87. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

228/2007 FORU AGINDUA, ekainaren 12koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana. Honen bidez, fakturazio telematikoari eta fakturak baliabide elektronikoetan gordetzeari buruzko zenbait xedapen garatzen dira, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan daudenak, foru dekretu horrek onetsi baitzuen fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua.

Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak onetsi zuen. Dekretu horren 17. eta 18. artikuluetan zehazten da nola bidali behar diren fakturak edo ordezko agiriak, eta, zehazki, nola bidali behar diren agiri horiek bide elektronikoetatik. Gainera, bidalketa egiteko prozedurak ezartzen dira; prozedura horiek betiere bermatu egin behar dute agiriak egiazkoak direla eta haien edukia osorik dagoela. Arau bereko 19. artikuluan eta hurrengoetan, bestalde, fakturak edo ordezko agiriak gordetzeko arauak ematen dira, eta zehazki 21. artikuluan azaltzen da nola gorde behar diren agiri horiek baliabide elektronikoen bitartez. 18.3 eta 21.3 artikuluetan ezartzen da Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eman behar dituela artikulu horietan ezarritakoa garatu eta aplikatzeko xedapenak.

Definitzen ez baditu ere, fakturak edo ordezko agiriak aipatzen dituenean, araua Erregelamenduan bertan ezarritako datuak dituzten jatorrizko agiriez ari da. Hortaz, berak luzatzeko betebeharra dutenek egindako agiriak dira. Kasu batzuetan egileek berek luzatzen dituzte eta beste batzuetan hartzaileek edo hirugarrenek luzatzen dituzte, luzatzeko betebeharra dutenen izenean eta kontura.

Horrela, bada, jatorrizko faktura edo ordezko agiriek eta jatorrizkoen kopia eta bikoiztuek bakarrik izanen dute tributu arloko araudiak frogagiri gisa ematen dien balioa, eta luzatzeko betebeharra duenak esku hartu gabe eta baimenik eman gabe hartzaileek eskuratzen dituzten agiriak, aldiz, honako arau honetan ezarritako salbuespenak salbuespen, ez dira halakotzat joko, ez delako bermatzen agiriak egiazkoak direla eta haien edukia osorik dagoela.

Dagoeneko askok erabiltzen dituzte telekomunikazioak eta posta elektronikoa mota guztietako mezuak bidaltzeko, fakturak edo ordezko agiriak tartean. Horregatik beharrezkoa da argitzea hartzaileari formatu elektronikoan bidaltzen zaizkion agirien legezko baliozkotasuna, eta praktika hori baliozkotzat onartu behar da, baldin eta, arestian esan den bezala, horrela bidaltzen diren agirien egiazkotasuna eta osotasuna bermatzen dituzten baliabideak erabiltzen badira.

Foru agindu honek zehazten duenez, bide elektronikoetatik bidalitako faktura edo ordezko agirien egiazkotasuna bermatzeko sistematzat sinadura elektronikoa erabiltzen denean, sinadura elektronikoa balioduna izanen da ziurtagiri onartu batean oinarrituta badago eta sinadura sortzeko gailu seguru baten bidez sortua bada, Sinadura elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3.3 artikuluko arauei jarraituz.

Halaber, foru aginduak zehazten du zein baldintza bete behar diren faktura elektronikoak atzerritik jasotzen direnean eta sinadura elektronikoa erabiltzen denean haien egiazkotasuna eta edukiaren osotasuna bermatzeko.

Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 19.1 artikuluan, zenbait agiriren jatorrizko aleak edo kopiak, kasuan kasukoak, gordetzeko betebeharra ezartzen da.

Fakturak eta ordezko agiriak, oro har, luzatzen eta jasotzen diren euskarri berean gorde behar dira, noiznahi egiaztatu ahal izan dadin jatorrizkoak direla.

