41. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

30/2008 FORU AGINDUA, otsailaren 25ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak emana, Nafarroako Ondare Historikoan sartuak diren ondasun higigarriak zaindu, zaharberritu eta babesteko diru-laguntzen 2008ko deialdia eta arauak onesten dituena.

Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskatu du Nafarroako Ondare Historikoan sartuak diren ondasun higigarriak zaindu, zaharberritu eta babesteko diru-laguntzen 2008ko deialdiko arauak onestea, haien kontzesiorako 100.000,00 euroko gastua baimentzea eta arauak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Horrek guztiak Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraitzen dio, izan ere, 1. artikuluan xedatzen da foru lege horren xedea dela Nafarroako kultur ondarea babestu eta zaintzea. Halaber, Nafarroako Kultur Ondareko ondasun higigarriak zaindu beharra arautu eta haietan esku hartzeko irizpideak ezartzen dira.

Horrenbestez, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuaren 2.a) artikuluak eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Ondare Historikoan sartuak diren ondasun higigarriak zaindu, zaharberritu eta babesteko diru-laguntzen 2008ko deialdiko arauak onestea. Eranskin gisa ageri dira.

2. 100.000,00 euroko gastua baimentzea 2008ko gastuen aurrekontuko "Jabetza pribatuko ondare higigarria zaharberritzeko" izeneko A20001 A2130 7800 337100 kontusailaren kontura.

3. Foru agindu hau eta deialdiko arauak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko idazkaritza tekniko nagusiari, Ogasun Departamentuak departamentu horretan duen kontu-hartzaile delegatuari eta Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea aginduaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean; administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, argitaratu eta bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan.

Iruñean, 2008ko otsailaren 25ean.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

ERANSKINA

Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak, Nafarroako Ondare Historikoan sartuak diren ondasun higigarriak zaindu, zaharberritu eta babesteko asmoz, diru-laguntzen deialdia egin du, guztira 100.000,00 euroko kontsignazioa duena. Honako hauek dira arauak:

ARAUAK

1.-Diru-laguntzaren xedea.

Deialdiaren xedea da 2008an diru-laguntzak ematea, Nafarroako Ondare Historikoan sartuak diren ondasun higigarriak zaindu, zaharberritu eta babesteko. Salbuetsirik daude museoetako eta bilduma museografiko iraunkorretako ondasunak, Nafarroako museoak eta bilduma museografikoak osatzen dituzten ondasunak zaindu eta zaharberritzeko berariazko deialdian parte hartzen ahal dute eta.

Salbuespen gisa, hasi eta oraindik egiten ari diren jarduketek ere diru-laguntza jasotzen ahalko dute.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 1. artikuluan xedatzen da foru lege horren xedea dela Nafarroako kultur ondarea babestu eta zaintzea. Halaber, Nafarroako Kultur Ondareko ondasun higigarriak zaindu beharra arautu eta haietan esku hartzeko irizpideak ezartzen dira.

Foru lege horren zioen azalpenean adierazi moduan, "Nafarroako kultur ondarea berebiziko balioa duen ondasuna da, Nafarroako herriaren sustraietan dagoen ondasun bat, hurrengo belaunaldiei ahalik eta hobekien uztea merezi duena".

2.-Zenbatekoa.

2.1. Diru-laguntzetarako 100.000,00 euroko gehieneko gastua baimentzen da, 2008ko gastuen aurrekontuko "Jabetza pribatuko ondare higigarria zaharberritzeko" izeneko A20001 A2130 7800 337100 kontusailaren kontura.

2.2. Arau hauen 5. atalean ezarritako irizpideei jarraikiz, diru-laguntza emateko eskumena duen organoak zehaztuko du, kasu bakoitzean, laguntzen zenbatekoa. Edonola ere, ez da inoiz izanen onartutako aurrekontuaren ehuneko 70 baino handiagoa.

3.-Onuradunek bete beharreko baldintzak.

3.1. Diru-laguntzak eskatzen ahalko dituzte Nafarroako Ondare Historikoan sartuak diren ondasun higigarrien jabeek, edukitzaileek edo haien gaineko edozein eskubideren titularrek. Pertsona juridikoak direnean, eskaera aurkezten den egunean legez eratutako entitate beharko dute izan.

