120. ALDIZKARIA - 2012ko ekainaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SALDIAS

Bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.
Behin betiko onespena

Saldiasko Udalak, 2012ko martxoaren 10ean egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen bikote egonkorren Saldiasko Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.

Saldiasen, 2012ko martxoaren 30ean.-Alkatea, Jacinto Domínguez San Nazario.

ORDENANTZA, BIKOTE EGONKORREN SALDIASKO UDALAREN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Bikote egonkorren Saldiasko Udalaren erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak (sexu joera kontuan izan gabe), baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Bikoteek, sexua kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatu badute.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Saldiasen erroldatua, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere bikote egonkorren beste erregistroren batean.

3. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute Udaleko idazkariaren aitzinerat, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat emantzipatu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

4. artikulua. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agertarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz. Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea burutu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

5. artikulua. Erregistroa Udalaren Idazkaritzan egonen da.

6. artikulua. Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

8. artikulua. Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten idazpenak.

9. artikulua. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta erregistroaren ardura duen funtzionarioak ematen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

10. artikulua. Egiten diren inskripzioak guztiz doakoak izanen dira.

11. artikulua. Bikote egonkorren udal erregistroan inskribatzen diren ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartze guztiek ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Saldiasko Udalean.

Xedapen gehigarri bakarra

Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

Iragarkiaren kodea: L1208341