20. ALDIZKARIA - 2012ko urtarrilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN (ELORTZIBAR)

Udal ordenantza, Obra txikietarako hirigintza lizentziak
arautzen dituena. Behin betiko onespena

Noain Elortzibarko Udalak, 2012ko urtarrilaren 4an egin bilkuran, hau erabaki du:

1. Behin betiko onestea Obra txikietarako hirigintza lizentziak arautzen dituen ordenantza.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea. Hona hemen:

UDAL ORDENANTZA, OBRA TXIKIETARAKO HIRIGINTZA LIZENTZIAK ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Hirigintzaren esparruan, administrazioak eskua hartzen duenean eraikuntzari buruzko eta partikularrek lurzorua erabiltzeari buruzko egintzetan, egiaztatzen da arlo horretan indarra duen araudi sektorial eta hirigintzako antolamendura egokitzen direla egintza horiek, betiere dagokion lizentzia eman aurretik.

Hirigintzako lizentzia Udalaren baimen arautua da, eta, jabetza eskubideari eutsita eta hirugarrenak kaltetu gabe, bide ematen du obrak egiteko eta hirigintzako tresnek aurreikusitako erabilerak ezartzeko, betiere horiek egin ondoan eta, lurzoru motaren arabera, hirigintzako baldintzak bete ondoren, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 97. artikuluan eta hurrengoetan xedatuarekin bat.

Administrazioaren esku-hartzeko teknika horrek eraikuntzari buruzko eta lurzoruaren bestelako erabilerari buruzko egintzak kontrolatzea du oinarri, helburu bakarra izanik hura legalitatera eta udalerrian indarra duen hirigintzako planeamendura egokitzea, baita horren mendean jartzea ere.

Hirigintzan, ohikoa da bereiztea obra handien eta txikien artean, eta haien mugak zedarritzeko, jurisprudentziak kontzeptu orokorrak erabili ditu. Alde horretatik, obra txikitzat hartu dira teknikaren aldetik errazak direnak eta eraikuntzaren eta ekonomiaren aldetik txikiak direnak.

Direlako obra txikietarako lizentzia eskuratzeko Udalaren hirigintzako administrazioan egiten diren prozedura administratiboak aztertuta, agerian geratzen da haien artean bereizketa bat egin daitekeela, haietako batzuetarako ez baita beharrezkoa aitzineko egiaztapenik edo ondoko jarduketa administratiborik egitea, hain dira txikiak, eta, beste aldetik, beste batzuetarako, txikiak badira ere, aitzinetik egiaztatu eta zenbait erresalbu hartu behar baitira (baldintza batzuk ezarri edo bestelakoak), eta hortaz berariaz baimendu beharko lirateke, idatziz jasota geldi daitezen baldintza horiek eta interesdunak benetan zein diren jakin ditzan.

Ildo berean, ordenantza honen bidez obra txikiak bi kategoriatan sailkatu gogo dira, bai eta tramiteak erraztu eta murriztu ere erraz-errazak direnendako; helburua da prozedurak arintzea eta egiaztapenak eta aitzineko kontrolak murriztea, beharrezkoak izanen ez direlakoan aurreikusitako obra txiki-txikia denean.

Hori dela eta, prozedura laburtu bat arautuko da lehendabizi, obra txikiak izanagatik ere prozedura bat tramitatu behar duten obren eskaerendako; prozedura laburtua izanda ere, Udalaren organo eskudunek baimenerako berariazko ebazpen bat emanda amaitu beharko da.

Bigarrenik, prozedura berezi bat ezarriko da, jakinarazpenaren araubidea izenekoa, txiki-txikiak eta erraz-errazak diren obra txikiendako.

Tramitazio laburtuaren araubidearen mendean geratuko dira ordenantza honen seigarren artikulukoak, eta jakinarazpenaren araubidearen mendean, berriz, hirugarren artikulukoak.

