22. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

11/2014 FORU AGINDUA, urtarrilaren 10ekoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, “Lodosako pikillo piperra” Jatorrizko Deitura Babestuaren, “Erronkari” Jatorrizko Deitura Babestuaren, “Tuterako orburua” Adierazpen Geografiko Babestuaren eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren (NNPEK) kontseilu arauemaileak berritzeko hauteskundeen deialdia ezartzen duena.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak ezartzen duenez.

Mahastiari eta Ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legearen xedapen indargabetzaile bakarrak ezarritakoaren arabera, indarrik gabe gelditu zen Mahastiaren, Ardoaren eta Alkoholaren Estatutuaren abenduaren 2ko 25/1970 Legea. Salbuespen dira, jatorrizko deitura izanik, ardoa, ardo ozpina, ardo usaingozatuak, brandya, muztioa eta mahatsetik datozen gainerako produktuak ez diren nekazaritzako elikagaien kontseilu arauemaileei buruz lege horretan jasotako arauak.

Horrenbestez, Mahastiaren, Ardoaren eta Alkoholaren Estatutuaren Erregelamendua onesten duen martxoaren 23ko 835/1972 Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriaren babesean, bidezkoa da, 89.3 artikuluan xedatuaren arabera, ardoarenak ez diren jatorrizko deituren eta adierazpen geografikoen kontseilu arauemaileetako kideak berritzea.

Bestalde, abenduaren 20ko 617/1999 Foru Dekretuak ezartzen du kontseilukideak berritu behar direla lau urtean behin NNPEKan.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak apirilaren 20an emandako 199/2009 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako lurralde eremuko elikagaien kalitate-deituren kontseilu arauemaileen agintaldia luzatu zen.

Hori dela eta, “Lodosako pikillo piperra” Jatorrizko Deitura Babestuaren, “Erronkari” Jatorrizko Deitura Babestuaren, “Tuterako orburua” Adierazpen Geografiko Babestuaren eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren (NNPEK) kontseilu arauemaileetako egungo kideen agintaldia bukatuta eta haien agintaldia luzatzea ekarri zuten arrazoiak desagertuta, bidezkoa da Nafarroako mugak gainditzen ez dituzten kontseilu horiek berritzeko hauteskundeen deialdia eta prozedura finkatzea.

Xedapen hauek prestatzean, entzunaldia eman zaie nekazaritzako lanbide erakundeei, enpresa elkarteei, erakunde kooperatiboari eta kontseilu arauemaileei.

Ikusirik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.25 artikulua, bai eta Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta mendien arloari buruz Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuan xedatua ere.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Hauteskundeetarako deia.

1. Deialdia egiten da “Lodosako pikillo piperra” Jatorrizko Deitura Babestuaren, “Erronkari” Jatorrizko Deitura Babestuaren, “Tuterako orburua” Adierazpen Geografiko Babestuaren eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren (NNPEK) kontseilu arauemaileak berritzeko hauteskundeetarako.

2. Berariaz aipatu ezean, kontseilu arauemaileetarako egindako aipamenak NNPEKrako ere aplikatuko dira.

2. artikulua. Hauteskunde horiek egiteko arauak.

1. Xedapen honen I. eranskinean ezarritako arauei jarraikiz eginen dira foru agindu honen bidez deitutako hauteskundeak.

2. Bestalde, sufragiorako eskubidea askatasun osoz baliatzea funtsezko helburua izanda, hauteskunde prozesua eta foru agindu hau aplikatzetik sortzen diren zalantza guztiak, bertan aurreikusten ez den orotan, Hauteskundeetako Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan eta hura garatzeko gainerako araudian ezarritakoarekin bat ebatziko dira.

3. artikulua. Hauteskunde egutegia.

Foru agindu honen II. eranskinean ezarritako egutegira doituko da kontseilu arauemaileak berritzeko prozeduraren hauteskundeen egutegia.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Hautagaitza bakarra.

1. Hautagaitzak irmo direnean, 16. artikuluan xedatuarekin bat, bakarra besterik aurkezten ez denetan, zentsuko edo azpizentsuko hautagaiak zuzenean geratuko dira hautaturik, bozketarik egin gabe.

2. Izendapenaren zentsu edo azpizentsu guztietan hautagaitza bakarra bada, Izendapenen Hauteskunde Batzordeak, lau eguneko epean, izendapenaren kontseilu arauemailerako hautatutako kideak aldarrikatuko ditu.

3. Kontseilu arauemailea eratzeko osoko bilkura hautatutako kideak aldarrikatu eta zazpi eguneko epera eginen da.

Bigarren xedapen gehigarria.–Hautatutako kideen baja eta ordezkapena.

1. Hautatutako kideen agintaldiaren indarraldian, araudi honetan ezarritako moduan hautatzen direnek lotura galtzen badute ordezkatzen duten sektoreekin edo hautagai gisa proposatu zuten erakundearekin, hautagai gisa proposatu zuten erakundeak ordeztuko ditu.

2. Inskribatutako enpresa bateko zuzendaritzakoak izateagatik hautatzen diren kideek kargua utziko dute enpresa horretako zuzendaritzan kargua uztean, beste enpresa batera joanda sektoreari lotuta jarraitzen badute ere, eta haren ordezkoa izendatuko da ezarritako moduaren arabera.

3. Aurrekoa gorabehera, martxoaren 23ko 835/1972 Dekretuaren 89.4 eta 89.5 artikuluetan ezarritako kasuren batengatik baja denean kideren bat, ordezkoak ordeztuko du zuzenean, edo, bestela, hura proposatu zuen erakundeak izendatzen duenak.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren apirilaren 20ko 199/2009 Foru Aginduaren bidez luzatutako kontseilu arauemaileen eginkizunak kentzea.

Hauteskunde prozesu honi jarraikiz hautatzen diren kide berriak karguaz jabetzen diren egunean eginkizunik gabe geldituko dira apirilaren 20ko 199/2009 Foru Aginduaren bidez luzatutako kontseilu arauemaileak.

Laugarren xedapen gehigarria.–Aurrekontuko kontu-saila.

Foru agindu hau aplikatzetik sortzen diren konpromisoak 2013ra eta 2014ra luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Hainbat gastu” izeneko 720005-72240-2269-412100 kontu-sailaren kargura izanen dira, eta horretarako, 8.000 euro erreserbatuko dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe utzi dira foru agindu honen kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 10ean.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

I. eranskina

Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan elikagaien kalitate figuren zenbait kontseilu arauemaile berritzeko arauak

I. titulua

Hauteskundeen arauak

1. kapitulua

Arau orokorrak

1. artikulua. Hauteskunde prozesua antolatu eta koordinatzea.

1. Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak antolatu eta koordinatuko du hauteskunde prozesua.

2. Hauteskunde prozesuaren egutegia egun naturaletan dago.

3. Jarduketa baterako epearen azken eguna igandearekin edo jaiegunarekin denean, ulertuko da hurrengo egun balioduna gaituko dela horretarako.

2. artikulua. Hauteskunde batzordeak.

Hauteskundeko Goi Batzordea sortzen da. Gainera, hauteskunde batzorde bakarra eratzen da foru agindu honen 1. artikuluko kontseilu arauemaileak berrituko dituzten deituretarako, adierazpen geografikoetarako eta nekazaritzako produkzio ekologikorako (JDB, AGB eta NNPEK).

3. artikulua. Hauteskundeko Goi Batzordearen osaera.

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian (Iruñeko Gonzalez Tablas kalea, 9) egoitza izanen duen Hauteskundeko Goi Batzordea honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua:

  • Landa Garapenerako zuzendari nagusia, edo hura ordezten duena.

–Kontseilukideak:

  • Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria, edo berak eskuordetzen duena.
  • INTIA, SAko nekazaritzako elikagaien arloko zuzendari kudeatzailea, edo berak eskuordetzen duena.
  • APT bat (arlo juridikoa), Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak izendatua.
  • Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten nekazaritzako bi lanbide erakundeen ordezkari bana.
  • Kooperatiben ordezkari bat, Unión de Cooperativas Agrarias de Navarrak proposatua.

–Idazkaria:

  • Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren idazkari tekniko nagusia, edo berak eskuordetzen duena.

2. Nekazaritzako lanbide erakundeen eta kooperatiben ordezkarigaiak aurkezteko, dagokion entearen gobernu organoaren erabakia beharko da, ordezkaria eta haren ordezkoa proposatuta. II. eranskinean hauteskundeetarako aurreikusitako egutegiari jarraituz eginen da hauteskunde batzarretako ordezkarien jakinarazpena (HGB eta IHB).

4. artikulua. Izendapenen Hauteskunde Batzordearen osaera.

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian (Iruñeko Gonzalez Tablas kalea, 9) egoitza izanen duen Izendapenen Hauteskunde Batzordea honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua:

  • Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria, edo berak eskuordetzen duena.

–Kontseilukideak:

  • Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Ataleko burua.
  • INTIA, SAko nekazaritzako elikagaien arloko arduraduna.
  • “Lodosako pikillo piperra” Jatorrizko Deitura Babestuaren kontseilu arauemaileko idazkaria.
  • “Tuterako orburua” Adierazpen Geografiko Babestuko idazkaria.
  • “Erronkari” Jatorrizko Deitura Babestuaren kontseilu arauemaileko idazkaria.
  • Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko (NNPEK) zuzendari teknikoa.
  • Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten nekazaritzako bi lanbide erakundeen ordezkari bana.
  • Kooperatiben ordezkari bat, Unión de Cooperativas Agrarias de Navarrak proposatua.

–Idazkaria:

  • APT bat (arlo juridikoa), Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak izendatua.

2. Kontseilu arauemaileko idazkariaren boto eskubideak balioko du Izendapenen Hauteskunde Batzordean duen idazkaritza kopuruaren adina.

5. artikulua. Hauteskunde batzordeen eginkizunak.

1. Honako hauek dira Hauteskundeko Goi Batzordearen eginkizunak:

a) Hauteskunde prozesua koordinatzea.

b) Izendapenen Hauteskunde Batzordeari esleitutako eginkizunak betetzen direla zaindu eta gainbegiratzea.

c) Izendapenen Hauteskunde Batzordearen erabakien kontra jartzen diren errekurtsoak ebaztea, honako gai hauen inguruan: hauteskunde zentsuen zerrendak, hautagai eta hautatutako kideak aldarrikatzea eta kontseilu arauemaileetako buruaren eta buruordearen proposamena.

2. Honako hauek dira Izendapenen Hauteskunde Batzordearen eginkizunak:

a) Hauteskunde prozesua koordinatzea izendapen guztietan.

b) Izendapenen erregistroetan inskribatutako hautesleen zentsuak argitaratzea eta haiek jendaurrean paratzea kontseilu arauemaileetan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan eta Departamentuko Arloetako Bulegoetan.

c) Erreklamazioen gainean erabakitzea lehen auzialdian, haren erabakien kontra aurreikusitako epean aurkezten direnean.

d) Behin betiko zerrendak onestea.

e) Kide izateko hautagaien aurkezpenak jasotzea.

f) Hautagaiak aldarrikatzea.

g) Hauteskunde mahaietako kideak izendatzea eta kideen alegazioak jaso eta ebaztea.

h) Bozketak zaintzea.

i) Kideak aldarrikatzea.

j) Hauteskunde prozesu osoa bermatzea, kontseilu arauemaileko burua eta buruordea proposatu bitartean.

2. kapitulua

Zentsuak eta jendaurrean jartzea

6. artikulua. “Lodosako pikillo piperra” Jatorrizko Deitura Babestuaren hauteskunde zentsua.

1. Honako hauek dira “Lodosako pikillo piperra” Jatorrizko Deitura Babestuaren kontseilu arauemaileak prestatu behar dituen hauteskunde zentsuak:

–Ekoizleen sektorea:

  • A zentsua: landaketen titularrek osatua, kontseilu arauemailearen dagokien landaketen erregistroan inskribaturik badaude.

–Elaboratzaileen sektorea:

  • B zentsua: nekazaritzako elkarteek osatua, kontseilu arauemailearen elaboratzaileen erregistroan inskribaturik badaude.
  • C zentsua: manipulatzaileek eta merkaturatzaileek osatua, kontseilu arauemailearen elaboratzaileen erregistroan inskribaturik badaude, B zentsuan sartuta egon gabe.

2. Hona hemen zentsu bakoitzari dagokion kideen kopurua:

–A zentsua: 3 kide.

–B zentsua: kide 1.

–C zentsua: 2 kide.

7. artikulua. “Erronkari” Jatorrizko Deituraren hauteskunde zentsua.