3.2. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman kasu hautakoren batean sarturik dauden pertsona edo entitateei:

a) Epai irmo baten bidez kondenatua izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera.

b) Lehiaketa baten deklarazioa eskatua izatea, ezein prozeduratan kaudimengabea deklaratua izatea, lehiaketa baten partaide gisa deklaratua izatea, kontu-hartze judizialaren menpe egotea eta, Lehiaketei buruzko Legearen arabera, lehiaketa kalifikatzen duen epaian finkatutako ezgaitasun aldian egoteagatik ezgaitua egotea.

c) Administrazioarekin sinatutako edozein kontratu bukatutzat emana edukitzea, erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza daukatenak indarra duen arautegian ezartzen diren bateraezintasun kasuetariko batean egotea.

e) Zerga guztiak, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekikoak edo haren erakunde autonomoekikoak kitatuak ez izatea.

f) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez edukitzea.

g) Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean edo zergei buruzko lege orokorretan agindutakoaren arabera diru-laguntzak lortzeko gaitasunaz gabeturik egotea. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluko 3. idatz-zatian aipatutako elkarteak ezin izanen dira onuradun izan haien kideetako edozeinek aurreko debekuetakoren bat badu.

h) Elkarteen kasuan, Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. idatz-zatietan aurreikusitako debeku arrazoietakoren batean ez egotea. Erregistroan inskribatzeko administrazio prozeduran etenik daukaten elkarteak ere ezin izanen dira onuraduntzat edo entitate laguntzailetzat jo, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertu eta aipatutako lege organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatu zaielako, erregistroan inskribatzea ahalbidetzen dien ebazpen judizial irmoa ematen ez den bitartean.

4.-Eskaerak aurkeztea.

4.1. Laguntza eskaerak, arau hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan aurkeztuko dira, Iruñeko Navarrería kaleko 39an (31001 posta kodea, 848424649 telefonoa) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

Eskaera Vianako Printzea Erakundea-Hezkuntza eta Turismo Departamentuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuari zuzenduko zaio, honako hau adierazita: "Nafarroako Ondare Historikoan sartuak diren ondasun higigarriak zaindu, zaharberritu eta babesteko 2008ko diru-laguntzen deialdia". Argi eta garbi adieraziko dira eskatzailea identifikatzen duten datu guztiak, IFZ barne.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.3. Eskaerekin batera agiri hauek joanen dira:

a) Eskatzailearen NANaren fotokopia konpultsatua eta noren edo zeren izenean parte hartzen duen egiaztatzen duten agiriak. Legearen arabera eratutako entitateek beren estatutuak aurkeztu beharko dituzte, bai eta dagokion erregistroan inskribatua egotearen agiria ere, baldin eta inskripzioa derrigorrezkoa bada.

b) Ondasunaren titulartasuna frogatzen duen agiria. Jabearen erantzukizunpeko adierazpen batek ordezten ahalko du aurrekoa, betiere baldintza horiek betetzen dituela frogatzen badu. Eskatutako diru-laguntza emanez gero, laguntza onartzeko epean, ondasunaren titulartasuna frogatzen duen agiri konpultsatua aurkeztuko da.

c) Laguntzaren xedeko esku-hartzeari buruzko memoria. Gutxienez honako datu hauek izanen ditu: ondasunaren eta haren kontserbazio egoeraren deskribapena, esku-hartze proiektua, esku hartzeko irizpideak, parte hartuko duten langileak, aurrekontua eta egiteko epeak.

d) Txostena, ahalik eta zabalena, laguntza horren beharra azalduz, eta eskatzaileak eskaera arrazoitzeko beharrezkotzat jotzen dituen datu guztiekin, ondasuna dagoen eraikinaren ezaugarriak eta egoera barne.

e) Laguntzaren xede izanen den esku-hartzearen finantzazio plana. Espresuki adieraziko dira jasotzen diren bestelako laguntzak edo diru-laguntzak.

4.4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluari jarraikiz, eskatzaileak uste badu eskatzen zaizkion agirietakoren bat lehendik Foru Administrazioak baduela, horixe bera adieraz dezake bere eskaeran.

4.5. Diru-laguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, eskatzaileari akats edo hutsunea zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio hori jakinarazi eta ondoko egunetik hasita.