Salbuespen gisa, foru agindu honetan aukera hau ematen da: agiria euskarri elektronikoan jasotzen bada, eta sinadura elektronikoko sistema onartu baten bidez edo sinatzeko sistema homologaturen baten bidez sinatuta badator, hartzaileak, sinadura egiaztatzeko bere sistemak horretarako aukera ematen badio, agiria inprimatzen ahalko du, irakurri ahal izateko moduan, PDF 417 zehaztapenaren arabera sortutako autentifikazio marka grafikoekin batera. Horrela gordetako faktura edo ordezko agiria balioduna izanen da eta berari esker bateragarriak izanen dira faktura elektroniko sinatuak luzatu nahi dituzten enpresaburu eta profesionalen interesak eta beren tamaina edo garapen teknologiko txikiarengatik halako agiriak paperean gorde nahi dituzten hartzaileenak.

Bestalde, gero eta gehiago eskatzen ari da paperezko euskarrian jasotzen diren agirien digitalizazioa baliozkotzat onartzeko eta paperezko agiri jatorrizkoen ordez horien irudi grafikoak dituzten fitxategiak gorde ahal izateko. Horrela paper mordo izugarri handia suntsitzeko baimena eman liteke, jatorrizko agirien papera hain zuzen ere, eta aurrezpen handia lortuko litzateke agirien kudeaketan eta agirizaintzan. Hori lagungarria litzateke zeharkako zerga kostuak murrizteko.

Digitalizazio horrek, ordea, ez ditu murriztu behar paperezko agiri jatorrizkoek egiaztagiri gisa dakartzaten segurtasuna eta berme dokumentalak, normalean enpresaburu edo profesionalek paperezko euskarrian luzatu eta jasotzen dituztenak. Foru agindu honetan digitalizazio sistema ziurtatu bat arautzen da. Sistema horren bidez, Ogasun Publikoak ordezkatzen duen herriaren interesak zaindu nahi dira eta aldi berean aintzat hartu nahi dira paperezko faktura eta bestelako dokumentu edo egiaztagirien irudi grafiko guztien agiritegi edo agiri-base informatiko bat eduki nahi duten enpresaburu eta profesionalen interesak, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean ezarritako epea igaro arte horrela gorde ahal izan ditzaten agiriak.

Hala, bada, foru agindu honetan digitalizazio ziurtatua honela definitzen da: paperean dagoen jatorrizko agiriaren irudi digital zehatz eta osoa lortzea, zenbait zehaztapen tekniko betetzen dituena. Digitalizazio prozesu hori tributudunek berek egin ahal izanen dute, edo digitalizazio zerbitzuak egiten dituen hirugarren batek. Betiere digitalizaziorako software ziurtatua erabili behar da, eta softwarea garatzen duten entitateek horren homologazioa eskatu behar diote Nafarroako Zerga Ogasunari.

Halaber, zehaztu egiten da zein baldintza bete behar diren Nafarroako Zerga Ogasunak baimena eman diezaion digitalizaziorako software ziurtatuari.

Horrenbestez, xedatu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honetan fakturak eta ordezko agiriak bidaltzearen eta gordetzearen inguruko zenbait alderdi garatzen dira, Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren esparrukoak.

Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan faktura edo ordezko agiria aipatzen den guztietan, ulertu behar da jatorrizko agiria dela, halako agiriak luzatzeko betebeharra duenak euskarri fisikoan edo elektronikoan egin eta hartzaileari bidali edo haren eskura jarri duena, alde batera utzita nor den agiria benetan luzatu duena, subjektu pasiboa bera, horren bezeroa edo subjektu pasiboaren izenean eta kontura diharduen hirugarren bat, eta, betiere, aipatu Erregelamenduaren 6. eta 7. artikuluen arabera eskatzen ahal diren edukiak baldin baditu.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Tributudunei foru agindu honetan xedatutakoa aplikatuko zaie fakturak eta ordezko beste agiri batzuk luzatu, eman eta gordetzeko betebeharra badute beren enpresa edo lanbide jardueretan egiten dituzten eragiketengatik, hori guztia Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan mugatutako eremuaren barnean.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako tributudunentzako zerbitzuak egiten dituzten pertsona edo entitateei ere foru agindu hau aplikatuko zaie, fakturak eta ordezko agiriak luzatu eta gordetzeko betebeharrak eta agiri horiek digitalizatzeko prozesuak direla-eta.

