20. ALDIZKARIA - 2012ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

9/2012 EBAZPENA, urtarrilaren 12koa, Garraioetako zuzendari nagusiak emana, erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregular finkoaren emakidak aldatzen dituena Logroño-Donostia tartean (NA-10) -Calahorra-Donostia adarra barne- eta Lizarra-Altsasu-Donostia tartean (NA-4).

Garraioetako zuzendari nagusiak uztailaren 29an emandako 256/2011 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen, 15 egun baliodunez, erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregular finkoaren emakiden aldaketa, Logroño-Donostia tartean (NA-10) -Calahorra-Donostia adarra barne- eta Lizarra-Altsasu-Donostia tartean (NA-4). Ebazpen hori 2011ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 26an.

Halaber, Garraio Zuzendaritza Nagusiak aldaketa horren proposamena bidali zien Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuari, Errioxako Gobernuko Herri Lanetako eta Garraioko Zuzendaritza Nagusiari eta Sustapen Ministerioko Lurreko Garraio Zuzendaritza Nagusiari, txostena eman zezaten.

Garraio Zerbitzuak eman duen txostenean adierazten da bi izapide horietarako epeak bukatu direla eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak eta Sustapen Ministerioko Lurreko Garraio Zuzendaritza Nagusiak emandako txostenak jaso direla, bai eta Compañía Navarra de Autobuses, S.A.k (Conda, hemendik aurrera) eta Nex Continental Holdings, S.L.U.k aurkeztutako alegazioak ere.

Proposatutako aldaketen aldeko txostena eman du Sustapen Ministerioko Lurreko Garraio Zuzendaritza Nagusiak, emakiden titulartasuna Nafarroako Foru Komunitatearena baita.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak txostena eman du, eta hartan kontra egin dio erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregular finkoaren emakidak aldatzeari (Logroño-Donostia tartean -NA-10- (Calahorra-Donostia adarra barne) eta Lizarra-Altsasu-Donostia tartean -NA-4-). Izan ere, haren ustez ibilbide ertain eta luzeko zerbitzuetan abiadura handiko azpiegiturak sustatu behar dira, baina tarteko punturik kendu gabe. Orobat, Lizarra-Altsasu-Donostia tartean (NA-4) garraioaren emakida aldatzearen kontra agertu da. Izan ere, haren ustez Gipuzkoako Foru Aldundiarena baita Gipuzkoa barrenean zirkulazioak planifikatzeko eta ordenatzeko eskumena.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak emandako txostenari dagokionez, uste da erabiltzaileen premiei modu eraginkorragoan erantzuten zaiela, eta baliabideak hobeki erabiliz, Logroño-Donostia tarteko (NA-10) -Calahorra-Donostia adarra barne- garraioaren emakidan zirkulazio batzuk kentzeko proposamenak. Lizarra-Altsasu-Donostia tarteko (NA-4) garraioaren emakida aldatzen da Nafarroako Foru Komunitatearen eskumen historikoak erabiliz. Eskumen horiek emakiden esklusibotasunaren printzipioa erabat errespetatuz erabili dira, eta horrek berarekin dakar debekaturik egotea zirkulazio desberdinek ibilbide berberak izatea.

Aurkeztu diren alegazioei dagokienez, Nex Continental Holdigns, S.L.U.k argudiatzen du Lizarra-Altsasu-Donostia tarteko (NA-4) erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregular finkoaren emakidaren aldaketa erabil litekeela Gasteizen eta Donostiaren arteko zirkulazioak egiteko, eta zirkulazio hori esklusiban esleitu zitzaiola. Alegazio horiek baiestea ez da bidezkoa, proposatutako aldaketan agertzen ez den hipotesi bat planteatzen dutelako.

Condak, Iruña eta Donostia artean erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio zerbitzu erregularraren emakida duen enpresak, alegatzen du 256/2011 Ebazpenaren I. eranskinetik ondorioztatzen dela Zizur Nagusian geraleku berri bat ezarriko dela eta horrek ekarriko lukeela herri horretatik abiatzen den zirkulazioa onartzea. Horrela, Condari esleitutako zirkulazioetan sartuko lirateke, eta urratu eginen litzateke zirkulazio desberdinek ibilbide berberak izatearen debekua. Horrez gain, alegatzen du Garesen aurreikusitako geralekuarekin gauza bera gertatuko dela.

