183. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AEZKOAKO BATZARRE NAGUSIA

Ordenantza, Aezkoako Batzarre Nagusiaren herrilurretako produktu naturalen aprobetxamendua arautzen duena

Hasierako onespenaren erabakia 2014ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 23an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

ORDENANTZA, AEZKOAKO BATZARRE NAGUSIAREN HERRILURRETAKO PRODUKTU NATURALEN
APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUENA

Produktu naturalaren bilketak, eta bereziki onddo eta zizenak, bilakaera izan du azken urteetan: orain, horren eskaera handia dago bai bizilagunen bai bisitarien aldetik, eta azken horietariko aunitz ibarreko herrilurrera etortzen dira, bilketa horri lotzeko bertze xederik gabe. Halako une batzuetan, jende eta ibilgailuen etorrera gehiegizkoa bilakatzen da bilketari dagokionez, eta bertzetik ibilgailuen etorrera neurrigabe eta soberazkoa dakarkie pistei. Batzarreak uste du arautu beharra dagoela produktu naturalen aprobetxamendua, bereziki bizilagunen faborean, izan ere, herrilurretako aprobetxamendu guztien gisara, haien erabilera eta gozamena, Ibarreko bizilagunei dagokie bertze edonoren aitzinetik. Bertze alde batetik, horren arautzeak Ibarreko Batzarreari ekar liezazkioekeen baliabideen azterketa ekonomikoak, batik bat orain, bertze aprobetxamendu batzuetatik heldu diren diru-sarrerak nabarmen murriztu direlarik, beharrezko egiten du araudi honetan jasotzea.

Produktu naturalen aprobetxamendua harekin nahasten ahal diren herrilurretako bertze aprobetxamendu batzuekin bat etortzeko eta bateragarri egiteko, bereziki ehizarena baloratu da, biak nagusiki egiten diren garaiagatik, eta biek erabilera eremu beretan egiten direlako. Objektiboki, bat etortze horrek ekar lezake arazorik handiena: kontua da ehizaldia egiten edo eskopetak erabiltzen ari diren eremu batean sartzeak biltzaileari berari dakarkion arriskua saihestea, eta aldi berean ehiztariari dakarkiona bere ehiza eremuan biltzaileak egoteak, horrek ekartzen ahal baitu ehiza espezieak uxatuak izatea.

Erranak erran, egia ere bada bi aprobetxamenduak batera egin direla, gehienetan modu baketsuan, liskarrik izan gabe bataren eta bertzearen onuradunen artean; beraz, Batzarrearen iritziz, harmonizazio arauak guztien segurtasuna zaintzeko behar-beharrezkora mugatu behar dira. Horri dagokionez, eremu batzuk produktu naturalen aprobetxamendutik salbuetsirik egonen dira, halako egun batzuetan eta behar bezala seinalaturik, bertan ehiza larriko uxaldiak egiten ari badira.

Batzarreak urteko txartelak luzatuko ditu eta bizilagunei dagozkienak; gainerako txartelak (egunekoak, astekoak) Batzarrearen bulegoetan nahiz Aezkoarekin lankidetzan ari diren gainerako establezimenduetan. Baimenak lortzeari eta aprobetxamenduen arautzeari buruzko jakingarri guztiak, baita, halakorik bada, erabilera murriztuko eremuei buruzkoak ere, Ibarraren web orrian argitaratuko dira (www.aezkoa.net) eta interesdunen eskura egonen da Aezkoako Batzarrearen bulegoetan.

1.–Aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da Aezkoa mendiko (onura publikoko 1. mendia) produktu naturalen bilketa arautzea.

2.–Baimena izan beharra.

Aezkoa mendiko herrilurretako produktuen aprobetxamendua eginen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Aezkoako Batzarre Nagusiak gai hau arautzeko atera dituen ordenantzetan xedatuari jarraikiz.

3.–Baimenak ematea.

Arau orokorra izanen da produktu naturalak biltzeko debekua, Ibarreko Batzarrearen baimenik gabe. Bilketa egiteko baimenak txartel sistema baten bidez luzatuko dira , kategoria bakoitzaren arabera halako kupo batzuk biltzeko baimena ematen duena.

