazioaren ondorietarako, bakar-bakarrik.

19. Oro har, legezko xedapen baten bidez edo estatutuen bidez, Gobernu Batzordeari, dekanoari edo Elkargoko beste organo batzuei berariaz esleitu ez zaizkien gainerako eskumen guztiak.

B) Erakunde publikoei dagokienez:

1. Elkargokideak defendatzea beren lanbide eginkizunetan.

2. Agintaritza guztien aurrean eskeak egiteko eskubidea erabiltzea.

3. Ekonomia eta Enpresa Zientzien fakultateetako ikasketa planak prestatzen parte hartzea.

4. Ekonomiako edo horri loturiko beste ikasgai batzuetako unibertsitateekin eta ikastetxeekin lankidetza akordioak sinatzea ikasketa maila guztietan.

5. Ekonomiako titulu fakultatiboren bat eskatzen duten enplegu publikoaren deialdietako programak prestatzen laguntzea eta haietarako mahaikideak izendatzea.

6. Ekonomia eta Enpresa Zientzien ikerkuntza eta irakaskuntza sustatzea, baita ekonomiaren eta enpresaren arloko beste gradu eta graduondo baliokide batzuena ere.

7. Administrazio Publikoek eskatzen dizkioten arloei buruzko txostenak eta irizpenak ematea, eta ekonomistak izendatzea eginkizun berezi batzuetarako, edonolako agintaritzek haien parte-hartzea eskatzen duten kasuetan.

8. Elkargoa ordezkatzea ekitaldi ofizialetan.

C) Elkargoaren baliabideei dagokienez:

1. Elkargoaren baliabideak, ondarea eta mota guztietako ohiko eta ohiz kanpoko diru-sarrerak administratzea.

2. Elkargoaren urteko aurrekontuen proiektua eta ekitaldi ekonomiko bakoitzeko kontuak Batzar Nagusira eramatea, onets ditzan.

32. artikulua. Deialdia.

Gobernu Batzordea hiru hilean behin bilduko da, gutxienez, eta, betiere, dekano-lehendakariak deialdia egiten duen guztietan edo Batzordeko kideen laurden batek eskatuta.

Bilkura arrunten deialdia gutxienez zazpi egun lehenago egin beharko da, eta gai zerrenda erantsiko zaio.

Presako kasuetan, bilkura berezietarako deialdiak egiten ahalko dira, 12 ordu lehenagotik abisatuta.

Deialdia egiten denetik bilkura hasi arte, jorratu beharreko gaien espedienteak Gobernu Batzordeko kideen eskura izanen dira, aztergai.

Bileren deialdia eta bilerak berak baliabide elektroniko eta telematikoen bidez egin daitezke, betiere posible bada eta kideek parte hartzen dutela eta erabakiak jasotzen direla bermatzen bada.

Batzordearen bilkuretara joatea nahitaezkoa da. Kideren batek jarraian hiru bileratara huts eginez gero, edo urte batean bost bileratara, bidezkoa izanen da ulertzea batzordekide izateari uko egiten diola isilbidez, modu errebokaezinean; hori baino lehen, ukitutako kideari entzutea emanen zaio.

33. artikulua. Erabakiak hartzea.

Gobernu Batzordearen erabakiak baliozkoak izateko, beharrezkoa izanen da, lehenengo deialdian, kideen %50 bertara agertzea edo ordezkatuak egotea.

Ordubete geroago, bigarren deialdian, aski izanen da Batzordeko bost kide bertan egotea, baina horietako bat dekanoa izan beharko da, edo hark berariaz eskuordetutako pertsona.

Erabakiak bertaratu diren edo han ordezkaturik dauden botoen gehiengoaz hartuko dira. Botoen ordezkaritza emateko, aski izanen da agertu behar ez den batzordekidearen idatzizko baimena aurkeztea, ordezkariaren izen-abizenak eta Batzordearen zein bileratarako den zehaztuta. Pertsona bakar batek ezin ditu hiru boto delegazio baino gehiago bildu.

Proposamenak baiespen bidez onetsiko dira, bertaraturiko kide bat ere ez bada aurka agertzen, edo inork bozketa egiteko eskatzen ez badu; edo bozketaren bidez, eta, kasu horretan, bozketaren emaitza aktan jaso beharko da.

Aktetan, bilkurara agerturiko kideak eta aztertu eta hartutako erabakien laburpen txiki bat jasoko dira. Aktak bilkura bakoitza bukatutakoan onetsiko dira, edo hurrengo bilkuran. Bilkurara agertzen direnek eskubidea dute aktan ohartarazpenen bat jaso dezatela eskatzeko, bai eta Batzordeak hartutako erabakiren bati norberak emandako botoa ere.

Hartzen diren erabakietan Lehiaren Babesari buruzko uztailaren 3ko 15/2007 Legean ezarritako mugak errespetatuko dira.

34. artikulua. Dekanoa.

Dekanoari dagokio erregelamenduzko arauak eta organo gorenek eta Elkargoak berak hartzen dituen erabakiak betetzen direla begiratzea. Horrez gainera, eginkizun hauek ere izanen ditu:

1. Gobernu Batzordearen eta Batzar Nagusien bilkura guztien deialdiak egitea eta haietan buru aritzea; bilkurak hastea, zuzentzea eta bukatutzat ematea.

2. Batzordeak izendatzea, eta, egoki iruditzen bazaio, haietan buru izatea.

3. Elkargoak jaulkitzen dituen agiriak baimentzea, haiek sinatuz, eta, idazkariak jaulkitzen dituen ziurtagiriak badira, sinatu eta ontzat ematea.

4. Gobernu Batzordearen eta Batzar Nagusien bilkuren aktak sinatzea, idazkariarekin batera.

5. Azken batean, Gobernu Batzordeak eta Batzar Nagusiek hartzen dituzten erabakiak betetzen direla begiratzea, eta, orobat, Elkargoaren eta elkargokideen izen ona eta ohorea begiratzea arlo profesionalari dagokionez.

Ahalmen horiek guztiak erabiltzeko, dekanoak agintaritza gorena eta kalitatezko botoa izanen ditu, eta, horregatik, bere xedapenak onartu beharko dira, haien kontra jar daitezkeen errekurtsoak deusetan galarazi gabe.

