183. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

61/2014 FORU AGINDUA, uztailaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea arautzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko boluntarioen lana arautu zen, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluko 17., 14. eta 18. zenbakiek Nafarroari erabateko eskumena esleitu baitzioten gizarte laguntzaren, aisialdiaren erabilera egokiaren, komunitatearen garapenaren eta hirugarren adinekoen politikaren arloetan.

Boluntariotza sustatzeko politika zeharkakoa izanik, beharrezkoa da koordinatuta jardutea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan.

Horren harira, Nafarroako Boluntario Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen 16. artikuluak Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea sortu zuen. Boluntariotza programekin ikustekoa duten departamentuetako zuzendari nagusiek osatuko dute batzorde hori.

Irailaren 22ko 600/2003 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Boluntario Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legean zehaztutako zenbait eginkizun Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari atxiki zitzaizkion.

Horrenbestez, Gizarte Politiketako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko uztailaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Arau honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea arautzea.

2. artikulua. Izaera juridikoa.

Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea da boluntariotzaren arloan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen artean koordinazio teknikoa egiteko organoa.

3. artikulua. Atxikipena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea Gizarte Politiketako Departamentuari atxikiko zaio, Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez.

4. artikulua. Araubide Juridikoa.

Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordeak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluan eta foru dekretu honetan xedaturikoari jarraituko dio, eta, hala balegokio, haren barne funtzionamenduko erregelamenduari.

5. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordeak eginkizun hauek ditu:

a) Boluntariotza sustatzeko politika orokor bat finkatzea.

b) Departamentuen planifikazioa koordinatu eta sustatzea, jarduketak premia handienak dituzten sektoreetara bideratzeko eta entitate berrien sorrera bultzatzeko.

c) Departamentuek ebaluaziorako eta kontrolerako egiten dituzten jarduketen berri izatea.

d) Departamentuek ematen dituzten diru-laguntza publikoak boluntariotza entitateekin koordinatzea, jarduketa osagarriak lortzeko eta bikoizketak saihesteko; eta, zehatzago, irizpide orokorrak ezartzea boluntariotza sustatzeko.

e) Nafarroako boluntariotzari buruzko gida bat prestatu eta zabaltzea.

f) Boluntariotza urtero saritzeko antolaketa egitea, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluaren iritzia oinarri hartuta.

g) Esleitzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun, indarra duen antolamendu juridikoarekin bat.

6. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea kide hauek osatuko dute:

a) Batzordeko burua: Gizarte Politiketako Departamentuko kontseilaria.

b) Batzordeko buruordea: Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiaren titulartasuna duena.

c) Idazkaria: Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari atxikitako funtzionario bat, batzordeko buruak izendatua.

d) Batzordeko kideak:

–Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Kudeaketa Zuzendaritzaren titulartasuna duena.

–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua Erakunde Autonomoko Kudeaketa Zuzendaritzaren titulartasuna duena.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzaren titulartasuna duena.

–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren titulartasuna duena.

–Nafarroako Larrialdietako Agentzia Erakunde Autonomoko Kudeaketa Zuzendaritzaren titulartasuna duena.

–Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiaren titulartasuna duena.

2. Batzordeko buruak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Batzordearen ordezkaria izatea.

b) Batzordeko bilkuretarako dei egitea eta eguneko gaien zerrenda zehaztea.

c) Batzordeko bileren buru izatea, eztabaida zuzentzea eta ordena mantentzea.

d) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

e) Organoaren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

f) Batzordeburu karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

Postua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, batzordeburuaren ordez batzordeburuordea arituko da.

