62. ALDIZKARIA - 2013ko apirilaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CORELLA

Udal ordenantza, lehenagotik dauden bizitegien eraikinetan igogailuak eta igotzeko baliabide mekanikoak lehen aldiz paratzeko obrak egiteko laguntzen gainekoa. Behin betiko onespena

Corellako Udalak, 2013ko urtarrilaren 11n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lehenagotik dauden bizitegien eraikinetan igogailuak eta igotzeko baliabide mekanikoak lehen aldiz paratzeko obrak egiteko laguntzen gaineko udal ordenantza.

Onespenaren erabakia 2013ko 16. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 24an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Corellan, 2013ko martxoaren 5ean.–Alkatea, José Javier Navarro Arellano.

ZIOEN AZALPENA

Nazio Batuen Konbentzioak desgaitasunak dituzten pertsonei buruz 2006ko abenduaren 13an hartutako erabakiak, Estatu Espainiarrak berretsiak, 3. artikuluan, irisgarritasuna jasotzen du printzipio orokorren artean, eta 9. artikuluan ezartzen du Konbentzioa berresten duten estatu kideek "(...) beharrezkoak diren neurriak hartuko dituztela desgaitasunak dituzten pertsonak, gainerakoen baldintza berekin, iritsi ahal daitezen ingurune fisikora, garraiora, informaziora eta komunikazioetara, informazioaren eta komunikazioen sistemak eta teknologiak barne, eta erabilera publikoko beste zerbitzu eta instalazio batzuetara, bai hiri eremuetan bai landa eremuetan". Honako hau dio bereziki: "Eraikinak, bide publikoak, garraioa eta kanpoko eta barneko beste instalazio batzuk, hala nola eskolak, etxebizitzak, osasun instalazioak eta lantokiak".

Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluak ezartzen du botere publikoen politika sozial eta ekonomikoa zuzenduko duten printzipioetako bat desgaitasunak dituzten pertsonen integraziorako politika gauzatzea dela, pertsona horiek bereziki babestuz I. tituluak herritar guztiei ematen dizkien eskubideez balia daitezen.

Halaber, Desgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta denendako irisgarritasunari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legearen 4. artikuluak ezartzen duenez, desgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunerako eskubidea urratzen duten arrazoietako bat da, irisgarritasunaren beharkizunak ez betetzeaz gainera, arrazoizko egokitzapenak ez egitea.

Argi izan behar dugu gure bizitzako uneren batean edo besteren batean denoi murrizten zaigula mugitzeko gaitasuna, eta beharrezkoa dela araudia herritarren beharrei egokitzea, horrela erantzunen baitiogu gure herria bertan bizi garenontzako bizi kalitate oneko ingurunea bihurtzeko konpromisoari.

Nabarmendu behar da azken urteotan gizartean badela kezka etxebizitzen eraikinetan irisgarritasunaren baldintzak hobetzeko. Gizartearen kezka hori erakunde publikoek berretsi dute beren eskumenen esparruan. Hala, horren adibide dira indarra duen ordenamendu juridikoan sartutako erraztasunak, gehienbat bizileku diren eraikinetan instalazio edo zerbitzu berriak ezartzeko eskatzen diren gehiengoak malgutu baitira, edo bai Jabetza Horizontalaren Legean bai maiatzaren 30eko 15/1995 Legean ezarritako prozedurak, desgaitasunak dituzten pertsonentzako oztopo arkitektonikoak kentzean kontuan hartu behar baitira eraikinen jabari mugak.

Inguruabar horiek guztiek berekin ekarri dute berariazko ordenantza bat prestatu beharra, gehienbat bizileku diren eraikinetan irisgarritasun baldintzak hobetzeko udal laguntzen lege esparrua zehazteko; jabari publikoko lurzorua okupatzeko aukera ere kontuan hartzen da, eraikinetako irisgarritasuna lortzeko aukera bakarra denean hori.

1. artikulua. Xedea eta esparrua.

