60. ALDIZKARIA - 2013ko martxoaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTAXOA

Udal ordenantza, Eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Artaxoako Udalak, 2012ko abenduaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak ematea arautzen duen ordenantza.

Horren iragarkia 2013ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 31n, baita Herriko Etxeko iragarki oholean ere, eta orduz geroztik hogeita hamar egun balioduneko epea iragan da, inork erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe; hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluekin bat, hasiera batean onesteko erabakia behin betikoa bilakatu da, eta osorik argitaratzen da Eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak ematea arautzen duen ordenantzaren testua.

Argitara ematen da, interesdunak jakinaren gainean egon daitezen.

Artaxoan, 2013ko martxoaren 4an.–Alkatea, Beatriz Mendía Velaz.

Eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak arautzen dituen udal ordenantza

Xedea

Ordenantza honek eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzietarako baldintzak eta prozedura ezartzea du xede, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189.1. h artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Eraikinak

2. artikulua.–Ordenantza honetan eraikintzat hartzen dira etxe berriak eta, haiekin batera, lehengoak handitu zein egituraz berritzetik sortzen direnak; betiere, hirigintzako lizentziaren baten babesean eginik.

Helburua

3. artikulua.–Lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak honako helburu hau baizik ez du:

a) Eraikin egin berria eta aldi berean egin den urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren eta bere garaian emandako hirigintza lizentziako baldintzen arabera egin direla egiaztatzea.

b) Eraikitakoak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituela ziurtatzea.

c) Eraikina erabilera jakin baterako izan daitekeela baieztatzea.

d) Eraikitzaileak, hirigintzako ekipamenduari zein elementuei kalte egin badie, lehengoratu dituela ziurtatzea.

Lizentziaren eskaera

4. artikulua.–1. Obrak burututa, eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentzia eskuratzeko interesa dutenek eskaera aurkeztuko dute, Artaxoako Udaleko alkateari zuzendua; eskaerak hurrengo datu hauek izanen ditu:

a) Interesdunaren izen-deiturak, edo ordezkariarenak.

b) Lizentzia zein eraikinetarako eskatzen den, huraxe argi eta garbi adierazi beharko da.

c) Tokia, data eta eskatzailearen edo ordezkariaren sinadura.

2. Interesdunek eskabidearekin batera hurrengo agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Etxe berria egiteko, hura handitzeko edo egitura berritzeko obretarako aginduzko lizentziaren fotokopia.

b) Obrak burutu direla dioen ziurtagiria, eta, hala bada, urbanizazioarena, onetsitako proiektu teknikoaren araberakoa; hura teknikari eskudunak emanen du eta bertan higiezinak okupatzeko beharrezko baldintzak betetzen direla adieraziko da.

c) Hirilurretako ondasun higiezinen gaineko zergan alta eskatu dela dioen ziurtagiria.

d) Udal tasaren ordaindu izanaren gordekina.

Lizentzia emateko organo eskuduna

5. artikulua.–Lizentzia emateko eskumena alkateari dagokio.

Prozedura

6. artikulua.–Interesdunak eskaturik prozedura hasi ondoan, Alkatetzak honela jokatuko du:

1. Udalaren Zerbitzu Teknikoei txostena eskatuko zaie, eta hartan adieraziko da: obrak proiektu teknikoaren eta eman hirigintzako lizentziaren arabera egin diren; obren ondorioz ukituta geratu ahal izan diren hirigintzako elementuak eta hiri ekipamendua berriro jarri diren; segurtasunaren, higienearen eta apainketa publikoaren baldintzak betetzen dituen; eta eraikinak eman nahi zaion erabilera izaten ahal duen.

2. Txostenak gehienez ere hamabortz eguneko epean ebaluatuko dira.

3. Aipatu txosten horren ondorioz, onetsitako proiektuaren gaineko aldaketak daudela egiaztatzen bada, egin den arau-hauste mota eta, ahal bada, horren legeztatzea adierazi beharko dira txosten teknikoan.

Era berean, lehen aldiz okupatzeko lizentzia emateko, eraikinak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituen zehaztuko da; halaber, ur, gas, argindar eta antzeko zerbitzuak kontratatzeko baimena emateko baizik ez bada ere, aurkitutako akatsak zuzentzea ukatu gabe. Horrela baldin bada, bakarrik higiezina okupatzeko baimentzearren luzatuko da lehen aldiz okupatzeko lizentzia, higiezinak aipatu baldintzak betetzen baititu.

