84. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

973/2013 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Laguntza Judizialeko Kidegoan sartzeko hautapen ikastaroa eta bertan parte hartzen duen praktiketako funtzionarioaren balorazioa garatzen dituena. Ikastaro hori Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak apirilaren 22an emandako 101/2013 Foru Aginduaren bidez ezarri zen.

Botere Judizialaren Lege Organikoaren 485. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioak hautatzeko prozesuetan ikastaro teoriko eta praktiko bat izanen da, edo praktikaldi bat, baztergarria izan daitekeena. Ildo horretan, Justizia Administrazioan sartzea, bertako lanpostuak betetzea eta bertako funtzionarioen lanbide-igoera arautzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 24. artikuluan arautzen da hautapen ikastaro edo praktikaldi hori.

Uztailaren 21eko JUS/2369/2011 Aginduaren bidez hautapen prozesu baterako deia egin zen, Laguntza Judizialeko Kidegoan txanda irekiko sistema orokorraren bidez sartzeko. Agindu horren 7.6 arau berariazkoak ezartzen du Justizia Ministerioak eta lanpostuen deialdia egiten duten autonomia erkidegoek zehazten dituzten zentro, institutu edo unitateetara bidaliko direla praktiketako funtzionarioak, lehiatzen diren lurralde eremu berean, hautapen ikastaro teoriko praktiko bat egin dezaten.

Apirilaren 24ko JUS/943/2012 Aginduaren bidez, Laguntza Judizialeko Kidegoan txanda irekiko sistema orokorraren bidez sartzeko hautapen prozesua gainditu duten izangaien behin betiko zerrenda argitaratu zen. Gero, otsailaren 11ko JUS/271/2013 Aginduaren bidez, erabaki zen agindu hura aldatzea eta Juan José Martínez Mato izangaia sartzea Nafarroako Foru Komunitateko eremuan. Izangai horrek Botere Judizialaren Lege Organikoaren 485. artikuluan ezarritako hautapen ikastaro teoriko praktikoa egin beharko du.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren apirilaren 22ko 101/2013 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoaren Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren Zerbitzuari agindu zaio aipatutako JUS/2369/2011 Aginduan ezarritako Laguntza Judizialeko Kidegoan sartzeko hautapen ikastaroa antolatu, planifikatu eta egitea, eta, orobat, Juan José Martínez Mato praktiketako funtzionarioaren balorarazioa ematea.

Aurrekoa ikusirik, beharrezkotzat jotzen da ebazpen bat prestatzea alderdi teknikoak arautzeko, aipatutako deialdian emandako jarraibideekin bat. Horiek kontuan hartu beharko dira hautapen ikastaroa eman eta baloratzeko orduan.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Laguntza Judizialeko Kidegoan sartzeko hautapen ikastaroaren oinarriak ezartzea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. Ebazpen hau igortzea Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendariari eta interesdunari. Azken hori epatzen da 2013ko maiatzaren 6ko 09:30ean ager dadin Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Iratxeko Monasterioa, 22, Iruñea).

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2013ko apirilaren 29an.–Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.

ERANSKINA

Laguntza Judizialeko Kidegoan sartzeko
hautapen ikastaroaren oinarriak

Lehenbizikoa. Hautapen ikastaroa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emanen du Laguntza Judizialeko Kidegoan sartzeko ikastaroa, eta uztailaren 21eko JUS/2369/2011 Aginduan (horren bidez Laguntza Judizialeko Kidegoan sartzeko txanda irekiko hautapen prozesurako deialdia egin zen) eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan horren gainean xedatutakoari jarraikiz antolatuko da.

Ikastaroan Juan José Martínez Mato praktiketako funtzionarioak parte hartuko du, Justiziako ministroak uztailaren 21eko JUS/2369/2011 Aginduan ezarritakoari jarraikiz izendatu baitu. Ikastaroa abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 25. artikuluan xedatutakoaren arabera antolatuko da, errege dekretu horren bidez onetsi baitzen Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide igoerari buruzko Erregelamendua.

Ikastaroak bost eskola egun izanen ditu. Prestakuntzaldi teorikoa 2013ko maiatzaren 6an hasiko da Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Iratxeko Monasterioa, 22, Iruñea), eta ordutegia goizeko 9:30etik 14.00etara izanen da.

Bigarrena. Hautapen ikastaroaren ikasgaiak eta balorazioa.

Hasteko, funtzionarioak berariazko prestakuntza teorikoa jasoko du, Nafarroako Justizia Administrazioan erabiltzen diren tresna eta aplikazio informatikoak eta bitarteko teknikoak erabiltzeko behar diren ezagupenak eta trebetasunak har ditzan.

Prestakuntza horrek, nolanahi ere, gai hauek jasoko ditu:

–Bulego judiziala eta judizio-aretoetako arreta.

–Jendeari arreta ematea. Gatazkak konpontzea.

–Bideokonferentziaren erabilera.

–Justizia arloko aplikazio informatikoak: teoria eta praktika.

–Artxiboak.

Aldi teorikoa bukaturik, aprobetxamendua ebaluatuko da proba objektibo baten bidez. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari dagokio proba hori prestatzea eta kalifikatzea. Proba horren gehieneko kalifikazioa 25 puntukoa izanen da. Horietarik 15 informatika arloko prestakuntzaren aprobetxamendua ebaluatzeko izanen dira, eta gainerako 10 puntuak prestakuntzako gainerako kontzeptuen aprobetxamendua ebaluatzeko. Hautapen ikastaroa gainditzeko, gutxienez, 12 puntu lortu behar dira.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak hautapen ikastaroko izangaiari ematen dizkion kalifikazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Laguntza Judizialeko Kidegoan sartzeko hautapen ikastarora joatea nahitaezkoa da, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Halakoetan behar bezala frogatu beharko da eta Balorazio Batzordeak onartu beharko du.

Hirugarrena. Hautapen ikastaroko Balorazio Batzordea.

Batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua: Álvaro Martínez Fernández.

  • Ordezkoa: M.ª Puy Díaz Aznárez.

–Batzordekidea: Ángel Javier Carrica Arrese.

  • Ordezkoa: Carolina Delgado Gómez.

–Batzordekide-idazkaria: Ana M.ª Poncela García.

  • Ordezkoa: Carmen Cirauqui Osés.

Ikastaroa hasi baino lehen eratu beharko da Batzordea.

Batzordea ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, batzordeburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

Balorazio Batzordeko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari jakinaraziko diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.

Izangaiak, halaber, zilegi du batzordekideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Batzordeak gehiengoz ebatziko ditu oinarri hauen interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak eta hautapenerako praktikaldian izan daitezkeenak.

Balorazio batzordeak ikastaroko izangaiaren gainean ematen dituen kalifikazioak lotesleak izanen dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarentzat.

Batzordeak aholkulari adituen laguntza izan dezake gai batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza Batzordeari.

Iragarkiaren kodea: F1306343