Dekanoak, edo estatutu bidez haien tokia hartzen duenak, bere gain hartzen du Elkargoaren legezko ordezkari izatea Administrazio Publikoen aurrean, erakunde publikoen aurrean eta mota guztietako pertsona fisiko edo juridiko publiko edo pribatuen aurrean, Elkargoaren helburuak betetzeko beharrezkoak edo egokiak diren kanpo jarduketa guztietan. Halaber, mota guztietako egintza juridikoak egiten ahalko ditu, alde bakarrekoak edo alde bikoak, baita agerraldiak, egilespenak eta dokumentu publiko zein pribatuak sinatzeko egintzak ere, betiere estatutuen arabera bere esku utzitako arloetan edo, beste organo batzuen eskumena izanda ere, haiek gauzatzea bidezkoa den kasuetan. Azkeneko kasu horretan, egiaztatu beharko du zein erabaki betetzeko jarduten duen.

35. artikulua. Dekanordea.

Dekanordeari dagokio dekanoaren ordez aritzea hura kanpoan denean, ezin duenean edo kargua hutsik dagoenean, eta, orobat, dekanoak eskuordetzen dizkion eginkizun guztiak bere gain hartzea.

Dekanoa eta dekanordea kanpoan badira edo ezindurik badaude, Batzordeko gainerako kideak izanen dira haien ordezko, estatutu hauen 25. artikuluan ezarritako ordenari jarraikiz. Nolanahi ere, idazkaria eta idazkariordea ezin dira izan haien ordezko.

36. artikulua. Idazkaria.

Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

1. Gobernu Batzordearen eta Batzar Nagusien bilkuretarako eta Elkargoaren beste ekitaldietarako deialdien zitazioak erredaktatu eta bidaltzea, dekano-presidenteak emanen dizkion aginduei jarraikiz.

2. Gobernu Batzordearen eta Batzar Nagusien bilkuretako aktak erredaktatzea, lehendakariarekin batera sinatzea eta onetsi ondoren behar den liburuan kopiatu daitezela begiratzea.

Bilkuretako aktak jarduneko idazkariak edo horren ordezkoak erredaktatuko ditu kasuan kasuko organoaren bilkura egin eta hurrengo bost eguneko epean, eta idazkariak sinatu eta lehendakariak ontzat ematearekin batera berehalakoan onetsitzat hartuko dira eta erabateko eraginkortasuna izanen dute, deusetan galarazi gabe onespena kasuan kasuko organoaren hurrengo bilkuran berretsi beharra.

3. Bi akta liburu eramatea, bata Gobernu Batzordearen bilkuretarako, eta bestea Batzar Nagusien bilkuretarako.

4. Gutunen sarrerak eta irteerak erregistratzeko liburuak eramatea edo eramaten direla begiratzea, baita Elkargoaren dokumentazioaren artxiboa ere, Lanbide Sozietateen Erregistroa barne.

5. Elkargoari bidaltzen dizkioten gutun eta eskaera guztiak jasotzea, eta haien berri ematea lehendakariari, ahoz edo idatziz.

6. Bidezko diren ziurtapenak egitea, lehendakariaren ikus-onespenarekin.

7. Urteko memoria erredaktatzea, Batzar Nagusiak onets dezan hura biltzeko deialdia egiten denean, kasuan kasuko urtea bukatutakoan.

8. Elkargoaren Leihatila Bakarraren eta haren funtzionamenduaren arduraduna izatea.

9. Era berean, elkargokideei eta kontsumitzaileei edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzuaren arduraduna izanen da.

10. Idazkaria kanpoan denean, ezin duenean edo kargua hutsik dagoenean, idazkariordea arituko da haren ordez.

37. artikulua. Diruzaina.

Diruzainari dagokio behar dena proposatzea Elkargoaren baliabideak hobeki administratzeko, Gobernu Batzordeak egindako sinadura mankomunatuaren baimenen arabera.

Kontabilitate agiriak eta liburuak gainbegiratzea eta urteko kontuak eta kontabilitatea prestatzea ere hari dagokio, hala nola Gobernu Batzordera eramatea urteko aurrekontuen proiektuak, gero Batzar Nagusira eramanen direnak.

Diruzaina ordeztea diruzainordeari dagokio, edo, hori ezean, dagokion batzordekideari, ezarritako ordenari jarraikiz.

Elkargoaren urteko memoria prestatzeaz arduratuko da. Gero, memoria hori Kontseilu Orokorrera igorri beharko da, garaiz, ekonomisten elkargo guztien memoria agregatua prestatu ahal izateko.

38. artikulua. Batzordekideak.

Batzordekideek Batzordeak berak esleitzen dizkien eginkizunak izanen dituzte.

39. artikulua. Idazkari teknikoa (kudeatzailea).

Idazkari teknikoak (kudeatzaileak) bere gain hartuko du Elkargoaren zerbitzu administratibo guztiak, Leihatila Bakarra eta kontsumitzaile eta erabiltzaileei arreta emateko zerbitzua koordinatzeko lana, eta Gobernu Batzordearen eta Batzorde Iraunkorraren bileretara joanen da, hizpidea bai baina boto eskubidea izan gabe; haien erabakiak betearaziko ditu idazkariaren zuzendaritzapean.

VII. KAPITULUA

Hauteskundeak

40. artikulua. Deialdia.

Gobernu Batzordeak eginen du hauteskundeetarako deialdia, haiek egiteko finkatutako eguna baino 60 egun natural lehenago.

Hauteskunde-deialdia egiteko erabakia hartu eta hurrengo bost eguneko epean, deialdia elkargokideei igorri beharko zaie, eta, epe horretan berean, Nafarroan zabalkunde handia duen egunkari batean argitaratuko da.

Hauteskunde-deialdia elkargokideei jakinarazi eta argitaratzeko, eta prozedura bitartean ere, legez onarturiko edozein baliabide erabil daiteke, are baliabide telematiko eta elektronikoak eta Leihatila Bakarra ere.

41. artikulua. Hauteskunde errolda.

Boto eskubidea duten elkargokideen hauteskunde errolda Elkargoaren egoitzan ikusgai jarriko da hauteskundeen eguna baino 45 egun lehenagotik gutxienez. Erreklamazioak, halakorik badago, errolda ikusgai jarri ondoko bost eguneko epean aurkeztuko dira, eta aurkeztu ondoko hiru eguneko epearen barrenean ebatziko dira.

Hauteskunde errolda Leihatila Bakarrean argitaratzen ahalko da. Kasu horretan, Elkargoko profesionalen gaineko datu publikoak Omnibus Legearen arabera eta datuak babesteko legediaren arabera agerraraziko dira.