3. artikulua. Fakturak eta ordezko agiriak igortzea.

1. Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 17. artikuluarekin bat, fakturak edo ordezko agiriak igortzeko betebeharra baliabide elektronikoen bidez bete ahal izanen da, agiri horiek egiazkoak direla eta haien edukia osorik dagoela bermatzen bada eta hartzaileak aldez aurretik baimena ematen badu.

Baimena emateko edozein bide erabiltzen ahal da, ahozkoa nahiz idatzizkoa. Faktura edo ordezko agiri elektronikoak jasotzen ari den hartzaileak noiznahi jakinarazi ahal izanen dio hornitzaileari paperean jaso nahi dituela. Hala egiten badu, hornitzaileak bezeroaren eskubidea errespetatu eta hark eskatu bezala egin beharko du jakinarazpen hori jasotzen duenetik aurrera.

Agiriak paperean edo euskarri elektronikoan behin luzatzeak ez du esan nahi aurrerantzean ere hartzaileari euskarri berean bidali behar zaizkionik agiri horiek, agiri horiekin zerikusia duten zuzenketa-fakturak edo lehenago igorritako fakturen bikoiztuak.

2. Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 18.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, sinadura elektroniko onartu guztiak baliodunak izanen dira. Sinadura elektroniko onartuaren kontzeptua Sinadura elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3.3 artikuluan azaltzen da: onartutako ziurtagiri batean oinarritua eta sinatzeko sistema seguru baten bidez sortua den edozein sinadura elektroniko aurreratu.

3. Fakturak edo ordezko agiriak bide elektronikoetatik igortzen direnean eta egiazkoak direla eta edukia osorik dagoela bermatzeko erabiltzen den sistema sinadura elektroniko onartua denean, Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 18.1.a) artikuluan ezarritakoari jarraituz, agiria luzatzen duenaren ziurtagiriaren erabileratik eratortzen den sinadura elektronikoa aplikatuko da, nahiz eta agiria luzatzen duena hartzailea izan edo tributudunaren izenean eta kontura diharduen hirugarren bat izan.

Bide elektronikoetatik luzatzen diren fakturen kopiei, alegia, eragiketak egiten dituzten enpresaburu edo profesionalei igortzen zaizkien fakturen kopiei, are faktura luzatzen duena hartzailea denean edo subjektu pasiboaren izenean eta kontura diharduen hirugarren bat denean ere, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean erantsiko zaizkie sinadura elektronikoak.

4. Fakturazio elektronikoko sistema datu truke elektronikoari (EDI) buruzko akordioetan oinarritzen ahal da, Batzordeak 1994ko urriaren 19an emandako 1994/820/EE Gomendioak (luzatzailearen eta hartzailearen arteko datu truke elektronikoaren alderdi juridikoei buruzko Gomendioa) 2. artikuluan definitzen duen moduan. Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 18.1.b) artikuluan aurreikusitakoarekin bat, halako sistema bat erabiltzen denean, aldeen arteko datu truke elektronikorako akordioan zehatz-mehatz azaldu behar da zer nolako baliabide edo prozedurez hornituko den fakturazio sistema, trukatzen diren agiriak egiazkoak direla eta haien edukia osorik dagoela bermatu ahal izateko.

5. Bide elektronikoetatik bidaltzen diren fakturetako eta ordezko agirietako sinaduren ziurtagiriak iraungita, indargabetuta edo etenda badaude haiek luzatzen diren unean, ulertu beharko da agiri horiek ez zaizkiela hartzaileei modu baliozkoan igorri eta hartzaileek ez dituztela jaso.

4. artikulua. Fakturazio elektronikoko sistemak baimentzea zergadunaren proposamenez.

1. Faktura elektronikoak luzatzen dituenak bide elektronikoetatik bidalitako fakturak edo ordezko agiriak egiazkoak direla eta haien edukia osorik dagoela bermatzeko erabiltzen duen sistema ez badago espresuki jasorik Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 18.1 artikuluko a) edo b) letretan, agiri horiek luzatzeko betebeharra duenak baimena eskatu beharko dio aldez aurretik Nafarroako Zerga Ogasuneko Zerga Plangintza eta Informazioaren Zerbitzuko zuzendariari.

