53. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

20E/2014 FORU AGINDUA, martxoaren 5ekoa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, “Ediziorako laguntzak” diru-laguntzaren deialdia onesten duena.

Erakunde Harremanetako zuzendari nagusiak, 2014ko otsailaren 18ko txostenaren bitartez, eskatu du ediziorako laguntzen deialdia arautzen duten oinarriak onetsi, haiek emateko 15.000 euroko gastua baimendu eta oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Ediziorako laguntzen deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jasotakoak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan harturik:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

KODEA
RCSA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2520-4809-334105: Ediziorako laguntzak

4609

2014

15.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Erakunde Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari, Argitalpen Bulegoari, Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta interesdunei, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

7. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2014ko martxoaren 5ean.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak Nafarroan argitalpenak sustatzeko deialdi hau egin du, gehienez ere 15.000 euroz hornituta. Honako hauek dira.

OINARRIAK

1.–Diru-laguntzaren xedea.

Deialdiak hauxe du helburu: diru-laguntzak ematea irabazi-asmorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoei liburuak eta aldizkariak argitaratzeko, bai ohiko euskarrian (papera) bai euskarri magnetiko edo informatikoan (cd, dvd, multimedia, etab.) edo argitalpen diskografikoak, betiere edukiak artearen, kulturaren edo zientziaren gainekoak badira.

Deialdi honen ondorioetarako, ez da kultur argitalpentzat hartuko:

–Kultur buletinak, ikuskizun gidak, urtekariak, katalogoak eta antzekoak.

–Menpeko argitalpenak, sektore publikoko edozein mailatako erakundeek eskatuta editatuak edo haiekin lankidetzan editatuak.

–DIN-A4 formatuan 48 orrialde baino gutxiagorekin editatzen direnak.

–Urteko ale guztiak hartuta, espazioaren %30etik gora, batez beste, publizitateari uzten diotenak.

–Batzordearen iritziz, kultur objektu bat sortzeko erabiltzen diren material edo bitarteko teknikoei buruzkoak direnak nagusiki, edo gaitzat dituztenak, gehienbat, kultur jardueraren sektore bakoitzeko profesionalen gaiak.

–Beste argitalpen baten gehigarri edo ale berezi gisa edo harekin batera eskaintzen diren argitalpenak.

–Urte oso batez etenik gabe kaleratu ez diren argitalpenak.

–Egileen web pertsonalen orrialdeak, bai beraiek sortutakoak bai haien lana aztertzen dutenak, eta, halaber, argitaletxe batekin lotuta daudenak, bere katalogoko egileen eta lanen zabalkunderako erabiltzen badira, betiere balorazio batzordearen iritziz.

2.–Aurrekontua eta zenbatekoa.

2.1. Diru-laguntza hauek, gehienez ere 15.000 euro, 2014rako luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Ediziorako laguntzak” izeneko A 20002 A2520 4809 334105 kontu-sailaren kargura finantzatuko dira.

2.2. Laguntzaren zenbatekoa lortzen den puntuazioaren araberakoa izanen da, onartzen den aurrekontuaren %50ekoa gehienez ere. Proiektu bakoitzak 3.000 euroko diru-laguntza hartzen ahal du, gehienez ere.

2.3. Laguntzaren xedeko gastuak edizioaren produkzioaren ingurukoak izanen dira, horien barnean direla argitaratzeko behar diren prozesu guztiak: azalaren eta barreneko aldearen diseinua eta maketazioa, argazkiak, ilustrazioa, erreproduzitzeko eskubideak (SGAE, etab.), itzulpena, erredakzioa, zuzenketa, dokumentazioa, inprimaketa eta cd-aren grabazioa. Salbuetsita uzten dira igorketa gastuak, biltegikoak, alokairukoak, ekipamendukoak eta banaketa, sustapen eta komunikaziokoak, baita langileri gastuak ere.