1. Honako hauek dira “Erronkari” Adierazpen Geografiko Babestuaren kontseilu arauemaileak prestatu behar dituen hauteskunde zentsuak:

–Ekoizleen sektorea:

  • A zentsua: urtean 15.000 litrotik behera esne produzitzen duten esne produktoreek osatua, kontseilu arauemailearen artaldeen erregistroan inskribaturik badaude.
  • B zentsua: urtean 15.000 litrotik 35.000ra bitarte esne produzitzen duten esne produktoreek osatua, kontseilu arauemailearen artaldeen erregistroan inskribaturik badaude.
  • C zentsua: urtean 35.000 litrotik gora esne produzitzen duten esne produktoreek osatua, kontseilu arauemailearen artaldeen erregistroan inskribaturik badaude.

–Elaboratzaileen sektorea:

  • D zentsua: urtean 100 Tm-tik behera gazta ekoizten dutenek osatua, gaztandegien erregistroan inskribaturik badaude.
  • E zentsua: urtean 100 Tm-tik gora gazta ekoizten dutenek osatua, gaztandegien erregistroan inskribaturik badaude.
  • F zentsua: gazta bere produkzioko esnearekin ekoizten dutenek osatua, gaztandegien erregistroan inskribaturik badaude.

2. Hona hemen zentsu bakoitzari dagokion kideen kopurua:

–A zentsua: kide 1.

–B zentsua: kide 1.

–C zentsua: kide 1.

–D zentsua: kide 1.

–E zentsua: kide 1.

–F zentsua: kide 1.

8. artikulua. “Tuterako orburua” Adierazpen Geografiko Babestuaren hauteskunde zentsuak.

1. Honako hauek dira “Tuterako orburua” Adierazpen Geografiko Babestuaren kontseilu arauemaileak prestatu behar dituen hauteskunde zentsuak:

  • A zentsua: landaketen titularrek osatua, kontseilu arauemailearen landaketen erregistroan inskribaturik badaude.
  • B zentsua: merkaturatzeko enpresen edo freskoan biltegiratzen dutenen titularrek osatua, kontseilu arauemailearen dagokion erregistroan inskribaturik badaude.
  • C zentsua: eraldaketa industrien titularrek osatua, kontseilu arauemailearen industrien erregistroan inskribaturik badaude.

2. Hona hemen zentsu bakoitzari dagokion kideen kopurua:

–A zentsua: 4 kide.

–B zentsua: 2 kide.

–C zentsua: 2 kide.

9. artikulua. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren (NNPEK) hauteskunde zentsua.

1. Honako hauek dira NNPEKak prestatu behar dituen hauteskunde zentsuak:

  • A zentsua: produkzio ustiategien titularrak diren operadoreek osatua.
  • B zentsua: enpresa elaboratzaileen titularrak diren operadoreek osatua.
  • C zentsua: hirugarren herrialdeetatik inportatzen duten enpresen titularrak diren operadoreek osatua.
  • D zentsua: enpresa azken merkaturatzaileen titularrak diren operadoreek osatua, kontseiluaren kolaboratzaileak badira.

2. Hona hemen zentsu bakoitzari dagokion kideen kopurua:

–A zentsua: 3 kide.

–B zentsua: 2 kide.

–C zentsua: kide 1.

–D zentsua: kide 1.

10. artikulua. Zentsuetan egoteko baldintzak:

1. Zentsuetan egoteko, ezinbestekoa izanen da:

a) Azken kanpaina osoaren ixteari dagozkion kontseilu arauemailearen erregistroetan inskribatuta egotea foru agindu hau argitaratzen denean. “Tuterako orburua” Adierazpen Geografiko Babestuaren kontseilu arauemailearen kasuan, 2013-14 kanpainarako inskribatutako landaketak dituzten titularrek osatuko dute landaketen titularren zentsua. NNPEKren kasuan, gainera, haren kontrolaren menpe egon behar dira.

b) Desgaitua ez egotea eskubide zibilak erabiltzeko.

c) Epai judizial irmoak sufragiorako eskubidea galtzera kondenatua ez egotea, hura bete behar den bitartean.

2. Ulertuko da kontseilu arauemailearen erregistroetan inskribatuta dagoena izanen dela eskubidearen titularra.

11. artikulua. Zentsuen aurkezpena.

1. II. eranskinean ezarritako egutegiaren arabera aurkeztuko dituzte zentsuak kontseilu arauemaileek, III A, III B, III C eta III D eranskinetako ereduei jarraikiz. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren erregistroan aurkeztuko dira zentsuak, eta, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren bitartez, Izendapenen Hauteskunde Batzordeari zuzenduko zaizkio; bertan titularrak agertuko dira, alfabetoaren hurrenkeraren arabera, betiere izen-deiturak, nortasun agiri nazionala edo IFK, kasuaren arabera, zentsatuen helbidea, posta kodea eta udalerria agertzen direla.

2. Paperean aurkeztu beharko dira zentsuak, titularren deituren arabera alfabetoaren hurrenkerari jarraikiz. Halaber, euskarri informatiko batean, Excel taula bat aurkeztuko da, datu bakoitzak gelaxka bat okupatzen duela.

12. artikulua. Zentsuak onartzea eta jendaurrean jartzea.

1. Izendapenen Hauteskunde Batzordeak, kontseilu arauemaileek behin-behineko zentsuak eman ondoren eta egoki juzgatzen dituen egiaztapenak egin ondoren, zentsu guztiak eginbidetuko ditu, batzordeko idazkariaren sinadurarekin eta batzordeburuaren ikus-onetsiarekin, eta aginduko du izendapenaren zentsu osoa jendaurrean paratzeko kontseilu arauemaileen bulegoetan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentukoetan eta haren Arloetako bulegoetan.

2. II. eranskineko egutegira egokituko dira zentsuko aldaketak, erreklamazioak eta errekurtsoak.

3. Izendapenen Hauteskunde Batzordeak behin-behineko zentsuak aipatutako tokietara igortzen dituenean, idazkariaren idazki bat ere aurkeztu beharko da, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.

3. kapitulua

Kide izateko hautagaiak aurkeztea
eta haiek aldarrikatzeko modua

13. artikulua. Hautesleak eta hautagaiak.

a) 6., 7., 8. eta 9. artikuluetan aipatzen diren zentsuak ordezkatuko dituzten kideak hautatzeko, zentsu horietako bakoitzean daudenak izanen dira hautesleak eta hautagaiak.