Alegazio horien aurrean, La Estellesa, S.A.k (Logroño-Donostia tartean (NA-10) -Calahorra-Donostia adarra barne- erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraioaren emakida duen enpresa) hainbat dokumentu aurkeztu ditu aipatutako geralekuei buruz. Horien artean, bada eskaera bat Zizur Nagusian bidaiariak hartu eta uzteko geraleku berri bat eratzeko, ustez 2000. urtean egina, erantzunik jaso ez zuena. Agiri batean, emakidaren ordutegiak agertzen dira, enpresak berak egindakoak, eta geraleku horiek agertzen dira, bai joaneko ibilbidean bai etorrikoan.

Aldaketak prozedura bat behar zuen (Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Erregelamenduaren 79. eta 80. artikuluak), gauzatu ez zena; jendaurreko funtsezko tramitea alboratu egin zen.

La Estellesa, S.A.k aurkeztutako dokumentazioari eta Administrazioaren esku dagoenari jarraikiz, nahiz eta La Estellesa, S.A.k geldialdi hori egin 2000. urtetik aurrera (ez dago frogatuta), Administrazioak geraleku hori ez zuen inoiz berariaz onetsi, eta ez dago balizko onespen baten aztarnarik ere. Izan ere, Garraioetako zuzendari nagusiak uztailaren 18an emandako 132/2008 Ebazpenaren bidez (2008ko 110. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 8an), behin-behinekoz onetsi zen La Estellesa, S.A.k proposaturiko aldaketa (zenbait bidaia kentzekoa), eta han emakidaren ibilbidea eta geralekuak (oinarri-pleguan ezarritakoak) agertzen ziren, baina geraleku hori ez. Horren aurrean, La Estella, S.A.k ez zuen alegaziorik egin. Gauza bera gertatu zen Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuak (gaur egun, Garraio Zerbitzuak) tarifak berrikusteko administrazioaren proposamena bidaltzen zion bakoitzean: inoiz ez zen agertzen geraleku hura.

Izatezko egoerak onartutzat ulertzearen eta eskubideak finkatzearen ondorioetarako, Administrazioaren jardunean konfiantza zilegia babesteko printzipioak eskatzen du konfiantza hori Administrazioak egindako kanpoko zeinu edo egintzetan oinarriturik egon dadila, hain zuzen ere legezkotasun itxuran konfiantza jartzeko behar bezain zeinu edo egintza eztabaidaezinetan. Egoera hori ez da kasu hau, Administrazioaren jardunak kontrakoa ulertarazten baitzuen, izan ere Administrazioaren jardunak emakidaren egoera zehatza azaltzen zuen, eta hartan inoiz ez zen geraleku hori agertu. Bestetik, konfiantza zilegiaren printzipioa ezin da argudio gisa erabili ordenamendu juridikoaren kontrako egoerak mantentzeko.

Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen 72. artikuluari jarraikiz, ulertzen da modu esklusiboan ematen direla erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregular finkoen emakidak, eta horiek indarrean dauden bitartean ezin dira ezarri garraio zerbitzu berberak ematen dituzten beste emakida batzuk.

Horrez gain, lege testu horren 80. artikuluak ezartzen du emakida-tituluan aurreikusten ez diren zirkulazio berriak sartzea dakarren emakida baten aldaketak baldintza hau izanen duela: dauden zerbitzuekin ez kointziditzeko debekuaren arauak errespetatzea. 64. artikuluak ezartzen du sortzen diren zerbitzu berriek ezin dutela izan aurretik dauden beste erabiltzaile guztientzako zerbitzu erregular finko batzuen zirkulazio berberak. Debeku hori aplikatzen da nahiz eta aurreikusitako zirkulazioen eta beste zerbitzu batzuen zirkulazioen arteko kointzidentzia erabatekoa ez izan, baldin eta funtsean ibilbide bereko zirkulazio demandak asetzen badituzte, zerbitzu berrien zirkulazioen hasierako edo bukaerako herriguneak beste zerbitzu batzuen herriguneetatik hurbil izateagatik eta haien biztanle kopuruagatik.

