60. ALDIZKARIA - 2013ko martxoaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

53E/2013 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Lizarrako udal mugapeko 3. poligonoko 1229. eta 956. lurzatietan kokatuko den "Lizarrako Peñagudako ur-biltzontzia eta ponpaketa" izeneko proiekturako. Sustatzailea Jurramendiko Mankomunitatea da.

2012ko irailaren 5ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N atalean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Lizarrako Peñagudan ur-biltontzi berri bat eraikitzea du xede proiektuak, gaur egungoa ordezteko, oso egoera txarrean baitago: ontzi bakar bat du, arraildua, edukiera txikia (600 m³) egungo kontsumoa eta 25 urterakoa bermatzeko, kota nahikorik ez du Ibarra III auzoberria urez presio egokian hornitzeko eta bertaratzeko bidea oso egoera txarrean dago.

Obrekin ur-biltontzi berri bat, 1.500 m³-ko edukierakoa, eraikiko da egun dagoenaren ondoan, 1.500 m² inguruko azalera hartuz, Ibarra III auzoberria eta Zalduko auzoberria urez hornitzeko. El Puyko biltontzitik etorriko da ura biltontzi horretara, 250 mm-ko diametroa duen burdinurtu nodularreko bulkatze-hodi baten bidez. Hortik, 150 mm-ko diametroa duen burdinurtu nodularreko bulkatze-hodi bat aterako da, ura Las Lomasko biltontzira eramateko; orobat, beste lau hodi gehiago, burdinurtu nodularrekoak ere, 200 mm-koak bi eta 150 mm-koak beste biak. Biltegiko hustubidea erabat berria izanen da, PVCzko hodi bat, 250 mm-ko diametrokoa, jarrita. Hodi horiek guztiak bertaratzeko bidean behera etorriko dira, gaur egun daudenekin elkartu arte. Bide azpian, kanalizazio elektriko baten proiektua ere bada.

Biltontzia erdi lurpean egonen da eta bi ontzi eta giltzetarako ganbera bat izanen ditu. Lur-erauzketaren eta lubetaren behin-behineko ezpondek 1H:2V eta 1H:1V maldak izanen dituzte, hurrenez hurren. Ur-biltontzia eraikita, ontzietako hormen estradosak bete eta betelana eginen da biltontziaren puska bat lurpean uzteko. Azkeneko ezpondak 1H:1V izanen dira. Ezponda guztietan ereite hidraulikoa egitea proiektatzen da eta, gainera, basoko landareak sartzea lubetetan. Urbanizatzeko, espaloi bat eginen da ganberaren inguruan eta hesi bat jarriko da inguruan; barrenean, iturri bat egonen da eta bederatzi arte handi sartuko dira, tantaka ureztatzeko sistema batez horniturik.

Gainera, bide berri bat, 100 bat metro luze eta 3 m zabal, eginen da bertara, Ibarra III auzoberritik gora, gaur egun dagoen bidearen azken tarteari lotuko zaiona. Azken tarte hori, 29, 4 metro luze eta 4 m zabal, egokitu gogo da, eta bide berri bat eginen da, 29,8 m luze eta 4 m zabal, biltontziaren gaineko lubetan.

Azkenik, obrak bukatutakoan, gaur egungo ur-biltontzia bota eta orubea lehengoratuko da; horretarako, lurra zabaldu, landu, ereite hidraulikoa egin eta basoko landareak sartuko dira.

