68. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

91/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 14koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren otsailaren 3ko 34/2011 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei diru-laguntzak emateko 2011ko deialdiaren oinarriak onetsi ziren.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak otsailaren 3an emandako 34/2011 Foru Aginduaren bidez, Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei diru-laguntzak emateko 2011ko deialdiaren oinarriak onetsi ziren. Foru agindu hori 2011ko 35. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 21ean.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak adierazi du deialdian aldaketa hauek egin behar direla: batetik, titularrari ahalmena ematea deialdirako baimendutako gastua handitzeko beste deialdi bat ebatzi ondoren geldi litekeen soberakinekin, zehazki, 2011. urtean Nafarroako gazteen artean bizimodu osasungarriak bultzatzeko proiektuetarako diru-laguntza deialdiaren soberakinekin, eta bestetik, deialdiaren 4.2 oinarria aldatzea, gazteen osasuna eta bizimodu osasungarriak sustatzen dituzten proiektuak diruz lagungarriak diren proiektuetatik kentzeko, hemendik gutxira helburu berariazko horrexetarako deialdi bat onetsiko delako.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei diru-laguntzak emateko 2011ko deialdiaren 4.2 oinarria aldatzea. Deialdi horren oinarriak otsailaren 3ko 34/2011 Foru Aginduaren eranskin gisa agertzen dira. Hemendik aurrera, honela idatzita geldituko da oinarri hori:

"4.2. Proiektuak.

Diruz laguntzen ahal diren proiektuak zenbait jardueraz osatuta egonen dira, hau da, batasun bati lotuta dauden eta helburuak betetzera bideratzen diren jarduerez, horretarako giza baliabideak eta baliabide materialak jarriz, plan egituratu bati jarraikiz.

Gazte elkarteek eginen dituzten proiektuak lagunduko dira diruz, aldez aurretik laguntza emateko ebazpena badute. Gazteen bizi garapenean laguntzen duten eta/edo gazteek gizartean parte-hartze aktiboa izatea sustatzen duten gaiak landuko dituzte proiektuek, esate baterako: gizartean parte hartzea, boluntariotza, aukera berdintasuna, gazteen arteko gizarte integrazioa, aisia eta kultura gazteen artean, ingurumena, enpresa edo ekimen arloko proiektuetarako aholkularitza eta gazteriarentzat interes orokorra duten beste gai batzuk.

Proiektu horiek 2011ko urtarrilaren 1etik azaroaren 2ra bitarte gauzatu beharko dira."

2. Otsailaren 3ko 34/2011 Foru Aginduaren babesean, gazteen osasuna eta bizimodu osasungarriak sustatzen dituzten proiektuetarako jadanik aurkeztuta dauden diru-laguntza eskaerak aurkeztutzat joko dira Nafarroako gazteen artean bizimodu osasungarriak bultzatzeko proiektuetarako 2011. urteko diru-laguntza deialdian.

3. Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari otsailaren 3ko 34/2011 Foru Aginduaren bidez baimendutako gastua igotzeko, 2011. urtean Nafarroako gazteen artean bizimodu osasungarriak bultzatzeko proiektuetarako diru-laguntza deialdia ebatzi ondoren gelditzen den kreditu soberakinekin, horrelakorik baldin badago.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kontu-hartzailetza delegatuari, Nafarroako Gazteriaren Institutuari, Gazteriaren Zuzendariordetzari, haren Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Atalari eta Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko martxoaren 14an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F1104940