Pertsona juridikoak badira, edota ondasunen komunitateak edo nortasunik gabeko bestelako enteak, hautagaiak pertsona juridiko horiek izanen dira, eta hautesleak, berriz, zuzendaritzakoak edo haren legezko ordezkariak, edota erkideek ordezkari hautatzen dituztenak.

b) Talde bakoitza ordezkatuko duten kontseilu arauemaileetako kideen hautagaitzak aldarrikatzeko eskaeraren bidez aurkeztuko dira Izendapenen Hauteskunde Batzordean, II. eranskinean jasotzen den epean.

14. artikulua. Hautagaitzak proposatzea.

1. Nekazaritzako kooperatibak, nekazaritzako lanbide erakundeak eta ekoizleen eta/edo merkaturatzaileen enpresa elkarteak ordezkatzen dituzten entitateek eta dagokion zentsuaren hautesleen %10ek, gutxienez, abalatzen duten independenteek proposatzen ahal dituzte hautagaitzak, kasuan-kasuan.

2. Entitate batek, nekazaritzako lanbide erakunde batek edo enpresa elkarte batek ezin izanen du hautagai zerrenda bat baino gehiago aurkeztu zentsu bererako. Hautagaitza horiek aurkeztean ezin izanen da alderdi politikoen ikurrik edo identifikaziorik erabili.

3. Hautagai batek ezin du hautagaitza batean parte hartu zentsu batean baino gehiagotan.

15. artikulua. Zerrendak aurkeztea.

1. Entitate batek, nekazaritzako lanbide erakunde batek edo enpresa elkarte batek, goi mailako beste batean integratuta badago, ezin izanen du bere hautagai zerrenda aurkeztu esparru handiagokoak berea aurkezten badu.

Entitateek, nekazaritzako lanbide erakundeek edo enpresa elkarteek aurkezten dituzten zerrendak haien ordezkaritza dutenek sinatu behar dituzte, haien estatutuekin bat.

Gainerako hautagaitzak sustatzaileek aurkeztu beharko dituzte. Sinatzaileak nor diren, aurkezpena hautesleek egiten dutenetan, Izendapenen Hauteskunde Batzordean frogatu beharko da, eta horrek egiaztatuko du proposamenak eta kideak dagokion zentsuan agertzen ote diren.

2. Zer zentsu edo azpizentsutarako aurkezten den, hari dagokion kide kopurua ezin du gainditu hautagaitzetako hautagai titularren kopuruak.

3. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira zerrendak, eta, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren bidez, Izendapenen Hauteskunde Batzordeari zuzenduko zaizkio, ondoko datu hauek argi adierazita:

1.–Hura proposatzen duen erakunde edo elkartearen izena, edo independentea den, hala balegokio.

2.–Bertan dauden hautagaien izen-abizenak eta nortasun agiri nazionala, baita dagozkien ordezkoenak ere.

3.–Hautagaien eta ordezkoen hurrenkera zerrenda bakoitzaren barrenean.

Izendapenen Hauteskunde Batzordeko idazkaritzak eginbidea eginen du jasota geratzeko zein egun eta zein ordutan aurkeztu zen, eta horren frogagiria emanen du, hala eskatzen bazaio.

Aurkezpen hurrenkeraren araberako zenbakiak emanen zaizkio zerrenda bakoitzari.

d) Hautagaitzak onartzeko adierazpenak, hautagaiek izenpetuak, aurkeztu beharko dira zerrendekin batera. Hautagaiek hautatuak izateko baldintzak bete behar dituzte.

e) Izendapenen Hauteskunde Batzordeak hautagaitzak onartzeko, ezinbestekoa izanen da ordezkari bat izendatzea zerrenda bakoitzerako; horren ardura izanen da kasuan kasuko hautagaitzaren gestioak hauteskunde batzordearekin egitea, eta egin beharreko jakinarazpen guztiak jasotzea.

Ordezkaria hautagaia izan daiteke, edo ez, eta haren helbidea Izendapenen Hauteskunde Batzordeari emanen zaio zerrenda aurkezten denean.

16. artikulua. Hautagaitzak aldarrikatzea.

Hautagaiak aurkezteko epea bukatuta, Izendapenen Hauteskunde Batzordeak hautagaitzak aldarrikatuko ditu, salbu eta arrazoia badago hautatuak ezin izateko, edo zentsuan ez badaude; horrek, Batzordeak salatu edo atzeman ondoren, bazterketa ekarriko du.

17. artikulua. Hautagaitzak jendaurrean paratzea eta erreklamazioak.

1. Hautagaitzak aldarrikatu ondoan, Izendapenen Hauteskunde Batzordeak erabakiko du jendaurrean paratzea, zentsuak erakusteko tokietan, V. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

2. Hautagaitzak aldarrikatuta eta jendaurrean paratuta, II. eranskineko epean haren kontrako erreklamazioak aurkezten ahal dira Izendapenen Hauteskunde Batzordean, eta horrek hurrengo hiru egunean ebatzi beharko ditu. Izendapenen Hauteskunde Batzordearen erabakiaren kontra errekurtsoa jartzen ahal da Hauteskundeko Goi Batzordean.

4. kapitulua

Hauteskunde mahaiak eratzea, bozketa eta kontaketa

A) Hauteskunde mahaiak.

18. artikulua. Hauteskunde mahaiak eratzea.

1. Hauteskunde mahaiak eratuko dira, bozketan buru izanen direnak, kontaketa eginen dutenak eta sufragioa garbia dela zainduko dutenak. Izendapenen Hauteskunde Batzordeak zozketa baten bidez hautesleen artean izendatuko dituen buru batek eta bi albokok osatuko dute hauteskunde mahai bakoitza. Ordezkoak izendatuko dira, bai buruarentzat bai albokoentzat, prozedura bera erabiliz.

2. Hautagaitza bakoitzaren ordezkariak interbentoreak izendatzen ahal ditu Izendapenen Hauteskunde Batzordearen aurrean, bozketa eta kontaketa behatzeko, hauteskunde mahaien parte izanda. Interbentore horiek hauteskunde zentsuan sartuta egon behar dute, eta ez dira hautagaiak izanen. Izendapenen Hauteskunde Batzordeak egiaztatuko ditu bi puntu horiek.

3. Hautagaitza bakoitzaren ordezkariak inskribatuta dagoen edozeini eman diezaioke ahala, hautagaia ez bada. Hauteskundeetako Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak ematen dizkion eskubideak eta betebeharrak izanen ditu ahalorde horrek.