Arauketa honen bidez arinduko da obra txikietarako lizentzien tramitazioa, hitzetik hortzera ebazten baitira jarduketa jakinarazitzat tramitatzen diren obra guztiak, eskaera dokumentazio osoarekin aurkeztuta.

Obra txikien tramitaziotik baztertu dira berariaz haien ezaugarriak direla-eta aztertze handiagoa behar duten obrak, jakinarazpenaren araubidekoak zein tramitazio laburtukoak, hala nola eraikin edo elementu babestuetako jarduketak, antolamendutik kanpo daudela deklaratuta daudenak edo obra txikien sailkapena gainditzen duten obrak.

Ordenantza hau onesteak eta, ondorioz, indarra hartzeak ekarriko du hau aplikatuko dela, eta ez Udalaren beste ordenantzetan bildutako prozedurak edo udal planeamenduan nahiz Eraikuntzari buruzko ordenantzan bildutako araudia.

Halaber, xedapen iragankor bat ezarri da, ordenantza honek indarra hartzean tramitatzen ari diren prozedurak arautzeko.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da obra txikietarako hirigintza lizentziak emateko prozedura arautzea, jakinarazpenaren araubideko eta araubide laburtuko prozedura erraztuei dagokienez.

2. artikulua. Esparru materiala.

Obra txikiak, obra handitik bereizten den aldetik, ezaugarri hauek ditu: teknikaren aldetik erraza da eta eraikuntzaren eta ekonomiaren aldetik, berriz, txikia; normalean lan txikiak dira, konponketak, apainketak, edergarriak edo itxiturak egiteko, proiektu teknikorik edo aurrekontu handirik gabe. Ezaugarri horiek biltzeak zehazten du obra txikiaren kontzeptua.

Ez dakarte inola ere bolumena, eraikitako azalera edo erabilera objektiborik aldatzea, eraikin baten egiturazko elementuak edo elementu komunak berregituratzea, birbanatzea edo funtsean aldatzea, kanpoko diseinua funtsean aldatzea edo etxebizitzen kopurua aldatzea. Era berean, ez dute ukitzen egitura (harroinak, habeak eta abar), ezta eraikineko edo instalazioko bizigarritasun edo segurtasun baldintzak ere; izan ere, garrantzi txikiko barneko edo kanpoko obrak baizik ez dira.

Kontzeptu horretatik kanpo daude:

-Etxegintzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 2.2 artikuluko obrak, edo hura ordezten duen legekoak, proiektu teknikoa behar duten obra handiak baitira.

-Indarra duen planeamenduan aurreikusitako antolamendutik kanpo dagoen edozein jarduketa eraikinetan.

-Eraikinen egitura eramailea (eskaileren ukipena eta behegainen eraikuntza barne) edo horien elementu komunak ukitzen dituzten obrak (ordenantza honetan aipatzen diren fatxada, estalki eta instalazioetako obrak izan ezik).

-Aldez aurretik erabili ez den lokal batean jarduera ezartzea edo baimendutako jarduerarekin zerikusi txikia duen jarduera ezartzea dakarten obrak.

-Jarduera sailkatuak ezartzea edo legeztatzea edo horiek funtsean aldatzea dakarten obrak.

LEHEN TITULUA

Obra txiki errazak, jakinarazpenaren araubidearen mendean

3. artikulua. Tipologia.

Ondoko hauek hartuko dira obra txiki erraztzat, jarduketa jakinaraziak bezala tramitatu beharrekoak:

1. Etxebizitzen barneko obrak, bizigarritasun baldintzak betetzea oztopatzen ez dutenak, etxebizitzen erabilera edo kopurua aldatzea ez dakartenak edo eraikinaren elementu komunak ukitzen ez dituztenak, konparaziorako:

-Estaldura eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

-Barreneko zura aldatzea edo ordeztea.

-Osasunerako tresneria aldatzea edo ordeztea.

-Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea edo aldatzea.

2. Fatxadetako eta estalkietako obrak, dauden materialak, koloreak eta diseinua mantentzen badira:

-Estalkiak konpontzea eta teilak berriro paratzea.

