51. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

2/2010 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, martxoaren 22koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen duena.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak 54. artikuluaren 1. idatz-zatian xedatzen du ezen Hitzarmen Ekonomikoarekin bat, tributu araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu estatuan unean-unean indarra duten arau berdin-berdinak, hots, funtsez eta formaz berdinak, Foru Komunitatean aplikatzera, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak haren esku utzirik, behar diren foru legeen mailako arauak ematen ahalko dituela tributu arloko foru legeak aldatzeko.

Aipatu legegintza eskuordetua erabiliz, Nafarroako Gobernuak onesten dituen xedapen horiei Tributu Harmonizaziorako Legegintzako Foru Dekretuaren izena emanen zaie.

Bestalde, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 32. artikuluak ezartzen du ezen, Balio Erantsiaren gaineko Zerga ordaintzeko orduan, Foru Komunitateak unean-unean estatuko lurraldean indarra duten oinarrizko printzipio, funtsezko arau eta arau formal berak erabiliko dituela. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitorpena egin eta dirua pagatzeko ereduak onesten ahalko ditu, gutxienez ere araubide erkideko lurraldeko datu berak jasoko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzerako pagatzeko epeak finkatzen ahalko ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik sobera bereiziko ez direnak.

Zeharkako zergapetzearen esparruan zenbait zuzentarau desagerrarazten dituen eta, Europar Batasuneko araudira egokitzeko asmoz, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren Legea aldatzen duen martxoaren 1eko 2/2010 Legeak Europar Batasuneko Kontseiluaren zuzentarau batzuen funtsezko edukia gehitu dio barne zuzenbideari, zuzentarau horiek Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legeari eragiten dioten neurrian. Egia esan, 2008an Europar Batasuneko zenbait zuzentarau onetsi dira eta, batera tramitatu direnez Europar Batasuneko erakundeetan, "BEZ paketea" izena jarri zaie. Hona hemen zuzentarau horiek:

1. 2008/8/EEE Zuzentaraua, 2008ko otsailaren 12koa, zerbitzu-emateen kokalekuari dagokionez.

2. 2008/9/EE Zuzentaraua, 2008ko otsailaren 12koa, itzulketarako estatu kidean finkatuta ez dauden arren, beste estatu kide batean finkatuta dauden subjektu pasiboei Balio Erantsiaren gaineko Zerga itzultzeari (2006/112/EE Zuzentarauan aipatua) buruz aplikatzen ahal diren xedapenak ezartzen dizkiena. Leihatila bakarreko sisteman oinarritzen da: eskatzaileek bide elektronikoaren bitartez aurkeztu beharko dituzte jasandako zerga finkatuta dauden estatu kidea ez den beste batean itzultzeko eskaerak.

3. 2008/117/EE Zuzentaraua, 2008ko abenduaren 16koa, Balio Erantsiaren gaineko sistema arruntari buruzkoa, Europar Batasunaren barneko eragiketei lotutako zerga iruzurrari aurre egin nahi diona. Zenbait zerbitzu-emateren sorrarazpena harmonizatzen du eta (349 eredua ukituko duten) Europar Batasunaren barneko eragiketen aitorpen laburtua aurkezteko epeak eta haren edukia aldatzen ditu.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legean egindako aldaketen ondorioz, Foru Komunitateak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen arauak egokitu beharko ditu, araudi horrek araubide erkidean izan dituen aldaketetara. Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da, lehen aipatutako legegintzarako eskuordetza erabiliz, tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu baten bidez Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzeko behar diren arauak ematea, abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 54.1 artikuluarekin bat, Estatuarekin sinatutako Hitzarmen Ekonomikoaren 32. artikuluaren arabera Nafarroako Foru Komunitateak estatuko lurraldean indarra duten arau berdin-berdinak -bai funtsari, bai formari dagokienez- aplikatu behar dituen kasuak egokitzeko.

Zergapeko egintza mugatzeari dagokionez, hipoteka barrutiko likidazio bulegoko likidatzaile titularrak diren aldetik, jabetza erregistratzaileek ematen dituzten zerbitzuak enpresa edo lanbide jarduera bat garatzeko egin direla ulertu behar da. Horrela, araudia Europar Batasunaren Justizia Auzitegiaren jurisprudentziara egokitzen da eta jabetza erregistratzaileen zerbitzu zehatz horien loturari buruz azken urteotan piztu den ika-mika amaitzen da.