19. artikulua. Hauteskunde mahaietako kideak.

1. Hauteskunde mahaietako kidea izateak nahitaezko izaera dauka. Izendapena egin ondoan, interesdunei jakinaraziko zaie, onarpena eragozten duen arrazoia alega dezaten, betiere behar bezala frogatuta. Izendapenen Hauteskunde Batzordeak berariaz ebatziko du, ondoko errekurtsorik gabe, hurrengo hiru eguneko epean.

2. Eragozpenaren arrazoia geroago sortzen bada, gaztigua segituan emanen da, betiere eraketaren ordua baino lehenago. Kasu horietan, Izendapenen Hauteskunde Batzordeak ere segituan ebatziko du.

3. Mahaia eratzeko behar diren kideak bertaratzen ez badira, bertaratutakoak Izendapenen Hauteskunde Batzordeari horren berri emanen dio, eta batzordeak libreki izendatzen ahal ditu pertsonarik egokienak hautaketa eta kontaketa taxuz egiteko.

20. artikulua. Hauteskunde mahaien kopurua.

Hauteskundeko Goi Batzordeak ezarriko du zenbat hauteskunde mahai dagoen eta zer udalerri sartzen den haietako bakoitzean.

21. artikulua. Hauteskunde mahaiak eratzea.

1. Hauteskunde mahai bakoitzeko burua eta albokoak, ordezkoekin batera, bozketaren eguneko 15:00etan bilduko dira horretarako erabiliko den tokian.

2. Burua agertzen ez bada, lehen ordezkoak ordeztuko du, eta hura falta bada, bigarren ordezkoak. Hura ere agertzen ez bada, lehen albokoak eta bigarren albokoak, hurrenkera horretan. Burutzan aritzen diren albokoak edo bertaratzen ez direnak ordezkoek ordezkatuko dituzte.

3. Ezin da mahai bat eratu burua eta bi albokoak egon gabe. Buruak, 15:30ean, mahaiaren eraketaren akta eginen du, berak, albokoek eta interbentoreek, halakorik balego, sinatua.

4. Aktan nahitaez adieraziko da nork eratzen duen mahaia, mahaikide gisa, eta interbentoreen izenen zerrenda, halakorik balego, zein hautagaitza ordezkatzen duten zehaztuta.

5. Halaber, jasoko da lokalen ordenaren gaineko edozein gorabehera, baita hura sortu dutenen izen-abizenak ere.

6. Mahaiko buruak aginte osoa izanen du lokalaren barrenean, ordenari eusteko, hautesleen askatasuna bermatzeko eta legearen betebeharrak konplitzeko.

22. artikulua. Lokalak zehaztea.

Hauteskundeko Goi Batzordeak zehaztuko du hauteskunde mahai bakoitzari dagokion lokala.

23. artikulua. Hauteskunde mahaiek bete beharreko dokumentazioa.

1. Mahai bakoitzak ondoko dokumentazioa bete beharko du, Hauteskundeko Goi Batzordeari igorri beharrekoa:

–Mahaiaren eraketaren akta.

–Interbentoreen zerrenda.

–Kontaketaren akta, egindako ziurtagiriak zehaztuta.

–Kontaketaren aktaren ziurtagiria, horretarako eskubidea dutenek eskatzen badute.

2. Lehenengo hiru agiriak gutun-azal itxian igorriko dira.

B) Bozketa.

24. artikulua. Bozketaren hasiera.

1. Mahaiaren eraketaren akta eginda, bozketa 16:00etan hasiko da, eta, etenik gabe, 20:00ak arte jarraituko du.

2. Ezinbesteko arrazoiengatik soilik badago bozketa ez hastea edo etetea, betiere mahaiko buruaren erantzukizunpean; horrek horren inguruan ebatziko du, arrazoibidezko idazki batean, eta bozketa egunean bertan igorriko dio, hura egindakoan, eskuz zein posta ziurtatuaren bidez, Hauteskundeko Goi Batzordeari, horrek egiaztatu dezan arrazoiak egiazkoak diren eta izan litekeen erantzukizuna deklaratzeko edo eskatzeko. Idazkiaren kopia bat mahaiburuaren esku geratuko da.

3. Bozketa eteten bada, emandako botoak ez dira kontuan hartuko, eta ez dira kontatuko; mahaiburuak aginduko du hautestontzian utzitako boto-paperak suntsitzeko, eta puntu hori jaso beharko du aurreko paragrafoan aipatzen den idazkian.

25. artikulua. Botatzeko eskubidea frogatzea.

1. Hauteslea zentsuko zerrenda ziurtatuetan inskribatuta egonda frogatuko da botatzeko eskubidea, eta nortasuna frogatu beharko da legez onartutako frogagiri baten bidez: NANa, pasaportea, gidabaimena.

2. Hauteslea pertsona juridiko baten ordezkaria denean, beharrezkoa izanen da, horretaz gain, haren izenean jarduten duela frogatzen duen jatorrizko dokumentu bat aurkeztea. Dokumentu hori mahaiburuaren esku geratuko da, kontaketaren aktari eransteko.

26. artikulua. Bozketa nola eginen den.

Bozketa pertsonala eta sekretua izanen da, eta buruak horren hasiera hau esanda iragarriko du: “Empieza la votación”. Hautesleak banan-banan hurbilduko dira mahaira, izen-deiturak adieraziz. Albokoek eta interbentoreek hauteskunde zentsuaren zerrendak aztertu ondoren, hauteslearen izena eta nortasuna bertan dagoela egiaztatu ondoren eta botoa ematera joan dela jaso ondoren, hautesleak eskuz emanen dio buruari boto-papera, dagokion koloreko gutun-azal batean sartuta. Buruak, hauteslearen izena eta “vota” esanda, jendaurrean, aipatutako hautestontzian sartuko du boto-papera.

27. artikulua. Bozketaren bukaera.

1. Buruak, 20:00etan, iragarriko du bozketa bukatuko dela, eta ez du baimenduko beste inor lokalean sartzea. Galdetuko du bertan dauden hautesleren batek oraindik ez ote duen botorik eman, eta lokalaren barrenean daudenen botoak onartu eginen dira.

2. Jarraituan, mahaiko kideek eta interbentoreek, halakorik balego, bozkatuko dute, eta horiek guztiek sinatuko dituzte aktak.

