83. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

85/2014 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiak emana, prestakuntza beka baterako deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Europako Funtsen Kontrolerako Atalarentzat.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen.

Europako funtsekin kofinantzatutako eragiketa kontroleko jardueretan beren prestakuntza sustatzeko profil akademiko egokia duten gradudunentzat, tituludunentzat edo diplomadunentzat da beka hau.

Aginduzko txostenak ikusi dira eta Kontu-hartzailetzaren oniritzia jaso da.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Prestakuntzako beka baterako deialdia egitea, Ekonomian, Enpresen Administrazioan eta Enpresen Zuzendaritzan gradudun edo tituludun direnentzat edo Enpresa Zientzietan diplomadun direnentzat, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Europako Funtsen Kontrolerako Atalean aritzeko. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

Bigarrena.–Deialdia arautuko duten oinarriak onestea.

Hirugarrena.–Eskaerak ebaluatuko dituen batzordeko kideak izendatzea:

Mahaiburua: Carmen Mier Gómez andrea, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Fernando Albistur Lecea jauna, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Europako Programen Ataleko burua.

Batzordekide titularra: Dolores Miranda Beguiristain andrea, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Europako Funtsen Kontrolerako Ataleko burua.

Ordezkoa: Francisco de la Casa Machín jauna, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Enpresa Zientzietako diplomaduna.

Idazkaria: Carmen Machiñena Solera andrea, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko APTa (arlo juridikoa).

Ordezkoa: José María Cebrián Jiménez jauna, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Laugarrena.–16.809,68 euroko gastua (ID: 4674) baimentzea, kreditua izatearen baldintzapean, urtez urte honela banatuko dena:

–2014. urterako gastua, guztira 6.193,04 euro, 2014ra luzatutako 2012ko Aurrekontuko “Nafarroako EGF 2007-2013 Programa Eragileko prestakuntza bekak” izeneko 124000-16300-4800-145100 (PEP elementua: E-11/000046-01) kontu-sailaren kargura ordainduko da.

–2015. urterako gastua, guztira 10.616,64 euro, 2015eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan (PEP elementua: E-11/000046-01) gaituko den aurreko atalean aipatutakoaren pareko kontu-sailaren kargura ordainduko da.

Deialdia Europako Gizarte Funtsaren bidez kofinantzatuta dago, Nafarroako EGF 2007-2013 Programa Eragilearen bidez, %50eko tasarekin.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Seigarrena.–Ebazpen hau eta eranskina Idazkaritza Tekniko Nagusira, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren Kontu-hartzailetza Delegatura, Kontabilitate Zentrora eta Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura igortzea.

Iruñean, 2014ko apirilaren 16an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusia, María Jesús Valdemoros Erro.

I. ERANSKINA

Prestakuntza beka baterako deialdiaren oinarriak, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Europako Funtsen Kontrolerako Atalarentzat

1.a. Xedea.

Deialdi honen xedea prestakuntzako beka bat ematea da, norgehiagokako araubidean, Ekonomian, Enpresen Administrazioan eta Enpresen Zuzendaritzan gradudun edo lizentziadun direnentzat edo Enpresa Zientzietan diplomadun direnentzat, Europako funtsekin kofinantzatuta dauden eragiketak kontrolatzeko jardueretan prestakuntza izan dezaten.

2.a. Iraupena.

Prestakuntza bekek hamabi hilabeteko iraupena izanen dute hasiera batez, oinarri hauetan aurreikusitako beka onesteko agirian edo beka emateko ebazpenean ezartzen den hasierako egunetik zenbatuta, eta luzatzen ahalko dira, aldeen aldez aurreko akordioarekin, 2015eko abenduaren 31ra arte gehienez, hori guztia aurrekontuetan horretarako dirurik baldin badago.

Bekarekin lanean hasteko data 2014ko ekainaren 1erako aurreikusi da, edo, geroago bada, oinarri hauetan aurreikusitako beka onesteko agirian edo beka emateko ebazpenean ezartzen den eguna izanen da.

Beka luzatzeak ez du inolaz ere ekarriko bere izaera aldatzea.

3.a. Beken zenbatekoa.

Prestakuntza bekek, oro har, 850 euroko zenbateko gordina izanen dute hilean edo, hala badagokio, zati proportzionala, eta hilabetea bukatu ondoren ordainduko dira. Horri 34,72 euro gehituko zaizkio hilean Gizarte Segurantzarako.

Bekadunari ordaintzen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo ordainsaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.

4.a. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Prestakuntza bekak hartzen ahalko dituzte betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat. Hori egiaztatzeko, eskabideari erantsitako “Erantzukizuneko aitorpena” erabiltzen ahalko da.

Zerga arloko betebeharrak eguneratuta dituztela egiaztatzeko, eskabide-orrian interesdunari jakinarazten zaio departamentuari baimena ematen diola inguruabar hori frogatzen duten datuak begiratzeko, diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena egiten denean.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) 1. oinarrian aipatzen den titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek luzatua edo baliozkotua.

f) Eskatutako titulua prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Maila ertaineko ingeles ezagupenak izatea, B1aren edo tarteko maila baten parekoak, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

h) Bekaren xedeko prestakuntza jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

5.a. Eskabidea, epeak eta aurkeztu beharreko agiriak.