Horrez gain, enpresaburuaren edo profesionalaren kontzeptuari dagokionez eta zerbitzu-emateen kokalekuaren arau berrietara egokitzeko asmoz, honako hau ezarri da: Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide arrunta arautzen duen Legearen 69., 70. eta 72. artikuluetan xedatutakoaren ondorioetarako baino ez, enpresaburu edo profesionaltzat joko dira bai, zergari lotuta ez dauden beste jarduera batzuekin batera, enpresa edo lanbide jarduerak egiten dituztenak, bai, enpresaburu edo profesional jarduten ez badute ere, Espainiako Administrazioak emandako IFZ-BEZ esleituta duten pertsona juridikoak, ematen diren zerbitzu guztiei dagokienez.

Bestalde, zergaren sorrarazpenari buruzko zenbait alderdi aldatu dira. Gauzak horrela, hartzailea zergaren subjektu pasibo duten zerbitzu-emate zehatz batzuetan (foru legearen 31.1 artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan aipatzen dira horiek), urte bakoitzeko abenduaren 31n zergaren sorrarazpena eginen da, eragiketa hasten denetik igarotzen den aldiari edo aurreko sorrarazpenetik egun horretara arteko aldiari dagokion proportzioan, jarduera horiek etengabe gauzatzen badira urtebetetik gorako epean eta aldi horretan ordainketa aurreraturik ez badakarte.

Halaber, subjektu pasiboaren kontzeptua ere nolabait aldatu da, zergapeko eragiketak jasotzen dituzten enpresaburuei edo profesionalei dagokienez. Oro har, eragiketak zerga aplikatzen den lurraldean finkatuta ez dauden pertsonek edo entitateek egiten dituztenean eta hartzailea ere lurralde horretan finkatuta ez dagoenean, hartzaile hori ez da zergaren subjektu pasiboa izanen. Hala eta guztiz ere, arau horrek badu salbuespen bat, aldaketa dakarrena: Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide arrunta arautzen duen Legearen 69. artikuluaren Bat idatz-zatiaren 1. zenbakian agertzen diren zerbitzu-emateak izatea. Azken zerbitzu-emate horietan, haien hartzailea zergaren subjektu pasiboa izanen da.

Amaitzeko, sistema berria ezarri da, zerga aplikatzen den lurraldean finkatuta dauden enpresaburuek edo profesionalek Europar Batasunaren barnean baina zerga aplikatzen den lurraldetik kanpo egin diren eragiketek jasandako kuotak itzul dakizkien eskatu ahal izateko. Kuota horien itzulketa nabarmen erraztuko da, itzulketa hori Tributu Administrazioaren Estatu Agentziaren atari elektronikoan horretarako agertzen diren formularioak erabilita eskabidea bide elektronikoaren bitartez aurkeztuz tramitatuko baita. Horri dagokionez, komeni da Kontseiluak 2003ko urriaren 7an Balio Erantsiaren gaineko Zergaren esparruko lankidetza administratiboari buruz eman zuen 1798/2003 (EE) Erregelamenduak estatu kideen artean informazioa trukatzeko eskumena Ekonomia eta Ogasun Ministerioko erakundeei esleitzen diela adieraztea, estatu kidea den aldetik Espainia aipatzeari dagokionez. Horregatik, zerga zuzen aplikatzen dela bermatzeko informazioa bide elektronikoaren bitartez trukatzeko sistema komun horretan (eta, bereziki, Europar Batasunaren barneko transakzioei dagokienez), Nafarroako Foru Ogasunaren eginkizuna erregelamendu horrek adierazitako esparruan bere lankidetza aktiboa ematea da.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek atzerako eragina izanen du, haren ondorioak harmonizatu beharreko araubide erkideko arauen ondorioekin bat etor daitezen.

Horren ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2009ko martxoaren 23an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen agindu hauek aldatu dira, eta ondoren azaldu bezala gelditu dira:

Bat.-c) letra gehitu zaio 4.2 artikuluari.

"c) Hipoteka barrutiko likidazio bulegoko likidatzaile titularrak diren aldetik, jabetza erregistratzaileek ematen dituzten zerbitzuak."

Bi.-4. zenbakia gehitu zaio 5. artikuluari.

"4. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide arrunta arautzen duen Legearen 69., 70. eta 72. artikuluetan xedatutakoaren ondorioetarako baino ez, enpresaburu edo profesionaltzat joko dira honako hauek, ematen diren zerbitzu guztiei dagokienez jardunda:

1. Zergari lotuta ez dauden beste jarduera batzuekin batera, enpresa edo lanbide jarduerak egiten dituztenak, foru lege honen 4. artikuluaren 1. zenbakian xedatutakoaren arabera.