28. artikulua. Propaganda debekatzea.

1. Ezin izanen da hauteskunde kanpainako ekintzarik edo propagandarik egin bozketaren bezperako 15:00etatik aurrera.

2. Hauteskunde prozesuan parte hartzen ez duen pertsona juridiko batek ere ezin du hauteskunde kanpainako ekintzarik egin, hauteskundeak deitzen direnetik aurrera.

29. artikulua. Hautestontziak eta boto-paperak eskuratzea.

1. Gobernuaren Ordezkaritzak eta udalek emanen dituzte bozketa egiteko hautestontziak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Langileriarako eta Herritarren Arretarako Atalak eskatuta. Hauteskundeko Goi Batzordearen idazkaria.

2. Boto-paperak Hauteskundeko Goi Batzordeko idazkariak emanen dizkie kasuan kasuko hauteskunde mahaiei.

30. artikulua. Hautestontzien eta boto-paperen hornidura.

1. Hauteskunde mahai bakoitzean, hautestontzi bat egonen da 6., 7., 8. eta 9. artikuluetako hautesleen zentsu bakoitzerako, betiere zehaztuta “A zentsua”, “B zentsua”, “C zentsua”, “D zentsua”, “E zentsua” eta “F zentsua”, kasuaren arabera.

2. Boto-paperak eta dagozkien gutun-azalak hainbat koloretan eginen dira: zuria A zentsurako, urdina B zentsurako, horia C zentsurako, berdea D zentsurako, gorria E zentsurako eta sepia F zentsurako.

3. Mahaiko buruek jasotako boto-paperen kopurua ezin da izan mahai bakoitzari dagozkion hautesleen kopuru bikoitza baino txikiagoa.

31. artikulua. Paper-botoen edukia.

1. Boto-paperetan honako hau jasoko da: hautagaitzaren erakunde, elkarte, federazio, koalizio edo hautesle-elkartearen izena eta, hala balegokio, siglak eta ikurra, baita hautagaien eta ordezkoen izen-deiturak ere, kokapenaren hurrenkeraren arabera.

2. Zer taldetan bozkatzen den, hari dagokion kide adina hautagai agertuko dira boto-paper bakoitzean, VI. eranskineko ereduaren arabera. Halaber, beste horrenbeste ordezko egon daitezke, kasuan kasuko zentsu edo azpizentsuko hautagai kopuruaren arabera.

32. artikulua. Kontaketa.

Bozketa bukatuta, mahaiko buruak deklaratuko du hura itxi dela, eta jendaurreko kontaketa hasiko da. Hautestontzi bakoitzeko prezintoa kenduko da, handik gutun-azalak banan-banan aterako dira eta haietatik boto-paperak; hautagaitzaren izena ozenki irakurriko da. Buruak boto-paper bakoitza erakutsiko die, irakurri ondoan, mahaiko gainerakoei eta bukaeran alderatuko dira emandako boto guztiak eta jasotako hautesle guztiak.

33. artikulua. Boto baliogabeak eta boto zuriak.

1. Honako hauek izanen dira boto baliogabeak:

a) Ofizialak ez diren gutun-azal edo boto-paperen bidez egindakoak, edo gutun-azalik gabeko boto-paperekin, edo hautagaitza nahiz zentsu desberdineko boto-paper bat baino gehiago daramanean gutun-azal batek. Gutun-azal batean hautagaitza bereko boto-paper bat baino gehiago dagoenean, boto bakartzat hartuko da.

b) Boto-papereko hautagaien izenak aldatu, erantsi, markatu edo urratuta dituzten botoak, edo kokapenaren hurrenkera aldatuta dutenak, baita bestelako aldaketa daramatenak ere.

c) Aurreko paragrafoetan adierazitako edozein aldaketa duten gutun-azal batean egindako botoak.

2. Boto zuriak eta baliodunak izanen dira boto-paperik ez duten gutun-azalak.

34. artikulua. Kontaketaren emaitza.

1. Botoak kontatuta, aurreko operazioen arabera, buruak galdetuko du kontaketaren kontrako proposamenik ote dagoen. Ez badago, edo mahaiaren gehiengoak aurkeztutakoak ebatzi ondoren, ozenki iragarriko da emaitza, zehaztuta zein den hautesleen, boto-paper baliogabeen eta boto-paper baliodunen kopurua, eta, azken horien artean, zenbat boto-paper zuri diren eta hautagaitza bakoitzak zenbat boto eskuratu dituen.

2. Hautestontzietatik ateratako boto-paperak bertaratutakoen aurrean suntsituko dira, salbu eta baliozkotasuna ukatua izan dutenak edo erreklamazioren xede izan direnak; horiek aktari erantsiko zaizkio, mahaiko kideek sinatu ondoren.

3. Operazioak bukatuta, buruak, albokoek eta mahaiko interbentoreek, halakorik balego, kontaketaren akta sinatuko dute; bertan zehazki adieraziko dute zein den hauteskunde zentsuaren arabera dagoen hautesle kopurua, zenbat hauteslek eman duten botoa, zenbat boto-paper baliodun, zenbat boto-paper baliogabe eta zenbat boto-paper zuri den, eta hautagaitza bakoitzak zenbat boto eskuratu duen; halaber, laburki jasoko dituzte egindako erreklamazioak edo protestak, mahaiak emandako ebazpenak eta gorabeherak, halakorik balego, betiere zehaztuta zein diren egileen izen-deiturak. (VII. eranskina. Kontaketaren aktaren eredua).

35. artikulua. Emaitzak ziurtatzea.

Jarraituan, emaitzak ziurtatuko dira eta bozketa egiteko lokalean paratuko dira, ongi ikusteko moduan; gutun-azal itxian kontaketaren jatorrizko akta igorriko zaio Hauteskundeko Goi Batzordeari, eraketaren aktarekin eta boto-paper baliogabeekin edo erreklamazioaren xede izan direnekin batera. Gutun-azal hori mahaiko kide guztiek sinatuko dute, edukia bermatzeko.

5. kapitulua

Hautatutako kide titularrak eta ordezkoak aldarrikatzea, kontseilu arauemaileen osaera eta kontseilu arauemaileko burua eta buruordea bozkatzeko prozedura

A) Hautatutako kide titularrak eta ordezkoak aldarrikatzea.

36. artikulua. Kidetzen esleipena.