3. Batzordeko idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bileretan parte hartzea, hizpidea duela baina botorik ez.

b) Batzordeko bilkuretarako dei egitea, batzordeburuak aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.

c) Kideak eta organoa elkarrekin komunikatzeko egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo haren ezagutza behar duten bestelako idazki guztiak.

d) Gaiak ebazteko bidea prestatzea eta osoko bilkuretako aktak egitea.

e) Onetsi diren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

f) Osatzen diren berariazko batzordeen eginkizunak koordinatzea.

g) Batzordearen erabakiak betearaztea.

h) Batzordeko idazkariaren karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

4. Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordeko kideei honako hauek dagozkie:

a) Bilkuretako gai-zerrenda jasotzen duen deialdia garaiz hartzea.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, baita botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere, bozketetan abstenitu gabe.

d) Galde-eskeak egitea.

e) Esleitu zaizkien eginkizunak betetzeko behar den informazioa, gai-zerrendako gaien ingurukoa barne, garaiz jasotzea.

f) Karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

Kanpoan edo eri egonez gero edo justifikatutako beste edozein arrazoia dela-eta, batzordeko kideek zilegi izanen dute kasuan kasuko zuzendaritza nagusiei edo erakunde autonomoei atxikitako pertsonekin ordeztea, zerbitzuko zuzendari batekin edo horren maila bereko norbaitekin, gutxienez ere.

7. artikulua. Funtzionamendua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordeak osoko bilkurak edo berariazko batzordeak funtzionatzeko.

Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordearen eraketa, osoko bilkuran edo berariazko batzordeetan, baliozkotzat jotzeko, bilkurak eta gogoetak egitearen eta erabakiak hartzearen ondorioetarako, beharrezkoa izanen da batzordeburua eta idazkaria bertan egotea, edo haiek ordezten dituztenak, baita, gutxienez, kideen erdiak ere lehenengo deialdian, edo kideen herenak bigarren deialdian.

8. artikulua. Osoko Bilkura.

1. Batzordearen Osoko Bilkurak, gutxienez, sei hilabetean behin eginen du ohiko bilkura, eta bilkura berezia, berriz, batzordeburuak erabakita idazkariak horretarako deialdia egiten duenean.

2. Erabakiak botoen gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketarik badago, batzordeburuak kalitateko botoa izanen du.

3. Batzordekideez gain, landu behar diren gaietan lanbide gaitasun ezaguna duten pertsonak agertzen ahalko dira osoko bilkurara, batzordeburuak gonbidatuta. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

4. Osoko Bilkuretarako deialdiak, ohikoak zein bereziak, gutxienez 5 egun lehenago eginen dira. Deialdiari, jorratu beharreko gaien zerrenda erantsiko zaio, baita beharrezko dokumentazioa ere.

5. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da eguneko gai-zerrendan sartua ez dagoen deus, salbu, kide guztiak bildurik daudela, gaia presazko deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanda.

9. artikulua. Berariazko batzordeak.

1. Osoko Bilkurak berariazko batzordeak eratzea erabaki dezake, Osoko Bilkurak berak aginduko dizkien gaien gaineko azterlanak edo txostenak prestatzeko.

2. Eratzeko akordioan haren eginkizunak, osaera, funtzionamendua eta iraunaldia zehaztuko dira.

3. Batzordeen lana txosten batekin bukatuko da. Bertan, jarduteko proposamenak jasoko dira, eta Osoko Bilkurara igorriko da, hartan eztabaidatu eta bozkatzeko.

4. Informazioa jakinarazteko eta zabaltzeko egintzetarako, batzordeak, lehentasunez, informazio eta komunikazio teknologiak baliatuko ditu.

10. artikulua. Agintaldia.

Batzordeko kideak beren karguagatik dira kide, idazkaria izan ezik, zeina foru dekretu honen 6.1c) artikuluan xedatuaren arabera izendatuko baita.

11. artikulua. Ordainsariak.

Batzordeko kideek egiten dituzten zerbitzuak doakoak izanen dira, eta, horrenbestez, ezin izanen dute dietarik edo bestelako ordainsaririk jaso Departamentuarteko Batzordearen kargura.

Azken xedapenetan lehena.–Arauak emateko ahalmena.

Ahalmena ematen zaio Gizarte Politiketako kontseilariari foru dekretu hau bete eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko uztailaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Íñigo Alli Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1410933