124. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

197/2011 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena "Ekoturismoa Oibarren" proiekturako, Oibarko Udalak sustaturik.

2010eko abenduaren 30ean, sustatzaileak ebazpenaren idazpuruan azaldutako espedienteari buruzko Ingurumen ukipenetarako baimena eskatu zuen.

Jarduera honen barrenean, ekoparke bat egin nahi da, eta etxolak zuhaitzetan, eta eskorta bat zaharberritu, bisitarien harrera leku izateko. Artamendiko hariztian egitea proposatzen da, Oibarko 5. poligonoko 638. lurzatian, erkamezti heldu batean, El Monteko bidea eta Corral de los Puercosera joateko bidea banatzen diren bidegurutzean.

Espedientea -bere ezaugarriak direla-eta- abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko E epigrafean sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Sustatzaileak dokumentazio teknikoa aurkeztu du, non proposamena zehatz-mehatz mugatu baitu. Jarduerak eraginen dituen ukipenen azterlan azaleko bat ere aurkeztu du, okupatuko duen oihan masaren gaineko balizko ukipena aztertzen duena bereziki. Instalazioaren kokaguneko zuhaitzen arriskuen ebaluazioa bat ere erantsi da, haien osasunaren eta erabiltzaileen segurtasunaren gainekoa.

Aurkeztutako dokumentazioan egoki azaltzen da jarduera ezarriko den kokaguneko oihan masa. Nafarroako alde horretan landare mota horiei loturiko faunari ukipen nabarmenik ez zaio eraginen, izan ere, eremu horretako zuhaitzak ez dira egokiak espezie adierazgarrien babesleku izateko (kiropteroak, piziformeak, etab.).

Jardueren diseinuan ingurumen ukipenak gutxiagotzeko sartutako murrizketez gainera, beste batzuk ere aipatzen dira, hala nola zuhaitzetako plataformak ainguratzeko torlojuekin lotutako uztaiak erabiltzea, presionatu bai baina enborretan ainguratzen ez direnak, heldulekuetan babesgarriak jartzea, etab., hori guztia plataformak hartzen dituzten zuhaitzen enborrei kalte nabarmenik ez eragiteko. Denboraldi bakoitza bukatutakoan, elementu horiek askatuko dira zuhaitzen itomena saihesteko eta erabilitako erkametzen hazkunde begetatiboa ahalbidetzeko.

Plataformak muntatzeko, ez da aurreikusi belar-sastraken garbiketarik edo kimaketarik egitea, salbu eta haurrendako ibilbideko zuhaitzen azpiko bideetarako behar direnak.

Espedienteari Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostena erantsi zaio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean araututako alderdiei buruzkoa.

Espedientea osorik dago eta nahikoa da, eta bertan dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea "Ekoturismoa Oibarren" proiekturako, Oibarko Udalak sustaturik.

2. Baimen hau dokumentazioan proposatutako zuzenketa neurriak eta lehengoratze neurriak betetzearen mende dago, eta baldintza hauek ere bete beharko dira:

-Aparkalekuak larre bat ukituko du, La Bizkaia sakanetik oso hurbil dagoena. Hortaz, zuinketa egiten denean, aparkalekuaren konfigurazioa aldatuko da. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Ataleko langileek zuinketa hori aztertuko dute, aparkalekua eraiki baino lehen. Gauza bera eginen da harrera-lekuan.

-Aparkalekuaren azkeneko diseinua eta harrera lekuaren eta hesien diseinua aparteko dokumentu batean azaldu behar dira, espedientean sartzeko.

-Hurrengo faseetan "Kubik" gisako gelak instalatu nahi badira, edo El Corral de los Puercos eskorta zerbitzugune gisa egokitu nahi bada, lehenago, bi jarduketa horiek eragingo dituzten ukipenak zehazten dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da, eta dokumentazio horretan eskortaren hornidura eta saneamendua azalduko dira.

-Linea elektriko berria behar baldin bada, ingurumen ukipenetarako aparteko baimena beharko du, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2 C eranskineko I. puntuan adierazitako proiektu bat delako.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazioek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hura jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko ekainaren 1ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1110163