65. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

864/2008 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Zarrakazteluko udal mugapeko zerri-ustiategi baterako (gizendegia). Jardueraren titularra Alpecor da.

Eginda dagoen instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 9.3.b) epigrafean jasota dago, "Hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, 30 kg-tik gorako gizentzeko zerrientzat 2.000 toki baino gehiago dituztenak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Halaber, instalazio hori Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2B eranskineko 9.1 c) epigrafean dago jasota, "Hegaztien edo behi nahiz zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, 30 kg-tik gorako hazteko zerrientzat 2.000 toki baino gehiago dituztenak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Espedientea Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean adierazitakoari jarraikiz tramitatu da, bertan agindutako txostenak prestaturik.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen IV. eranskinean dago.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Zarrakazteluko 19. poligonoko 785 eta 3114. lurzatietan zerriak gizentzeko abeltzaintza ustiategi baterako. Jardueraren titularra Alpecor da.

2. Jarduera ingurumen arloko baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 1051/06 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea eta betiere foru agindu honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

3. Ingurumen arloko baimen honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

4. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

5. Nafarroako Hondakin Toxiko eta Arriskugarrien Sortzaile Txikien Erregistroan ematen zaio izena, urriaren 13ko 312/2008 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. PP/1928/NA/2007 zenbakia izanen du. Hondakin arriskugarriak sortzen dituen jarduera A102 (3) da, zerri ustiategia, hondakin toxiko eta arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduko I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Sortzen ahal dituen hondakin arriskugarriak Ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskugarrien sorreran egiten ahal diren aldaketak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu III. eranskin horretan sartzeko.

6. 2008ko ekainaren 30a baino lehen, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

7. Departamentuak araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan haiei buruz espresuki egindako adierazpenik badago.

8. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

9. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazioek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

10. Ebazpen hau jakinaraztea Alpecorri, Zarrakazteluko Udalari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 30ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairua, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0807071