95. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 21a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA

Ediktua. 212/2010 prozedura

María Ángeles Ederra Sanz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako idazkaria.

Aditzera ematen dut: 212/2010 administrazioarekiko auzi-errekurtsoan epaia eman da eta irmo geratu da. Hona hemen horren idazpurua eta epaitza, hitzez hitz:

“302/2013 epaia.

Francisco Javier Fernández Urzainqui jauna, Alfonso Otero Pedrouzo jauna, Miguel Ángel Abárzuza Gil jauna.

Iruñean, 2013ko apirilaren 5ean.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatutako magistratu jaunek osatutakoak, 212/2010 errekurtsoaren autoak aztertu ditu. Honako honen aurka sustatu zen errekurtsoa: interes orokorreko hornidurak ustiatzen dituzten enpresek Olorizko Kontzejuan (Nafarroa) herriko jabari publikoaren aprobetxamendu bereziagatik ordaindu beharreko tasa arautzen duen ordenantza fiskala (2009ko 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 21ean). Ondokoak izan dira alderdiak: errekurtsogilea, Vodafone España, S.A., Carlos Hermida Santos prokuradore jaunak ordezkatua eta Javier Gutierrez Viloria legelari jaunak zuzendua, eta demandatua, Olorizko Kontzejua, autoetan agertu ez dena.

Epaitza:

Partez baiesten dugu telefonia mugikorreko entitate errekurtsogileak prozesuan duen ordezkariak jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, demandatuak onetsitako udal ordenantzaren aurkakoa. Ordenantza horrek zerbitzuak eta hornidurak ustiatzen dituzten enpresek herriko jabari publikoaren zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu bereziengatik ordaindu beharreko tasak arautzen ditu, eta epai honetako idazpuruan berariaz zehaztu da. Horrenbestez, ordenantzaren zati hauek deuseztatzen ditugu:

a) Ordenantzaren 3. artikuluko lehen lerroaldeko azken intzisoa, honako honi dagokionez: hornidurak egiteko baliatzen diren sareen titular ez diren telefonia mugikorreko enpresak izatea tasaren subjektu pasibo, sare horietan sartu, erabili edo elkarri konektatzeko eskubideen titularrak izanik.

b) Ordenantzaren 5. artikulua, telefonia mugikorreko enpresentzako tasa finkatzeko aplikatu behar den zenbatekoa ezartzeko sistema edo prozedura jasotzen duena.

Ez da bidezkoa errekurtsoak sortutako kostuak inori ezartzea.

Beraz, epai honen bidez, hori aldarrikatu, agindu eta sinatzen dugu (epaiaren ziurtapena autoei erantsiko zaie). Epaiaren kontra kasazio-errekurtsoa jar daiteke Sala honi berari zuzendua, hamar eguneko epean.

Eginbidea: Iruñean, 2013ko apirilaren 8an. Nik, María Ángeles Ederra Sanzek, idazkariak, egina, adierazteko gaurko egunean epai hori eman didatela, behar bezala sinatuta, alderdiei jakinarazpena egiteko eta legez ezarritako publikotasuna emateko, eta autoei hitzez hitzeko ziurtapena erantsi diedala eta jatorrizkoa artxibatu dudala. Fede ematen dut.”

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 eta 107.2 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, honako hau egin eta sinatzen dut.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 2an.–Salako idazkaria, María Angeles Ederra Sanz.

Iragarkiaren kodea: J1306460