-Zorrotenak garbitzea eta ordeztea.

-Fatxaden pintura, paramentuen konponketa, fatxadako elementuen konponketa eta ordezpena (barandak, moldurak eta antzekoak).

-Kanpoko zura ordeztea.

Inola ere ezin izanen dira obrak jarduketa jakinarazien gisa tramitatu, aldamioak jarri behar badira, edozein modutan eremu publikoa okupatzen bada (edukiontziak salbu, betiere Edukiontziei buruzko ordenantzan ezarritako jarraikiz), edo aldi baterako lan batzuk altueran egiten badira, edo garabi-ibilgailuak erabiliz. Katalogatutako eraikin edo elementuetan egiten diren obrak ere ezin izanen dira jarduketa jakinarazien gisan tramitatu.

4. artikulua. Baldintza dokumentalak eta teknikoak.

4.1. Oro har, honako hau aurkeztu beharko da Hirigintzako eta Etxebizitzako Alorreko Erregistroan, kasu guztietan:

1. Udalak normalizatutako inprimakia jarduketa jakinarazien obretarako, identifikazioaren eta helbidearen datu pertsonalak dituela (jakinarazpenak egin ahal izateko); bertan nahitaez jaso beharko da egin gogo diren obren kokalekua (helbidea). Jarduketa jakinarazia tramitatuko duten langileek aldez aurretik aztertu dutela jaso beharko da eskabidean.

2. Ordezkaritzaren frogagiria, hala behar denean, partikularra, legala edo profesionala denean ere.

3. Lanak deskribatzeko txostena.

4. Obra gauzatzeko aurrekontua, kontu-sailetan zehaztua, materialak eta eskulana barne.

4.2. Nolako lanak egin behar diren, horren araberako dokumentazioa: fatxadetako eta/edo estalkietako jarduketetan, obretako elementuen argazkiak aurkeztu beharko dira.

4.3. Tributuen autolikidazioa, eredu normalizatuari jarraikiz, ordaindu izanaren frogagiriarekin batera.

5. artikulua. Jarduketa jakinarazien prozedura berezia.

1. Udal administrazioak normalizatutako inprimakiaren bidez eginen da jakinarazpena, eta Hirigintzako Alorrean aurkeztuko.

Inprimaki hori behar bezala beterik aurkeztuko da, eta interesdunaren helbidea eta identifikazio datuez eta higiezinaren datuez gainera, kasu bakoitzaren dokumentazio berariazkoa ere aurkeztuko da.

2. Jarduketa jakinaraziak tramitatu behar dituzten Udaleko langileek aztertuko dute segituan aurkeztutako dokumentazioa, eta, ondoan, honako hau gerta daiteke:

a) Dokumentazioa aztertu ondoren, zerbait falta denean: kasu horretan, eskatzaileari jakinaraziko zaio zer agiri ekarri behar duen. Eskatzaileak erabakiko du ea eskaria Erregistroan utzi nahi duen, hurrengo 10 egun baliodunean dokumentazioa osatzeko, edo, bestela, ez duen Erregistroan eskaria utziko, geroago osatuta aurkezteko. Eskaria Hirigintzako eta Etxebizitzako Alorreko Erregistroan dokumentazioa osatu gabe uztea erabakiz gero, erregistratu aurretik dokumentazioaren errekerimendu bat emanen zaio eskatzaileari, 10 egun balioduneko epean hori zuzendu dezan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeaaren 71. artikuluan xedatuari jarraikiz. Eskatutako dokumentazioa aurkeztean, tramitazioa egin beharreko langileek aztertuko dute, eta dokumentazioa zuzena izanez gero, artikulu honetako c atalean xedatu bezala jokatuko da. Dokumentazioa zuzentzeko epea iraganda inork eskaria osatu gabe, jarduketak artxibatuko dira tramite gehiagorik egin gabe.

