53. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2014ko otsailaren 20koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Mutiloagoitiko Maquinaria y Servicios ECA, S.A.L. entitatearen hitzarmen kolektiboaren aldaketari buruzko akordioa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Ikusirik Mutiloagoitiko Maquinaria y Servicios ECA, S.A.L. entitatearen (kodea: 31100432012013) hitzarmen kolektiboaren aldaketari buruzko Akordioaren testua, enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2014ko urtarrilaren 20an sinatu eta Erregistroan 2014ko otsailaren 13an sartu zena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan eta Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2014ko otsailaren 20an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

ANDAMIOS Y MONTAJES ECA, SOZIETATE MUGATUA (NAFARROA) ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA LUZATZEKO AKORDIOA

Mutiloan (Nafarroa), 2014ko urtarrilaren 20an.

Bildu dira:

Batetik, Juan Ignacio Armendáriz Ojer jauna, Andamios y Montajes ECA, S.L. enpresa ordezkatuz.

Bestetik, langileak ordezkatuz, Victor Manuel Aguirre Gonzalez jauna, haien legezko ordezkaria.

Bi alderdiek, legezko ahalmena elkarri aitortuta,

Erabaki dute:

Lehendabizikoa.–Herrialdeak bizi duen egoera ekonomiko larriaren aurrean, zuzeneko eragina baitu enpresak bere jarduera garatzen duen sektorean, bi aldeek, beren interesetan bat etorrita, Andamios y Montajes ECA, S.L. enpresaren hitzarmen kolektiboa, hasiera batean 2012ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31 arteko indarraldia zuena, urtebetez luzatzea adostu dute; zehazki, 2014ko abenduaren 31 arte.

Bigarrena.–Luzapen horren ondorioz, bere horretan osorik mantenduko dira hitzarmenaren 24 artikuluak, xedapen gehigarria eta lansarien taula; salbuespen bakarra dago, 19. artikulua, honela erredaktatuta utzi dena:

19. artikulua. Laneko osasuna eta segurtasuna.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek eskubidea dute beren lan prestazioan derrigorrezkoak diren neurri eta arau guztiak bete daitezen, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko azaroaren 8ko 31/1995 Legean, UNE arauetan eta hura garatzeko erregelamenduetan ezarritakoari jarraikiz, eta batez ere metalezko aldamio tubularrei buruzko arau guztiak.

Laneko osasunari eta laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzko xedapen orokor gisa, honako hau erabaki da:

1. Laneko arriskuei aurrea hartzeko, enpresek langileen segurtasuna eta osasuna babesteko beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko dituzte.

2. Nolanahi ere, langileek eta enpresak, biek batera, hartzen dituzten neurri, jarduketa eta planteamenduen helburua lan baldintzak hobetzea izanen da, laneko jarduera baldintzatu gabe, horrela langileen osasunaren eta segurtasunaren babes maila handitzeko.

3. Langileek prebentzio neurriak diseinatu, hartu eta betetzeko lanetan parte hartzen ahalko dute, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Legearen V. kapituluan ezarrita dagoen bezala.

4. Hitzarmenak indarra duen bitartean, enpresek langileen segurtasunerako eta osasunerako arriskuen hasiera bateko ebaluazioa eginen dute, oro har jardueraren izaera kontuan harturik. Era berean, bidezkoa denean, laneko ekipamenduei eta lantokietako giroari buruzko ebaluazioa eginen da.

5. Ebaluazioaren emaitzak ikusita beharrezkoa bada, enpresek behar diren prebentzio jarduerak eginen dituzte langileen segurtasunaren eta osasunaren babes maila hobea bermatzeko eta atzematen diren arriskuak murriztu edo ezabatzeko, lan eta produkzio metodoei loturiko prebentzio jarduerak barne direla.

6. Instalazioak, laneko ekipamenduak eta, oro har, lan baldintzak aldatzen diren guztietan beharrezkoa izanen da langileen segurtasunerako eta osasunerako arriskuen ebaluazioa eguneratzea, eta hori ukitutako langileei eta/edo horien legezko ordezkariei jakinarazi beharko zaie.