Ordenantza honen xedea da Udalak ematen dituen diru-laguntzak arautzea, udalerrian dauden bizitegien eraikinetan igogailuak eta igotzeko baliabide mekanikoak lehen aldiz paratzeko obrak sustatzeko, eraikinek halako ekipamendurik ez dutenean eta ezarpen hori indarra duen araudiarekin bat datorrenean; irisgarritasun baldintzak hobetzea da helburua.

Igogailuaren instalaziotzat jotzen da, artikulu honen ondorioetarako, igogailuaren bolumenak eta horren funtzionamendu egokirako behar-beharrezkoak diren banaketa eta sarrera elementuek osatzen duten multzoa.

Corellako udal mugape guztia sartzen da ordenantzaren lurralde eremuan.

2. artikulua. Xedapen orokorrak.

a) Igogailua: modu iraunkorrean instalatutako igotzeko aparatua, maila zehaztuetara igotzeko erabiltzen dena, kabina baten bidez; pertsonak sartzen ahal dira, gutxieneko neurriak dituen kabinan, berariazko araudiaren arabera.

b) Kabina: igogailuaren elementua, zeinean sartzen baitira igogailua erabiltzen duten pertsonak.

Igotzeko baliabide mekanikoak: igotzeko plataformak, lekualdatze bertikal edo zeiharrekoak, gutxienez ere desgaitasunak dituzten pertsonek erabiltzeko aurreikusiak.

3. artikulua. Onuradunak.

Araudi honetan arautzen diren diru-laguntzak lor ditzakete etxebizitzen jabe eta erabiltzaileek, sozietate zibiletan elkartuek edo beste sozietate motaren batean (ez da eratua izanen nahitaez), baldin eta ahalmena badute obra egiteko beharrezkoak diren eremu guztietan esku hartzeko; behar den moduan justifikatu beharko dute ahalmen hori, Jabeen Elkarteak egindako bileraren aktaren kopia aurkeztuz, non azalduko baitira esku-hartzeari buruzko akordio edo hitzarmenak.

4. artikulua. Betebeharrak.

a) Laguntza hauen xedeko jarduketa guztiek bat etorri behar dute unean uneko Udalaren Hirigintza Araudiarekin, bizigarritasunari buruzko araudiarekin eta hirigintza araudi orokorrarekin.

b) Egin beharreko obrek aurrekontu zehaztu batean agertu beharko dute nahitaez, neurriak eta prezioak unitateka adieraziz, edo proiektu teknikoa beharko da.

c) Behar diren inprimaki ofizialak betetzea eta eskatzen den dokumentazioa aurkeztea, interesdunek eskatzen zaizkien betebeharrak baldintzarik gabe onartzen dituztela adieraziz.

d) Aurrekontuan baliabide ekonomiko nahiko izatea, egokitzen den ekitaldi ekonomikoaren kargurako laguntzak eman ahal izateko. Laguntza horietarako eskubideak galdu eginen dira, balio eta eraginik gabe geratuz, aurrekontuko kontsignazioa agortzen denean.

5. artikulua. Kanpoan uzten diren jarduketak.

–Lehendik zeuden igogailuak aldatu edo berritzeko obrak.

–Honelako egoeran dauden eraikinetan egin nahi diren jarduketak: egituraren eta eraikuntzaren aldetik segurtasun baldintza egokiak ez dituztenak, hornidura elektrikoko, ur banaketako eta saneamenduko instalazioak funtzionamendu egoera onean ez dituztenak edo estankotasun arazoak dituztenak euria dela eta, ez bada bermatzen behintzat akats horiek konpontzeko lanak eginen direla, ordenantza honek babestutako obrekin batera.

–Udalaren ustez kasuan kasuko ingurunearen hiri irudia hobetzen laguntzen ez duten obrak, hala alde fisikotik nola sozialetik begiratuta.

6. artikulua. Lurzoru publikoa okupatzeko kasuak.