2. Enpresaburu edo profesional jarduten ez duten pertsona juridikoak, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ondorioetarako Espainiako Administrazioak emandako identifikazio zenbakia esleituta badute."

Hiru.-23.4 artikulua.

"4. Eskuratzaileari erosketek sortu duten zergaren itzulketa osoa jasotzeko eskubidea ematen dioten Europar Batasunaren barneko ondasun erosketak, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide arrunta arautzen duen Legearen 119. edo 119.bis artikuluan ezarritakoaren arabera."

Lau.-24.1.2 artikulua.

"2. Zerbitzu-emateetan, zergapeko eragiketak eman, gauzatu edo egiten direnean. Hala ere, foru legearen 31.1 artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritakoaren arabera hartzailea zergaren subjektu pasibo duten zerbitzu-emateetan, urte bakoitzeko abenduaren 31n zergaren sorrarazpena eginen da, eragiketa hasten denetik igarotzen den aldiari edo aurreko sorrarazpenetik egun horretara arteko aldiari dagokion proportzioan, jarduera horiek etengabe gauzatzen badira urtebetetik gorako epean eta aldi horretan ordainketa aurreraturik ez badakarte, zerbitzuak emateari utzi arte.

Aurreko paragrafoetan ezarritakoa izan ezik, materialak ekartzen dituzten obra exekuzioei dagokienez, ondasunak obraren jabearen eskura jartzen diren unean."

Bost.-31. artikulua. Subjektu pasiboak.

"1. Zergaren subjektu pasiboak honako hauek izanen dira:

1. Enpresaburuen edo profesionalen izaera duten eta zergari lotutako ondasun-entregak egin edo zerbitzuak ematen dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, hurrengo idatz-zatietan ezarritakoa izan ezik.

2. Zergari lotutako eragiketak jasotzen dituzten enpresaburuak edo profesionalak, jarraian zehaztu diren kasuetan:

a) Zerga aplikatzen den lurraldean finkatuta ez dauden pertsonek edo entitateek egiten dituztenean eragiketak.

Hala eta guztiz ere, letra honetan xedatutakoa ez da aplikatuko hurrengo kasuetan:

a') Zerbitzu-emateak direnean, hartzailea zerga aplikatzen den lurraldean finkatuta ez dagoela. Salbuespena izanen dira Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide arrunta arautzen duen Legearen 69. artikuluaren Bat idatz-zatiaren 1. zenbakian aipatzen diren zerbitzu-emateak.

b') Aurreko a`) azpiletran aipatutako legearen 68. artikuluaren Hiru eta Bost idatz-zatiek aipatzen dituzten ondasun-entregak direnean.

c') Foru lege honen 18. artikuluaren 1. eta 2. idatz-zatietan edo 22. artikuluan ezarritakoa aplikatuta, zergatik salbuetsita dauden ondasun-entregak direnean.

b) Landu gabeko urrearen edo 325 milareneko legea edo hortik gorakoa duten urrezko produktu erdilanduen entregak direnean.

c) Hurrengo kasuetan:

-Industriako hondakin berrien, galdaketako zaborren eta hondakinen, metal ferrikoek eta ez ferrikoek osatzen dituzten hondarren eta berreskuratu beharreko gainerako materialen, haien aleazioen, zepen, hautsen eta metalak edo haien aleazioak dituzten industriako hondarren entregak.

-Aurreko marratxoan aipatu diren produktuak aukeratzeko, ebakitzeko, zatitzeko eta prentsatzeko eragiketak.

-Paperezko, kartoizko edo beirazko zaborren edo hondakinen entregak.

-Lehenbiziko marratxoan aipatu diren metal ez ferrikoak transformatu, egin edo galdatzetik ondorioztatutako produktu erdilanduen entregak, nikelez osatutako produktuenak izan ezik. Bereziki, produktu erdilandutzat joko dira lingoteak, blokeak, xaflak, barrak, alekak, granailak eta burdin hariak.

Nolanahi ere, foru lege honen eranskinean zehaztu diren materialen entregak aurreko paragrafoetan sartuta daudela ulertuko da.

d) Zerbitzu-emateen xede direnean berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideak, isurien murrizketa ziurtatuak eta isuriak murrizteko unitateak. Horiei buruzkoak dira martxoaren 9ko 1/2005 Legea, Berotegi-efektuko Gasen Igorpen Eskubideen Salerosketa arautzen duena, eta uztailaren 20ko 1031/2007 Errege Dekretua, Kiotoko Protokoloaren Malgutasun Mekanismoetan parte hartzeko Esparrua garatzen duena.

