68. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

77/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 7koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, astialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak egiteko, onarpen ofiziala duten astialdiko eskolek antolatuak eta emanak, eta gazteriaren arloko profesionalak gai horren gaineko jardunaldi, topaketa, mintegi, biltzar eta masterretara joateko beken deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Gizartea oso bizkor aldatzen da eta horrek behar, itxaropen eta eskaera berriak sortzen ditu herritar guztiengan, oro har. Hezkuntza, enplegua, etxebizitza eta emantzipazioa bereziki gazteei eragiten dieten aferetako batzuk dira. Horregatik, administrazio publikoek gazteen benetako premiak asetzeko eta norberaren autonomia, trebakuntza eta garapen osoa lortzeko politikak egin behar dituzte. Gazteek gizarte aldakor honetan guztiz integratzea eta haien parte-hartze soziala, politikoa, ekonomikoa eta kulturala bermatzea are gehiago bultzatu behar da.

Nafarroako Gazteriaren Institutuaren helburuetako bat gazteekin zuzeneko harremana izanen duten pertsonen prestakuntza da, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 8ko 70/2010 Foru Dekretuan adierazi bezala.

Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskola (GENE) sortzen duen uztailaren 21eko 236/1999 Foru Dekretuaren 3. artikuluaren a) atalak dioenez, GENEri dagokio "gazteri gaietako teknikari eta espezialistak prestatzea".

Nafarroako Gobernuak, 2011ko otsailaren 7ko Erabakiaren bidez, baimena eman zuen Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolan (GENE) prestakuntza ikastaroak eta astialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak, onarpen ofiziala duten astialdiko eskolek antolatuak eta emanak, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren iritziz interesa duten ikastaroak egiten dituzten pertsonei bekak emateko deialdia tramitatzeko. Tramitazioaldian eskaerak banan-banan ebaluatuko dira.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1.-Astialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak egiteko, onarpen ofiziala duten astialdiko eskolek antolatuak eta emanak, eta gazteriaren arloko profesionalak gai horren gaineko jardunaldi, topaketa, mintegi, biltzar eta masterretara joateko beken deialdia onestea.

2.-Deialdiaren kostuari aurre egiteko, 40.000 euroko gastua baimentzea, 2011ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Prestakuntza bekak" izeneko 960002-96100-4809-232100 kontu-sailaren kargura.

3.-Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.-Foru agindu hau jakinaraztea Nafarroako Gazteriaren Institutuari, haren Plangintzaren eta Gazteriaren Behatokiaren Atalari, Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolari (GENE) eta Kontu-hartzailetza delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko martxoaren 7an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria. M.ª Isabel García Malo.

ERANSKINA

Oinarriak

1.-Xedea.

Nafarroako gazteen hezkuntza ez-formala sustatzeko beken edo diru-laguntzen araubidea ezartzea du xede deialdi honek, aisialdiko, astialdiko eta boluntariotzako jarduerak ahalik eta baldintzarik onenetan egiteko eta gazteek zein haiekin lan egiten duten teknikariek prestakuntza hori jasotzeko aukera berdinak izateko.

2.-Helburua.

Bekek ikastaro hauen matrikula eskubideek dakartzaten gastuak neurri batean konpentsatzea dute helburu:

a) Astialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak, onarpen ofiziala duten astialdiko eskolek antolatuak eta emanak.

b) Gazteriaren arloko profesionalentzako espezializazio ikastaroak: gazteei eta herritarrei argibideak emateko zerbitzuetako aditua, Salamancako Unibertsitatekoa; gazteentzako programa eta zerbitzuen koordinazioko eta kudeaketako lanbide espezializazioaren unibertsitateko diploma, Valentziako Unibertsitatekoa; eta gazteriaren eta gizartearen arloko unibertsitate arteko masterra, Gironako Unibertsitatekoa.

c) Gazteriaren arloko gai espezifikoei buruzko bertako eta nazioarteko jardunaldiak, topaketak, mintegiak eta biltzarrak, autonomia erkidegoetako gazteriaren arloko erakunde publikoek, toki entitateek eta onarpen ofiziala duten erakundeek, irabazi-asmorik gabeek, antolatuak.

3.-Onuradunak.

3.1. Deialdiko diru-laguntzak eskatzen ahalko dituzte aurreko oinarrian adierazitako ikastaroak edo jarduerak egiten dituzten gazteriaren arloko profesionalek, baita astialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak, onarpen ofiziala duten astialdiko eskolek antolatuak eta emanak, lehenbizikoz egiten dituzten pertsonek ere, baldintza hauek betetzen badituzte:

A) Nafarroakoa izatea edo bertan bizitzea ikastarorako edo jarduerarako matrikulatzen denean.