Urteko txartelak eta bizilagunenak Aezkoako Batzarre Nagusiaren bulegoetan (Aezkoako etxea - Aribe) bil daitezke, eta egunekoak, toki baimenduetan, erabakitzen den zenbatekoa ordaindu ondoan. Haietan titularraren datu pertsonalak, kupo baimenduak eta horien indarraldia agertuko dira.

Urteko txartelak titularrek eskaturik berrituko dira, urte bakoitzeko urtarriletik aurrera.

Bilketa egiten denean txartela aldean eduki beharko da, baita identifikazio agiriren bat ere, eta bai agintari eskudunei bai Batzarreak xede horretarako jartzen dituen pertsonei erakutsi beharko zaie, eskatuz gero. Hamalau urtetik beheitiko biltzaileek ez dute bilketa txartelik hartu beharrik izanen; hala ere, produktu naturalak biltzeko txartela duen heldu batekin joan beharko da, hura izanen baita erantzulea.

Txartelak izendunak, pertsonalak eta besterenezinak izanen dira.

Txartelekin batean, Batzarreak ordenantza honen kopia emanen die titularrei.

Aezkoako Batzarre Nagusiaren herrilurretan ikuskapena eginez gero, ulertuko da biltzailearen eskutan dauden produktu natural guztiak Aezkoa mendian bildu direla.

Batzarreak mugatzen ahalko du egunero luzatu beharreko txartelen kopurua, biltzaile sobera etortzeak arriskuan jartzen badu aprobetxamenduaren iraunkortasuna. Gisa berean, biltzaileak eremuka banatzen ahalko dira, are eguneko txartelen salmenta ukatzen ere.

4.–Baimen motak eta tarifak.

4.1.–Baimen arruntak:

–Eguneko txartela.

Produktu naturalen 8 kg biltzen ahalko dira, aprobetxamenduaren xede diren espezietakoak. Egun baterako baimenaren zenbatekoa: 8 euro.

–Urteko txartela.

Produktu naturalen 8 kg biltzen ahalko dira, egunero, aprobetxamenduaren xede diren espezietakoak; urteko egun guztietarako balio du: 90 euro

Urteko txartel baten kopia egiteak tarifa osagarri bat ordaindu beharra ekarriko du, kopiaren kudeaketagatik, 10 euroren truke.

4.2.–Baimen bereziak.

–Bizilagunendako txartelak.

–Urteko egun guztietarako balio dute, eta mugarik gabe biltzen ahalko da: 10 euro.

–Aezkoan erroldaturik egon arren, ohiko bizilagun ez direnendako urteko txartela: mugarik gabe biltzen ahalko da: 40 euro.

–Onuradunen araubidea:

Ordenantza hauei dagokienez, Aezkoako bizilagunak dira Aezkoako bederatzi herrietako edozeinetan erroldaturik daudenak, bertan gutienez ere bederatzi hilabetez bizi badira urtean. Bertan bizitzeko baldintza hori betetzen ez dutenak egoiliar ez diren erroldatuen kategorian sartuko dira.

5.–Ibilgailuen sarrera.

Bilketa guneetara joateko ibilgailuetan txartelaren gordekinak aginte-panelean egon beharko du, kontrola eta jarraipena egin ahal izateko.

Produktu naturalak biltzeko ahalmena ematen duten txartelek berekin daramate ibilgailua pistetan sartzeko baimena, ondotik ematen diren eremuetaraino. Sarbideen gehieneko mugak dira eta behar bezala seinalaturik egon beharko dira. Hona hemen:

–Irabiako pista; uharkako presaraino.

–Nabalako pista: Usategietaraino, Nabalako gainean.

–Gibeleko pista: hormigoizko zaldaina iragan arte.

–Azalegi/Sariozarko pista: Merinoren txabolaraino.

–Murukoako pista: sarbide hetsia.

–Txangoako pista: zubiraino.

–Mustakolarreko pista: sarbide hetsia.