3. Enpresaburu edo profesional jarduten ez badute ere, zerga aplikatzen den lurraldean finkatuta ez dauden enpresaburuek edo profesionalek egiten dituzten eta jarraian adierazi diren zergari lotutako eragiketen hartzaileak diren pertsona juridikoak:

a) Foru lege honen 23.3 artikuluak aipatzen dituen Europar Batasunaren barneko erosketen hurrengo entregak, horiek egiten dituen enpresaburuari edo profesionalari jakinarazten zaionean Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ondorioetarako Espainiako Administrazioak esleitutako identifikazio zenbakia.

b) Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide arrunta arautzen duen Legearen 69. eta 70. artikuluek aipatzen dituzten zerbitzu-emateak.

4. Aurreko zenbakietan xedatutakoari kalterik egin gabe eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide arrunta arautzen duen Legearen 68. artikuluaren Zazpi idatz-zatian xedatutakoaren arabera, enpresaburuak edo profesionalak eta enpresaburu edo profesional jarduten ez duten pertsona juridikoak, zerga aplikatzen den lurraldean egiten diren gas eta elektrizitatearen entregen hartzaileak badira, baldin eta lurralde horretan finkatuta ez dagoen enpresaburu edo profesional batek egiten badu entrega hori, eta enpresaburuari edo profesionalari Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ondorioetarako Espainiako Administrazioak esleitutako identifikazio zenbakia jakinarazten bazaio.

2. Artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, zerga aplikatzen den lurraldean jarduera ekonomikoaren egoitza, helbide fiskala edo establezimendu iraunkorra duten subjektu pasiboak bertan finkatuta daudela ulertuko da, establezimendu hori erabiltzen bada zergari lotutako ondasun-entregak eta zerbitzu-emateak egiteko.

Establezimendu iraunkorra zergari lotutako ondasun-entregak eta zerbitzu-emateak egiteko erabiltzen dela ulertuko da, ekoizpen faktore materialak eta giza arlokoak edo horietako bat antolatzen duenean, entrega edo emate bakoitza egiteko asmoz.

3. Subjektu pasibotzat hartuko dira, halaber, jaraunspen banatugabeak, ondasun komunitateak eta gainerako entitateak, zeinek, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo zerga ezar dakiokeen ondare bereizia osatzen baitute, zergari lotutako eragiketak egiten dituztenean."

Sei.-63.bis artikulu berria gehitu da.

"63.bis artikulua. Zerga aplikatzen den lurraldean finkatuta dauden enpresaburuek edo profesionalek egindako itzulketa eskabideak, Europar Batasunaren barnean egindako eragiketek jasandako kuotei dagozkienak, lurralde horretan egin diren eragiketen kuotei dagozkienak izan ezik.

Zerga aplikatzen den lurraldean finkatuta dauden enpresaburuek edo profesionalek Europar Batasunean egindako ondasunen edo zerbitzuen erosketek edo inportazioek jasandako kuotak itzultzeko eskatuko dute, lurralde horretan egin diren eragiketei dagozkienak izan ezik, Tributu Administrazioaren Estatu Agentziaren atari elektronikoan horretarako agertzen diren formularioak erabilita eskabidea bide elektronikoaren bitartez aurkeztuz.

Artikulu honek aipatu duen eskabidea hartzeko eta tramitatzeko, erregelamenduz ezartzen den prozedurari jarraituko zaio."

Zazpi.-108.bis artikuluaren 1. eta 2. zenbakiak.

"1. Nafarroan finkatuta ez dauden enpresaburuak eta profesionalak kapitulu honetan aurreikusitako araubide bereziari atxikitzen ahalko zaizkio, zerbitzu elektronikoak eskaintzen badizkiete enpresaburu edo profesionalen izaera ez duten eta Nafarroan finkatuta dauden edo ohiko helbide edo bizilekua Nafarroan duten pertsonei.

Araubide berezia honako zerbitzu-emate hauei aplikatuko zaie: Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide arrunta arautzen duen Legearen 70. artikuluaren Bat idatz-zatiaren 4. zenbakian xedatutakoaren arabera edo lege horren pareko diren Europar Batasuneko beste herrialde batzuetako legeen arabera, Europar Batasunaren barnean egindakotzat hartu behar diren zerbitzu-emateak.

2. Kapitulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, honako definizio hauek hartu behar dira kontuan:

a) "Europar Batasunean finkatuta ez dagoen enpresaburu edo profesionala": jarduera ekonomikoaren egoitza Europar Batasunaren barnean ez duten enpresaburu edo profesionalak, Europar Batasunaren lurraldearen barnean establezimendu iraunkor bat ez dutenak eta, halaber, foru lege honen 109.1.2 artikuluan eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide arrunta arautzen duen Legearen 164.Bat.2 artikuluan xedatutakoaren arabera edo lege horren pareko diren Europar Batasuneko beste herrialde batzuetako legeen arabera, edo beste edozein arrazoi batengatik, Europar Batasunean identifikatua egon beharrik ez dutenak.

b) "Zerbitzu elektronikoak" edo "bide elektronikoz emandako zerbitzuak": Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide arrunta arautzen duen Legearen 69. artikuluaren Hiru idatz-zatiaren 4. zenbakian adierazitako zerbitzuak.

c) "Identifikaziorako estatu kidea": artikulu honetan xedatutakoari jarraikiz, Europar Batasunean finkatuta ez dagoen enpresaburuak edo profesionalak jarduera hastearen deklarazioa aurkezteko aukeratzen duen Europar Batasuneko lurraldearen barneko estatu kidea.

d) "Kontsumorako estatu kidea": Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide arrunta arautzen duen Legearen 70. artikuluaren Bat idatz-zatiaren 4. zenbakian xedatutakoaren arabera, edo lege horren pareko diren Europar Batasuneko beste herrialde batzuetako legeen arabera, zerbitzu elektronikoen zerbitzu-ematea egiten deneko estatu kidea.

e) "Bide elektronikoz emandako zerbitzuei aplikatu beharreko araubide bereziaren aldizkako aitorpen-likidazioa": estatu kide bakoitzari dagokion zerga zatia finkatzeko beharrezkoa den informazioa biltzen duen aitorpen-likidazioa."

Zortzi.-108.ter artikuluaren 2. zenbakia.

"2. Europar Batasunean finkatuta ez dagoen enpresaburuak edo profesionalak araubide berezian hasteko aitorpena Espainiaz kanpoko beste estatu kide batean aurkeztea aukeratu baldin badu, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide arrunta arautzen duen Legearen 70. artikuluaren Bat idatz-zatiaren 4. zenbakian xedatutakoaren arabera, zerga aplikatzen den lurraldearen barnean egindakotzat hartu behar diren eragiketei dagokienez, aurreko zenbakian aipatu aitorpena identifikaziorako estatu kidean aurkeztuz egin behar da eragiketa horiei dagokien zergaren ordainketa.

Gainera, Europar Batasunean finkatuta ez dagoen enpresaburuak edo profesionalak aurreko 1. zenbakian aipatu beharkizunak identifikaziorako estatu kidean bete beharko ditu, zehazki, zenbaki horren d) letran adierazitakoak. Orobat, enpresaburuak edo profesionalak faktura edo horren ordezko agiria luzatu eta eman beharko du, eragiketen hartzailea zerga aplikatzen den lurraldean finkatuta baldin badago edo ohiko helbide edo bizilekua bertan baldin badu."

Bederatzi.-108.quáter artikulua.

"108.quáter artikulua. Jasandako kuoten kenkaria egiteko eskubidea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide komuna arautzen duen Legearen 119. artikuluaren Bi idatz-zatiaren 2. zenbakian xedatutakoari kalterik egin gabe, Europar Batasunean finkatuta ez dauden eta araubide berezia aukeratzen duten profesionalek eta enpresaburuek zerga aplikatzen den lurraldean egindakotzat hartu beharreko ondasun eta zerbitzuak erosi edo inportatzeko orduan jasandako kuotak, Balio Erantsiaren gaineko Zergarenak, alegia, itzultzeko eskubidea izanen dute; betiere, ondasun eta zerbitzu horiek foru lege honen 108.bis artikuluaren 2. idatz-zatiaren b) letran aipatu zerbitzu-emateak egiteko erabiltzen badira. Eskubide hori baliatzeko prozedura Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide arrunta arautzen duen Legearen 119.bis artikuluan ezarritakoa izanen da.

Horren ondorioetarako, ez da eskatuko zerga aplikatzen den lurraldean finkatuta dauden enpresaburu edo profesionalen aldeko tratu-elkarrekikotasuna aitortua izatea.

Artikulu honetan ezarritakoari lotzen zaizkion enpresaburu edo profesionalek ez dute zerga administrazioarekiko harremanetarako ordezkaririk aurkeztu beharrik."

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2010eko martxoaren 22an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1005449