Gutun-azal itxian hauteskunde mahai guztien dokumentazioa jasota, Hauteskundeko Goi Batzordeak ireki eginen ditu, eta kidegotzak eta, halakorik balego, ordezkotzak esleituko ditu, ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 163.1 eta 164.1 artikuluekin bat.

37. artikulua. Kide hautatuak aldarrikatzea.

1. Izendapenen Hauteskunde Batzordeak, postuen esleipena bukatuta, aldarrikatu eginen ditu, jendaurrean eta buruaren bidez, kasuan kasuko kontseilu arauemaileko kide hautatuak, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan argitaratuko ditu emaitzak.

2. Egutegian ezarritako epearen barrenean hautatutako kideen aldarrikapena errekurritzen ahal da Hauteskundeko Goi Batzordearen aurrean; horrek ebatziko du eta Izendapenen Hauteskunde Batzordeari eta errekurtsogileari jakinaraziko die.

3. Egutegian ezarritako epean beharrezko egiaztagiriak igorriko zaizkio hautatutako kideei, hautagaitza bakoitzaren ordezkarien bidez.

B) Kontseilu arauemaileak osatzea eta burua eta buruordea bozkatzeko prozedura.

38. artikulua. Kontseilu arauemaileen osaera.

1. Kontseilu arauemaile bakoitza honako hauek osatuko dute:

a) Kontseiluko buru bat.

b) Kontseiluko buruorde bat, hala aurreikusita badago kontseilu arauemailearen erregelamenduan.

c) Foru agindu honen 6.2, 7.2, 8.2 eta 9.2 artikuluetan agertzen diren adina kide, sektoreak ordezkatzeko.

2. Kontseilu arauemailearen bileretara legez ezarritako moduan izendatzen diren Administrazioko ordezkariak joanen dira, botoa dutela baina hizpiderik ez.

3. NNPEK osatzeko, Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako produkzio ekologikoaren eta nekazaritzako produktu eta elikagaietan horren adierazgarria jartzearen gaineko erregelamenduaren 8. artikuluan xedatuari jarraituko zaio (abenduaren 20ko 617/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

39. artikulua. Kontseilu arauemaileak eratzea.

1. Egutegian ezarritako epean, kontseilu arauemaileko osoko bilkuran, aurreko kideek kargua utziko dute, eta berriak karguaz jabetuko dira. Jarraituan eta bilkura berean, kontseiluak burua eta, hala balegokio, buruordea hautatuko ditu.

2. Kontseilu arauemaileak hautatuen izena jakinaraziko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, hark izendatu ditzan. Hautagaiek eskuratutako boto kopurua jaso beharko da.

40. artikulua. Kontseiluko burua eta buruordea izendatzea.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak izendatuko ditu burua eta buruordea, kontseilu arauemaileak proposatuta.

II. eranskina

Hauteskunde egutegia kontseilu arauemaileak berritzeko

2014KO TRAMITEA

EPEAREN AMAIERA

Nafarroako Aldizkari Ofizialean hauteskundeak deitzeko foru agindua argitaratzea

Otsailaren 3a

Hauteskunde batzarretako ordezkariak jakinaraztea (HGB eta IHB)

Otsailaren 10a

Hauteskundeko Goi Batzordeko nahi Izendapenen Hauteskunde Batzordeko kideak izendatzea

Otsailaren 14a

Kideen izendapenaren kontrako errekurtsoak aurkeztea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzenduak

Otsailaren 18a

Errekurtsoak ebaztea

Otsailaren 21a

Hauteskunde Batzordeen eraketa

Otsailaren 26a

Kontseilu arauemaileek zentsuak aurkeztea Izendapenen Hauteskunde Batzordeari

Otsailaren 28a

Zentsuak jendaurrean

Martxoaren 3

Erreklamazioak aurkeztea, Izendapenen Hauteskunde Batzordeari zuzenduak

Martxoaren 4tik 14ra

Izendapenen Hauteskunde Batzordeak erreklamazioak ebaztea

Martxoaren 20

Erreklamazioen ebazpenaren kontrako errekurtsoak, Hauteskundeko Goi Batzordeari zuzenduak

Martxoaren 26

Hauteskundeko Goi Batzordeak errekurtsoak ebaztea

Martxoaren 31

Behin betiko zentsuak jendaurrean

Apirilaren 7

Hautagaitzak aurkeztea

Apirilaren 11

Hautagaiak aldarrikatzea

Apirilaren 16

Hautagaien aldarrikapenaren kontrako erreklamazioak

Apirilaren 26

Izendapenen Hauteskunde Batzordeak erreklamazioak ebaztea

Maiatzaren 2

Erreklamazioen ebazpenaren kontrako errekurtsoak, Hauteskundeko Goi Batzordeari zuzenduak

Maiatzaren 7

Hauteskundeko Goi Batzordeak errekurtsoak ebaztea

Maiatzaren 14a

Hauteskunde mahaiko kideak izendatzea

Maiatzaren 16

Mahaiko kideak desenkusak alegatzea

Maiatzaren 23

Izendapenen Hauteskunde Batzordeak desenkusak ebaztea

Maiatzaren 29

Mahaiak eratzea eta bozketa

Ekainaren 3a

Kide hautatuak aldarrikatzea Izendapenen Hauteskunde Batzordeak

Ekainaren 4an.

Kide hautatuen aldarrikapenaren kontrako errekurtsoak

Ekainaren 4tik 10era

Hauteskundeko Goi Batzordeak errekurtsoak ebaztea

Ekainaren 17a

Egiaztagiriak igortzea

Ekainaren 24tik 27ra

Kide berriak karguaz jabetzea

Ekainaren 27tik uztailaren 4ra

III-A eranskina

Zentsuak aurkezteko eredua

“Lodosako pikillo piperra” Jatorrizko Deitura Babestuaren kontseilu arauemailea.

Kontseilu arauemailea berritzeko hauteskundeak.

–A zentsua: landaketen titularrak, kontseilu arauemailearen dagokien erregistroan inskribaturik badaude.

–B zentsua: nekazaritzako elkarteetako titularrak, kontseilu arauemailearen elaboratzaileen erregistroan inskribaturik badaude.

–C zentsua: manipulatzaileak eta merkaturatzaileak, kontseilu arauemailearen elaboratzaileen erregistroan inskribaturik badaude, B zentsuan sartuta egon gabe.

(Hurrengo orrietan ez da beharrezkoa 1. orriaren goiko aldea).