42. artikulua. Hautagaiak.

Gobernu Batzordearen edozein kargu betetzeko hautagai gisa aldarrikatua izateko, hautesle izan beharra dago, Elkargoaren jarduketa eremuaren barrenean bizi eta, hauteskundeen egunean kontatuta, bi urtetik gorako antzinatasuna izan Elkargoko kide gisa.

Zehapen baten bidez Elkargoko kide izaera etena duten elkargokideak (ezarri zaien zehapenak iraun bitartean) edo behin betiko baja eman zaien elkargokideak ezin dira hautagai gisa aldarrikatu, non eta ez duten errehabilitazioa egiten.

43. artikulua. Hautagai-zerrenden aurkezpena.

Gobernu Batzorderako hautagai-zerrendak hamar hauteslek edo gehiagok proposatuko dituzte, hauteskundeak egiteko finkatutako eguna baino 30 egun natural lehenago gutxienez. Kalkulu hori egiteko, hauteskunde eguna ez da aintzat hartuko. Hautagai bat ezin da hautagai-zerrenda batean baino gehiagotan agertu. Aurkezpenean, hautagai berak ager daitezke.

Hautagai-zerrenden proposamenean hautatu beharreko karguak adina hautagai agertu beharko dira, eta, horiez gainera, bi ordezko, gutxienez. Orobat, zerrendaren izenean arituko den ordezkari baten izena eta helbidea adierazi beharko dira, hori arduratuko baita hauteskunde prozesuaren gaineko erabakien jakinarazpenak jasotzeaz. Ordezkaririk izendatzen ez bada, dekano izateko proposatzen den pertsonak hartuko du bere gain hautagai-zerrendaren ordezkaritza.

44. artikulua. Hautagaiak aldarrikatzea.

Hautagaien aldarrikapena Hauteskunde Batzordeak eginen du, zerrendak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo berrogeita zortzi orduko epean, betiere aurkezten diren pertsonek botoa eman ahal izateko estatutu hauen 28. artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

45. artikulua. Zerrendak elkargokideei igortzea.

Elkargoko zerbitzu administratiboek aldarrikatzen diren hautagaien zerrendak eta botoa postaz emateko behar den dokumentazioa elkargokide guztiei igorriko dizkiete, hauteskundeak egiteko finkatutako eguna baino hamabost egun lehenago gutxienez, legez onartuta dauden sistemen bidez.

Hautagaiek aldarrikapenari uko egiten ahalko diote hauteskundeak egin baino hiru egun lehenago arte. Hautagairen batek baja hartuz gero, lehenengo ordezkoak hartuko du haren tokia, proposatzen den ordenari jarraikiz.

46. artikulua. Hauteskunde Batzordea.

Eratuko den Hauteskunde Batzordeari dagokio hauteskunde prozesua zuzentzea eta gerta daitezkeen erreklamazio eta gorabeherak ebaztea.

Hauteskunde Batzordea honako hauek osatuko dute: batzordeburua, aldatu behar den Gobernu Batzordeak izendatu beharrekoa izen handiko ekonomisten artean; eta lau batzordekide, zozketaz aukeratuak, deialdia egin aurreko hamar urteko epean Gobernu Batzordeko kide izan direnen artean, eta, horrelakorik ez badago, boto eskubidea duten elkargokide guztien artean.

Bateraezina da Hauteskunde Batzordeko kide izatea eta, aldi berean, hautagai-zerrenda bateko proposatzaile, hautagai, artekari edo ordezkaria.

Hauteskunde Batzordeko kideak izendatzeko ekitaldia hauteskunde-deialdiaren erabakia hartu eta hurrengo hiru eguneko epean eginen da.

47. artikulua. Hauteskunde Batzordeko karguak onartzea.

Hautapena egin eta hurrengo berrogeita zortzi orduko epean, Hauteskunde Batzordeko kideei dei eginen zaie karguak onartzeko eta organoa eratzeko.

Batzordea eratzeko kide aski biltzen ez badira, aurreko Gobernu Batzordeetako kide izan direnik ezean, zozketa eginen da botoa emateko eskubidea duten elkargokideen artean, Hauteskunde Batzordeko kideen kopurua osatu arte.

Hauteskunde Batzordeak idazkaria eta batzordeburuordea aukeratuko ditu batzordekideen artetik. Batzordeburuordeari dagokio batzordeburu lanetan aritzea hura kanpoan edo ezindurik dagoenean.

48. artikulua. Hauteskunde Mahaia.

Bozketarako finkatutako egunean, Hauteskunde Batzordea Hauteskunde Mahai bilakatuko da, deialdian adierazitako tokian bertan bozketa prozesua gidatzeko.

Hauteskunde Batzordeko kideak bozketatik lekutu daitezke aldi baterako, baina gutxienez bik bertan egon behar dute.

49. artikulua. Botoa emateko modua.

Elkargoko kideek zuzenean ematen ahalko dute botoa bozketarako adierazten den ordutegiaren barrenean. Ordutegi hori zortzi ordukoa izanen da, gutxienez. Botoa posta ziurtatuaren bidez ere bidaltzen ahalko dute. Horretarako, boto-papera eta bozketako gutun-azala beste gutun-azal batean sartu beharko dituzte, eta gero hura sinatu eta itxi beharko dute, igorlearen izena eta elkargokide zenbakia adierazita.

50. artikulua. Boto-paperak.

Botoa postaz emateko boto-paperak eta gutun-azalak Elkargoak emanen duen ereduaren formato eta kolore berekoak izanen dira, eta bozketa bukatu baino lehen jaso beharko dira Elkargoan, hautagaiak aldarrikatu ondoren.

Horretarako, elkargoko idazkariak edo haren eginkizunak bere gain hartzen dituenak liburu batean erregistratuko ditu jasotako gutun-azalak, behin sinadurak erkatu ondoren, eta gertatutako gorabeherak jasoko ditu, horrelakorik baldin badago, bozketaren egunean hautagaiek edo artekariek aisago egiaztatu ahal izateko.

51. artikulua. Hauteskunde-eguna.

Hauteskunde Mahaia eratu ondoren, adierazitako orduan hasiko da bozketa. Mahaiko kide batek egiaztatuko du boto-emaileak bozketan parte hartzeko eskubidea duela, eta boto-papera hautestontzian sartuko da emandako gutun-azalaren barrenean.