4.6. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriko 3. idatz-zatian aurreikusitakoaren ondorioetarako, eskaera aurkezteak berarekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioaren Estatuko Agentzian, Nafarroako Ogasun Publikoan eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzan tributu arloko betebeharrak eguneratuak izatearen ziurtagiriak eska ditzan.

5.-Laguntzak emateko irizpideak.

5.1. Aurkezten diren eskaeren balorazioa, gehienez ere, 90 puntu izanen da, eta laguntzaren zenbatekoa zehazteko, 1. eta 2. ataletan ezarritakoaren arabera, balorazio batzordeak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

5.1.1. Ondasunaren balio historiko artistikoa: gehienez 20 puntu.

a) Interes kulturaleko ondasuna: gehienez 20 puntu.

b) Ondasun inbentariatua: gehienez 15 puntu.

c) Garrantzi bereziko ondasuna: gehienez 13 puntu.

5.1.2. Kontserbazio egoera: gehienez 40 puntu.

a) Ez da txarra (zikina): gehienez 10 puntu.

b) Hala-holakoa (berriro pintatzea, xilofagoen erasoen kontrako tratam., etab.): gehienez 20 puntu.

c) Txarra (lehenbailehen zaharberritu behar da): gehienez 40 puntu.

5.1.3. Esku-hartzearen gaineko memoria, erabili beharreko metodologia, ekipoa, antolakuntza eta lana egiteko aurreikusitako epeak: gehienez 20 puntu.

a) Lan metodologia eta tratamenduen justifikazioa: gehienez 8 puntu.

b) Lanaren antolaketa: gehienez 6 puntu.

c) Lan taldea: gehienez 6 puntu.

5.1.4. Bestelako inguruabar berezi batzuk (bisiten xedea den ondasuna, ondasuna Nafarroako administrazio publikoek antolatutako erakusketa batera eramatea, ondasuna ibilbide turistiko batean sartzea, oroimenezko ekitaldi bat egitea, aparteko finantzazioa lortzea eta abar): gehienez 10 puntu.

5.2. Batzordeak, erabakiak hobeki hartu ahal izateko, argibide gehiago eska dezake, baita eskatzailea bera agertzea ere.

5.3. Batzordeak, zer eskabide aurkezten diren ikusirik, behar duen aholkularitza teknikoa eskatzen ahalko du, bai Foru Administrazioan bertan bai kanpoko adituena. Hortik hartutako txostenak laguntzak ebazteko espedientean sartuko dira.

5.4. Batzordeak egiten duen balorazioan 45 puntu lortzen ez dituzten eskaerek ez dute inola ere diru-laguntzarik jasoko.

5.5. Ondasun higigarrietarako eskaerek ez dute inola ere laguntzarik jasoko, haien kontserbaziorako kaltegarria den eraikin batean dauden bitartean.

6.-Tramitazioa eta ebazpena.

6.1. Eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Liburutegien Zerbitzuak tramitatuko ditu.

6.2. Eskaerak honako hauek osatutako batzordeak baloratuko ditu: María Inés Tabar Sarrías andrea, Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu lanetan arituko dena; Mercedes Jover Hernando andrea, Ondasun Higigarrien eta Ondarearen Erregistroaren Ataleko burua; eta Alicia Ancho Villanueva andrea, goi mailako teknikari zaharberritzailea.

Behar izanez gero, Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria Carmen Valdés Sagüés Museoen Zerbitzuko zuzendariak ordeztuko du; Ondasun Higigarrien eta Ondarearen Erregistroaren Ataleko burua, M.ª Rosario Lazcano Martínez de Morentin Ondarea Babesteko Bulegoko buruak; eta Ondasun Higigarrien eta Ondarearen Erregistroaren Ataleko goi mailako teknikari zaharberritzailea, Berta Balduz Azcárate Nafarroako Museoko goi mailako teknikari zaharberritzaileak.

6.3. Balorazio batzordeak proposamena igorriko dio Ondare Historikoaren Zerbitzuari. Horrek, onuradunek baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen duen agiriarekin batera, Kultura Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio proposamena.

