100. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1457/2009 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena Plan Bateratu honen alde: "Zizur Txikiko Arau Subsidiarioak eta Zizur Nagusiko Udal Plan Orokorra Aldatzea". Sustatzailea Zizurko Udala da.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, udal plan orokorren aldaketek, lurzoru urbanizaezina ukitzen dutenean, Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, aldaketak onestearekin batera edo lehenago.

2008ko ekainaren 24an aurkeztu zen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan "Zizur Txikiko Arau Subsidiarioak eta Zizur Nagusiko Udal Plan Orokorra aldatzeko Plan Bateratua" izeneko espedientea, eta berari buruz ematen da Ingurumen ondorioen adierazpen hau.

Zizurko Udalak 2008ko 83. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 7koan, argitaratutako iragarkiaren bidez, jendaurrean jarri zen Ingurumen ondorioen azterlana jasotzen zuen espedientea. Jendaurrean egondako epean ez da ingurumen arloko alderdien gainean inolako alegaziorik jaso.

2008ko irailaren 5ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Ingurumen ondorioen azterlana ikusirik, paisaiaren integrazioari buruzko agiri gehiago eta azaleko drainatze sarearen inguruko arazoen azterketa zehatza eskatu zituen.

Aldaketaren eremuak muga hauek ditu: mendebaldean Zizur Nagusiko udalerriko egungo muga, iparraldean eta ekialdean Zizur Txikiko herrigunea, eta hego-ekialdean Done Jakue bidea. Bi eranskin ditu: Done Jakue bidearen luzapena Zizur urbanizazioaren hego muturrean, eta Galarko bidearen ondoko lur zerrenda. Aldaketaren eremuak guztira 199.945,64 m² ditu, horietatik 192.825,91 m² Zizurko mugapean eta 7.119,73 m² Zizur Nagusiko mugapean. Aldaketaren eremuko lurrek behera egiten dute leunki hegoalderantz, gorabehera orografiko nabarmenik gabe, eta lehorreko laborantza lurrak dira. Aldaketaren helburua lurzoruaren sailkapena aldatzea da, "Berariazko ukipenak dituen lurzoru urbanizaezina - Populazioguneen inguruak" sailetik "Bizitegitarako lurzoru urbanizagarria" sailera.

Ingurumen ondorioen azterlanean aztertu da nolako lotura duen aldaketak planeamendu indardunarekin eta bat ote datorren Zizur Zendeako Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduarekin. Azterlan horrek eremuko ingurumenaren azterketa eta balorazio laburra, eraginen identifikazioa eta balorazioa eta aurreneurrien proposamena dakartza. Interes kulturaleko elementu nagusia Done Jakue bidea da. Urbanizatu beharreko eremuaren ertzetik doa.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aldeko txostena eman du. Bertan aztertu du nola bete den Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura eta plan partzialean sartzearen alde agertu da, zenbait baldintza betez gero.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Plan Bateratu honen alde: "Zizur Txikiko Arau Subsidiarioak eta Zizur Nagusiko Udal Plan Orokorra Aldatzea". Sustatzailea Zizurko Udala da.

2. Plan Partzialean honako hauek gehitu beharko dira, Ingurumen ondorioen adierazpen honetarako baldintza gisa:

-Azaleko drainatze sarearen funtzionamenduaren azterketa zehatza, haren abiapuntutik hasi eta Galarko bideari eta Done Jakue bideari lotutako draineraino, eta konponbide teknikoen proposamenak, larrialdietan euri uraren bilketaren eraginkortasuna eta sistemaren funtzionamendua bermatuko dituztenak.

-Konponbide zehatzen proposamena, lur mugimenduak konpentsatzeko eta urbanizatuko diren lurrak paisaian egokitzeko.

-Ura jasoko duten drainatze sareetan zuzenketa neurriak aplikatuko dira. Hala, ubideek ezponda etzanak izanen dituzte (2H:1V), 5 metroko babes zerrenda izanen dute ezker aldean (ezpondaren goialdetik neurtuta) eta zerrenda horietan belarrak erein eta ur bazterreko zuhaitz eta zuhaixkak landatuko dira. Drainatu ondoren isurtzen den uraren kalitatea hobetzeko zuzenketa neurriak jarri behar dira (adibidez, solidoen eta ur gaineko materialen bereizleak).

-Urbanizatu beharreko eremu berrietan, Argiteria Gaueko Ingurumena Babestearren Antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legean eta hura garatzen duen erregelamenduan (irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretua) xedatutakoa bete beharko du argiteriak.

-Kontuan hartuko da Plangintza eta Laguntza Atalak 2009ko apirilaren 27an emandako txostenak dioena.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 34. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Zizurko eta Zizur Nagusiko udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko ekainaren 25ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F0918827