Eskabidean azaldu beharko du zer nolako elementu edo baliabideak erabili nahi dituen igortzen diren agiri elektronikoak egiazkoak direla eta haien edukia osorik dagoela bermatzeko, halako moduan non Zerga Administrazioak berme horiek egiaztatu ahal izanen baititu edonoiz, igorpenaren ondoren, harik eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera bete behar den epea igaro arte.

2. Kontrolerako erabiltzen diren elementu edo baliabideek ez dute a priori inongo murrizketa kontzeptual edo teknologikorik izanen, baina eskatzaileak horien berri zehatza eman beharko du, eta hartzailearen eskura edo sistemako konfiantzako hirugarren alderdi gisa jardun dezakeen hirugarren entitate baten eskura egon beharko dute; hirugarren entitaterik baldin bada, hura identifikatu egin beharko da eskabidean. Kontrolerako elementu edo baliabide horiek Zerga Administrazioaren eskura egonen dira Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera bete behar den epea igaro arte. Horrela, Zerga Administrazioak egiaztatu ahal izanen du jasotako agiriak egiazkoak direla eta haien edukia osorik dagoela.

Aurkeztutako eskabidean dauden elementuak ez badira behar adinakoak araudi bidez ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskatzaileari errekerimendua egin ahalko zaio eta 10 eguneko epea eman, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik aurrera, akatsak zuzendu ditzan, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskabidea artxibatu eginen dela besterik gabe, bertan behera utzi duelakoan. Akatsak zuzentzeko errekerimendua epean bete arren akatsek zuzendu gabe segitzen dutela irizten bazaio, eskatzaileari baimena ukatu zaiola jakinaraziko zaio, artikulu honetako 4. idatz-zatian azaltzen den moduan.

3. Aipatu egiaztapen hori egiteko, Nafarroako Zerga Ogasunak beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatu ahal izanen du eskatzaileak adierazitakoa egiaztatzeko eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapen gehigarriak egiteko.

4. Behin egiaztaturik foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen direla, Nafarroako Zerga Ogasuneko Zerga Plangintza eta Informazioaren Zerbitzuko zuzendariak erabakiko du baimena eman dadila eskatzaileak proposaturiko sistemaren bidez faktura elektronikoak luzatzeko, eta baimen horri identifikazio-erreferentzia bat emanen zaio. Ebazpenean baimenaren baldintzak azalduko dira. Baimenik ez ematea erabakitzen bada, ukapen idazkian baimena zergatik ukatzen den azaldu behar da. Erabakiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izanen da, Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zuzendua.

5. Nafarroako Zerga Ogasuneko Zerga Plangintza eta Informazioaren Zerbitzuko zuzendariak sei hilabeteko epea izanen du onarpen eskaerari buruz ebazteko. Epe hori amaitutakoan, edozein arrazoirengatik egiaztapena amaitu gabe badago edo berariazko ebazpenik eman ez bada, Administrazioaren isiltasunaren bidez eskaera ezetsi dela ulertu ahal izanen da.

6. Artikulu honetan aipatutako baimena eskatu ahal izanen dute enpresaburu eta profesionalek eta fakturak edo ordezko agiriak luzatzeko betebeharra duen beste edozein pertsona edo entitatek, Espainian establezimendua edo egoitza izanez gero.

5. artikulua. Hirugarren herrialdeetatik jasotzen diren faktura elektronikoak.

1. Egiazkotasuna eta edukiaren osotasuna bermatze aldera, hirugarren herrialdeetatik jasotzen diren faktura edo ordezko agiriek ere, Espainiako lurraldean luzatzen eta igortzen direnek bezalako baldintzak bete beharko dituzte, haien euskarria eta formatu elektronikoa edozein direla ere.