5.1. Aurreko oinarrian ezarritako baldintza horiek agirien bidez eta idatziz frogatu beharko dira, prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkeztearekin batera, helbide honetatik har daitekeen eskabide orokorreko eredua erabiliz: http://www.navarra.es/home_es/Catalogo+de+servicios/Todos+los+servicios/Asistentes/default.htm. Eskabidea Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Erregistroan (Arrieta kalea, 8., 5. solairua) aurkeztuko da, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatutako bideetako bat erabiliz.

Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala beharko da.

Eskabideei dokumentazio hau erantsi beharko zaie:

a) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak (orri batean gehienez), eta dagozkien ziurtagiriak.

b) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

c) Nafarroako erroldatze agiria, alta noizkoa den zehaztuta.

d) Eskatzen den tituluaren fotokopia. Tituluan ikasketak noiz bukatu ziren agertu ezean, unibertsitateak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, hori frogatzeko. Titulua atzerriko unibertsitate batek luzatu badu, ikasketen homologazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

e) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta; orobat, espedientearen batez besteko nota, 0tik 10erako eskalan.

f) Zinpeko aitorpena, jakinarazten duena beste bekarik edo laguntzarik eskatu den edo jasotzen ari den Nafarroako Gobernuko edozein departamentutatik edo beste administrazio publiko batzuetatik.

g) Alegatutako gainerako merezimenduen egiaztagiriak.

Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzen dezala. Orobat, adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta hori jakinarazi eginen zaiola.

5.2. Prestakuntza bekak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta ondoko hamabost egun balioduneko epean eskatzen ahalko dira.

5.3. Prestakuntza bekak jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Hautatzen direnek eskaeraren dokumentazio osagarriko jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte.

6.a. Hautatzeko prozedura.

Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak.

Hautapen prozesuan bi fase izanen dira: merezimendu lehiaketa eta buruz buruko elkarrizketa. Behin betiko kalifikazioa ateratzeko, merezimendu lehiaketan eta buruz buruko elkarrizketan lortutako puntuazioen batura eginen da.

6.1. Merezimendu lehiaketa.

Eskaerak baloratzeko, behar bezala dokumentatutako merezimenduak baloratuko dira, baremo honen arabera:

a) Ikasketen espedientea.

Espedientearen batez besteko nota 45 puntuz baloratuko da gehienez, eskala honen arabera:

BATEZ BESTEKO NOTA

PUNTUAK

7tik behera

15

7 edo 7tik gorakoa eta 9tik beherakoa

22,5

9 edo 9tik gorakoa

37,5

9 edo 9tik gorakoa eta “Ohorezko matrikularen” aipamena

45

b) Ingelesez eta frantsesez jakitea.

Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako ingeles edo frantseseko ziurtagiriak (B1 mailatik gorakoak) izanez gero, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 27an, argitaratu zen ebazpen hori), 10 puntu bitarte lortzen ahalko dira (5 puntu hizkuntza bakoitzeko, eskala honen arabera).

ZIURTAGIRIA

PUNTUAK

A1

1

A2

2

B1

3

B2

4

C1

5

c) Europar Batasunarekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak:

15 puntu arte. 10 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

Administrazio eta erakunde publikoek edo unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea baloratuko da, 0,10 puntu emanez kreditu akademiko bakoitzeko, edo 10 orduko prestakuntza bakoitzeko.

Deialdi honetan parte hartzeko beharrezkoa den titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko.

d) Kontabilitatearekin, auditoretzarekin eta administrazio publikoarekin zerikusia duten prestakuntzako beste ikastaro batzuk. 20 puntu arte.

Aurreko atalean ezarritakoaren arabera baloratuko dira.

6.2. Buruz buruko elkarrizketa.

10 puntu emanen dira, gehienez, kontuan hartuta bete beharreko eginkizunekin lotuta dauden gaiak zein neurritan menderatzen diren, motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena.

Elkarrizketa egiteko tokia eta eguna aldez aurretik jakinaraziko zaizkie hautatutako izangaiei.

7.a. Ebaluazio batzordea.

Ebaluazio batzordea izanen da eskatzaileek alegaturiko merezimenduak baloratzeko ardura izanen duen kide anitzeko organoa, baita ebazpen proposamena prestatzekoa ere, non izangai onartu bakoitzari guztira emaniko puntuak adieraziko baitira. Balorazio hori baino lehen, eskatzaileek bekak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez adieraziko duen txosten bat prestatuko du. 4. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

Hautatu arren deialdiko beken kopuruan sartzen ez diren pertsonekin zerrenda bat eginen da, deialdian lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran deitu ahal izateko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar den bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Ebaluazio batzordeak, izangairik hautatzen ez badu, deialdia bete gabe deklaratzen ahalko du.

