133. ALDIZKARIA - 2013ko uztailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

25/2013 FORU LEGEA, uztailaren 2koa, erosahalmenaren galera dela-eta 2012rako eraginarekin aldi baterako osagarri pertsonal bat sortzen duen abenduaren 28ko 28/2012 Foru Legea aldatzen duena. Bolondres lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legea hein batean aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, EROSAHALMENAREN GALERA DELA-ETA 2012RAKO ERAGINAREKIN ALDI BATERAKO OSAGARRI PERTSONAL BAT SORTZEN DUEN ABENDUAREN 28KO 28/2012 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

2012ko abenduaren 20an Nafarroako Parlamentuak Erosahalmenaren galera dela-eta 2012rako eraginarekin aldi baterako osagarri pertsonal bat sortzen duen abenduaren 28ko 28/2012 Foru Legea onetsi zuen. Lege horrek ezartzen du Nafarroako administrazio publikoek aipatu osagarria ordainduko dutela, 2012ko uztailean jaso zen aparteko pagaren antzeko zenbatekoarekin. Nafarroako toki administrazio batzuetan, bete zuten lege hori, 2012ko abenduan zenbaitetan, eta beste zenbaitetan, administrazio-atzerapen ulergarriengatik, 2013ko urtarrilean, baina 2012ko aurrekontuaren kontura.

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak, joan den martxoan, toki entitate batzuen aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen Nafarroako Administrazio Auzitegiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, argudio hartuta, besteak beste, aipatu foru legeak aurreikusten zuela ordainsaria 2012ko abenduaren 31 baino lehen ordainduko zela, eta, beraz, ezin zela geroago ordaindu.

Guztiz agerikoa da Nafarroako Parlamentuaren asmoa beti izan dela aldi baterako osagarria jasotzea, administrazio atzerapenak gorabehera. Beraz, administrazioek ordainketa aipatu eguna baino geroago egitea erabaki badute, horrek ez du oztopo izan behar osagarria jasotzeko. Foru lege hori aplikatuz Nafarroako toki entitate batzuek egin dituzten ordainketen segurtasun juridikoa bermatzeko, bidezko da aldatzea bere artikulu bakarraren bigarren puntua, betetzeko epeak aipatzen dituena.

Foru lege honek dakarren aldaketak, halaber, aldi baterako osagarri pertsonala ordaintzeko bidea ematen die Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta bere garaian osagarria ordaindu ez zuen Nafarroako beste edozein administrazio publikori.

Artikulu bakarra.–Erosahalmenaren galera dela-eta 2012rako eraginarekin aldi baterako osagarri pertsonal bat sortzen duen abenduaren 28ko 28/2012 Foru Legeko 2. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“2. Ordainsaria 2013ko abuztuaren 31 baino lehen ordainduko da, ordainketa bakarrean, eta funtzionario bakoitzari aurreko idatz-zatian ezarritakoarekin bat dagokion zenbatekoa ordainduko zaio.”

Azken xedapena.–Aldaketa honek 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2013ko uztailaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1309920