2. Agiriak bide elektronikoetatik jasotzen direnean, sinadura elektronikoaren sistema erabiltzen bada haien egiazkotasuna eta edukiaren osotasuna bermatzeko, sinadura elektroniko onartua erabili beharko da, eta halakotzat joko da baldin eta, Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 18. artikuluko 1. idatz-zatiko a) letrak dioenarekin bat, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1999ko abenduaren 13ko 1999/93/EE Zuzentarauaren 2. artikuluko 2., 6. eta 10. idatz-zatietan xedaturikoa betetzen badu, horren bidez ezarri baitzen sinadura elektronikorako marko bat Europar Batasunean. Xedapen horiek bat datoz Sinadura elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3.3 artikuluan jasotako kontzeptuarekin.

3. Fakturak edo ordezko agiriak bide elektronikoetatik bidaltzeko erabiltzen den sistema sinadura elektroniko onartua bada, Espainiako egoiliarra den agiri-hartzaileak egiaztatu beharko du, agiria jaso baino lehen, erabilitako sinadura elektronikoa, aurreko paragrafoan xedatu bezala, sinadura elektroniko onartua dela.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa betetzeko bide hauek erabili ahal izanen dira, besteak beste:

a) Ziurtapen zerbitzuetako agintari batek luzatzen badu ziurtagiria eta hura Europar Batasuneko herrialde bateko egoiliarra bada, nahikoa izanen da baldintza hauetako baten bat betetzea:

1. Ziurtagirian bertan adieraztea ziurtagiria kualifikatuta edo onartuta dagoela Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1999ko abenduaren 13ko 1999/93/EE Zuzentarauan araututako moduan, eta hura luzatu duen ziurtapen-entitatea Europar Batasuneko herrialde bateko egoiliarra dela eta haren ziurtapen praktikak eta politikak jendaurrekoak eta publikoak direla, eta, bereziki, ziurtagiri onartu edo kualifikatuak luzatzen dituzten entitateei arestian aipatu den zuzentarau horretan eskatzen zaizkien baldintzak betetzen dituela.

2. Europar Batasunean finkatutako entitateren batek egiaztatu izana ziurtapen-entitateak baldintza horiek betetzen dituela, ziurtapen zerbitzuen maila hobetzea helburu duen borondatezko egiaztapen sistema baten barnean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1999ko abenduaren 13ko 1999/93/EE Zuzentarauaren 3. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa oinarri.

3. Ziurtapen-entitatea halakotzat inskribaturik egotea Europar Batasuneko bere herrialdeko erregistro publikoren batean, eta erregistro hori kontrolatzen duen agintariak eskumena izatea sinadura elektronikoaren arloan, edo Balio Erantsiaren gaineko Zergaren edo zeharkako zergen gaineko kontrol fiskalaren arloan.

b) Europar Batasunetik kanpoko ziurtapen zerbitzuetako agintariek luzatutako ziurtagiriei dagokienez, frogatu egin behar da ziurtagiria onartua edo kualifikatua dela eta hura luzatu duen entitatea ere kualifikaturik dagoela halako ziurtagiriak luzatzeko. Hori modu hauetan egin daiteke:

1. Ziurtapen zerbitzuen hornitzaileak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1999ko abenduaren 13ko 1999/93/EE Zuzentarauan ezarritako baldintzak betetzea, eta kreditaturik egotea Europar Batasuneko herrialde batean ezarritako borondatezko egiaztapen sistema baten esparruan.

2. Europar Batasunean finkatuta dagoen eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1999ko abenduaren 13ko 1999/93/EE Zuzentarauaren aginduak betetzen dituen ziurtapen zerbitzuen hornitzaile batek ziurtagiria abalatzea.

3. Ziurtagiria bera edo ziurtapen zerbitzuen hornitzailea ontzat emanda egotea Europar Batasunak hirugarren herrialdeekin edo nazioarteko erakundeekin egindako alde biko edo alde anitzeko akordioen bidez.

4. Hartzaileak sinadura egiaztatzeko softwarea eta atzerriko ziurtagiriak baliodunak direla egiaztatzeko prozedura eduki beharko ditu, foru agindu honen 7. artikuluko 4. idatz-zatiko hirugarren paragrafoan xedatu bezala.

6. artikulua. Luzatzailearen betebeharrak, fakturak eta ordezko agiriak gordetzeari dagokionez.

