68. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

68/2011 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena 3. poligonoko 13. lurzatian estazio sismikoa instalatzeko proiekturako Orotz-Beteluko udal mugapean. Sustatzailea Institutu Geografiko Nazionala da.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) idatz-zatian sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektuaren xedea da telefonia mugikorraren bidez transmititzen duen estazio sismikoa instalatzea, lehendik dagoen TBko errepikagailuaren ondoan. Estazioak sentsorea kokatzeko kutxatila izanen du, baita hormigoizko zapata bat (2 x 1,5 x 0,6 metro) ere; azken horren gainean, bateria eta datuak transmititzeko ekipamendua dituen armairua jarriko da. 20 x 20 cm-ko zanga eginen da, 220 VAC-ko elikadurako hodia kokatzeko telebistako errepikagailuaren eta estazio sismikoaren artean. Estazio sismikoak okupatu beharreko azalera 64 m² ingurukoa izanen da, eta hesi zinegetikoak mugatuko du.

Proiektua "Artxuga/Zarikieta mendiak eta Areta mendia" (220000129 BILa) Europar Batasunaren intereseko lekuan dago. Balizko ingurumen ukipenei dagokienez, adierazi behar da sustatzaileak Biskaxunerako egungo bidea erabiliko duela (hori luzatu eta prestatu gabe), estazioak okupatu beharreko azalera txikia dela eta, ustiapen fasean, teknikariak gutxitan ibiliko direla leku horretatik. Horregatik guztiagatik, proiektuak ez diela ingurumen ukipen adierazgarririk eraginen Europar Batasunaren intereseko lekuko balio ekologikoei ondorioztatu da.

Orotz-Beteluko Udalak eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak aldeko txostena eman diote proiektuari, eta ebazpen honetan adierazitako baldintzak ezarri dizkiote.

Espedientean dauden txostenak ikusita, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea 3. poligonoko 13. lurzatian estazio sismikoa instalatzeko proiekturako Orotz-Beteluko udal mugapean. Sustatzailea Institutu Geografiko Nazionala da.

2. Baimenak ingurumen ukipenen azterlanean sartutako neurri zuzentzaileak hartzera behartzen du, baita baldintza hauek betetzera ere:

a) Sartzeko Biskaxunerako egungo bidea erabiliko da. Obrak zorua lehor dagoenean egin beharko dira, sismografoaren ondoko bidea eta larreak ez hondatzeko.

b) Obra amaitu ondoren, ukitutako ingurunea garbituko da. Hondeaketako soberakinak eta obrako materialak kendu, eta hondakindegi baimendu batera eramanen dira (gainera, aukera hori aprobetxatuko da, kokalekuan dauden hesi baten eta hormigoiaren hondakinak kentzeko).

c) Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

d) Instalazioa lurzatiaren mugatik 6 metroko gutxieneko distantzian egon beharko da, Udal Planaren hirigintzako araudiaren 48. artikuluaren arabera.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Obrak hasi baino lehen, ezinbestekoa izanen da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, haiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko diote hilabetean Nafarroako Gobernuari.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Orotz-Beteluko Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko otsailaren 28an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1104336