Laguntzak Kultura zuzendari nagusiaren ebazpen bitartez esleituko dira, eta hark deialdia osorik edo hein batean hutsik gelditu dela deklaratzen ahalko du, eskaerarik aurkezten ez bada edo eskatzaileek deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte.

6.4. Laguntzaren kontzesioa jakinarazi ondotik, diru-laguntzaren esleipen-hartzaileak idatziz adierazi beharko du zenbatekoarekin eta baldintzekin ados dagoela, jakinarazpena jaso eta hamabost egun naturaleko epean, eta hitz emanen du diferentzia bere kontura ordainduko duela eta proiektua onetsi eta diruz lagundu den proiektu teknikoan ezarri bezala gauzatuko duela. Epe hori pasatu eta idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diola uste izanen da.

6.5. Eskaerak ebazteko epea gehienez ere hiru hilabetekoa izanen da, haiek aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

6.6. Kultura zuzendari nagusiak emandako diru-laguntzak argitaratzeko aginduko du. Kultura eta Turismo Departamentuko iragarki oholean paratuko dira.

7.-Onuradunen betebeharrak.

Hauek dira onuradunen beharkizunak:

a) Xedea betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo diru-laguntza horiek emateko oinarri izan den portaera izatea, diru-laguntzak ematerakoan Kultura Zuzendaritza Nagusiak emandako jarraibide teknikoetara egokituz.

b) Kultura Zuzendaritza Nagusiari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea diru-laguntza emateko edo diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua egin eta bete direla.

c) Kultura Zuzendaritza Nagusiak egiten dituen egiaztapen eta ikuskapen guztiak onartzea, bai eta estatuko zein Europar Batasuneko organo eskudunen edozein egiaztapen edo kontrol finantzario ere. Jarduketa horietan eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, dirusarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultura Zuzendaritza Nagusiari. Egoera hori horren berri izan bezain laster jakinaraziko da, betiere jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Kultura Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko zaio diruz lagundutako proiektuko edozein aldaketa, eskaeran adierazitakoaren arabera. Eskatutako esku-hartze proiektuetako edozein aldaketak, aurretik, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna jaso beharko du.

f) Nafarroako Gobernuaren laguntza aipatzea, diruz lagundutako proiektuan, instalazioetan edo ondasunean agerrarazi daitekeen moduan.

g) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak dituztela frogatzea.

h) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

i) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

j) Diruz laguntzen den gastuaren zenbatekoa 12.000,00 euro baino gehiagokoa baldin bada, aholkularitza edo laguntza enpresek ematen dituzten zerbitzuen onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela. Horretarako, kontratista hautatu aurretik eskuratutako agiriak aurkeztuko ditu.

8.-Xedea bete dela justifikatzea eta diru-laguntza ordaintzea.

a) Aurkezten diren ondainagiriek frogatu behar dute diruz lagundutako proiektua oso-osorik burutu dela eta, gutxienez, hartutako diru-laguntzaren zenbateko berekoa izan beharko dute.

b) Fakturazio betebeharrak arautzen dituen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituko diote aurkeztutako fakturek.

c) Halaber, ezinbesteko baldintza izanen da, diru-laguntza kobratu ahal izateko, Kultura Zuzendaritza Nagusian esku-hartzeari buruzko memoria aurkeztea.

d) Fakturak aurkezteko epea 2008ko abenduaren 10ean bukatuko da. Behin epe hori akituz gero, fakturarik aurkeztu ez bada, laguntzaren kontzesioa baliogabetuko da.

e) Kultura Zuzendaritza Nagusiak diru-laguntzak epe bakar batean ordainduko ditu, kontu-hartzailetza bukatu eta haren gaineko memoria aurkeztu ondoren. Ezinbestekoa izanen da laguntzaren espedientea tramitatu duen organoaren adostasun txostena.

9.-Bateragarritasuna beste diru-laguntza batzuekin.

Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak edo beste administrazio publiko batzuenak izan, bestelako entitate pribatu edo publikoenak izan edo pertsona partikularrenak izan. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, dirusarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Beste entitateen diru-laguntzak edo laguntzak aldi berean eskuratzeak emandako laguntzaren aldaketa ekartzen ahalko du, baldin eta laguntza guztien zenbatekoa diruz lagundutako proiektuaren kostua baino handiagoa bada.