8.a Diru-laguntza emateko ebazpena.

6. oinarrian ezarritako merezimenduen baremoarekin bat eskaerak ebaluatu ondoren, ebaluazio batzordeak organo eskudunarendako loteslea den proposamena eginen du, hautatuak izan diren pertsonei buruz.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusia da bekak nori eman ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpenean, gutxienez, beka jasotzen duten eskatzaileen zerrenda agertu beharko da, eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaion ezetz, halakorik baldin bada. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean emanen da. Epe horretan ebazpena jakinarazi edo argitaratu ezean, eskaerak administrazio isiltasunaren bidez ezetsi direla ulertuko da.

Diru-laguntzak emateko ebazpena jakinaraziko zaie onuradunei. Berariaz adierazitako edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean eta administrazio prozedurari buruzko legerian ezarritako moduan.

9.a. Bateraezintasunak.

Prestakuntza bekak bateraezinak izanen dira Administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.

10.a. Bekadunaren betebeharrak eta eskubideak.

a) Beka emateko arrazoitzat jo den prestakuntza jarduera egitea eta justifikatzea.

b) Beka emateko betebehar eta baldintzak betetzea.

c) Beka bukatu aurreko hilabetean, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztea, tutorearen adostasuna barne.

d) Eskumena duten organoek eman den bekaren inguruan egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

e) Xede berarekin eskatu edo jasotako bestelako beken edo diru-laguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

f) Organo eskudunari adieraztea hartutako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

g) Beka dela-eta eginiko jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekaduna dela adieraztea.

h) Isilpekotzat jo behar diren eta prestakuntza jardueran ezagutzen diren argibide tekniko edo administratiboen gainean sekretua eta isilpekotasuna gordetzea.

11.a. Ez-betetzeak.

Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi bateko edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, dagokion administrazio unitateak proposaturik eta interesdunari entzunaldia eman ondoren.

Beka galtzeak diru-zuzkiduraren zati proportzionala galtzea ere ekarriko du, hori dena eskatzen ahal diren diru-itzultzeak eta berandutza interesak eta ezartzen ahal diren zehapenak deusetan galarazi gabe.

12.a. Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.

1. Prestakuntza bekaren onuradunak gehienez hamar eguneko epea izanen du jardunean hasteko, beka eman zaiola jakinarazten zaionetik zenbatuta, beka onetsi izanaren dokumentua aldez aurretik sinatuta. Dokumentuan hasiera data eta emandako lanpostuaren identifikazioa agertu beharko dira, gutxienez.

Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

2. Emandako bekari espresuki uko egiten bazaio, behar den denborarekin jakinarazi beharko zaio Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiari.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, hori guztia ezertan ukitu gabe 2. oinarrian ezarritakoa eta onuradunak uko egin arte bete beharreko baldintzak. Beka hauek eskaintzen zaizkien hautagaiek idatziz edo posta elektronikoz jasoko dute proposamena eta honen baldintzak, eta idatziz edo posta elektronikoz erantzun beharko dute onartzen duten edo uko egiten dioten.

13.a. Prestakuntza jarduera egitea.

Oro har, bekadunak Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko bulegoetan eginen ditu jarduerak, astean gehienez ere 30 orduz, eta prestakuntza dela-eta behar diren joan-etorriak egin beharko ditu. Eskubidea izanen du, halaber, zerbitzu eta bidaien arabera izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko. Orobat, bekadunak Administrazio Publikoaren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izanen du, zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz kalteak edo lesioak dituenean, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Administrazioaren ondare erantzukizuna administrazio bidetik gauzatuko da.

Administrazio publikoa izanen da prestakuntza jardueran bekadunak hirugarrenei sortzen dizkien kalte eta galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du iruzur, erru edo zabarkeria larriagatik bekadunak izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko, 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio bekadunari.

Bekaduna hartzen duen zerbitzuak zehaztuko du nork eginen duen haren tutoretza, baita lan-orduak astean nola banatu ere.

14.a. Lan edo administrazio harremanik eza.

Beka jasotzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremanik, ez administratiborik ez estatutupekorik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ezta antzeko eskubiderik ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

Prestakuntza bekaren onuradunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, horiek izanen baitira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoei dagozkien eginkizunak bete edo beretzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean Administrazio Publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

15.a. Araubide fiskala.

Ordaindutako kopuruak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotuak daude, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 14. artikuluarekin bat. Diru kopuru horri konturako atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

16.a. Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua. Errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

17.a. Araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

18.a. Publizitatea.

Beka onartuz gero, Europako Gizarte Funtseko Unitate Administratiboaren web orrialdean (http://www.mtin.es/uafse/) argitaratuko den zerrenda batean agertuko da onuraduna,Batzordearen 1828/2006 Erregelamenduaren (EE) 6. artikuluan ezarritako baldintzetan, baita Nafarroako Foru Komunitateko 2007-2013 EGEF-EGF komunikazio planean ere.

Orobat, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1405896