–Sobarko pista: sarbide hetsia.

–Azpegiko pista: joan-etorri baimendua ibilbide osoan.

–Casa Roblesko pista: lehen atexkaraino.

–Eskandako pista: sarbide hetsia.

–Abodiko pista: sarbide hetsia.

–225 pista (Garazitik sartzeko) - mugaraino.

Pistetan produktuak biltzeko datetan soilik sartzeko ahalmena ematen dute txartelek (data horiek Batzarreak ezarriko ditu eta argitara emanen dira) eta, nolanahi ere, errespetatu egin beharko da pista horietan sartzea aldi baterako mugatzen duen edozein seinale. Ibarreko bizilagunendako baimenek lehentasuna izanen dute arautze honen aitzinetik, araudi berariazkoa duten pistetan ibiltzeko badira.

6.–Bilketarako berariazko arauak.

1. Debeku da bilketa gauez egitea, eguzkia ezkutatu baino ordubete lehenagotik eguzkia irten ondoren ordubete pasatu arte.

2. Debeku da lurraren estratu humiferoa hondatu dezaketen arrasteluak eta bertzelako tresnak erabiltzea.

3. Saskiak erabiliko dira eta ez plastikozko poltsak.

4. Errespetatu eginen dira zahartuta, hautsita edo bestelakotuta dauden aleak eta biltzekoak ez direnak.

5. Orokorrean, ezin dira bildu 4 cm-ko diametroko txapela edo txikiagoa duten perretxikoak eta/edo onddoak. Marasmius oreades (Marasmio jangarria), Cantharellus cinereus (Saltsa-perretxiko aranusaina), Cantharellus cibarius (Ziza horia) perretxikoen kasuan, ezin izanen dira bildu txapelaren diametroa 2 cm-koa edo txikiagoa denean.

6. Debeku da arras adarrak moztea edo landareak eta sasiak erauztea baiak, basaranak etab. eskuratzeko.

7. Ez da inoiz onartuko ibilgailuak aparkatzea bertze batzuk pistetan barna joatea galarazteko maneran.

7.–Funtsen xedea.

Txartelen salmentatik lortzen den diru guztia Aezkoako Batzarrearen herrilurren kudeaketarako erabiliko da, barrutia zaintzeko langileen kontratazioa barne.

8.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Egitate hauek arau-haustetzat joko dira:

–Produktu naturalak baimenik gabe biltzea (txartela).

–Bilketa baimentzen duen txartela ez izatea edo ez erakustea arautze honen hirugarren klausularen arabera eskatzen delarik.

–Bilketa egitea arrasteluak edo zoruko estratu humiferoari kalte egiten ahal dioten tresnak erabiliz.

–Kasuan kasuko txartelak baimentzen dituen kilo kopurua gainditzea.

–Arautze honetan baimendu baino ale tikiagoak biltzea.

–Ibilgailuekin pistetan sartzea, seinalatutako mugetatik kanpora, horretarako baimenik izan gabe.

–Ibilgailuak aparkatzea, pistaren trazaduran barna ibiltzeko galarazteko maneran.

–Bilketa gauaz edo ordenantza honetan ezartzen diren ordutegietatik kanpora egitea.

–Adarrak moztea edo landareak eta/edo sasiak erauztea, produktu naturalak atera edo aprobetxatzeko.

–Bertze edozein arau-hauste, arautze honetan xedatzen denaren kontra.

Arau-hausteek isuna izanen dute zehapen; hura 300,00 eurokoa izanen da gehienez ere, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa. Zehapenek bilketa eta/edo bertze inora sartzea baimentzen duen txartelik gabe gelditzea ekarriko du, bortz urteko eperako, zehapena erabakitzen duen ebazpenaz geroztik.

Ordenantza honetan aurreikusitako zehapenek ez dute baztertzen bertze zehapen batzuk ezarri ahal izatea indarra duen legeria ez betetzeagatik.

Ariben, 2014ko irailaren 1ean.–Batzarreko burua, Félix Jamar Jáuregui.

Iragarkiaren kodea: L1411899