93. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Aldaketa, Etxeko animaliak eduki eta babestea arautzen dituen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2010eko martxoaren 25ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Etxeko animaliak eduki eta babestea arautzen duen udal ordenantzako aldaketa.

Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, jendaurrean egoteko epea ireki zen. Inork alegaziorik aurkeztu ez zuenez, epea bukatu ondoren Zizur Nagusiko Udalak, 2010eko ekainaren 24an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatutako ordenantzako aldaketa hori, eta orain testu osoa ematen da argitara.

Zizur Nagusian, 2010eko uztailaren 1ean.-Alkatea, Pedro Huarte Iribarren.

ETXEKO ANIMALIAK EDUKI ETA BABESTEA ARAUTZEN
DITUEN ORDENANTZAKO ALDAKETARAKO PROPOSAMENA

Behin betiko onetsi zen 2002ko azaroaren 22an eta argitaratu, berriz, 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Horren gaineko aldaketa 2008ko abuztuaren 26an onetsi zen eta argitaratu, berriz, 118. Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Aldaketa onetsi zen 2009ko maiatzaren 28an eta argitaratu, berriz, 85. Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Honako aldaketa honek Etxeko animaliak eduki eta babestea arautzen dituen ordenantzako 35. artikuluan eta I. eranskinean du eragina, eta xedea, berriz, bai zakurrik gabeko eremuak bai zakurrendako eremuak handitzea, hain zuzen ere Zizur Nagusiaren hirigintza alorreko garapenaren ondorioz.

Artikulu bakarra.

Erantsi egin zaizkio 35. artikuluari, ondotik zehazten diren aldaketak:

35. artikulua. Idazketa berria eman zaio.

35. artikulua. 1. Zakurrak Zizur Nagusiko zein eremu publikotan egon eta ibil daitezkeen arautzeko, ondoko guneak bereizi dira:

1. Zakurrik gabeko eremuak:

-Erreniega parkea.

-Talluntxe parkea.

-Zumardien parkea.

-A-25 unitateko parkea.

-ZV4 unitateko parkea.

-Mindegi kaleko bulebarra.

Eremu horietan debeku da zakurrak egotea. Zakurrak ibiltzera utziko da, erabateko kontrola bermatzen duen kate edo uhal sendoaren bidez eramaten badira. Arriskugarri gerta daitezkeenak, berriz, gehienez ere bi metroko kate edo uhal sendoarekin joanen dira lotuak, aipatu parke horiek zeharkatzeko, baina bertako porlanezko bideetan barna soilik Animaliek ezin izanen dute inolaz ere beren eginbehar fisiologikorik egin bertan.

2. Zakurrendako eremuak:

1.-Udalaren katastroko 2. poligonoko 457 eta 1880. lurzatiak, horiek San Kristobal biribilguneak eta Galarko sarbideko errepideak bat egiten duten unean.

2.-Udalaren Katastroko 2. poligonoko 1845. lurzatia, Talluntxe parkean baitago.

3.-Udalaren Katastroko 2. poligonoko 1760. lurzatia, 2.500 metro koadroko eremua dena.

4.-Arrobia kaleko eremu mugatua.

Animaliek eginbehar fisiologikoak egin ditzakete bertan, betiere behar bezalako baldintza higienikoetan. Zakurraren eramailea beharturik egonen da aitzineko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, horretarako propio dauden edukiontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

Animaliak aske ibiltzen ahalko dira.

Arriskugarri gerta daitezkeen animaliek muturrekoa eraman beharko dute beti.

3. Hiriguneko gainerako tokiak (hiribideak, eremu publikoak edo erabilera publikoko eremu pribatuak, higiezinetako sarbideak eta eremu komunak, hala nola, atariak, eskailerak, igogailuak, eskailera-buruak, eta abar.):

Zakurren ibilera baimenduko da betiere erabateko kontrola bermatzen duen kate edo uhal sendo baten bidez lotuak badabiltza. Arriskugarriak gerta daitezkeen zakurrak, berriz, gehienez ere bi metroko kate edo uhalarekin lotuak joan beharko dira.

Animaliek ezin izanen dute inolaz ere beren eginbehar fisiologikorik egin bertan.

4. Udal mugapeko gainerako eremuak:

Zakurrak, ordenantzako VII. tituluko animaliak izan ezik, eta arduradun baten erantzukizunpean, aske egon eta aske ibili ahalko dira. Arduradun horrek berehala lotuko du zakurra edonor hurbiltzerakoan (oinezkoak, kirolariak, zerbitzuetako arduradunak edo beste edonor), arriskuak oro saihesteko.

Animaliek eginbehar fisiologikoak egin ditzakete bertan, betiere behar bezalako baldintza higienikoetan.

2. Agintaritzako agenteek zehatu eginen dituzte aurreko ataletan ezarritakoa betetzen ez dutenak.

Iragarkiaren kodea: L1011628