b) Dokumentazioa aztertuta, irizten da jarduketak ez diola jarraitu behar jarduketa jakinarazien prozedurari. Kasu horretan, interesdunari jakinaraziko zaio dagokion lizentzia motara egokitu behar duela haren jarduketa, eta zer obra mota egin gogo duen, horren araberako inprimakia luzatuko zaio.

c) Dokumentazioa aztertuta, ulertzen da zuzena dela: kasu horretan, jakinarazpenari konformearen eginbidea emanen zaio, jarduketa jakinaraziak tramitatu behar dituzten langileen artean dokumentazioa aztertu duenak sinatua. Jakinarazpen horiek, tributuen autolikidazioa ordaindu izanaren frogagiriarekin batera, Hirigintzako Alorreko Erregistroan erregistratuko dira; prozedura amaitutzat joko da, eta tramite gehiagorik egin gabe artxibatuko da jakinarazpena.

3. Arrazoi bereziak edo salbuespenekoak direla kausa, dokumentazioa hitzetik hortzera ezin badute aztertu jarduketa jakinaraziak tramitatu behar dituzten Udaleko langileek, gehienez ere 15 egun balioduneko epean jakinarazi beharko zaio interesdunari akats bat ote dagoen dokumentazioan edo prozedura egokia ote den egin gogo diren obretarako. Hamabost egun balioduneko epea iraganda interesdunak jakinarazpenik jaso gabe, ulertuko da konformea eman zaiola, eta interesduna obrak hasteko moduan egonen da.

BIGARREN TITULUA

Prozedura laburtuaren bidez lizentzia tramitatzeko araubidearen mendeko obra txikiak

6. artikulua. Tipologia.

Ondoko hauek hartuko dira obra txiki erraztzat, prozedura laburtuaren bidez tramitatu beharrekoak:

1. Etxebizitzen barneko obrak:

-Igeltserotza eta holtzak paratzeko obrak, jarduketa jakinarazien kasuak gainditzen dituztenak, erabilera edo etxebizitzaren banaketa funtsean aldatzea ez dakartenak eta bizigarritasun baldintzak betetzea oztopatzen ez dutenak.

-Instalazio edo azpiegitura berriak paratzea etxebizitzetan.

2. Obrak lokaletan:

-Fatxadak eraberritzea.

-Estaldura eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

-Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea, aldatzea edo ezartzea.

3. Obrak fatxada eta estalkietan:

-Balkoiak ixtea eta goiko solairuetan eguzki-oihalak paratzea, jabe elkarteak eskatuta Udalak elkarterako eredu komuna onetsi eta gero.

-Lokaletan eguzki-oihalak paratzea.

-Lokaletako eta eraikinetako fatxadetan errotuluak paratzea.

-Irekitzeko lizentzia duten lokaletako beheko solairuan baoak egitea, fatxadaren konfigurazio orokorra aldatzea ez badakarte.

-Materialak, koloreak eta diseinua aldatuta edo alde zaharreko eraikinak izanda edo fatxadak erabat eraberrituta, jarduketa jakinarazitzat hartu ezin diren obrak fatxadetan eta estalkietan. Kasu horietan, jarduketak diseinu bateratua eman beharko dio eraikinaren estalki edo fatxada osoari.

4. Eraikinen instalazio edo azpiegitura komunetako obrak:

-Konponketak, ordezte partzialak edo berriztatze osoak.

-Instalazio edo azpiegitura berriak ezartzea.

5. Bertzelako jarduketak.

-Zuloak edo eraispen puntualak egitea, etxebizitza edo lokalak eraberritzeko proiektua prestatu aurrekoak, baldin eta beharrezkoak direla frogatzen bada.

-Eraberritze txikiak berdeguneetan.

-Artikulu honetan aipatutako ezaugarri berdintsuak dituzten obra txikiak.

6. Jarduketa jakinaraziak bezala tramitatu daitezkeen arren, 5. artikuluan zehaztutako prozedurari jarraitu ez dioten obrak, Hirigintzako Alorreko Erregistroan jarduketa jakinaraziak tramitatu behar dituzten Udaleko langileek aztertu ondoan aurkezteari dagokionez.