Logroño-Donostia emakidan Zizur Nagusian bidariak hartuz eta utziz geraleku berria eratuko balitz, emakida horretan zirkulazio berri bat sortuko litzateke, puntu horretatik eta puntu horretaraino. Zizur Nagusia Iruñetik oso hurbil dagoenez (5 kilometrora, gutxi gorabehera) eta destinoak kointzidituko liratekeenez, zirkulazioen arteko kointzidentzia sortuko litzateke, eta horrek Condak duen esklusibotasunaren printzipioa urratuko luke argi eta garbi.

Bestetik, ez da bidezkoa ibilbide bereko zirkulazioa baimentzea, ez direlako gertatzen arauek ezartzen dituzten salbuespenezko kasuak eta geraleku berria ezartzeko interes publikorik ez dagoelako (interes publikoak zerbitzu publikoaren aldaketaren lehentasuna ekarriko luke, esklusibitatearen printzipioaren aurrean). Nahiz eta izan daitekeen erabiltzaileek hori eskatzea, bidaiariak hartzeko bi geraleku horien arteko hurbiltasunak eragozten du halakorik egitea. Gainera, bi geralekuak loturik daude garraio publikoaren bidez.

Horrenbestez, akatsez egin zen aldaketa inplizitu hori (Zizur Nagusian bidaiariak hartu eta uzteko geraleku bat gehitzea) mantenduz gero, horrek ekarriko luke funtsean ibilbide bereko zirkulazio-eskaerei erantzutea eta La Estellesa, S.A.ri zerbitzu berri bat ezartzea, zeinek emakiden esklusibitatearen printzipioari erasotzen dion eta eskuratutako eskubideak urratzen dituen. Horren ondorioz, Garraio Zerbitzuak ondorioztatzen du bidezkoa dela geraleku hori kentzea.

Garesko geralekuari buruzko alegazioari dagokionez, ez da bidezkoa baiestea, geraleku hori oinarri-pleguko emakidaren baldintzetan agertzen baitzen.

Halaber, Garraio Zerbitzuak azaltzen du jendaurreko aldia amaitu ondoren akats materiala atzeman dela 256/2011 Ebazpenaren I. eranskinean, Logroño-Donostia tartean (NA-10) -Calahorra-Donostia adarra barne- erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregular finkoaren emakidaren baldintzei dagokienez, izan ere Hendaia agertzen baita geralekuen zerrendan. Horregatik bidezkoa da akatsa zuzentzea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Horrenbestez, Garraio Zerbitzuak proposatzen du Logroño-Donostia tartean (NA-10) -Calahorra-Donostia adarra barne- eta Lizarra-Altsasu-Donostia tartean (NA-4) erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregular finkoaren emakiden aldaketa onestea, jendaurrean jarri zen testu berarekin baina Zizur Nagusiko eta Hendaiako geralekuak kendu ondoren. Biak ere Garraioetako zuzendari nagusiaren uztailaren 29ko 256/2011 Ebazpenaren I. eranskinean akatsez sartu ziren.

Horrenbestez, Sustapen eta Etxebizitzako kontseilariaren irailaren 9ko 26/2011 Foru Aginduak emandako ahalmenak erabiliz eta Garraio Zerbitzuak proposatutakoarekin bat.

EBATZI DUT:

1. Logroño-Donostia tartean (NA-10) -Calahorra-Donostia adarra barne- eta Lizarra-Altsasu-Donostia tartean (NA-4) erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregular finkoaren emakiden aldaketa jendaurrean jartzeko epea ebaztea, azalpen zatian adierazitako moduan.

2. Logroño-Donostia tartean (NA-10) -Calahorra-Donostia adarra barne- eta Lizarra-Altsasu-Donostia tartean (NA-4) erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregular finkoaren emakidak aldatzea, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan adierazitako moduan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Garraio Zerbitzuari, La Estellesa, S.A. enpresari, La Burundesa, S.A. enpresari, Nex Continental Holdings S.L.U. enpresari, Compañía Navarra de Autobuses, S.A. enpresari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuari, Errioxako Gobernuko Herri Lanetako eta Garraioko Zuzendaritza Nagusiari eta Sustapen Ministerioko Lurreko Garraio Zuzendaritza Nagusiari.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, ebazpen honek bukaera ematen dio administrazio publikoentzako administrazio bideari. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2012ko urtarrilaren 12an.-Garraioetako zuzendari nagusia. Ordezko gisa (Sustapen eta Etxebizitzako kontseilariaren irailaren 9ko 26/2011 Foru Agindua), Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusia, Marie Sánchez Gómez.

