184. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2014ko uztailaren 30ean hartua, Eguesibarko udalerriaren gaztelaniazko izena aldatzea xedatzen duena. Hemendik aurrera, “Egüés” gabe, “Valle de Egüés” izanen da, eta euskarazko izen ofiziala berriz, “Eguesibar”.

Ikusi da Eguesibarko Udalak Nafarroako Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian aurkeztu duen eskaera, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuari eskatu baitio udalerri horren gaztelaniazko izena aldatu eta “Egüés” gabe, “Valle de Egüés” onets dezala.

Eguesibarko Udalak Nafarroako Gobernuari igorri dio udal horretako gaztelaniazko izen ofiziala “Valle de Egüés” izenarengatik aldatzeko tramitatutako espediente administratiboa.

Aipatu espedientean honako hauek ageri dira: udalak 2013ko abenduaren 12an hartutako erabakia, izen aldaketa hori hasiera batean onartu eta jendaurrean jarri zuena hilabeterako (2014ko otsailaren 13ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen), eta toki entitate horrek 2014ko uztailaren 3ko osoko bilkuran egindako behin betiko onespena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 21.1 artikuluak hauxe ezartzen du izen aldaketei buruz: “ezin da udal baten izena aldatu, hartu nahi den izen berria lehendik dagoen beste baten berdina bada edo zerbitzu publikoen antolamenduan nahasketak sor baditzake.”

Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Juridikorako Zerbitzuko zuzendariak espedientean ziurtatutakoaren arabera, Nafarroako Toki Entitateen Erregistroan ez dago inolako entitaterik inskribaturik orain ezarri nahi den izenarekin.

Gaztelaniaz proposatutako izenak (“Valle de Egüés”) oinarri geografikoa dauka, Eguesibarko udalerriaren barnean ondoko kontzejuak sartzen baitira: Altzuza, Ardatz, Azpa, Badostain, Egues, Elkano, Elia, Ibiriku, Olatz eta Sagaseta.

Izena aldatzeko prozedurari dagokionez, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 22. artikuluak dio “udalerrien izena aldatzeko udalek hartutako erabakia beharko dela, aurretik jendaurrean gutxienez hilabete egonda. Erabakia Foru Komunitateko Administrazioari igorri beharko zaio, Nafarroako Gobernuak onets dezan, eta hori emandakotzat hartuko da hilabeteko epean ebazpenik ematen ez bada.”

Horrenbestez, horretarako lege oztoporik ez baitago, bidezkoa da organo eskudunak, hots, Nafarroako Gobernuak, izena aldatzeko onespena ematea.

Nafarroako Gobernuak onetsi ondoren, Estatuko Administrazio Nagusiari igorriko zaio, Toki Entitateen Erregistroan inskriba dezan, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Toki Entitateen Erregistroan inskribatuko da.

Azkenik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 23. artikuluan honako hau xedatzen da: “udalen izen aldaketek ofizialtasuna lortzeko ezinbestekoa da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 14. artikuluak aipaturiko erregistroan jasotzea eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea.” Hortaz, bidezkoa da onetsitako izen aldaketa aldizkari ofizial horietan argitaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Eguesibarko Udalak eskatutako izen aldaketa onestea. Hemendik aurrera, udalerri hori gaztelaniaz, “Valle de Egüés” izanen da, eta “Eguesibar” euskaraz.

2. Izena aldatzeko erabaki hau Estatuko Administrazio Nagusiari igortzea, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Toki Entitateen Erregistroan inskriba dezan eta, halaber, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nafarroako Toki Entitateen Erregistroan inskribatzea.

3. Erregistro horietan inskribatu ondoren, Estatuko eta Nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratzea.

4. Erabaki hau Eguesibarko Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2014ko uztailaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1410924