Ebatzi beharra

7. artikulua. 1. Alkateak hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, udal bulegoetan sarrera ematen zaionetik.

2. Onartutako txostenak eta irizpenak ebazpenaren testuari gehitu edo erantsiko zaizkio, izan ere haien onarpena ebazpenerako arrazoitzat hartuko da.

Ustezko egintza

8. artikulua.–Ebazteko epea agortzen bada, alkateak ebazpenik eman gabe, ebazpena baietsitzat hartuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedatutakoarekin bat.

Eraikinaren titularren betebeharrak

9. artikulua.–1. Lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratu aurretik, eraikinaren titularrek debekatua dute hura okupatzea.

2. Eraikitako higiezinaren zati bat edo osorik besterentzean, hartzaileei espresuki adieraziko zaie lehen aldiz okupatzeko lizentziarik ez duela, eraikina besterentzean eskuratu ez bada.

Argindarra eta ura banatzen duten enpresen betebeharrak

10. artikulua.–1. Argindarra banatzen duten enpresek, hornidura horri dagokionez, aplikatzen ahal zaizkien legezko arauei men eginen diete, obretarako behin-behineko kontagailuei eta etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzia aldez aurretik eskuratu beharrari dagokienez.

2. Obretarako ur hornidura, hirigintzako aginduzko lizentzia eskuratu ondoan, zerbitzu publikoaren titularra den enpresa hornitzaileari dagokio, eta behin-behinekoz emanen da, hirigintzako lizentziak indarra duen denborarako bakarrik.

3. Lizentzian obren amaierarako eman epea eta, halakorik bada, bidezko luzapena edo luzapenak agorturik, alkateak hornidura eteteko eskatuko die konpainia hornitzaileei –Iberdrola, enpresa hornitzilea–, eta interesdunei hamar egun lehenago gaztigatuko.

4. Obretarako eman ur hornidura ez da bertzelako jardueretan erabiltzen ahal; etxean, batez ere.

5. Enpresa hornitzaileak ezin ditu etxerako urez hornitu lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak.

Arau-hausteak eta zehapenak

11. artikulua.–Hirigintzako arau-haustea izanen da lehen aldiz okupatzeko aginduzko lizentziarik gabe eraikinak lehen aldiz okupatzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Legearen 189. artikuluak eta ondokoek, Lege beraren 199, 209 eta ondoko artikuluei dagokienez, xedatutakoarekin bat.

12. artikulua.–1 Aitzineko lerroaldean aipatu arau-hausteagatik zehapena 300dik 6.000 euro bitarteko isuna izanen da, zehapen espedientearen instrukzioan eta ebazpenean egiten den sailkapenaren arabera Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legearen 211.11 artikuluarekin bat heldu bada.

Irekitako espedienteari jarraituz jarduera hori ez bada legeztatzen ahal, haren tipifikazioa arau-hauste larria izanen da, Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legearen 212.13 artikuluan xedatzen denaren arabera, eta haren zehapena 6.000tik 60.000 euro bitarteko isuna izanen da, lege beraren 215. artikuluan xedatzen denari jarraituz.

Udalak inoiz ere ez dio uzten ahal urratutako hirigintzako ordena zuzentzeko neurriak hartzeari, eta okupazioaren jarduera berehala bertan behera utz dadila xedatuko du, badaezpadako neurri gisa.

Erantzuleak

13. artikulua.–Eraikinak lehen aldiz lizentziarik gabe okupatzen badira, obraren sustatzaileak eta okupazioa egiten duenak izanen dute erantzukizuna, pertsona bera ez direnean; isunak ere, zein bere aldetik doaz.

Organo eskuduna

14. artikulua.–Zehapen prozedura ebazteko organo eskuduna alkatea da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.k) artikuluak xedatuarekin bat.

Zehapen prozedura.

15. artikulua.–Zehapen ahalmena erabiltzeko, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez horren gainean onetsi zen Erregelamenduan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

Araubide juridikoa

16. artikulua.–Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan hona zein aginduk duten indarra: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko azaroaren 26ko 6/1990 Foru Legea eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua.

Iragarkiaren kodea: L1303449