87. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 16a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERTIZARANA

Bertizaranako Udal Planeko ordenantzetako III. Tituluko 1.10 idatz-zatiko aldaketa xehakatua. Behin betiko onespena

Udalak, 2005eko urtarrilaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zen Bertizaranako Udal Planeko ordenantzetako III. Tituluko 1.10 idatz-zatiko aldaketa xehakatua, hain zuzen ere eraikin finkatuen etxebizitza kopuruari dagokiona, izan ere handitu eginen dira aparkatzeko leku edo garajeen arabera eta eraikin horien azaleraren arabera.

Hasiera batean onesteko erabakia 2005eko 30. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, martxoaren 11n, eta jendaurreko epea iragan da inork alegaziorik aurkeztu gabe; hortaz, testu hori behin betikoz onetsi zen 2007ko maiatzaren 11n eginiko bilkuran, eta orain osorik ematen da argitara haren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Legearen 74 eeta 81. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz; hona hemen:

1.10. Etxebizitza kolektiboa. Bertizaranako Udal Planeko ordenantzetako III. Tituluko 1.10 idatz-zatia.

Etxebizitza kolektiboen eraikina da bi etxebizitza edo gehiago dituena eta kanpotik guztiendako sarbide bakarra duena.

Eraikin berriak gehienez ere lau bizitzakoak izanen dira.

Egungo eraikin finkatuetan, etxebizitza berriak egiteko honako jarraibide hauek bete beharko dira:

1. Aparkatzeko leku edo garaje kopuruari dagokionez, honako muga hauek ezarri dira:

Gehienez ere eraiki daitezkeen etxebizitzak jakiteko, hartu beharko da egungo eraikinaren azalera eraikia eta horri egin zati 150 metro karratu, betiere garajea eraikinaren barrenean egin behar bada, bestela zati 120 metro karratu egin beharko da; eta hori nahitaez bete beharko da lurzoru pribatua izan edo publiko nahiz lagapenaren ondoriozkoa izan.

2. Etxebizitza bakoitzaren guttieneko azalera 60 m² izanen da.

3. Erabilera berriek sortzen duten aprobetxamendu aldaketa hori egiaztatu beharko da egungo homogeneotasunezko koefizienteen arabera.

4. Arrazoitu egin beharko da hiri instalazioak nahikoak direla, eskaera igoeragatik antzeman baitaitezke, baina betiere jabea izanen da horiek egokitzeko arduradun.

5. Nafarroan etxebizitzari babes publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Legearen lehen xedapen gehigarria aplikatuz, bere baitan biltzen baitu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Legearen 52. artikuluko 6. idatz-zatia_ etxebizitza babestuen guttieneko kopurua bete beharko da, bai eremu horretan bai bertzelako eremuetan edo exekuzio unitateetan.

Horretarako, bi alderdiek sinatu beharko dute planeamendu eta kudeaketarako hirigintza hitzarmena, hain zuzen ere etxebizitza babestuen nahitaezko kopuruari edo ehuneko guttienekoari buruzko eskakizuna bermatzeko, dotazioen eta ekipamenduen mantentze lanak betetzeko, eta sortzen diren gainbalioen gaineko komunitatearen partaidetza egokia izateko, horiek erabili beharko baitira zerbitzu eta dotazio publiko berriek sortzen dituzten gastuak estaltzeko.

6. 35/2002 Legearen 52.5 artikuluak ezarritakoa aplikatuz, Nafarroan etxebizitza babestuei buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Legearen lehen xedapen gehigarrian bildu baitzen eta 4/2006 Foru Dekretuko XVI. xedapenean garatu baitzen, eskatu eginen zaio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari etxebizitza babestuaren salbuespena aplikatzeko halako eraikin finkatu bati, titularraren ohiko etxebizitza izateagatik edo haren odolkidetasunezko 4. maila bitarteko senide batena izateagatik, baldin etea etxebizitza hura egitearen ondorioz zaharberritzetzat edo hiriko sarearen hobekuntzatzat har badaiteke.

Bertizaranan, 2007ko ekainaren 1ean._Alkatea, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: L0709585