Hautestontzi bakarra edo gehiago jartzen ahalko dira. Bat baino gehiago badira, hautesleak ordena alfabetikoaren arabera banatuko dira, eta denbora guztian gutxienez mahaikide bat izanen da, arduradun, hautestontzi bakoitzean.

Uneoro, honako materiala eduki beharko da hautesleen eskura: boto-paper inprimatuak hautagai-zerrenda bakoitza osatzen duten izenekin, boto-paper txuri bat, hautagai bat edo gehiago aukeratu eta haiei botoa eman ahal izateko, eta bozketako gutun-azalak, boto-paperak sartzeko.

52. artikulua. Artekariak.

Hautagai-zerrenda bakoitzak hiru artekari izendatzen ahalko ditu gehienez. Izendapen hori gorabehera, hautagaiek beraiek eta hautagai-zerrendetako ordezkariek ere, hala badagokio, jardun dezakete bozketa prozesuan.

Hautagai-zerrenda bakoitzeko hautagai, artekari edo ordezkari bat denbora guztian izan daiteke Hauteskunde Mahaiaren saioetan, hizpidea izanik baina botorik gabe. Mahaiari eskaerak eta erreklamazioak egiten ahalko dizkio, eta beharrezkotzat jotzen dituen oharrak aktan jasotzeko eskatu, baina bozketa eten gabe.

53. artikulua. Hauteskunde zerrendak.

Hautesleek zerrenda jakin bateko hautagai guztiei edo batzuei ematen ahalko diete botoa, edo zerrenda desberdinetan agertzen diren hautagaiak aukeratzen ahalko dituzte, baina, betiere, aldarrikatutako hautagai bakoitzaren ordena eta kargua errespetatuz eta Batzordeko kargu bakoitzerako aldarrikatu diren hautagai guztien artetik bat bakarra aukeratuz.

54. artikulua. Posta bidezko botoa.

Zuzenean ematen den botoak aurretik postaz bidalitakoa baliogabetuko du. Hautesle berak postaz bidalitako boto bat baino gehiago jasoz gero, denak balio gabe utziko dira.

Bozketa bukatutakoan, postaz jasotako baliozko botoekin honela jokatuko da: igorritako kanpoko gutun-azala irekiko da eta bozketa-papera daraman barreneko gutun-azala hautestontzian sartuko da.

55. artikulua. Boto-kontaketa.

Horren ondotik, boto-kontaketa eginen da, bozketako gutun-azala irekiz eta boto-paperean jartzen duena ozenki irakurriz.

Kontaketa bukatutakoan, Hauteskunde Mahaiak emaitza aldarrikatuko du, eta bozketaren berri emateko akta eginen, honako hauek adierazita: gertaturiko gorabeherak; hautesleek, hautagaiek, mahaiko kideek edo hautagai-zerrendetako artekariek egindako erreklamazioak, eta Mahaiak horien gainean hartutako erabakiak; hautesleen kopurua; emandako botoen kopurua; boto baliodunen, baliogabeen eta zurien kopurua; eta hautagai bakoitzak lortutako azken emaitza.

Akta Mahaiko kideek eta hautagai-zerrenda bakoitzeko kide batek edo haren ordezkari edo artekariak sinatuko dute, eta, harekin batera gordeko dira berariazko erreklamazioren bat izan duten boto-paper edo bozketako gutun-azalak, aktari atxikitzea eskatu baldin bada. Gorabeherarik gabe zenbatutako gainerako botoak Elkargoko zerbitzu administratiboek suntsituko dituzte.

56. artikulua. Boto baliogabeak.

Boto baliogabeak honako hauek izanen dira: eredu ofizialean ez beste batean ematen direnak, boto-emailearen bozkaren nondik-norakoa edo aukeratzen den hautagaia edo kargua argi eta garbi ezagutzea zailtzen duten gehigarri, zuzenketa edo aldaketak dituztenak, eta bozketako gutun-azalean hautagai-zerrenda baten baino gehiagoren boto-paperak dituztenak.

Gutun-azalean hautagai-zerrenda bereko boto-paper bat baino gehiago sartzen badira, haren aldeko boto bakarra zenbatuko da.

Uko egin duten edo aldarrikatu ez diren hautagaiak agertzen dituzten boto-paperak baliozkoak izanen dira, baina prozesuan jarraitzen duten hautagaien aldeko botoak baizik ez dira zenbatuko.

57. artikulua. Hauteskundeen inguruko erreklamazioak.

Hauteskunde prozesuko gorabehera eta eztabaiden gainean lehen auzialdian ebaztea Hauteskunde Batzordeari dagokio.

Hauteskunde Batzordearen erabakien aurka errekurtsoa jartzen ahalko da Ekonomisten Elkargoen Kontseilu Orokorrean, hura jakinarazi eta hiru eguneko epean.

Errekurtsoa jarri eta bost egun igarotzen badira berariazko ebazpena eman gabe, errekurtsoa administrazio isiltasunez ezetsi dela ondorioztatutako da, eta hortxe bukatuko da bide korporatiboa.

Errekurtsoak Hauteskunde Batzordeari zuzenduak aurkeztuko dira, eta horrek, bere txostena erantsi, eta Ekonomisten Elkargoen Kontseilu Orokorrari igorriko dizkio hurrengo hogeita lau orduko epean.

58. artikulua. Jabetza hartzea.

Aurreko artikuluan errekurtsoa aurkezteko epea inolako errekurtsorik aurkeztu gabe bukatzen bada, edo, baten bat jarrita ere, berariaz edo isilbidez ezesten bada, hautatzen den Gobernu Batzordeko kideek karguen jabetza hartuko dute eta lanean hasiko dira bost eguneko epean.

Gobernu Batzorde berriak karguen jabetza hartu arte, aurrekoak segituko du lanean, hauteskunde prozesuaren inguruko gaietarako izan ezik; izan ere, estatutu hauen arabera eginkizun horiek Hauteskunde Batzordeari dagozkio.

VIII. KAPITULUA

Barne araudia

59. artikulua. Elkargoaren barne araudia.

Elkargoaren barne araudia Batzar Nagusiak onetsiko du, eta bertan estatutu hauetako xedapenak garatzen ahalko dira, hemengo edukia errespetatuta betiere.

IX. KAPITULUA

Elkargoaren baliabide ekonomikoak

60. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Ekonomisten Nafarroako Elkargoak erabateko gaitasun juridikoa du, eta, orobat, ekonomia eta ondare arloan jarduteko gaitasuna bere helburuak lortzeko.