....................... (e)n, 2014ko ...................aren ........(e)an

 ............................................

DEITURAREN HAUTESKUNDE BATZORDEA.

González Tablas kalea, 9. 31005.

III-B eranskina

Zentsuak aurkezteko eredua

“Erronkari” Jatorrizko Deituraren kontseilu arauemailea.

Kontseilu arauemailea berritzeko hauteskundeak.

–A zentsua: urtean 15.000 litrotik behera esne produzitzen duten esne produktoreak, kontseilu arauemailearen dagokien erregistroan inskribaturik badaude.

–B zentsua: urtean 15.000 litrotik 35.000ra bitarte esne produzitzen duten esne produktoreak, kontseilu arauemailearen dagokien erregistroan inskribaturik badaude.

–C zentsua: urtean 35.000 litrotik gora esne produzitzen duten esne produktoreak, kontseilu arauemailearen dagokien erregistroan inskribaturik badaude.

–D zentsua: urtean 100 tonatik behera gazta ekoizten dutenak, inskribaturik badaude.

–E zentsua: urtean 100 tonatik gora gazta ekoizten dutenak, inskribaturik badaude.

–F zentsua: esnea bere produkzioko esnearekin ekoizten dutenak, hala inskribaturik badaude.

(Hurrengo orrietan ez da beharrezkoa 1. orriaren goiko aldea).

....................... (e)n, 2014ko ...................aren ........(e)an

 ............................................

DEITURAREN HAUTESKUNDE BATZORDEA.

González Tablas kalea, 9. 31005.

III-C eranskina

Zentsuak aurkezteko eredua

Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilua (NNPEK).

Kontseilu arauemailea berritzeko hauteskundeak.

–A zentsua: produkzio ustiategien titularrak diren operadoreak.

–B zentsua: enpresa elaboratzaileen titularrak diren operadoreak.

–C zentsua: hirugarren herrialdeetatik inportatzen duten enpresen titularrak diren operadoreak.

–D zentsua: enpresa azken merkaturatzaileen titularrak diren operadoreak, kontseiluaren kolaboratzaileak badira.

(Hurrengo orrietan ez da beharrezkoa 1. orriaren goiko aldea).

....................... (e)n, 2014ko ...................aren ........(e)an.

 ............................................

DEITURAREN HAUTESKUNDE BATZORDEA.

González Tablas kalea, 9. 31005.

III-D eranskina

Zentsuak aurkezteko eredua

“Tuterako orburua” Adierazpen Geografiko Babestuaren kontseilu arauemailea.

Kontseilu arauemailea berritzeko hauteskundeak.

–A zentsua: landaketen titularrak, kontseilu arauemailearen landaketen erregistroan inskribaturik badaude.

–B zentsua: merkaturatzeko enpresen edo freskoan biltegiratzen dutenen titularrak, kontseilu arauemailearen dagokion erregistroan inskribaturik badaude.

–C zentsua: eraldaketa industrien titularrak, kontseilu arauemailearen industrien erregistroan inskribaturik badaude.

(Hurrengo orrietan ez da beharrezkoa 1. orriaren goiko aldea).

....................... (e)n, 2014ko ...................aren ........(e)an.

 ............................................

DEITURAREN HAUTESKUNDE BATZORDEA.

González Tablas kalea, 9. 31005.

IV. eranskina

Deituren Hauteskunde Batzordeak behin-behineko zentsuak/hautagaitzen aldarrikapena jendaurrean paratzea

.................................................................. Deituraren/Adierazpenaren kontseilu arauemaileko kideak berritzeko hauteskundeak.

Gaia: zentsuen igorpena / hautagaitzen aldarrikapena jendaurrean (1).

Honekin batera, ...................................................................ri igortzen diot .............................. deituraren edo adierazpenaren kontseilu arauemailearen erregistroetan inskribatutako hautesleen zentsuaren ale bat, entitatearen lokaletan jendaurrean paratzeko, ......etik ........ra bitarte, hauteskundeei buruz indarra duen araudian ezarritakoaren arabera.

Deituren Hauteskunde Batzordeko idazkaria

Sinatua: ..........................................

(1) Bete ezazu behar dena:

–Behin-behinekoak.

–Behin betikoak.

V. eranskina

Deituren Hauteskunde Batzordeak hautagaitzak igortzeko eredua

.................................................................. Deituraren/Adierazpenaren kontseilu arauemaileko kideak berritzeko hauteskundeak.

Gaia: hautagaitzak igortzea.

Honekin batera, ............................................ri igortzen diot aurkeztutako hautagaitzen ale bat, entitatearen lokaletan jendaurrean paratzeko, ......etik ........ra bitarte, hauteskundeei buruz indarra duen araudian ezarritakoaren arabera.

Izendapenen Hauteskunde Batzordeko idazkaria

Sinatua: ..........................................

VI. eranskina

Boto-papera ofizialaren eredua

.................................................................. Deituraren/Adierazpenaren kontseilu arauemaileko kide izateko hauteskundeak.

Zentsua (1): ..................

Botoa ematen diot honako hauek aurkeztutako hautagaitzari:

Titularra: .......................................

–Ordezkoa: ..................................

Titularra: .......................................

–Ordezkoa: ..................................

Titularra: .......................................

–Ordezkoa: ..................................

Titularra: .......................................

–Ordezkoa: ..................................

Titularra: .......................................

–Ordezkoa: ..................................

(1) Zehaztu A, B, C, D, E, edo F zentsua den.

VII. ERANSKINA

Kontaketaren aktaren eredua

Hau izenpetzen dutenek, buruak eta kideek (baita ikuskatzaileek ere, halakorik balego), ........................... Deituraren/Adierazpenaren kontseilu arauemaileko kide izateko hauteskundeetan ............................ herriko hauteskunde mahaia osatzen baitute,

ZIURTATZEN DUTE:

Gaur hauteskunde mahai honetan egindako bozketaren boto-paperak kontatuta, haren emaitza honako hau dela:

Hautesleak: ............................................

Botoa eman zuten hautesleak: ..............

Boto-paper baliodunak: ..........................

Boto-paper baliogabeak: ........................

Boto-paper zuriak: ..................................

Boto baliodunak honela banatzen dira: ..............................................

Gorabeherak: .....................................................................................

Eta horrela jasota gera dadin, hau sinatzen dut, ...........(e)n, 2014ko ...........aren ..........(e)an.

Iragarkiaren kodea: F1400490