7. Enpresak beren osasun egoera aldian behin begiratzea bermatuko die langileei, bakoitzaren lanak dituen arriskuen arabera. Azterketa hori ahalmen teknikoa, prestakuntza eta gaitasuna egiaztatua duten osasun arloko langileek egin beharko dute. Haurdun dauden emakumeei arreta berezia jarriko zaie, azterketa berariazkoak eginez. Ukitutako langileei azterketa medikoaren emaitzak jakinaraziko zaizkie.

8. Behar bezala egiaztatzen denean lanpostu baten baldintzek haurdun dagoen emakume baten edo fetuaren osasunari kalte egiten ahal diotela, enpresak, ahal bada, lanpostuz aldatuko du langilea egoera hori zuzentzeko, haurdunaldiak irauten duen bitartean. Lanpostuz aldatzerik ez badago, langileak aldi baterako ezintasuna hartzen ahalko du, Gizarte Segurantzako araubidean osasun arreta ematen dion medikuak hala ziurtatzen badu.

9. Arrisku bereziak dituzten lanpostuen ebaluazioa egiteko, Laneko Segurtasun eta Higienerako Institutu Nazionalaren gidetan jasotako metodo eta irizpideak hartuko dira kontuan.

10. Hitzarmen honek ukitzen dituen langileek eskubidea dute beren lanpostuan edo eginkizunetan eragina duten berariazko arriskuen berri eta haien gaineko prestakuntza izateko, baita arrisku horiei aplikatu beharreko babes eta prebentzio neurrien berri izateko ere.

11. Langile guztiek lana segurtasun baldintzetan gauzatzeko behar diren babes neurri indibidual eta kolektiboak jasoko dituzte.

Berariazko ohar hauek egiten dira, aldamioa, jasogailuak, igogailuak eta masta gaineko igogailu-plataformak muntatu, desmuntatu eta erabiltzeko:

I.–Aldamio guztiek baldintza orokorrak bete beharko dituzte materialei, egonkortasunari, erresistentziari, laneko segurtasunari eta segurtasun orokorrari buruz, baita aldamio mota bakoitzari dagozkion baldintza partikularrak ere, uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretuan (azaroaren 12ko 2177/2004 Errege Dekretuak aldatua) zehaztutakoak.

II.–Hauek dira baldintza orokorrak:

a) Aldamioek eta haien elementuek egonkortuta beharko dute egon, tinkatuta, edo beste edozein baliabide bitartez. Haien gainean jarriko diren langileek erabili behar dituztenean, haietan igotzea eta egotea ez da arriskutsua izanen.

b) 2 m-tik baino goragotik erortzeko arriskua dagoenean, aldamioek baranda edo beste edozein babes kolektibo izan beharko dute, antzeko segurtasuna edo handiagoa emateko. Barandak gogorrak izanen dira, 90 cm garai gutxienez ere, tarteko babesa ematen dutenak eta zokalo bat dutela, 15 cm garai gutxienez ere, inguru guztian, fatxadatik 20 cm baino hurbilago dauden aldeetan izan ezik.

c) Aldamiora igotzeko edo lan jakin bat egiteko babes kolektiboko gailuak kendu edo deuseztatzen direnean, langileen babesa segurtatuko duten konpentsazio neurriak hartu beharko dira, eta ez da lanik eginen neurri horiek hartu gabe. Lana bukatutakoan, hasierako segurtasun gailuak jarriko dira berriro.

d) Aldamioek beharrezko erresistentzia edo/eta sostengatu eta eusteko elementuak izan beharko dituzte, haien diseinuaren araberako baldintzetan erabiliz gero, ez dadin erortzeko arriskurik izan hautsi edo mugitzen direlako.

e) Plataformak desplazatu, baskulatu edo irristatu ez daitezen moduan ezarriko dira. Aise ibili ahal izateko eta lanak egiteko elementuak pilatu ahal izateko bezain zabalak izanen dira, 60 cm gutxienez ere. Metalezkoak izanen dira edo beste material gogor eta irristagaitz batekoak, ez baskulatzeko moduan finkatuta egoteko gailuak izanen dituzte, gehienez onartutako karga agerian eta ezin ezabatzeko moduan markatuta dutela.