3.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

3.1. Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak jaso ahal izateko, pertsona fisikoek edo juridikoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona fisikoak:

–Nafarroan sortua izatea edo bertan erroldatuta egotea 2013ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik.

b) Pertsona juridikoak:

–Irabazi-asmorik gabeko kultur entitatea izatea, legez eraturik egotea eskaera aurkezten den egunerako, eta helbide soziala eta fiskala Nafarroan edukitzea.

–Ezin izanen dira aurkeztu entitate publikoak eta Nafarroako Gobernuaren 2014rako luzatutako 2012ko aurrekontuetan kontu-sail izenduna duten entitateak.

3.2. Salbuespen gisa, nafarrak ez diren eskatzaileek aurkeztutako argitalpen proiektuak onartzen ahalko dira, betiere horien edukiak Nafarroarekin zerikusirik baldin badu.

3.3. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden pertsona edo entitateei.

3.4. Eskatzaileek egunean izan beharko dituzte beren zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

4.–Eskaeren aurkezpena.

4.1. Laguntza eskaerak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduaren araberakoak izanen dira eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan. Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez ere aurkezten ahalko dira eskaerak.

4.2. Eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du. Ezin da aurreko urteetan atzera botatako proiekturik aurkeztu.

4.3. Eskaera Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Argitalpen Atalera igorri beharko da, bertan “2014 ediziorako laguntzen deialdia” adierazita.

4.4. Helbide elektroniko bat eta harremanetarako telefono zenbaki bat jarri beharko dira eskaeran. Era berean, eskaeran lanaren izena ere jasoko da.

4.5. Oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabeteko epean aurkeztuko dira eskaerak.

5.–Aurkeztu beharreko agiriak.

5.1. Eskabideari agiri hauek erantsiko zaizkio, aurkezten den proiektu bakoitzeko:

a) 3. atalean adierazitakoa frogatzeko dokumentazioa (NANa edo erroldatze-agiria pertsona fisikoen kasuan, eta sozietatea Nafarroan erregistratuta dagoela edo helbidea Nafarroan duela egiaztatzeko agiria pertsona juridikoen kasuan).

b) Argitalpen proiektua azaltzeko memoria, edukiaren laburpena barne.

c) Proiektuaren aurrekontu xehakatua, BEZa banakatuz, eta edizioaren eta argitalpenaren plana zehatz-mehatz azalduta.

d) Proiektua finantzatzeko plana; ale kopurua eta gastuak zehaztu behar dira, baita jendearentzako salneurria ere.

e) Proiektuak dituen laguntza edo diru-laguntzen berri ematen duen aitorpen esplizitua, edo, horrelakorik ez bada, inongo laguntzarik ez duela dioen adierazpena. Laguntza-eskaeraren bat tramitazioan izanez gero, horren berri ere eman beharko da.

5.2. Diru-laguntzaren eskabidea oso-osorik beteta ez badago, eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, zuzenketa eskaera jakinarazi eta ondoko egunetik hasita.

6.–Aukerako agiriak.

6.1. Eskaerari proiektuaren maketa eransten ahalko zaio.

6.2. Eskatzailearen curriculuma.

7.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

7.1. Nafarroako Gobernuko Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Argitalpen Atala arduratuko da eskaerak tramitatzeaz.

7.2. Eskaerak aztertzeko batzorde bat eratuko da, honako hauek osatua: batzordeburua Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia izanen da, edo haren ordezko aritzeko izendatutako pertsona, eta batzordekideak, Argitalpen Ataleko burua, Argitalpen Bulegoko burua eta Nafarroako Kultura Kontseiluko bi kide, batzordeburuak izendatuak. Argitalpen Bulegoko buruari atxikitako funtzionario batek idazkari lanak eginen ditu, hitza izanik baina botorik ez.

Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta haren irizpena loteslea izanen da. Argitalpen Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gainean ebazteko proposamena aurkeztuko du.

8.–Balorazio irizpideak.

8.1. Aurkeztutako proiektuak baloratzeko eta laguntzaren zenbatekoa zehazteko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

–Proiektuaren kalitatea eta interesa (%60).