Eraikin eta elementu katalogatuetako obrak ezin izanen dira prozedura laburtuaren bidez tramitatu, katalogazioa ekarri zuten elementuak ukitzen badira.

7. artikulua. Baldintza dokumentalak eta teknikoak.

7.1. Oro har, honako hau aurkeztu beharko da kasu guztietarako:

1. Udalak normalizatutako inprimakia prozedura laburtuari lotutako obretarako, identifikazioaren eta helbidearen datu pertsonalak dituela (jakinarazpenak egin ahal izateko); bertan nahitaez jaso beharko da egin gogo diren obren kokalekua (helbidea).

2. Ordezkaritzaren frogagiria, hala behar denean, partikularra, legala edo profesionala denean ere.

3. Lanak deskribatzeko txostena:

4. Kontu-sailetan zehaztutako aurrekontua, materialak eta eskulana barne.

5. Obren zuzendaritzarako teknikari eskuduna kontratatu izanaren frogagiria, obrek egiturazko elementu txikiak unean-unean ukitzen dituztenean (hala nola teilatu hegalak, balkoietako lauzak, estalkiko petralak edo gisakoak).

7.2. Nolako lanak egin behar diren, horren araberako dokumentazioa:

1. Etxebizitzetako obrak:

1.1. Etxebizitzen barreneko obrak (igeltserotza eta trenkadak):

-Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

-Obrak zuzentzeko teknikari eskuduna kontratatu izanaren egiaztagiria, alde zaharreko etxebizitzetan egin beharreko lanetarako, trenkadak aldatu behar badira edo sukaldearen, bainugelen edo komunen banaketa aldatu behar bada.

1.2. Obrak etxebizitzen barrenetan (azpiegitura edo instalazio berriak paratzea):

-Etxebizitzaren planoa, ezarriko diren instalazioak dakartzala.

2. Obrak lokaletan:

2.1. Fatxadak eraberritzeko obrak.

-Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

-Fatxadaren egungo egoeraren argazkiak.

2.2. Estaldura eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

-Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

2.3. Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea, aldatzea edo ezartzea.

-Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

3. Obrak fatxada eta estalkietan:

3.1. Balkoiak ixtea.

-Balkoia ixteko eredua Udalak onartu zuelako egiaztagiria, edo noiz onartu zuen zehaztea. Egungo egoeraren eta eraberritu ondoko planoak, aurretiko bistan eta oinplanoan. Fatxadaren argazkiak.

3.2. Toldoak eta errotuluak paratzea.

-Haien diseinua zehazteko dokumentazioa (planoak, argazkiak).

-Fatxadaren argazkia eta/edo krokisa, non kokatuko diren zehazteko.

3.3. Fatxada-baoak zabaltzea beheko solairuan:

-Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

3.4. Obrak fatxada eta estalkietan (oro har).

-Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

-Fatxadaren argazkiak.

-Justifikazio grafikoa eta/edo idatzia, fatxadaren edo estalkiaren diseinuari eutsiko zaiolakoa.

4. Eraikinen instalazio edo azpiegitura komunetako obrak:

4.1. Egungo instalazioen trazaduran edo instalazio berrien ezarpenean aldaketak dakartzaten obrak:

-Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

4.2. Fatxadetako obrak:

-Fatxada horien argazkiak eta egin gogo den irtenbidearen krokisa.

-Azterlan tekniko ikus-onetsia, Eraikuntzari buruzko ordenantza orokorra dagokion aldetik bete duela frogatzeko.

4.3. Gas instalazioak:

-Azterlan teknikoa, kasuan kasuko elkargo profesionalak ikus-onetsia eta enpresa hornitzaileak zigilatua. Hartan instalazioa deskribatuko da eta, dagokion aldetik Eraikuntzari buruzko ordenantza orokorra bete dela frogatuko da.