f) Lana egiteko beharrezko materiala bakarrik pilatuko da eta, lanaldia bukatutakoan, ahal dela, ez da kargarik utziko aldamioan.

g) Aldamioaren eta paramentuaren artetik ezer ez erortzeko, oholak ezarriko dira, erortzeko arriskua duten tarteak estaltzeko.

h) Irauli, erori edo kontrolik gabe desplazatu ez daitezen moduan muntatu eta erabiliko dira aldamioak.

i) Aldamioak fabrikatzaileek erabakitako moduan bakarrik erabiltzen ahalko dira, non ez diren aldez aurretik arriskua ebaluatu eta hura gutxitzeko behar diren neurriak hartu.

j) Aldamioa erabili aurretik, hura erabiltzeko baldintzak eta babesak egokiak direla eta ez dutela arriskurik egiaztatu beharko da.

k) Eguraldi txarragatik edo segurtasuna galarazten duten beste edozein inguruabarrengatik aldamioak hondatzen direnean, ez dira erabiliko.

l) Atxikitako eskaileren bidez edo tranpa-ohola duten plataformetan integratutako eskaileren bidez igoko da aldamiora. Tranpa-oholek itxita egon beharko dute, aldamiora igotzeko xedetik kanpo daudenean. Eraikinetik aldamiora sartzeko, segurtasun planean edo arriskuen ebaluazioan justifikatuta egon beharko du, behar bezala babestutako pasabideak edo plataformak erabilita.

m) Aldamioan sostengatzeko elementuek edozein elementu irristagaitzen bidez babestuta egon beharko dute, egituraren egonkortasuna ziurtatzearren.

III.–Aldamioak kalkulu notarik ez duenean edo ereduko konfigurazioetan ez dagoenean, erresistentzia eta egonkortasuna kalkulatzeko nota atera beharko da. Horretarako, unibertsitateko prestakuntza duen norbaitek egin beharko du kalkulu hori.

IV.–Unibertsitateko prestakuntza edo esperientzia erakutsia duen norbaitek prestatuko du zailtasunaren araberako plana, aldamioa muntatu, desmuntatu eta erabiltzeko. Nahitaezkoa izanen da kasu hauetan:

a) Masta gaineko igogailu-plataformak.

b) Lurzoruan, hormigoizko zolatetan, forjatuetan, hegaletan edo beste elementu batzuen gainean diren aldamioak, 6 m baino altuago daudenean edo 8 m-tik gorako tartea hartzen duten elementu horizontalak dituztenean.

c) Teilatu lau, kupula, terraza, eta abarren gainean ezarritako aldamioak, lurretik 24 m baino altuago daudenean.

d) Igotzeko dorreak eta laneko dorre mugikorrak, lanak 6 m baino gorago egiten direnean.

Baina, EEren markaketa duten aldamioak direnean (masta gaineko plataformak) edo EEren markaketaren menpe ez dauden aldamio normalizatuen kasuan (legez beharturik ez daudelako) fabrikatzaileek haiekin harmonizazio dokumentuek eskatzen dituzten saiakuntzak egin dituztenean eta ziurtagiria dutenean, fabrikatzailearen jarraibideak erabiliko dira muntaketa planaren ordez; betiere, aldamioa ereduko konfigurazio baten arabera muntatu beharko da.

V.–Berariazko prestakuntza egokia jaso duten langileek bakarrik muntatu, desmuntatu edo aldatzen ahalko dituzte aldamioak, unibertsitateko prestakuntza duen norbaitek edo horretarako gaituta dagoen profesional batek gidatuta.

VI.–Metalezko aldamio tubularretarako baldintza partikularrak:

a) Egiaztatze entitate batek ziurtatuta egon beharko dute.

b) Muntatze eta mantentze lanetako jarraibideen eskuliburua izan beharko dute.

c) Kontratistari edo erabiltzaileei ez zaie inoiz utziko hasierako diseinuan aldaketak egiten, ez bada zuzendaritza fakultatiboak edo segurtasuneko koordinatzaileak baimenduta edo esku hartuta, eta muntatu, erabili eta desmuntatzeko plana egin gabe.