B) 2. oinarrian adierazitako prestakuntza ekintzetan matrikulatua egotea eta matrikula ordainduta izatea.

C) Espezializazio ikastaroei dagokienez, hauetako bat dela frogatzea: gazteen informatzailea, onarpen ofiziala duen astialdiko eskola bateko irakaslea nahiz zuzendaria edo toki entitate zein mankomunitate bateko funtzionarioa edo lan kontratuduna.

3.2. Astialdiko monitore edo zuzendari ikastaro batean lehen aldiz parte hartzen denean soilik emanen da diru-laguntza eta ez hurrengo parte-hartzeetan, edozein dela ere arrazoia: ikastaroa ez gainditzea, hura aldi baterako bertan behera uztea, eritasunagatik ez egitea, eta antzeko egoerak.

4.-Aurkezteko epea eta tokia.

4.1. Eskabideak eta agiriak Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira (Yanguas y Miranda, 27, 31003 Iruña) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezartzen diren tokietako batean. Postetxeen bidez igortzen diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, data eta zigilua jartzeko ziurtatu baino lehen.

4.2. Astialdiko monitore edo zuzendarien ikastaroetarako eskaerak ikastaroa antolatzen duen eskolak aurkeztuko ditu, diru-laguntzaren eskaerari lotutako ikastaroa hasi eta hurrengo 15 eguneko epean.

4.3. Ikastaro hauetan parte hartzen dutenek kasuan kasuko ikastaroa hasi baino 15 egun lehenago aurkeztu beharko dute eskaera: gazteei eta herritarrei argibideak emateko zerbitzuetako aditua, Salamancako Unibertsitatekoa; gazteentzako programa eta zerbitzuen koordinazioko eta kudeaketako lanbide espezializazioaren unibertsitateko diploma, Valentziako Unibertsitatekoa; gazteriaren eta gizartearen arloko unibertsitate arteko masterra, Gironako Unibertsitatekoa, eta jardunaldi, topaketa, mintegi eta biltzar nazional zein nazioartekoak.

4.4. Diru-laguntza eskaera guztiak, betiere, 2011ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira.

5.-Dokumentazioa.

5.1. Ikastaro bakoitzerako eskaera guztiak batera aurkeztuko dira, eskabide orokorrari dokumentazio hau erantsirik:

A) Ikastaroan inskribatu eta matrikulatzeko agiria, ikasleak sinatua, kostu ekonomikoa eta ikaslea zein egunetan inskribatu den adierazita.

B) Bana-banako inprimakia, behar bezala betea, Nafarroako Gazteriaren Institutuan eskuratua, datu pertsonalak adieraziko dituena. Toki bat izanen du eskolak zigilua jartzeko, eta ikasleak matrikula ordaindu izana frogatzen duen agiria erantsiko zaio.

C) Ikastaroko parte-hartzaileen NANaren fotokopia, diru-laguntzaren balizko onuradunak baitira.

D) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (lehenago aurkeztu ez dutenentzat soilik), ikastaroan parte hartzen dutenena, diru-laguntzarik emanez gero diru-sarrera egiteko.

E) Eskatzailearen erantzukizuneko aitorpena, zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak eginak eta eguneraturik dituela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez duela adierazteko.

5.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ikastaroak ematen dituztenei eta haietan parte hartzen dutenei eskatzen ahalko die aurkeztutako dokumentazioko informazioa zabaltzeko edo hobetzeko.

5.3. Nafarroako Gazteriaren Institutuak edozein unetan egiten ahalko ditu jarraipen eta kontrolerako ikustaldiak, prestakuntza ekintzak behar bezala egiten direla eta diru-laguntza bere xede eta helbururako zuzen aplikatzen dela egiaztatzeko.

5.4. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaerak, bai eta datu faltsuak dituztenak ere.

5.5. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen direnak betetzen ez baditu, ikastaroak ematen dituztenei eta haietan parte hartzen dutenei eskatzen ahalko die 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta ohartaraziko zaie hala egin ezean ezetsi eginen dela haien eskaera ebazpen baten bidez, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluari jarraikiz.

6.-Instrukzioa, balorazioa eta zenbatekoa.

6.1. Deialdia banakako ebaluazioko araubidearen bidez tramitatuko da. Plangintzaren eta Gazteriaren Behatokiaren Atalak eskabideak tramitatuko ditu, aurkezteko ordenari jarraikiz, eta diru-laguntzak emateko proposamena igorriko dio Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari, Gazteriaren Zuzendariordetzaren bidez.