–Proiektua bat etortzea Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren programekin (%20).

–Proiektuak Nafarroako Foru Komunitateko kulturaren esparruan duen eragina (%20).

8.2. Batzordeak, erabakiak hobeki hartu ahal izateko, argibide gehiago eska ditzake, baita eskatzailea bera agertzea ere.

8.3. Ez dute inolako laguntzarik jasoko puntuazio osoaren %50 lortzen ez dutenek.

9.–Ebazpena.

9.1. Laguntzak Erakunde Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere bi hilabeteko epean.

9.2. Deialdiaren gaineko ebazpena Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko iragarki oholean (Navarrería kalea, 39, Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren http//:www.navarra.es/home-es/Catálogo+de+servicios/Ayudas web orrian argitaratuko da eta laguntzen eskatzaileei jakinaraziko zaie.

9.3. Laguntzaren kontzesioa jakinarazi ondotik, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du, jakinarazpena jaso eta 15 egun naturaleko epean, zenbatekoarekin ados dagoela. Gainera, hitzemanen du falta den dirua bere kontura ordainduko duela eta proiektua aurkezpenean azaldu bezala gauzatuko duela. Epe hori pasatu eta idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diola uste izanen da. Gardentasunaren beteharrari buruzko aitorpena ere bete eta aurkeztu beharko du (2. eranskina).

Adostasun hori, deialdiaren gaineko beste edozein agiri bezala, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

10.–Onuradunen betebeharrak.

10.1. Deialdi honetan diruz lagundutako argitalpen proiektua egiteko erabiltzea diru-laguntza, ez beste ezertarako.

10.2. Diruz laguntzen diren proiektuak deialdia ebatzi ondoren eta 2014ko abenduaren 15a baino lehen argitaratu beharko dira.

10.3. Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Argitalpen Atalaren aurrean justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla, bai eta diruz lagundutako argitalpen proiektua burutu dela ere. Horretarako, proiektua argitaratu ondoren eta 2014ko abenduaren 15a baino lehen, argitalpenaren hiru ale aurkeztu beharko dira aipatu atal horretan.

10.4. Argitalpen Atalari jakinarazi beharko diote proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta programa aldatzea ekartzen badu.

Diruz lagundutako proiektuan edozein aldaketa egiteko, Erakunde Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna beharko da, eta hark baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

10.5. Jasotako laguntzaren aipamena egitea, argitalpenean honako erreferentzia hau sartuz: “Lan honek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza izan du, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak ediziorako laguntzen deialdiaren bidez emana”. Gainera, logotipo ofiziala erreproduzitu beharko da, Argitalpen Atalean eredua eskatuta.

10.6. Edozein unetan, Argitalpen Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko eginen dituen lanak onartzea.

10.7. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Argitalpen Atalari. Jakin bezain laster emanen da haien berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

10.8. Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

10.9. Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, pertsona juridikoak diren onuradunek aurkeztu beharko dute, erregistro telematikoaren bidez, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez eta oinarri hauen 2. eranskinean kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/. Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.–Epea, justifikatzeko modua eta ordainketa.

11.1. Proiektua editatu ondoren eta 2014ko abenduaren 15a baino lehen, Argitalpen Atalean aurkeztu beharko dira egindako gastuen egiaztagiriak (jatorrizkoak edo, bestela, fotokopia konpultsatuak), behar bezala beteta, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, haren bidez onetsi baitzen Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua.

11.2. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Ordainketen justifikazioen zenbatekoa emandako diru-laguntza adinakoa izanen da gutxienez.

11.3. Emandako laguntzen zenbatekoa ordainketa bakarrean ordainduko da, gastua justifikatu ondoren.

11.4. Laguntzaren likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero eta 2014ko abenduaren 15a baino lehen aurkeztutako gastuen frogagiriei.

12.–Diru-laguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

12.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo pertsona partikularrenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo norberaren baliabide batzuekin baturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

12.2. Beste entitate batzuek emandako diru-laguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, onartutako laguntza aldatzen ahalko da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.