Honako hauek dira Elkargoaren baliabideak:

1. Elkargoan sartzeko kuota arruntak, eta, horrelakorik bada, aldizkako kuotak eta ohiz kanpokoak. Kuota horien guztien zenbatekoa eta maiztasuna Elkargoaren urteko aurrekontuetan ezarriko dira.

Inskripziorako edo kidetzeko kuota ezin da izan inskripzioa tramitatzeari lotutako kostuak baino handiagoa. Dena dela, Gobernu Batzordeak kuoten zenbatekoa berrikusteko ahalmena izanen du, baina berrikuspen hori Batzar Nagusiak berretsi beharko du hurrengo urteko aurrekontuetan.

2. Agiriak jaulkitzeagatik, sinadurak legeztatzeagatik eta irizpenak, laudoak eta antzeko agiriak emateagatik kobratzen diren eskubideak.

3. Elkargokideei ematen zaizkien inprimakiak jaulkitzeagatik kobratzen diren eskubideak, eta Elkargoaren edizio eta argitalpenetatik datozen diru-sarrerak.

4. Elkargoak antolatzen dituen ikastaro, mintegi eta beste ekitaldi batzuetarako inskripzio-kuotak.

5. Elkargoko organoek zuzenean beren gain hartzen dituzten txosten, irizpen edo peritu-lanengatiko zerbitzu-sariak, legez ezarritako kasuetan, entitate publikoek edo partikularrek eskatuta.

6. Elkargoaren ondare-elementuen errentak eta interesak.

7. Pertsona fisiko edo juridikoengandik jasotzen ahal dituen diru-laguntzak, jaraunspen edo dohaintzak.

8. Elkargoak lortzen duen beste edozein diru-sarrera.

61. artikulua. Urteko aurrekontuak.

Indarreko aurrekontuak hurrengo ekitaldi ekonomikora arte luzatutzat hartuko dira baldin eta, une horretara iritsita, aurrekontu berririk onetsi ez bada. Halakoetan, langileriaren arloan aplikagarri diren xedapenen ondorioz edo Gobernu Batzordearen erabakien ondorioz beharrezkoak diren zenbatekoak edo kontu-sailak erantsiko dira, behin-behinekoz, harik eta Elkargoak aurrekontu berriak onetsi arte.

62. artikulua. Kontuen gaineko informazioa.

Elkargoaren urteko kontuak elkargokideen eskura egonen dira Batzar Nagusia egiteko finkatutako eguna baino hamabost egun lehenagotik, Batzarra hasi baino berrogeita zortzi ordu lehenago arte.

Batzarra hasi aurretik, elkargokideek ekitaldi ekonomikoari buruzko edozein daturen gaineko eskakizun zehatzak egin ditzakete, betiere elkargokideen %2k baino gehiagok eskatuz gero.

X. KAPITULUA

Konfiantzazko botoa

63. artikulua. Elkargoaren kudeaketa-lanaren berrespena.

Gobernu Batzordeak erabakita edo elkargokideen %15ek eskatuta, Batzar Nagusi Berezi batean bozkatuko da Gobernu Batzordearen kudeaketa-lana elkargokideen konfiantzazkoa ote den. Botoak, beti, Batzordeko kide guztiengan izanen du eragina.

Batzordearen kudeaketa-lanean konfiantzarik ez dagoela ondorioztatzeko, horren aldeko botoak erdiak gehi bat izan beharko dira, eta, gainera, boto horiek deialdiaren unean botoa emateko eskubidea duten elkargokideen %25 edo gehiago izan beharko dira. Halakoetan, hauteskunde prozesu bat irekiko da, eta bitartean aurreko Batzordeak segituko du lanean, Hauteskunde Batzordeari esleitutako eskumenen ondoriozko gaietarako izan ezik, harik eta hautatzen diren batzordekideek karguaz jabetu arte.

XI. KAPITULUA

Elkargoaren beste zerbitzu batzuk

64. artikulua. Leihatila Bakarra.

1. Elkargoak badu web orri bat, ekonomistek lanbidean aritzeko eta Elkargoan kidetu edo baja hartzeko beharrezkoak diren tramite guztiak egin ditzaten toki bakar batetik, baliabide elektronikoak eta urrutikoak erabiliz, hori guztia Zerbitzu Jardueretan Libreki Hasi eta Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean ezarritako Leihatila Bakarraren bitartez.

Leihatila horren bidez ekonomistek aukera izanen dute honako hauek dohainik egiteko:

a) Lanbide jardueran hasteko eta aritzeko beharrezkoak diren informazio eta inprimaki guztiak eskuratzea.

b) Beharrezkoak diren agiri eta eskabide guztiak aurkeztea, Elkargoko kide egitekoa barne.

c) Interesdun gisa agertzen direneko prozeduren tramitazioaren egoera zein den jakitea, eta aginduzko tramite-egintzen jakinarazpena eta Ekonomisten Nafarroako Elkargoak horien gainean ematen duen ebazpena jasotzea, diziplinazko espedienteen jakinarazpena barne, beste bide batzuen bitartez egitea ezinezkoa denean.

d) Batzar Nagusi arrunt eta berezietarako deialdiak jasotzea eta Ekonomisten Nafarroako Elkargoaren jarduera publiko eta pribatuaren berri izatea.

2. Kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak hobeki babesteko asmoz, Elkargoak honako informazio hau emanen du argi, garbi eta dohainik Leihatila Bakarraren bitartez:

a) Elkargokideen Erregistroan sartzeko aukera. Erregistro hori etengabe eguneratua egonen da, eta datu hauek bilduko ditu gutxienez: kidetutako profesionalen izen-deiturak, bakoitzaren kide zenbakia, titulu ofizialak, lanbiderako helbidea eta lanbide gaikuntzako egoera.

b) Lanbide Sozietateen Erregistroan sartzeko aukera. Erregistro horrek Lanbide Sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8. artikuluan azaltzen den edukia izanen du.

c) Kontsumitzaileak edo erabiltzaileak elkargokide batekin edo Lanbide Elkargoarekin gatazkaren bat izaten duenean aurkez daitezkeen erreklamazioak eta errekurtsoak aurkezteko bideak.

d) Lanbide zerbitzuen hartzaileek laguntza lortzeko eskura dituzten kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte edo erakundeen datuak.

e) Ekonomisten kode deontologikoaren edukia.

