13. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

595/2010 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Tafallako Romerales zabortegia ingurumenaren aldetik lehengoratzeko proiektuari buruzko Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa ez egitea erabakitzen duena. Sustatzailea Mairagako Mankomunitatea da.

2010eko uztailaren 5ean Ingurumenaren Kalitatearen Zerbitzuan sartu da arestian aipaturiko espedienteari buruzko kontsulta, administrazioaren beste edozein esku-hartze abian jarri baino lehen proiektuak ingurumenean izanen duen eraginaren gaineko ebaluazioa egin behar ote den erabakitzeko, besteak beste, ingurumenaren arloan indarra duten legezko irizpideei jarraikiz.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 59. artikuluan ezartzen denez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak erabaki beharko du 4A eranskineko proiektu batek ingurumenean izanen duen eraginaren ebaluazioa behar duen ala ez, 3C eranskinean dauden ingurumen arloko irizpideak aintzat harturik. Betiere, erabakiaren arrazoiak azaldu beharko ditu. Dekretu hark Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Dokumentazioa aztertu eta aipatu eranskineko irizpideak aplikaturik, ez da beharrezkotzat jotzen espedienteari buruzko Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egitea.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Mairagako Mankomunitateak sustaturik Tafallako Romerales zabortegia ingurumenaren aldetik lehengoratzeko proiektuak ez du Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren beharrik, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen Erregelamendua garatu duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuko 3C eranskineko ingurumen irizpideak aplikatuz.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Baimen Bulegoari, Tafallako Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko urriaren 1ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1020350