1.–Igogailua instalatzeko obrak egiteko jabari publikoko eremuak okupatu eta erabili behar direnean, aldez aurretik hirigintzako lizentzia lortu beharko da, baita behar den gaitasuna ematen duen beste edozein titulu ere, eta zilegi izanen da ebazpen bakarraren bidez ematea, nahiz eta atal bereizietan tramitatu beharko diren.

2.–Udalak eremu publikoen besterentzea bideratuko du, horiek desafektatu eta saltzeko prozeduraren bidez, honako baldintza hauek aldi berean betetzen direnean:

a) Beste edozein konponbide bideraezina izatea teknikoki edo ekonomikoki.

b) Bermatzea errespetatuko direla eremu libreetarako eta ekipamendu publikoetarako eskatzen diren estandarrak eta gutxieneko azalera, bai eta jabari publikoaren funtzionaltasuna ere.

c) Proposatutako konponbidea eraikinaren fatxadan eta ingurune hurbilean integratzea.

d) Planteatutako konponbideak aukera ematea eremu horrek ongi funtziona dezan bide sareari, oinezkoen erabilerari eta irisgarritasunari dagokienez, eta larrialdietako ibilgailuen sarbidea bermatuta egotea.

7. artikulua. Baldintzak.

1.–Jabari publikoa ukitzean azpiegiturak edo bideragarritasunaren baldintzak eta ezaugarriak (hiri altzariak, aparkalekuak, landaketak etab.) aldatu behar direnean, bai sestra gainean bai azpian, trazadura aldatzearen kostuak instalazioaren sustatzaileak hartuko ditu bere gain.

2.–Jabari publikoa okupaturik ere eremuak ongi funtzionatu behar du bide sareari, oinezkoen erabilerari eta irisgarritasunari dagokienez, eta bermatuta egon behar du larrialdietako ibilgailuen sarbideak.

8. artikulua. Aurkeztu beharreko agiriak.

Ordenantza honen xedeko obren hirigintza lizentzia tramitatzeko, aurrekontu xehakatua aurkeztuko da, neurriak eta prezioak unitateka adieraziz, edo proiektu teknikoa; horrek, indarra duen araudiak eskatutako dokumentazioaz gain, honako hauek ere izanen ditu:

a) Ordenantza hau betetzen dela frogatzea.

b) Lurzoru publikoa okupatzen den kasuetan, frogatu beharko da ezinezkoa dela igogailua eraikinaren barnean jartzea, eta oinezkoen eta ibilgailuen ibilbideen azken emaitza azaltzen duen dokumentazio nahikoa ere aurkeztu beharko da; halaber, aparkalekuak, altzariak eta landaketak aldatzeko proposamena, beharrezkoa izanez gero.

c) Eraikinaren kanpoaldeko itxura ukitzen duten instalazioen kasuan, dokumentazio grafikoa aurkeztuko da, honako hauek azaltzeko: hartutako konponbidea, eraikinaren fatxadan nola integratzen den eta erabilitako materialak. Argazki muntaketa bat ere gehituko da, instalazioaren emaitza nolakoa izanen den ikusteko.

9. artikulua. Udalaren laguntza motak.

3.1. Diru-laguntzak.

–Itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, obra gauzatzeko aurrekontuaren %4,47koa.

–Proiektu teknikoaren kostuak ordaintzeko laguntza: profesionalen zerbitzu-sariak laguntzen ahalko dira diruz, ehuneko ehun bitarte, gehienez ere 600 euro eraikin bakoitzeko.

Ordenantza honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira beste administrazio batzuek xede bererako ematen dituzten diru-laguntzekin edo laguntzekin.

Ordenantza honetan araututako diru-laguntzak ez dira bateragarriak izanen Etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzarekin.

10. artikulua. Baliabide finantzarioak.

Ordenantza honetan ezarritako diru-laguntzei aplikatzen ahal zaizkien baliabideak Udalaren aurrekontuetako kontu-sailetan urtero agertzen direnak izanen dira.

11. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

Laguntzaren onuradunaren betebeharrak:

–Diru-laguntza emateko oinarri den proiektua gauzatzea eta jarduera egitea.

–Udalari frogatzea beharkizunak eta baldintzak betetzen dituela; orobat, hari frogatzea diru-laguntza emateko arrazoi den jarduera egin eta helburua bete duela.

–Udalak egiten duen egiaztapen jarduketa onartzea, baita bere organoen bitartez egiaztapen eta kontrol finantzariorako egiten ahal duen beste edozein ere.

12. artikulua. Laguntzak emateko irizpideak.

Udalak lehentasun ordena ezartzen ahalko du obrei udal baliabideak esleitzeko, ondotik zehazten diren irizpideen arabera:

–Legez aitortutako desgaitasuna duten eta instalazioa behar duten pertsonak bizitzea eraikinean.

–Eraikina zaharberritzeko jarduketa integral baten barnean egitea instalazioa.

–Eraikinak 50 urte baino gehiago izatea.

13. artikulua. Tramitazioa.

Bereziki prestatutako inprimaki bat erabiliz eskatuko da laguntza; inprimaki horrekin batera, eraikinaren argazkia, Jabeen Elkartearen akordioa, memoria teknikoa edo proiektu teknikoa eta zuzendaritza fakultatiboaren izendapena aurkeztuko dira.

Aurkeztutako eskaerei buruzko txostena eginen dute Udaleko Hirigintza Zerbitzuek, eta laguntza emateko proposamena ere prestatuko dute. Aipatu zerbitzuek beharrezkotzat jotzen dituzten argibideak eta datu osagarriak ere eskatzen ahalko dira proposamena prestatzeari begira, eta, eskatutako hori dagokion epean aurkezten ez bada, laguntzari uko egiten zaiola ulertuko da.

Aipatu txostena ikusirik, Hirigintzako Informazio Batzordeak eskaerei buruzko irizpena emanen du.

Informazio Batzordearen irizpena Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko zaio, eta hark eskaerei buruzko ebazpena emanen du. Tokiko Gobernu Batzarraren ebazpena oinarri harturik, laguntza behin-behinekoz emateko agiri bat luzatuko da, hala behar denean, eta interesdunari igorriko zaio; agiri horretan laguntzaren behin-behineko zenbatekoa azalduko da, bai eta laguntzaren onuradunek beren gain hartzen dituzten eskubide eta betebeharrak ere.

Jarduketaren titularrak edo titularrek kartel bat egin eta obran jarri beharko dute, agerian dagoen toki batean; kartel horretan agertuko da ordenantza honetan ezarritako udal laguntza jaso dutela.

Jarduketaren titularrak edo titularrek hilabeteko epea izanen dute gehienez, obrak bukatzen diren egunetik hasita, diru-laguntzen behin betiko kontzesioa eskatzeko.

Behin betiko kontzesioaren eskaerarekin batera obren lizentzia eta obra bukaerako ziurtagiria aurkeztuko dira. Edonola ere, ongi justifikatuta aurkeztuko da egindako obren benetako balioa.

Laguntzak eman aurretik, Udalaren Zerbitzu Teknikoek egin diren obrak ikuskatuko dituzte, egiaztatzeko ea aurreikusi zirenekin bat datozen eta haien benetako balioa ekonomikoki egokia den, eta exekuzioari adostasuna emateko.

Zuzen daitezkeen akatsak ikusten badira, Udalak jarduketaren titularrari edo titularrei adieraziko die zein epe eta baldintza duten zuzenketa egiteko eta ondoren behin betiko kontzesioa luzatzeko.

Obraren adostasuna egiaztaturik, Udalak behin betiko diru-laguntzaren agiria luzatuko du.

Xedapen iragankor bakarra.–Salbuespenez, laguntza hauek jasotzeko ahalmena izanen dute obrak bukatuak izan arren lizentzia 2012. urtean jaso duten jabeek.

Iragarkiaren kodea: L1303541