3. Elkargoak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu artikulu honetan ezarritakoa betetzeko, eta beharrezkoak diren teknologiak erabiliko ditu horretarako; halaber, desgaitasunak dituzten pertsonen irisgarritasuna eta sistema desberdinen arteko bateragarritasuna bermatzeko moduko plataforma teknologikoak sortu eta mantenduko ditu, 25/2009 Legearen 5.3 artikuluan xedatutakoarekin bat. Horretarako, lanbide elkargoek eta, hala badagokie, kontseilu orokorrek behar diren koordinazio eta lankidetza baliabideak jartzen ahalko dituzte abian, are beste lanbide batzuetako korporazioekin batera.

4. Elkargoak kideturik dauden Ekonomisten Erregistroa sortuko du, eta bertan honako datu hauek jasoko dira: ekonomistaren izena, kide zenbakia, zein elkargotakoa den, lanbiderako helbidea eta, hala badagokio, zein lanbide sozietatetan aritzen den, Elkargoan izan dituen gorabeherak eta lanbide jardueran izandako altak, bajak eta etenaldiak. Erregistro horretan oinarriturik, Ekonomisten Errolda Nazionala sortuko da, zeina gutxienez urtean behin berritu beharko baita.

5. Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legearen 10.3 artikuluan xedatutakoa betetzeko, Elkargoak kidetuta dauden ekonomisten alten eta bajen gaineko informazioa igorriko dio Ekonomisten Elkargoen Kontseilu Orokorrari, baita elkargokideen eta lanbide sozietateen erregistroetan gertatutako edozein aldaketaren berri ere, hura jakinaren gainean egon dadin eta hango elkargokideen eta lanbide sozietateen erregistro zentraletan behar diren inskripzioak egin ditzan.

65. artikulua. Urteko memoria.

1. Elkargoa gardentasun printzipioari lotua egonen da bere kudeaketan. Horretarako, urteko memoria prestatu beharko du, gutxienez honako dokumentazio honetaz horniturik:

a) Kudeaketa ekonomikoaren gaineko urteko txostena, langileen gastuak barne, behar adina zehaztuta Gobernu Batzordeko kideen ordainsariak, karguaren araberakoak.

b) Elkargoei aplika dakizkiekeen kuoten zenbatekoa, kontzeptuaren eta emandako zerbitzu motaren arabera zehaztuak, baita haiek kalkulatu eta aplikatzeko arauak ere.

c) Informazio agregatua eta estatistikak instrukzio fasean dauden edo irmo bihurtu diren informazio eta zehapen prozedurei buruz, zer arau-hausteri buruzkoak diren, haien tramitazioa eta ezarri zaien zehapena adierazita, eta betiere, datu pertsonalak babesteko legeriarekin bat.

d) Informazio agretatua eta estatistikak kontsumitzaileek edo erabiltzaileek edo horiek ordezkatzen dituzten erakundeek aurkeztutako kexa eta erreklamazioei buruz, haien tramitazioari buruz eta, hala badagokio, kasua, kexa edo erreklamazioa onetsi edo ezesteko arrazoiei buruz ere, betiere, datu pertsonalak babesteko legeriarekin bat.

e) Kode deontologikoaren edukian izandako aldaketak.

f) Elkargoko kargu hautetsiek bateraezintasunei buruz dituzten arauak eta interes-gatazkak.

Bidezko denean, datuak lurraldeka banaturik aurkeztuko dira, korporazioz korporazio.

2. Urteko memoria web orrian argitaratu beharko da, urteko lehen seihilekoan.

3. Memoriarekin batera, artikulu honetako lehenbiziko atalean aipatzen den informazio estatistikoa ere argitaratuko du Elkargoak, datuak modu bateratuan jasoak Elkargo osorako.

4. Aurreko atalean adierazitakoa betetzeko, eta Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/74 Legearen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ekonomisten Elkargoak urteko memoria prestatzeko behar den informazioa bidali beharko du bai Espainiako Ekonomisten Kontseilu Orokorrera, bai Elkargoen Kontseilu Autonomikora.

66. artikulua. Elkargokideei eta kontsumitzaileei edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzua.

1. Elkargoak kontsumitzaile nahiz erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu bat izanen du. Zerbitzu horrek nahitaez tramitatuko eta ebatziko ditu elkargokideek Elkargoan edo lanbidean izandako jarduera dela-eta aurkezten diren kexak eta erreklamazioak, izan zerbitzu profesionalak kontratatzen dituen edozein kontsumitzailek edo erabiltzailek aurkeztuak, izan kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte eta erakundeek haiek ordezkatuz edo haien interesak defendatzeko aurkeztuak.

2. Elkargoaren eskumeneko gaiei buruz elkargokideek aurkezten dituzten kexa edo erreklamazioak Elkargoak erantzunen ditu, eta aplikatu beharreko araudiari jarraikiz ekonomisten beste elkargo batzuei dagozkien gaiei buruzkoak, berriz, kasuan-kasuan eskumena duen elkargora igorriko ditu.

3. Elkargoak ahalik eta agudoen ebatziko du aurkezten diren kexa edo erreklamazioen gainean, kontsumitzaileei edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu horren bitartez, eta, betiere, hilabeteko epean, 17/2009 Legearen 13.2 artikuluarekin bat, honela jokatuta: gatazkak judizioz kanpo ebazteko sistemari buruzko informazioa emanez, espedientea Elkargoko organo eskudunei igorriz behar diren informazio edo diziplina espedienteak irekitzeko, edo erreklamazioa artxibatuz, edo zuzenbidearen araberako beste edozein erabaki hartuz.

4. Zerbitzu horren araudian kexak elektronikoki eta urrutitik aurkezteko aukera jaso beharko da.

67. artikulua. Hitzarmenak sinatzea Elkargoetako erakundeekin.

Gobernu Batzordeak hala erabakita, Elkargoak Ekonomisten Espainiako Elkargoaren Kontseilu Orokorrarekin edo ekonomisten beste elkargo batzuekin behar diren hitzarmenak edo akordioak ezar ditzake, legedian eta estatutuetan honako hauen gainean dauden betebeharrak betetzeko asmoz: Leihatila Bakarraren zerbitzuak, Ekonomisten Erregistroa, Lanbide Sozietateen Erregistroa, urteko memoria, elkargokideei eta kontsumitzaile eta erabiltzaileei arreta emateko zerbitzua eta Elkargoaren, elkargokideen eta erabiltzaileen eta kontsumitzaileen onerako den beste edozein zerbitzu.