5. Proiektua idatzi baino lehen laginak hartzea edo eraispen puntualak egitea:

-Tekniko eskudunak proiekturako prestatutako txosten ikus-onetsia, laginak hartzeko edo eraispenak egiteko beharra arrazoitzeko.

Den mendrena izanen da dokumentazio hau. Noaingo Udalak, zerbitzu teknikoek txostena egin ondoren, beste agiri batzuk eska ditzake, tartean teknikari eskudunak izenpetutako obra-proiektu ikus-onetsia ere, baldin eta beharrezkoa bada lizentzia zein obretarako behar den, obra horiek zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokituko dela bermatzeko.

7.3. Tributuen autolikidazioa, eredu normalizatuaren arabera, ordaindu izanaren frogagiria dakarrela, dagozkion ordenantza fiskaletan ezarritakoari jarraikiz.

8. artikulua. Eremu publikoa okupatzea eta baliabide osagarriak erabiltzea.

Eremu publikoa okupatzeko eta/edo aldamioak, karga jasogailuak, hesiak eta gisakoak paratzeko baimena tramite laburreko obra lizentziarekin batera eskatuko da ahal dela.

Hala ere, horretatik aparte ere eskatzen ahal da, baina obra lizentzia eman ondoan baimenduko da soilik.

Eskaera aparte eginez gero, obra lizentziaren espedientea aipatu beharko da eskaeran, edo, bestela, obrak egiteko agindua.

Obra lizentziarekin batera nahiz aparte eskera egitean, honako hau aurkeztuko da:

-Kokapen planoa, egin nahi den okupazioa zehazten duena.

-Aldamioak, karga jasogailuak edo gisako baliabide osagarriak erabiltzen badira, obra zuzendaria edo obraren exekuzioaren zuzendaria kontratatu izanaren ziurtagiria aurkeztuko da; hori izan ezean, baliabide osagarriak paratzeko eta kentzeko lanak teknikari eskudunaren zuzendaritza eta ikuskapenpean gauzatuko direla adierazten duen ziurtagiria aurkeztuko da. Kasuan kasuko elkargo ofizialak ikus-onetsiko ditu agiri horiek.

Baliabide osagarri gisa garabidun ibilgailuak erabiltzen badira edo aldi baterako lanak goragune batean egiten badira, obra zuzendaria edo obra gauzatzeko zuzendaria kontratatu izanaren ziurtagiria aurkeztuko da; hori izan ezean, baliabide osagarriak paratzeko edo kentzeko lanak teknikari eskudun batek zuzendu eta ikuskatuko dituela adierazten duen ziurtagiria aurkeztuko da.

9. artikulua. Prozedura.

1. Eskaera egitean hasiko da prozedura, ordenantza honen 4. artikuluko datuak gutxienez izanen dituen inprimaki normalizatua aurkeztuta Udalaren Hirigintzako Alorreko Erregistroan.

Tramitazio epeak kontatzeko ondorioetarako, dokumentazio osoa sartzean hartuko da hasitzat espedientea.

2. Eskaera eta dokumentazioa aurkezten direnean dauden zerbitzu eskudunek aztertuko dituzte.

Hasteko eskaerak indarra duen legedian ezarritako baldintzak bete ezean, edo dokumentazioa osatu gabe egonez gero, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzen dezan edo beharrezko dokumentazioa aurkez dezan eta ohartaraziko zaio ezen, egin ezean, eskaria bertan behera utzi duela ulertuko dela, 30/1992 Legearen 42.1 artikuluan aurreikusitako ondorioak izanik.

Obrek ez badute bat egiten 6. artikuluan zehaztutakoekin, eta tramitazio arrunta bada jarraitu beharreko prozedura, interesdunari jakinaraziko zaio bidegabea dela espedientea prozedura horretatik hastea, eta tramitazio arrunteko prozeduraren bidez jarraituko du.