VII.–Berariazko arauak, igotzeko dorreetarako eta laneko dorre mugikorretarako:

a) Igotzeko dorreak eta laneko dorre mugikorrak egonkorrak izan daitezen, azken plataformarainoko altuera 4 m-koa izanen da, gehienez ere, alde txikieneko metro bakoitzeko. Beharrezkoa bada, egonkorgailuak erabiliko dira, alde txikiena handituko da...

b) Laneko dorre mugikorren gurpilek errotazioa eta translazioa blokatzeko gailu bat izan beharko dute, eta balazten funtzionamendu egokia egiaztatu beharko da. Dorre horiek eskuz bakarrik mugituko dira lurzoru finko, solido, nibelatu eta oztoporik gabekoan, eta guztiz debekatuta dago tokiz aldatzea, gainean jendea, tresnak eta materialak dituztela.

c) Debekatua dago txirrikak edo igotzeko beste gailu batzuk erabiltzea, non ez dituen fabrikatzaileak helburu horretarako propio proiektatu.

d) Ez dira erresistentzia edo egonkortasun txikiko materialen gainean jarri behar, edo material arinen gainean (adreilua, aparra...).

e) Atxikitako eskaileren bidez edo tranpa-ohola duten plataforma integratuen bidez igoko da haietara.

f) Debekatua dago jauzi egitea haien zolen gainean edo/eta zubiak jartzea dorre mugikorren artean edo horien eta obreko eta eraikineko elementu finko baten artean.

VIII.–Berariazko arauak, masta gaineko igogailu-plataformetarako eta igogailuetarako:

a) Urriaren 10eko 1644/2008 Errege Dekretua aplikatzen zaie; hortaz, EEren markaketa, EEren adostasun deklarazioa eta jarraibideen eskuliburua eskatzen zaizkie.

b) Erabili aurretik, bermapuntuen erresistentzia eta egonkortasuna egiaztatu beharko da.

c) Babestuta egon beharko dute zeharkako kontaktu elektrikoaren arriskuaren aurrean, eta inguruan aireko linea elektrikorik ez dela egiaztatu beharko da.

d) Ezin hobe lerrokatu eta zimendatuta egon beharko dute, muturretan topeak dituztela.

e) Lurraren beheko aldea balizatu, seinalatu eta akotatuko da.

e) Ez dira gehiegi kargatuko.

g) Aldian behin berrikusi beharko dira, eta ez dira fabrikatzaileak aurreikusitako eguraldi txarreko baldintzetan erabiliko.

IX.–Berariazko arauak materialen jasogailuetarako:

a) 98/37/EE zuzentaraua aplikatzen zaie; hortaz, EEren markaketa eta deklarazioa eta jarraibideen eskuliburua izatea eskatzen zaizkie.

b) Erabili aurretik, bermapuntuen erresistentzia eta egonkortasuna egiaztatu beharko da.

c) Babestuta egon beharko dute zeharkako kontaktu elektrikoaren arriskuaren aurrean, eta inguruan aireko linea elektrikorik ez dela egiaztatu beharko da.

d) Ezin hobe lerrokatu eta zimendatuta egon beharko dute, muturretan topeak dituztela.

e) Lurraren beheko aldea balizatu, seinalatu eta akotatuko da.

e) Ez dira gehiegi kargatuko.

g) Aldian behin berrikusi beharko dira, eta ez dira fabrikatzaileak aurreikusitakoa gainditzen duten eguraldi txarreko baldintzetan erabiliko.

Hirugarrena.–Beharrezko aleak igortzea, Nafarroako Gobernuan dagokien departamentuan erregistratzeko.

Eta aztertzeko beste gairik ez dagoenez, bilerari bukaera eman zaio eta, adostasunaren adierazgarri, honako akta hau sinatu da goian aipatutako tokian eta egunean.

Iragarkiaren kodea: F1402871