Instrukzio organoak administrazio publikoko teknikari (arlo juridikoa) baten laguntza izaten ahalko du.

6.2. Lehen adierazitakoaren arabera aisialdiko monitoreentzako ikastaroa egiten duenari emanen zaion beka ikasleak matrikulatzeko ordaindutako kostuaren %50erainokoa izanen da, gehienez ere 170 euro beka bakoitzeko.

6.3. Lehen adierazitakoaren arabera aisialdiko zuzendarientzako ikastaroa egiten duenari emanen zaion beka ikasleak matrikulatzeko ordaindutako kostuaren %50erainokoa izanen da, gehienez ere 270 euro beka bakoitzeko.

6.4. Kalitatezko prestakuntza ematearren eta ikastaroetan jende gehiegi izan ez dadin, bekak 25 ikaslerentzat izanen dira gehienez monitoreentzako ikastaro bakoitzeko, eta 15entzat zuzendarientzako ikastaro bakoitzeko.

Plazen kopurua ez da oinarri honetan adierazitakoa baino handiagoa izanen inoiz. Astialdiko eskolak horren berri eman beharko die matrikula egin nahi duten ikasleei.

6.5. Honako ikastaro hauetan parte hartzen dutenei matrikularen kostuaren %80ko beka emanen zaie: gazteei eta herritarrei argibideak emateko zerbitzuetako aditua, Salamancako Unibertsitatekoa; gazteentzako programa eta zerbitzuen koordinazioko eta kudeaketako lanbide espezializazioaren unibertsitateko diploma, Valentziako Unibertsitatekoa; eta gazteriaren eta gizartearen arloko unibertsitate arteko masterra, Gironako Unibertsitatekoa.

Jardunaldi, topaketa, mintegi eta biltzar nazional zein nazioartekoetan parte hartzen dutenei emanen zaien bekaren zenbatekoa, aldiz, matrikulak, ostatuak eta bidaiak sortutako gastuen %60koa izanen da, gehienez. Prestakuntza ekintza horiek diruz laguntzeko, horietan parte hartu baino lehen Nafarroako Gazteriaren Institutuak onetsi egin beharko ditu.

7.-Ebazpena.

7.1. Deialdia Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak bi hilabeteko gehieneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera zenbatuta, ematen duen ebazpenaren bidez ebatziko da, eta azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei. Epe hori bukatutakoan berariazko ebazpenik eman ez badu, eskatzaileek eskaerak ezetsi egin direla ulertuko dute.

Diru-laguntzak emateko eskabideak aurkezteko eguna hartuko da aintzat, aurrekontu kredituaren balizko amaierari dagokionez.

7.2. Diru-laguntza emateko ebazpenean haren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira.

7.3. Betiere, beken zenbatekoa 2011ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.

7.4. Deialdi honen babesean diru-laguntza bat eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldietan ere diru-laguntzak jasotzeko eskubiderik eskuratzen denik.

7.5. Diru-laguntza emateko ebazpena Nafarroako Gazteriaren Institutuaren egoitzako informazio paneletan jarriko da, orok jakin dezan.

8.-Bateraezintasuna.

Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzak bateraezinak dira herri administrazio berak edo beste batek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, helburu berbererako emandako beste laguntza batzuekin.

9.-Betebeharrak.

9.1. Beka jasotzen dutenek haren helbururako beharko dute erabili, astialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroen amaierako praktikaldia egin eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ikuskapenak onartu eta erraztu. Ikasleak ikastaroa amaitzen ez badu eta arrazoiak agertzen ez baditu, edo arrazoi horiek ezinbestekoak ez badira, emandako diru-laguntza itzuli beharko da.

9.2. Diru-laguntza eskaerak bitarteko gisa aurkezten dituzten astialdiko eskolek Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ikuskapenak onartu eta erraztu beharko dituzte. Eskaerak aurkeztearekin batera, astialdiko eskolak foru agindu honetan xedatutakoa eta hortik datozen eginbeharrak betetzera beharturik daude. Ikastaroak amaitzen ez dituzten ikasleen berri eman beharko zaio Nafarroako Gazteriaren Institutuari.

9.3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

10.-Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Emandako diru-laguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena eman eta bi hilabeteko epean, gehienez, justifikatu ondoren.

11.-Baldintzak ez betetzea.

Deialdiko oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko dute eta, beharrezkoa bada, diru-laguntza ordaintzen denetik hori itzuli arte sortutako berandutza korrituak itzuli beharra ere bai, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluaren arabera eskatzen ahal diren beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe.

12.-Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

13.-Aplikatu beharreko legedia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1104412