3. Dokumentazioa osatu ondoan, udal txosten bat eginen da, zentzu hauetariko batean:

a) Lizentzia ukatzeko proposamena, egin gogo den jarduketak bat egiten ez duenean aplikatu beharreko hirigintzako araudiarekin; horrek organo eskudunaren ukatzeko ebazpena ekarriko du.

b) Lizentzia ematea, betiere zehaztuta eskatutako jarduketak indarra duen ordenamenduarekin bat etortzeko bete behar dituen baldintzak edo neurri zuzentzaileak.

c) Espedientea gehienez ere hilabeteko epean ebatzi beharko da, dokumentazioa osatu eta akatsak zuzendu ziren egunetik hasita.

4. Aurreko zenbakian finkatutako gehieneko epea etengo da, akatsak zuzentzeko errekerimenduaren bidez, hartan akatsak zein diren eta haiek zuzentzeko epea zehazten direla.

5. Lizentziaren titularrek tramitatu ondoko 4 egunean izanen dute hura hartzea, espediente mota hauek kudeatzen dituzten bulegoetan. Epe horretan hartzen ez bada lizentzia, eskatzaileari etxean jakinaraziko zaio.

HIRUGARREN TITULUA

Ordenantza honen prozedura erraztuen bidez obra txikietarako emandako lizentzien ondorioak eta baldintza orokorrak

10. artikulua. Lizentzien baldintza orokorrak eta ondorioak.

1. Legediaren kontra edo hirigintzako planeamenduaren kontra diren lizentzia tramitatuak ez dira joko administrazio isiltasunaren bidez eskuratutzat, ezta hurrengo kasuetan ere: eskabideko datuak faltsutu, okertu edo ez aipatzeagatik, hutsuneen zuzenketa, prozedura jarduketa jakinarazitzat edo laburtutzat jotzeko desegokitasuna edo espedientearen tramitazioari eta ebazpenari lotutako bertze edozein alderdi jakinarazi ahal izan ez denean.

Halaber, baiezko isiltasun administratiboaren araubidetik kanpo geratu dira, ordenantza honen irizpideekin bat egin arren, Hipoteka zordunak babesteko, gastu publikoa kontrolatzeko, toki entitateek enpresa eta autonomoekin dituzten zorrak kentzeko, enpresen jarduna suspertzeko eta sinplifikazio administratiboa eta berrikuntza sustatzeko neurriei buruzko uztailaren 1eko 8/2011 Errege Lege Dekretuaren 23.1 artikuluan sartuta dauden jarduerak.

2. Aurreko idatz-zatietan aipatzen den prozedura araubideak ez ditu jarduketa horien titularrak salbuesten zerga betebeharretatik; betebehar horiek ordenantzek arautuko dituzte.

3. Lizentzia baldintza hauei lotuko zaie:

a) Ondorioak sortuko ditu Udalaren eta jarduketako lagunaren artean baina ez dituzte aldatuko horrek bertzeekin dituen egoera juridiko pribatuak.

b) Emantzat joko dira, jabetza eskubidea izan ezik, eta hirugarrenik kaltetu gabe.

c) Deskribaturiko obrak baino ezin izanen dira gauzatu. Berariaz adierazi diren obrak ez direnak egiten badira, aldez aurretik horiei dagokien baimena eskatu beharko da, bertzenaz ezartzen ahal diren zehapenak ukatu gabe.

d) Interesdunak Udal zerbitzuen eskura izan beharko du emandako lizentzia, edo jakinarazpen eginbidetuaren inprimakia, eta obrara sartzen utziko die zerbitzu horietako langileei, ikuskapenak edo egiaztapenak egin ditzaten.

e) Obrak hiru hilabeteko epean hasiko dira, tramite laburtuko lizentzia edo jarduketa jakinaraziena eman zenetik hasita, eta sei hilabetean bukatu beharko dira, lizentzia eman edo jakinarazpena egin zenetik, non eta ez den bestelako eperik aipatzen lizentzian; epe hori iragandakoan, lizentziaren edo jakinarazpenaren iraungipena deklaratzen ahalko da, non eta interesdunak ez duen obrak egiteko epea luzatzeko edo geroratzeko eskatzen, betiere gehienez ere aurreko epeen erdia izanen den epe baterako.