I. ERANSKINA

Logroño-Donostia tartean (NA-10) -Calahorra-Donostia adarra barne- erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregular finkoaren emakida arautzen duen oinarri-pleguaren aldaketa: Lizarragako eta Lizarrustiko mendateetatik igarotzen diren bidaiak kentzen ditu, emakidaren ibilbide nagusi gisa Leitzarango autobia ezartzen du (Calahorra-Donostia adarra ez da aldatzen) eta Lizarra-Logroñoren tartean ibilbide berri bat jartzen du. Emakida horretan aldatutako baldintzak honela geldituko dira:

2.º Ibilbideak:

1.-Logroño-Donostia-Irun ibilbidea: Logroñotik Garesa, A-12 errepidetik; Garestik Donostiara, A-12 eta A-15 errepideetatik; Donostiatik Pasai Antxora, N-1 errepidetik; Pasai Antxotik Irunera, A-8 errepidetik.

2.-Logroño-Donostia ibilbidea: Logroñotik Garesa, A-12 errepidetik; Garestik Donostiara, A-12 eta A-15 errepideetatik.

3.-Lizarra-Logroño ibilbidea: Lizarratik Logroñora, N-111 errepidetik.

3. Geralekuak:

1.-Logroño-Donostia-Irun ibilbideko geralekuak: Logroño; Lizarra; Gares; Donostia; Pasai Antxo; Errenteria; Irun.

2.-Logroño-Donostia ibilbideko geralekuak: Logroño; Lizarra; Gares; Donostia.

3.-Lizarra-Logroño ibilbideko geralekuak: Lizarra; Aiegi; Azketa; Urbiola; Los Arcos; El Busto (bidegurutzea); Santsol; Torres del Río; Bargota; Viana; Logroño.

4. Egutegia, ibilbideak eta ordutegia.

-Logroño-Donostia-Irun:

-Egunero: 10:00etan.

-Eskola garaian, astelehenetan, astearteetan, asteazkenetan, ostegunetan eta larunbatetan: 16:30ean.

-Eskola garaian, ostiraletan, igandeetan eta jaiegunetan: 19:00etan.

-Udan, egunero: 19:00etan.

-Irun-Donostia-Logroño:

-Egunero: 9:00etan eta 15:50ean.

2.-Logroño-Donostia:

-Udan, egunero: 8:00etan eta 16:30ean.

-Eskola garaian, ostiraletan, igandeetan eta jaiegunetan: 16:30ean.

Donostia-Logroño:

-Udan, egunero: 13:00etan eta 20:15ean.

-Eskola garaian, ostiraletan, igandeetan eta jaiegunetan: 19:30ean.

3.-Lizarra-Logroño ibilbidea:

-Astelehenetik ostiralera, eskariaren arabera: 10:45ean.

II. ERANSKINA

Lizarra-Altsasu-Donostia tarteko (NA-4) erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregular finkoaren emakida arautzen duen oinarri-pleguaren aldaketa, zirkulazioak handitzeko. Emakida horretan aldatutako baldintzak honela geldituko dira:

2. Ibilbideak:

2.-Lizarra-Altsasu-Donostia:

-Lizarratik Olaztira, NA-718 errepidetik; Olaztitik Lizarraga Ergoienera (eskariaren arabera), A-1, A-10 eta NA-120 errepideetatik; Lizarraga Ergoienetik (eskariaren arabera) Etxarri Aranatzera, NA-120 errepidetik; Etxarri Aranaztik Altsasura, NA-120 eta A-10 errepideetatik; Altsasutik Donostiara, E-80/N-1 errepidetik eta Iparraldeko autobiatik.137 kilometro, guztira.

3.-Lizarraga Ergoiena-Altsasu-Donostia:

-Lizarraga Ergoienetik (eskariaren arabera) Etxarri Aranatzera, NA-120 errepidetik; Etxarri Aranaztik Altsasura, NA-120 eta A-10 errepideetatik; Altsasutik Donostiara, E-80/N-1 errepidetik eta Iparraldeko autobiatik. 80 kilometro, guztira.