XIII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

68. artikulua. Diziplina arloko ahalmenak.

Gobernu Batzordeak ahalmena du elkargokideei zehapenak ezartzeko haiek beren lanbide jardueran egindako egintza edo omisioengatik, estatutuen xedapenen aurkakoak badira, edo lanbidearen izen onaren, eskumenen, deontologiaren edo ohorearen aurkakoak, edo lankideei zor zaien begirunearen aurkakoak, edo beren zerbitzu profesionalen erabiltzaileen eskubideen aurkakoak badira.

Arau-hauste arinengatik zehapena jarri aurretik, interesdunari zortzi eguneko entzunaldia eskainiko zaio. Arau-haustea larria edo oso larria izan bada, beharrezkoa izanen da espediente bat tramitatzea hurrengo artikuluetan ezarrita dagoenari jarraikiz.

Norberaren elkargoaren lurraldetik kanpo arituz gero lanbidean, lanbide jarduera egiten den lurraldeko elkargoari dagokion diziplinako ahalmena erabiltzearen ondorioetarako, eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen onurarako, Elkargoak agintaritza eskudunen arteko komunikaziorako eta lankidetza administratiborako dauden sistemak eta tresnak erabiliko ditu, 17/2009 Legean ezarritakoak, hain zuzen.

Lanbide jarduera egiten den lurraldeko elkargoak jartzen dituen zehapenek Espainia osoan izanen dute eragina, eta zehatzen den ekonomista kidetua dagoen elkargoari berariaz jakinarazi beharko zaizkio.

69. artikulua. Deontologia Batzordea.

Deontologia Batzordea gutxienez bost urteko antzinatasuna duten bost elkargokidek osatuko dute. Batzar Nagusiak propio aukeratuko ditu, Gobernu Batzordeak proposaturik, eta lau urteko agintaldia izanen dute.

Batzordean hutsik gelditzen diren tokiak Gobernu Batzordeak erabakitzen dituen pertsonek beteko dituzte, Batzar Nagusiaren hurrengo bilkura arte.

Deontologia Batzordeari dagokio:

a) Arau-hauste larri edo oso larriengatiko espedienteak ireki daitezela erabakitzea.

b) Gobernu Batzordeak eskatzen dizkion diziplina arloko txostenak egitea.

70. artikulua. Zehatzeko prozedura.

Zehapenak jartzeko prozedura bat irekitzen ahalko da alderdi interesdun batek eskatuta (elkargokidea izan beharko da), bidezko arrazoiren bat alegatzen duen hirugarren batek eskatuta edo Gobernu Batzordeak berak ofizioz erabakita.

Arau-hauste larri edo oso larriengatiko zehapen prozedura Deontologia Batzordearen erabakiaren bidez irekiko da. Horrelakoetan, Batzorde horrek kide bat aukeratuko du espedientearen instruktore izan dadin. Instruktoreak behar diren jarduketak eginen ditu gertakariak ikertzeko eta dagokion karguen agiria prestatzeko. Gero, karguen agiria interesdunari igorriko dio zortzi eguneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan ditzan eta bere burua defendatzeko egoki diren probak proposa ditzan.

Espedientea bukaturik, Deontologia Batzordeak ebazpen proposamena prestatuko du Gobernu Batzordeak azter dezan.

71. artikulua. Zehapenak.

Honako zehapen hauek ezar daitezke:

A) Hutsegite arinengatik:

1. Ofizio bidezko ohartarazpena.

2. Kargu-hartzea.

B) Hutsegite larriengatik: Lanbidean jarduteko baimena etetea, hiru hilabetez gehienez.

C) Hutsegite oso larriengatik:

1. Lanbidean jarduteko baimena etetea hiru hilabetetik bi urte bitarterako.

2. Elkargoan eta ekonomista lanbidean jarduteko behin betiko baja.

72. artikulua. Hutsegiteen mailaketa.

a) Hauek dira hutsegite arinak:

1. Estatutuetan finkatutako eginkizunetan edo eginkizun deontologiko edo profesionaletan axolagabekeria arina, beste ekonomista batzuei kalterik eragiten ez bazaie, publizitaterik egiten ez bada edo larria ez bada.

2. Bezeroarenganako edo beste ekonomista batzuenganako begirune falta, publizitaterik egiten ez bada edo larria ez bada.

3. Lanbide jardueran ezagututako datuak hirugarrenei jakinaraztea bidezko arrazoirik izan gabe, betiere horren ondorioz inolako kalterik eragiten ez bazaie ez bezeroari ez beste batzuei.

4. Bereziki neurriz gabekoak edo gehiegizkoak diren fakturak edo minutak prestatzea.

5. Lanbide arloko betebeharrak, estatutuetan finkatutakoak, betebehar deontologikoak edo Gobernu Batzordeak emandako erabakiak ez betetzea, betiere horren ondorioz kalterik eragiten ez bazaie ez Elkargoari, ez bezeroari, ezta beste ekonomista batzuei ere.

6. Ekonomisten irudi onari kalte egiten dioten edo legez debekatuta dauden publizitate lanak egitea.

7. Elkargoko kideen zerbitzuen kontsumitzaile eta erabiltzaile direnekin jardunbide profesional desegokiak erabiltzea.

B) Hauek dira hutsegite larriak:

1. Aurreko letran arau-hauste arintzat hartutakoak, Elkargoari, bezeroari edo beste ekonomista batzuei kalteren bat eragiten bazaie.

2. Urtebeteko epean, arau-hauste arin bat baino gehiago egitea.

3. Beste ekonomista batzuenganako edo ekonomisten zerbitzu profesionalen hartzaileenganako begirune falta larria, edo horren publizitatea ere egiten bada, edo Gobernu Batzordeko kideenganako begirune falta larria haiei dagozkien eginkizunetan aritzen direnean.

4. Egin ez diren lan profesionalak edo kontzeptuak sartzea minuta edo fakturetan, eta egin ez diren txostenak edo lanak sinatzea.

5. Bidegabeko lehia.

6. Lanbide honetan aritzea nor bere kasa edo beste baten kontura jarduteko behar diren baldintzak bete gabe.

7. Lege administratibo edo zibilen arabera edo kontsumo edo zigor arloko legediaren arabera, arau-haustetzat hartzen diren lanbide jarduketak, eta legez kontrakoak direnak, lege zibilen arabera bezeroari kalte eragiten bazaio.

