119. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

157/2009 FORU AGINDUA, irailaren 18koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, irailaren 19ko 172/2000 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, zerga bereziei eta aseguru primen gaineko zergari dagozkien aitorpen ereduak onetsi ziren, pezetatan eta eurotan, eta haiek kudeatzeko arauak ezarri.

Irailaren 19ko 172/2000 Foru Aginduak zerga bereziei eta aseguru primen gaineko zergari dagozkien aitorpen ereduak onetsi zituen, eta haiek aurkezteko epeak finkatu. Gero, abuztuaren 5eko 168/2008 Foru Aginduaren bidez aitorpenak aurkezteko epe batzuk aldatu ziren, besteak beste, alkoholaren eta edari alkoholdunen gaineko zergen hiruhileko aitorpen-likidazioak aurkeztekoak.

Orain, gaur egungo egoera ekonomikoa ikusita, eta subjektu pasiboei zerga betebeharrak betetzeko lanak errazteko, egokitzat jotzen da alkoholaren eta edari alkoholdunen gaineko zergen hiruhileko aitorpen-likidazioak aurkezteko epea aldatzea. Aldaketa horren ondorioak 2009. urteko hirugarren hiruhileko aitorpen-likidazioen aurkezpenekin hasiko dira.

Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legearen 18.3 artikuluak dioenez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak erabakiko ditu subjektu pasiboek tributu zorra zehaztu eta ordaintzeko tokia, modua, epeak eta inprimakiak.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Irailaren 19ko 172/2000 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez, zerga bereziei eta aseguru primen gaineko zergari dagozkien aitorpen ereduak, pezetatan eta eurotan, onetsi ziren eta haiek kudeatzeko arauak ezarri.

Zerga bereziei eta aseguru primen gaineko zergari dagozkien aitorpen ereduak, pezetatan eta eurotan, onesten eta haiek kudeatzeko arauak ezartzen dituen irailaren 19ko 172/2000 Foru Aginduaren laugarren idatz-zatiko bat zenbakiaren testua hauxe izanen da:

"Bat. Fabrikazioaren gaineko zerga bereziak.

1. Zerga hauen subjektu pasiboak behartuta daude likidazioaldi bakoitzean sorrarazitako kuotak jasotzen dituen likidazio-aitorpena aurkeztera Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta, aldi berean, kuota likidoak Nafarroako Ogasun Publikoarekin lankidetzan aritzen den edozein finantza-entitatetan ordaintzera.

2. Hilabete naturala izanen da likidazioaldia. Dena dela, balio erantsiaren gaineko zerga dela-eta likidazio-aitorpena hiru hilean behin aurkeztu behar duten subjektu pasiboentzat, epe hori hiruhileko naturala izanen da, hidrokarburoen eta tabakogaien gaineko zergak ordaindu behar dituztenentzat izan ezik, zeinentzat hilabete naturala izanen baita.

3. Foru agindu honetan kasu bakoitzerako zehaztutako ereduaren araberakoa izanen da likidazio-aitorpena eta, noiz bukatzen den likidazioaldia, ondoko lehen hogei egun naturaleko epean aurkeztuko da, alkoholaren eta edari alkoholdunen gaineko zergei dagozkienak izan ezik; horiek, likidazioa hiru hilean behinekoa bada, likidazioaldiaren ondoko bigarren hilabeteko lehen hogei egun naturalean aurkeztuko dira; berriz, likidazioaldia hilabetekoa bada, haren ondoko hirugarren hilaren lehen hogei egun naturalean."

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta eragina izanen du argitaratzen denean bukatu gabe dauden likidazioaldietan.

Iruñean, 2009ko irailaren 18an.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0922777