4.-Altsasu-Donostia ibilbidea:

-Altsasutik Donostiara, E-80/N-1 errepidetik eta Iparraldeko autobiatik. 64,4 kilometro, guztira.

3. Geralekuak:

2.-Lizarra-Altsasu-Donostia:

-Geralekuak: Lizarra, Larrion, Artabia, Zudairi, Urbasa, Olazti, Lizarraga Ergoiena (eskariaren arabera), Etxarri Aranatz, Altsasu, Idiazabal, Beasain, Ordizia, Itsasondo (saihesbidea), Legorreta (saihesbidea), Alegia (saihesbidea), Tolosa (zirkulazio debekua), Villabona (saihesbidea, zirkulazio debekua), Andoain (saihesbidea, zirkulazio debekua), Lasarte (zirkulazio debekua), Donostia.

3.-Lizarraga Ergoiena-Altsasu-Donostia:

-Geralekuak: Lizarraga-Ergoiena (eskariaren arabera), Etxarri Aranatz, Altsasu, Idiazabal, Beasain, Ordizia, Itsasondo (saihesbidea), Legorreta (saihesbidea), Alegia (saihesbidea), Tolosa (zirkulazio debekua), Villabona (saihesbidea, zirkulazio debekua), Andoain (saihesbidea, zirkulazio debekua), Lasarte (zirkulazio debekua), Donostia.

4.-Altsasu-Donostia ibilbidea:

-Geralekuak: Altsasu, Idiazabal, Beasain, Ordizia, Itsasondo (saihesbidea), Legorreta (saihesbidea), Alegia (saihesbidea), Tolosa (zirkulazio debekua), Villabona (saihesbidea, zirkulazio debekua), Andoain (saihesbidea, zirkulazio debekua), Lasarte (zirkulazio debekua), Donostia.

4. Egin beharreko zirkulazioak:

Honako baldintza hauen arabera eginen dira:

2.-Lizarra-Altsasu-Donostia: Debekaturik daude zirkulazioak Lizarra eta Zudairi arteko tarteko puntuetan, baita alderantzizko ibilbidean ere. Debekaturik daude zirkulazioak Tolosa eta Donostia arteko tarteko puntuetan, baita alderantzizko ibilbidean ere.

3.-Lizarraga Ergoiena-Altsasu-Donostia:

Tolosa eta Donostia artean, tarteko puntuetan eta alderantzizkoan zirkulazio debekua.

4.-Altsasu-Donostia:

Tolosa eta Donostia artean, tarteko puntuetan eta alderantzizkoan zirkulazio debekua.

5. Egutegia, ibilbideak eta ordutegia:

2.-Lizarra-Altsasu-Donostia:

-Ordutegiak:

  • Larunbatetan:
  • Lizarratik atera: 8:00etan.
  • Donostiatik itzuli: 18:00etan.

3.-Lizarraga Ergoiena (eskariaren arabera)-Altsasu-Donostia:

-Ordutegiak:

  • Neguko ordutegiak:
  • Astelehenetik ostiralera (lanegunetan):
  • Lizarraga Ergoienetik (eskariaren arabera) atera: 6:25ean.
  • Donostiatik itzuli: 18:00etan.
  • Udako ordutegia:
  • Egunero, Lizarraga Ergoienetik (eskariaren arabera) 9:00etan atera eta Donostiatik 18:00etan itzuli.

4.-Altsasu-Donostia ibilbidea:

-Ordutegiak:

  • Neguko ordutegiak:
  • Astelehenetik ostiralera (lanegunetan):
  • Altsasutik atera: 9:15ean, 12:30ean eta 16:30ean.
  • Donostiatik itzuli: 8:30ean, 10:30ean eta 14:00etan.
  • Larunbatetan eta jaiegunetan:
  • Altsasutik atera: 16:30ean.
  • Donostiatik itzuli: 11:00etan.
  • Udako ordutegia:
  • Egunero, Altsasutik 16:30ean atera eta Donostiatik 11:00etan itzuli.

Iragarkiaren kodea: F1200868