C) Hauek dira hutsegite oso larriak:

1. Ez betetzea Gobernu Batzordeak bere eskumenak erabiliz hartutako erabakiak edo erregelamenduzko, estatutuetako edo deontologiako betebeharrak, horren ondorioz kalte larria eragiten bazaie Elkargoari, beste ekonomista batzuei, bezeroari edo beste pertsona batzuei.

2. Ekonomista lanbidearen ikuspuntutik intrusismotzat har daitezkeen jarduketetan parte hartzea, edo erraztasunak ematea hirugarrenek ekonomistei dagozkien eskumenak erabiltzeko behar den titulazioa edo lanbide prestakuntza izan gabe.

3. Bateraezintasunei buruzko arauak haustea urte batez etengabe.

4. Delitutzat har daitezkeen jarduketa profesionaletan aritzea, kasuan-kasuan bidezko den erantzukizun penal edo zibila deusetan galarazi gabe.

5. Hutsegite larriak behin baino gehiagotan egitea urtebeteko epean, eta, beren zerbitzu profesionalen kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko legediaren arabera, oso larritzat hartzen diren hutsegiteak.

73. artikulua. Zehatzeko erabakien publikotasuna.

Zehapenak jartzeko erabaki irmoak Elkargoko iragarki oholean jakinaraziko dira, eta hutsegite larri edo oso larriengatik jartzen diren zehapenen berri elkargokide guztiei emanen zaie idatziz.

Era berean, Gobernu Batzordeak erabaki dezake hutsegite oso larriengatik jartzen diren zehapenak kanpoan ere jakinaraztea, horretarako egokien iruditzen zaizkion baliabideak erabiliz.

Leihatila Bakarraren bidez, elkargokideek aukera izanen dute interesdun gisa agertzen direneko prozeduren tramitazioaren egoera zein den jakiteko, eta aginduzko tramite-egintzen jakinarazpena eta Elkargoak haien gainean ematen duen ebazpena jasotzeko, diziplinazko espedienteen jakinarazpena barne, beste bide batzuen bitartez egitea ezinezkoa denean.

74. artikulua. Preskripzioa.

Hutsegite arinak, zehatutako egintza gertatu eta hiru hilabeteren buruan preskribatuko dira, larriak urtebeteko epean, eta oso larriak bi urteren buruan.

Zehapen prozeduraren jarduketak hasita, preskripzioa eten eginen da, baina prozedura interesdunari zuzenean egotzi ezin zaion arrazoi bategatik eteten bada, zenbatzen segituko da.

Preskripzioa eten eginen da, orobat, ekonomistaren jarduketa profesionalari zuzenean lotutako erantzukizun penal edo zibilak zehazteko jarduketa judizialak hastearekin batera.

75. artikulua. Errehabilitazioa.

Zehapena bete ondoren, ezarritako zehapenaren errehabilitazioa eskatzen ahalko da: hutsegite arinen kasuan, sei hilabete igaro ondoren; hutsegite larrien kasuan, bi urte igaro ondoren; eta hutsegite oso larrien kasuan, lau urte igaro ondoren.

Errehabilitazioa erabakiko da baldin eta espedientean egiaztatzen bada zehapena jartzeko oinarri hartutako egintzen antzeko hutsegiterik egin ez duela zehapena betetzen bukatu ondoren. Halakoetan, Elkargoaren espedientean dagoen zehapenaren idazpena deuseztuko da.

Errehabilitazioa Elkargoaren iragarki oholean jakinaraziko da.

XIII. KAPITULUA

Elkargoaren erabakien kontrako errekurtsoak

76. artikulua. Zuzenbide administratiboaren menpe dauden Elkargoaren egintzak, errekurtsoak eta ebazpenak aurkaratzea.

1. Zuzenbide administratiboaren menpe dauden Elkargoaren egintza eta ebazpenek amaiera ematendiote administrazio bideari, hurrengo atalean ezartzen dena galarazi gabe.

2. Elkargoko gobernu organoen ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, aukeran, Espainiako Ekonomisten Elkargoen Kontseilu Orokorrari zuzendua (elkargoaren esparruko legedi autonomikoak horrela ezartzen badu), baita tramite-egintzen aurka ere, egintza horiek aferaren funtsa zuzenean edo zeharka erabakitzen badute, prozedurarekin ezin dela jarraitu erabakitzen badute, edo babes eza edo legezko eskubide eta interesen aurkako kalte konponezin bat eragiten badute.

Gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea hilabete batekoa izanen da, egintza berariazkoa izan bada. Bestela, epea hiru hilabetekoa izanen da.

3. Interesdunak administrazioarekiko auzien jurisdikziora ere jo dezake egintza baten aurka egiteko, aurreko atalean adierazitako errekurtsoa jarri behar izan gabe, jurisdikzio hura arautzen duen legeari jarraikiz.

4. Leihatila Bakarraren bidez jakinaraziko da zer erreklamazio-bide dauden eta zer errekurtso jar daitezkeen kontsumitzaile edo erabiltzailearen eta elkargokide baten edo Lanbide Elkargoaren artean gatazkaren bat sortzen denean.

5. Aurreko ataletan ezarritakoa gorabehera, Nafarroako Foru Komunitateak eskumena du Elkargoak, administrazio horrek eskuordetzen dizkion administrazio eginkizunak erabiliz, agintzen dituen egintzen eta erabakien aurka jartzen diren errekurtsoez arduratzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Estatutu hauetan aurreikusita ez dagoen orotan, Ekonomisten Elkargoen 1972ko irailaren 11ko Estatutu Bateratuak aplikatuko dira.

Elkargoaren eguna ospatzearen ondorioetarako, San Bizente Ferrer izendatzen da Elkargoaren patroi; haren eguna apirilaren 5ean ospatzen da.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu berritu hauek indarra hartuko dute Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Elkargoei buruzko legedia Omnibus Legera egokitzeko testuan ezarriko den bezala.

Estatutu hauek 13 kapitulu, 76 artikulu, xedapen gehigarri bat eta azken xedapen bat dituzte, eta Nafarroako Ekonomisten Elkargo Ofizialaren eta Nafarroako Merkataritza Tituludunen Elkargo Ofizialaren Batzar Nagusiek onetsiak izan ziren 2014ko ekainaren 12an, Ekonomisten Nafarroako Elkargo berria gobernatuko duten Estatutuak izateko asmoz.

Iragarkiaren kodea: F1502311