100. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

250/2009 FORU AGINDUA, ekainaren 25ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, zenbait eskumenen erabilera Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen esku uzten duena.

Kirol instalazio eta ekipamenduen oinarrizko betebeharrak eta segurtasun neurriak arautzen dituen apirilaren 20ko 38/2009 Foru Dekretuak, III. kapituluan, Nafarroako Kirol Instalazioen eta Ekipamenduen Segurtasunerako Batzordeaz dihardu eta 2. puntuan bertako kideak zehazten ditu eta a) atalean xedatzen du Nafarroako Foru Komunitatean kirol arloan eskumena duen departamentuko titularra izanen dela bertako burua.

Batzorde horren funtzionamenduari arintasun handiagoa ematearren, jarduerak eta lortzen diren emaitzak eragingarriagoak eta eraginkorrak izan daitezen, bidezkoa da eskumen horien erabilera Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen esku uztea.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 41.2 artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 36. artikuluak xedatzen dutenez, kontseilarien berezko eskumenak maila bereko edo beheragoko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste organo batzuen esku uzten ahalko dira, organo horiek mendetasun-lotura hierarkikorik ez izan arren, salbu eta kontrakoa agintzen duen xedapenik bada. Halaber, ezartzen dute zeintzuk diren delegatzerik ez duten arloak, bai eta ordezkatze horren araubide juridikoa ere.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 40. artikuluak xedatzen du kontseilariek beren mendeko administrazio organoen titularrei delegatzen ahal dietela ebazpen eta egintza administratiboen sinadura.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Kirol Instalazioen eta Ekipamenduen Segurtasunerako Batzordeko buruaren eskumenen erabilera Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen esku uztea. Eskumen horiek Kirol instalazio eta ekipamenduen oinarrizko betebeharrak eta segurtasun neurriak arautzen dituen apirilaren 20ko 38/2009 Foru Dekretuaren bidez esleitu zitzaizkion.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Nafarroako Kirolaren Institutuari eta bertako Idazkaritza Nagusiaren eta Kirol arloko Kide Anitzeko Organoen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2009ko ekainaren 25ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F0918839