f) Ezin izanen dira inola ere egin legediaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrakoak diren obrak.

g) Lanak egiterakoan eraikuntzaren, segurtasunaren eta laneko osasunaren arloetan kontuan hartu beharreko xedapen indardun orori jarraitu beharko zaio.

h) Ezin izanen dira arrazoitzat aipatu, baimendutako jarduketetan aritzean titularrek izan lezaketen erantzukizun zibila edo penala apaltzeko edo kentzeko.

i) Baimenak eskualdatzen ahalko dira, baina lehengo titularrak eta titular berriak idatziz jakinarazi beharko diote Udalari; bertzenaz, lizentziak babesten duen jarduketatik ondorioztatzen diren erantzukizunei men egin beharko diete biek.

j) Eremu publikoetan eta ondoko eremuetan lanen ondorioz sortzen diren kalteak konpondu beharko dira lanek irauten dutenean, baita haiek ongi mantendu ere, segurtasunaren, osasunaren eta garbitasunaren aldetik, nahiz eta abala eskatu ahalko den kalte horiek konpontzeko berme gisa, hala adierazten bada txostenetan.

k) Debekatuta egonen da karriketan, plazetan eta pasealekuetan aldamioak, eskailerak, makinak, tresnak, erremintak edo lanabesak paratzea, baita zirkulazio publikoa oztopatzen ahal duten eta berariazko baimenik ez duten edozein motatako eraikuntza objektuak eta materialak ere.

4. Obra lizentziak obrak babesten ditu, baina ez hirigintzako erabilerak. Hori dela eta, legeztatuta ez badaude eta legeztatu ezin badira, obren exekuzioak ez du inola ere eskubiderik emanen erabilera babesten duen lizentziarik eskuratzeko .

Horren ondorioz, konformearen eginbideak eta prozedura laburtuko lizentziak luzatu eta ematen dira, aipatutako erabilerak legeztatuta daudela ulertuta eta, legeztatuta ez badaude, ez da babestuko inolako obrarik.

5. Artikulu honetako 3.f paragrafoan xedatuaren babesean obra lizentzia eman aurretik aurkezten diren bermeek urtebeteko iraupena izanen dute, sustatzaileak haiek bukatu dituela jakinarazten duenetik hasita.

Ondorio horietarako, obrak bukatu direla jakinarazi eta hamabost eguneko epean, Udalaren zerbitzu teknikoek ikustaldia eginen dute, eta dagokion txostena prestatuko.

Txostenean ondorioztatzen bada ukitutako ondasun publikoetan lan osagarriak egin behar direla, bermearen epea haiek bukatu direla egiaztatutakoan hasiko da.

6. Noain Elortzibarko Udalaren alde utziko da eskatutako bermea, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 53.2 artikuluan aurreikusitako edozein modutan, Noain Elortzibarko Udalak baimendu bezainbeste iraunen du, aurreko puntuan aipatua gorabehera.

11. artikulua. Udalaren kontrolaren eta ikuskapenaren araubidea.

Udaleko zerbitzu teknikoek indarra duen legediak ematen dizkien ikuskapen eginkizunak eginen dituzte, hirigintzako legedia betetzen dela egiaztatu eta ikertu beharrez.

Xedapen iragankor bakarra.-Ordenantza honek indarra hartu aurretik hasitako prozedurak, hemen araututako jakinarazpenaren araubideari loturik egon daitezkeen obrei dagokienez, hasi zirenean indarra zuen araudiari jarraikiz ebatziko dira.

Xedapen indargabetzailea.-Hirigintzako prozedurari buruzko ordenantzako xedapenak indarrik gabe geratu dira, tramite laburtuko jarduketei dagokienez, hemendik aurrera, ordenantza honek arautuko baititu.

Noain Elortzibarren, 2012ko urtarrilaren 5ean.-Alkate udalburua, Oscar Arizcuren Pola.

Iragarkiaren kodea: L1200297