2013ko urtarrilaren 16an, sustatzaileak dokumentazio teknikoa zuzendu zuen, Zerbitzu honek eskatutakoaren arabera. Kota dela-eta, biltontzia gaur egun dagoenaren eremuan eta horren ondoan kokatu ezina frogatu da. Gainera, proposamen teknikoa aurkeztu da, proiektuak mozten zuen bidexka bati jarraipena emateko. Plataforma baten trazadura, 2 m zabal, proposatu da mendebaldeko lubetaren ezpondan, hegoaldetik iparralderako norabidean, iparraldeko lubetaren ertza jo arte, hor gaur egungo trazadurari lotzeko. Ezponda mendebaldera luzatu beharra da proposamen horren alde txarra, baina alde ona ere badu: plataformak bi planotan banatzen du ezponda, eta lerraduraren aurka egonkortzen du. Bistarako eragina gutxitzearren, tamaina handiko artez egindako landare hesi bat proposatzen da ezpondaren oinetan, ureztatzeko sistema batez horniturik. Azkenik, sarbidearen xehetasunak eman dira.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Eskaera Lizarrako Udalari igorri zaio, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. 2012ko urriaren 18an hartu zen erantzuna, non jarduketaren bateragarritasuna adierazi baitzen hirigintza aldetik, baina beharrezko baldintza guztiak ezarri beharko dira, eraikuntzak bistarako duen eragina ahalik eta txikiena izan dadin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Zenbait baldintzarekin ematea Ingurumen ukipenetarako baimena, Lizarrako udalerriko 3. poligonoko 1229. eta 956. lurzatietan kokatuko den "Lizarrako Peñagudako ur-biltzontzia eta ponpaketa" izeneko proiekturako. Sustatzailea Jurramendiko Mankomunitatea da.

2. Baimen hau sustatzaileak proposatutako zuzenketa eta lehengoratze neurriak eta ingurumen jarraipenekoak betetzearen mende dago, eta neurri hauek ere hartu beharko dira:

–Obrak hasi aurretik eta baso eta larre gisa katalogatuta den azalera naturalaren gaineko ukipenak gutxitzearren, obren zuinketa zuzen eta zehatz egin beharko da. Ez da ukipenik eginen zuinketaren mugetatik kanpoko landaredian.

–Edozein lur mugimendu edo hondeaketa egin aurretik, landare-lurraren geruza kenduko da, hau da, lurzoruaren azaleko geruza emankorra, bildu eta behar bezala zainduko dena, azkenik, sortzen diren ezpondak eta obrek ukitutako azalera guztiak lehengoratzen erabiltzeko.

–Eraikuntzak ahalik eta eragin txikiena izan dezan bistarako, biltontzia hartuko duen alde urbanizatuaren barrenean egin gogo den landaketak ontzien alboez gain, giltzetarako ganberaren aurrealdea estali beharko ditu.

–Bertaratzeko bide berria, 100 m luze eta 3 m zabal, lehendik dagoen bidexkaren trazadurari egokituko zaio, lur-erauzketa eta lubetako lur mugimendurik egin gabe, eta haren bazterretan diren zuhaixkak ukitu gabe.

–Desbideratu gogo den bidexka metro bat baino estuagoa denez, plataforma 2 metrotik 1-1,50 metrora estutzea proposatzen da. Gainera, kontuan izanda oinezkoek 1H:1V-ko malda duen ezponda batek mendebaldetik mugatzen duen pasabide estu bat iragan beharko dutela, baranda naturalizatu bat ezartzeko aukera aztertuko da, haien segurtasuna bermatzeko.

–Indusketako lur soberakinak lurren zabortegi baimendu batera eramanen dira edo, bestela, obraren inguruan hondaturiko eremuak lehengoratzeko erabiliko dira.

–Biltontzi zaharra eraistean sortuko diren eraikuntza eta eraispen hondakinak kudeatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretua aplikatuko da.

–Obrak ukitutako azalera guztiak behar bezala profilatu, biribildu, landare lurraz estali, eta ereite hidraulikoa eginda gelditu beharko du eta, zein den kasua, proiektatutako landaketak eginik.

–Lanak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko eta obretarako instalazio guzti-guztiak kendu beharko dira.

–Ingurumen ukipenen azterlanean sartuta den ingurumena zaintzeko programan xedatutakoa beteko da. Horren gainean egiten diren txosten guztiak igorri beharko dira zerbitzu honetara.

–Obrak hasi aurretik Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak haien alde emandako txostena eskuratu beharko da.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, ebazpen horren gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Lizarrako Udalari, Basozaintzari (Lizarra Iparraldea) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko martxoaren 4an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1303495