10.-Itzulketa.

Hartutako dirua itzuli beharko da eta diru-laguntza ordaindu zenetik itzulketa-egunera bitarteko denborari dagokion berandutza interesa ordaindu, honako kasu hauetan:

a) Diru-laguntza edo laguntza lortzearren horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esatea edo laguntza hori baztertu edo mugatuko luketen datuak ezkutatzea.

b) Helburua, jarduera edo proiektua partez edo osorik ez betetzea, edo diru-laguntza emateko erabakia justifikatzen duen jokabidea ez hartzea.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan edo diru-laguntza arautzen duten arauetan ezarritako justifikazioa ez egitea, edo behar adinako justifikazioa ez egitea.

d) Arau hauen 7.f) atalean ezarritako zabaltze neurriak ez betetzea.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. eta 12. artikuluetan ezarritako frogapenerako eta finantzen kontrolerako jardueketei aurre egitea, aitzakiak edo oztopoak jartzea edo uko egitea, baita kontabilitateaz, erregistroaz edo agiriak zaintzeaz den bezainbatean diren betebeharrak ez betetzea, hortik etortzen bada hartutako funtsei zer erabilera eman zaien, xedea bete den, eta zein izan den diruz lagundutako jardueraren errealitatea eta erregulartasuna edo xede bererako estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo entitate publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirusarrerak edo baliabide bateraezinak batera izatea egiaztatzeko ezina.

f) Administrazioak onuradunei ezarritako betebeharrak edo onuradunek diru-laguntza jasotzeagatik beren gain hartutako konpromisoak ez betetzea, betiere xedeak lortzeko, jarduera egiteko edo proiektua betetzeko moduari edo diru-laguntza ematea oinarritzen duen portaerari eragiten badiete eta haiei badagokie.

g) Administrazioak onuradunei ezarritako betebeharrak edo onuradunek diru-laguntza jasotzeagatik beren gain hartutako konpromisoak ez betetzea, hortik etortzen bada hartutako funtsei zer erabilera eman zaien, xedea bete den, eta zein izan den diruz lagundutako jardueraren errealitatea eta erregulartasuna edo xede bererako estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo entitate publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirusarrerak edo baliabide bateraezinak batera izatea egiaztatzeko ezina.

h) Europar Batasuneko arau aplikagarrietan ezarritakoaren arabera, diru-laguntza itzuli beharra erabakitzea.

i) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako gainerako kasuak.

11.-Arau-hausteak eta zehapenak.

Onuradunei zehapena ezartzen ahalko zaie, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan ezarritako kasuetan eta horko prozedurari jarraikiz.

12.-Errekurtsoak.

Deialdiaren eta arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio Publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, argitaratu eta bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena:....................... NAN/IFZa: .................. bizitokia (herria, kalea, posta kodea): ................................ telefonoa: ......................, bere izenean edo ondoko honen izenean (bidezko ez dena ezabatu): ....................... NAN/IFZa: ............. bizitokia (herria, kalea, posta kodea): ................................ telefonoa: ................... Nafarroako Ondare Historikoan sartuak diren ondasun higigarriak zaindu, zaharberritu eta babesteko 2008ko diru-laguntzak jasotzeko eskaera aurkeztu du, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariaren .....................aren .......(e)ko ............../2008 Foru Aginduaren bidez onetsitako arauei jarraikiz (2008ko ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, ........... aren ......(e)koa).

Eta, arau horietan ezarritakoarekin bat:

1. Diru-laguntzen deialdiko 4.3 atalean aipatutako dokumentuak aurkezten ditu:

a)

b)

c)

d)

e)

2. Aditzera ematen du ez dagoela sarturik Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan.

3. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriko hirugarren idatz-zatian xedaturikoarekin bat, eskaera hau aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak organo kudeatzaileari baimena ematea Estatuko Zerga Administrazioko Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egin beharreko ziurtagiriak eskura ditzan, eskatzaileak zergak pagaturik dituela frogratzeko.

4. Eskabide honekin batera emandako datuen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuak sartu, zuzendu eta ezabatzeko prozedurak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan eginen dira, aipatutako legeriari jarraikiz betiere.

.....................(e)n, 2008ko ...............aren .........(e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: F0803281