13.–Dirua itzultzea.

Onuradunak diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatu duela behar bezala justifikatu ezik, pagaturiko laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik itzultzeko egunera arte sortutako berandutza interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14.–Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

15.–Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

16.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua (bikoizturik aurkeztu)

Izena: ............................................ NANa/IFZ: .................... Bizilekua (herria): ................................. Kalea: ........................ P.K...................Telefonoa: ....................... Helbide elektronikoa: ...............

Bere izenean edo hau ordezkatuz (bidezko ez dena ezabatu):

Izena: ............................................ NANa/IFZ: .................... Bizilekua (herria): ................................. Kalea: ........................ P.K...................Telefonoa: ....................... Helbide elektronikoa: ..............

2014ko ediziorako laguntzen eskaera aurkezten du, honako foru agindu honen bidez onetsitako arauei jarraikiz: ...../2014 Foru Agindua, ...................koa, (2014ko ........ Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ........koan).

Destinoa: Argitalpen Atala (Tutera kalea, 20-4. solairua).

Eta, oinarri arautzaile horietan ezarritakoarekin bat:

1. Haietan agindu bezala, agiri hauek aurkezten ditu:

a) 3.1. oinarrian eskatutakoaren frogagiriak.

b) Argitalpen proiektuaren obra/memoriaren edukia.

c) Proiektuaren aurrekontua eta argitalpen plana.

d) Proiektua finantzatzeko plana.

e) Proiektuaren maketa.

f) Eskatzailearen curriculuma.

g) Laguntzen aitorpena.

h) Obraren titulua: .......................

2. Aitortzen du ez duela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik urratu.

3. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriko 3. atalean xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berarekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatu beharreko ziurtagiriak eskatzeko.

4. Eskabide honekin batera emandako datuen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuetan sartu, haiek zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuan erabiliko dira, betiere aipatutako legeriari jarraikiz.

.................(e)n, 2014ko .............aren ..............(e)an

Sinadura

NAFARROAKO GOBERNUA. KULTURAKO, TURISMOKO ETA ERAKUNDE HARREMANETAKO DEPARTAMENTUA.

2. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena

Izena: ............................................ NANa/IFZ

Honako hau ordezkatuz: IFK

Herria:

Ediziorako laguntzetarako deialdiaren onuradun gisa, aitorpen hau egiten dut:

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen ditu (2013ko 187. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Foru dekretu horren 3. artikuluak ezartzen duenez, diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateak gardentasunera daude behartuta, inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

(Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira).

Aipatu foru dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, deklaratzen dut:

Ez dudala gardentasun betebeharrik (aipatu foru dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako).

Gardentasun betebeharra dudala, eta beraz, aitorpen honi 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako dokumentazioa eransten diot.

.................(e)n, 2014ko .............aren ..............(e)an

Sinatua:

Kargua:

ESKATZAILEARENTZAKO ARGIBIDE INTERESGARRIAK

1. Aitorpen hau eta kasuan-kasuan aurkezten den informazioa telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, eta Argitalpen Bulegoari igorriko zaizkio.

2. Hilabetekoa da aitorpen hau igortzeko epea, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik. Betebehar hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da ordainduko.

3. Entitate onuradunak ematen duen informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez eskuratzen ahalko da, argitaratzen denetik. Epe hori igarota, hura argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du eta, hala egiten ez badu, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikulua.

4. artikulua. Informazioaren edukia.

1. Foru dekretu honek ukitzen dituen entitateek jarraian zerrendatzen den informazioaren berri emanen dute, administrazio organo eskudunak finkatzen duen moduan:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptutan banatuta. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan bildutakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

2. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du aipatutako informazioa.

3. Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, 3. artikuluko inguruabarrak ematen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.

4. Entitateak ekitaldi berean ondoz ondoko diru-laguntzak jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Iragarkiaren kodea: F1403506