87. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

552/2007 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, gaztelaniari, matematikari eta beste curriculum esperientzia batzuei (Lehen Hezkuntzakoak) aplikatutako teknologia berrien saioen curriculuma, antolaketa eta funtzionamendua ezartzen dituena.

Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du, gaztelaniari, matematikari eta beste curriculum esperientzia batzuei aplikatutako teknologia berrien saioen curriculum edukiak ezartzen dituen ebazpena argitaratzeko.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak hezkuntza sistemaren antolamendu berria ezarri du. Horren garapena, Nafarroako Lehen Hezkuntzarako, hauek agintzen dute: martxoaren 19ko 24/2007 Foru Dekretua; Hezkuntza kontseilariak maiatzaren 23an emandako 51/2007 Foru Agindua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketen ezarpena arautu eta Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan ikasketa horiek izanen dituzten ordutegiak antolatzeko jarraibideak ematen dituena.

Foru agindu horretan, G eta A ereduak ematen dituzten ikastetxeetako ikasleek, A ereduan matrikulatuta ez daudenek, euskarari dagozkion orduetan hezkuntza arreta izan dezaten, gaztelaniari, matematikari eta beste curriculum esperientzia batzuei aplikatutako teknologia berrien curriculuma ezarri da.

Nafarroako hezkuntza etapetako curriculumetan, gai hauek maiz azaltzen dira: informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera; eta hizkuntza eta matematika gaitasunak ikastearen garrantzia, haien garapen pertsonal eta profesionalerako. Saio horien edukiaren xedea da gaitasun horien ikaskuntzak eta teknologia berriak bateratzea. Teknologia berriak Interneten eskura dauden baliabideen erabileran oinarritzen dira.

Gaztelaniari, matematikari eta beste curriculum esperientzia batzuei aplikatutako teknologia berrien saioen edukiak, martxoaren 19ko 24/2007 Foru Dekretuan ezartzen diren eduki multzoen arabera antolatzen dira, ziklo guztietarako eta gaztelania eta matematika arloetarako. Lan planteamendu hori curriculumeko beste arlo batzuei eta bestelako esperientziei aplika dakieke.

Saio horiek ematen dituzten irakasleek eta horiek jasotzen dituzten ikasleek jarraibide metodologikoak izan ditzaten, webgune bat egin da, Hezkuntza Departamentuko teknologia berrien zerbitzarian dagoena. Bertan, orrialde interesgarri batzuk aukeratu dira, ikasgelan ikasi diren edukiak modu ludikoan, hurbilean eta dibertigarrian erabiltzeko.

Baliabide horiek ez dute zabaltzen Lehen Hezkuntzako curriculumaren edukia; jarraibide metodologikoak eta zenbait adibide praktiko eskaintzen dituzte, arlo bakoitzari eskainitako orduetan lortutako ikaskuntzak finkatzeko, IKTak erabiliz.

Hortaz, jarduera elkarreragileak, esanguratsuak eta testuingurudunak eskaini nahi dira, Lehen Hezkuntzako ikasleen testuingurutik hurbil dagoen ingurune birtual batean. Jarduera horien bidez, eguneroko bizitzan aurkitzen dugun hizkuntzaren eta matematikaren mundura hurbiltzeko motibatuago egonen dira.

Hartara, ebazpen honek gaztelaniari, matematikari eta beste curriculum esperientzia batzuei aplikatutako teknologia berrien saioen curriculuma ezartzen du.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Gaztelaniari, matematikari eta beste curriculum esperientzia batzuei aplikatutako teknologia berrien curriculumaren edukia Lehen Hezkuntzako gaztelania eta matematika arloen curriculum arruntean ezartzen dena izanen da.

2. Arlo horretan erabiliko den metodologia IKTen erabileratik eta aplikaziotik eratorritakoa izanen da esklusiboki.

3. Salbuespenez, ikasleen premia pedagogikoak kontuan hartuta eta programazio didaktikoa egin ondotik, metodologia hori erabili ahalko da, beste arlo eta esperientzia batzuk emateko.

4. Gaztelaniari, matematikari eta beste curriculum esperientzia batzuei aplikatutako teknologia berrien curriculuma G eta A ereduak eskaintzen dituzten ikastetxeetan G ereduan matrikulatu diren ikasleei eman beharko zaie.

5. Irakaskuntza horietarako, A ereduko ikasleei euskara emateko erabiltzen den ordu kopuru berbera erabiliko da. Horretaz gainera, Hezkuntza Departamentuak A ereduko euskara arloari dagozkion orduetan ezartzen duen beste edozein arlo jasotzen ez duen ikasleari emanen zaizkio.

6. Ikastetxe publikoetan, curriculum hori talde bakoitzeko irakasle tutoreak emanen du.

7. Irakaskuntza horiek Lehen Hezkuntzako gainerako arloentzat ezarritako arauen eta irizpideen arabera ebaluatu eta sailkatuko dira, eta nota buletinetan eta ikastetxeko gainerako erregistro agirietan jasoko dira. Ikasleak IKTak erabiltzeko duen gaitasunaz gain, gaztelania eta matematika arloen ikaskuntzan egindako lana ere baloratuko da.

8. Hezkuntza Departamentuak gida didaktiko bat eginen du, eduki multzotan antolatua, saio horietako irakaskuntza-ikaskuntza prozesua bideratzeko. Gidak zenbait ibilbide didaktiko izanen ditu, gaztelania eta matematika arloetako curriculum edukia lantzeko. Gida didaktikoa Hezkuntza Departamentuaren zerbitzarian egonen da (www.pnte.cfnavarra.es) eta ikasleak erabili ahalko du, irakaslearen zuzendaritzapean, 2007-2008 ikasturtetik aurrera.

9. Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuak urtero eguneratuko ditu orrialde horren edukiak.

10. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal da, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

11. Ebazpen hau igortzea Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiari, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuari, Irakasleen Prestakuntzako Atalari eta Ikasketak Antolatzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko ekainaren 1ean._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

Iragarkiaren kodea: F0709298