100. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1240/2009 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Ingurumenaren zuzendari nagusiak emana; honen bidez baimena ematen da genetikoki eraldatutako artoarekin zenbait saiakuntza egiteko (erreferentziak: B/ES/09/03, B/ES/09/10, B/ES/09/11). Sustatzailea Monsanto Agricultura España, S.L. da eta helburua artoaren garapenean eta haren ezaugarri agronomikoen ezagutzan aurrera egitea da.

Monsanto Agricultura España, S.L.k baimena eskatu dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari genetikoki eraldatutako arto barietate batzuekin saiakuntzak egiteko, helburua ondoko egitekoetan aurreratzea dela: arto lerro garbiak zehaztea, hautatzea eta ugaltzea, eta eraldaketa genetiko desberdinak dituzten hibridoak lortzea. Horren guztiaren helburua ez da artoa berehala merkaturatzea.

Jarduerak jendaurrean azaldu dira hogeita hamar egunez, Ingurumenaren zuzendari nagusiak otsailaren 18an emandako 380/2009 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es).

Ingurumen baimena behar duten jarduerak direnez, bidezkoa da hura tramitatzea, honako hauei jarraikiz: Genetikoki aldatutako organismoen erabilera konfinatuaren, borondatezko askatzearen eta merkaturatzearen araubide juridikoa ezarri duen apirilaren 25eko 9/2003 Legearen 4. artikuluko 1. idatz-zatia, eta Genetikoki aldatutako organismoen erabilera konfinatuarekin eta borondatezko askatzearekin zerikusia duten eginkizunak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ematen dizkion ekainaren 22ko 204/1998 Foru Dekretua.

Eskaera eta hari erantsitako agiriak aztertu dira, aipatu xedapenetan eskatzen diren tramiteak bete dira eta Biosegurtasunerako Foru Batzordearen eta Biosegurtasunerako Batzorde Nazionalaren txostenak jaso dira, eta haien arabera egungo ezagutzak eta erabilerarako proposaturiko neurriak kontuan hartuta saiakuntzek ez dute arrisku handirik sortzen gizakien osasunerako ez ingurumenerako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak eta azken xedapenetan lehenak emandako eskudantziak erabiliz, hauxe

EBATZI DUT:

1. Baimena ematea, ingurumen ondorio hutsetarako, genetikoki eraldatutako artoarekin zenbait saiakuntza egiteko (erreferentziak: B/ES/09/03, B/ES/09/10, B/ES/09/11), merkaturatzeaz besteko helburuetarako. Sustatzailea Monsanto Agricultura España, S.L. da. Baldintza hauek ezarri dira baimena emateko:

-Saiakuntzak egin baino lehen, enpresak Nafarroako Foru Komunitateko agintaritza eskudunari eta Komunitateko Nekazaritza Zerbitzuari landa-saiakuntzak eginen diren lurzatiaren katastroko identifikazio zehatza helaraziko zaie, bai eta datu hauek ere: biosegurtasunerako arriskutsuak izan daitezkeen jarduerak noiz eginen diren, noiz ereinen den alorra, noiz bilduko den artoa eta noiz ezabatuko diren hondarrak.

-Gutxienez 200 metroko distantzia egon behar da eraldatutako artoaren eta ohiko artoa nahiz arto ekologikoa landatuta dauden alorren artean, gurutzaketarik gerta ez dadin, eta saiakuntza egiten den lurzatiaren inguruan gutxienez eraldatu gabeko 4 lerro landatu behar dira, saiakuntzako artoaren polena bakartuta atxikitzeko.

-Eraldatutako landareen hondarrak enpresak proposatu duen bezala tratatuko dira; azterketetan erabiltzen ez diren landare hondarrak makina bidez birrinduko dira eta gero lurperatu eginen dira.

-Halaber, enpresak saiakuntza amaitu ondoren aldea kontrolatzeko proposatutako neurriak aplikatu behar dira; urtebetez kimurik ernetzen den begiztatuko da eta ezin erein izanen da merkataritzako artorik. Saiakuntzan, artoa ereiteko eta biltzeko erabiltzen diren makina guztiak arreta handiarekin garbitu behar dira.

-Saiakuntzaren sustatzaileak bisitak eginen ditu aldian-aldian lanak zertan diren eta ebazpen honetan ezarritako guztia betetzen denez kontrolatzeko.

-Gainera, eraldatutako artoak saiakuntzaren xede ez diren beste organismo batzuetan eta, oro har, biodibertsitatean eragin kaltegarririk daukan aztertuko da, etorkizunean merkataritzako eskalan landatu daitekeen ebazteko.

-Saiakuntzaren helburua zein den kontuan hartuta, kontu handiarekin jardun behar da eraldatutako artoa barreiatu ez dadin eta gizakien edo animalien kontsumora hel ez dadin. Artaburuak hiru saretan bildu eta kartoizko kutxetan sartuko dira. Kutxak zigilatu eginen dira eta ongi identifikatzeko behar bezala etiketatuko. Artoa proposatutako destinora garraiatzen denean, enpresa sustatzailearen langileak zaintzan ariko dira. Agiri batean ondoko datuak agertu behar dira bildutako laginei buruz:

-Materialaren identifikazio zehatza: "genetikoki eraldatutako artoa" esaldia, eraldatutako organismoaren deskripzio laburra eta berariazko identifikatzailea, edukiz gero.

-Materiala sortu den zentroaren izena, helbidea eta arduraduna.

-Bidaltzailearen izena eta helbidea.

-Jasotzailearen izena eta helbidea.

-Nora jo daitekeen informazio gehiago eskuratzeko; larrialdietan (esaterako, ezbehar batean genetikoki eraldatutako haziak edo beste landare materialen bat barreiatzea) aplikatu beharreko neurriei buruzko informazioa daukan pertsona edo erakundea zehaztu behar da.

-Ezbeharra gertatuz gero, sustatzaileak horren berri emanen dio berehala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, ekainaren 20eko 178/2004 Errege Dekretuan ezarritako moduan eta eskatutako informazioa erantsita.

-Landa saiakuntzak amaitutakoan emaitzen txostena (gaztelaniaz eta ingelesez) bidaliko zaie Nafarroako Gobernuko Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari eta Biosegurtasunerako Batzorde Nazionalari; txostena 9/2003 Legea garatu zuen urtarrilaren 30eko 178/2004 Erregelamenduaren XI. eranskineko ereduari lotuta egin behar da, gaztelaniaz eta ingelesez.

-Aurreko idatz-zatian eskatzen den informazioa bidaltzea ezinbestekoa izanen da hurrengo ekitaldietan genetikoki eraldatutako organismoekin saiakuntzak egiteko baimena lortzeko.

2. Honako baimen honetaz gain baliteke beste baimen batzuk ere eskatu behar izatea, aplikatu beharreko berariazko legeriaren arabera.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Ebazpen hau Biosegurtasunerako Batzorde Nazionaleko buruari, Biosegurtasunerako Foru Batzordeko kideei eta jardueraren sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko ekainaren 1ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F0917209