1. Enpresaburu edo profesionalek gorde egin behar dituzte, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera bete behar den epea igaro arte, Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 19.1 artikuluan aipatzen diren agiriak.

Eginbehar hori tributudunak berak edo hirugarren batek bete ahal izanen du. Azken horrek lehenbizikoaren izenean eta kontura jardunen du eta zerbitzuak egiteko akordio egokia egin beharko du harekin. Nolanahi ere, tributuduna izanen da aipatu erregelamenduaren 19.1 artikuluan ezarritako eginbehar guztien erantzule bakarra, eta berak egiaztatu beharko du behar diren segurtasun kopiak egiten direla eta neurri tekniko eta plan egokiak aplikatzen direla fitxategi informatikoen berreskurapena bermatu ahal izateko, faktura edo ordezko agiri elektronikoak gordetzeko erabiltzen den sistema informatikoa matxuratuz gero edo ezbeharren bat gertatuz gero.

2. Paperezko euskarrian dagoen faktura edo ordezko agiri baten kopiatzat joko da jatorrizkoak bezalako euskarria, formatua eta edukia dituen agiria; jatorrizkotik bereizteko ezaugarriren bat eduki dezake, adibidez, "kopia" hitza bera. Faktura edo ordezko agiri elektronikoen kopia, berriz, jatorrizkoaren berdina den fitxategi bat da. Jatorrizkoak sinadura elektronikoa badu, kopia sinatutako fitxategiari dagokio.

Luzatutako faktura edo ordezko agiri baten matrizea, edo faktura nahiz ordezko agirien multzo baten matrizea, datu edo taulen multzo egituratu bat, datu-base bat edo fitxategi sistema bat da, eta barnean ditu faktura edo ordezko agirietako datu guztiak, programa edo aplikazio egokiekin batera, luzatzaileak faktura edo ordezko agiriak sortu eta kopia eta bikoiztuak eskuratu ahal izan ditzan.

3. Luzatutako agiriak, Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 19. artikuluan aipatzen direnak alegia, eta agiri horien kopiak edo matrizeak gordetzeko kudeaketa modu ordenatuan egin behar da. Horrela, haien formatua eta euskarria gorabehera, eta bereziki euskarri elektronikoa dutenean, bermatu eginen da agiri, kopia edo matrizeen irakurgarritasuna. Tributudunak datu ulergaitzak deszifratu eta deskodetzeko bideak eman beharko ditu, Zerga Administrazioak hala eskatuz gero.

Halaber, tributudunak agiri horiek erabat eskuragarri jarri beharko ditu, luzamendurik gabe, bidezko arrazoirik izan ezean. Erabateko eskuragarritasunak esan nahi du gordetzen diren agiri, kopia eta matrize guzti-guztiak kontsultatu ahal izanen direla zuzenean, duten euskarria dutela.

Luzatzen diren agiriak eta agirien kopia edo matrizeak kudeatu eta gordetzeko sistema informatikoa erabiltzen bada, eta, beraz, agiriek euskarri elektronikoa badute, hala biltegiratze sistema lokalean nola urrunekoan, erabateko eskuragarritasuna honela ulertu behar da: linean datuak kontsultatu ahal izatea eta agirien edukia ikusi ahal izatea, xehetasun guztiekin; bilaketa selektiboak egin ahal izatea, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duen martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren 53. artikuluan eta hurrengoetan arautzen diren erregistro liburuetan jaso behar diren datuetatik edozein erabiliz; kontrol fiskaleko jarduketak egiaztatu edo dokumentatzeko behar diren agiriak linean jaitsi edo kopiatu ahal izatea jatorrizko formatuetan, eta paperean inprimatu ahal izatea.

7. artikulua. Hartzaileen betebeharrak, fakturak eta ordezko agiriak euskarri elektronikoan gordetzeari dagokionez.

1. Enpresaburu edo profesionalek gorde egin behar dituzte, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera bete behar den epea igaro arte, Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 19.1 artikuluan aipatzen diren agiriak.

Fakturak edo ordezko agiriak euskarri elektronikoan jasotzen direnean, sinadura elektroniko onartuarekin edo Nafarroako Zerga Ogasunak ontzat emandako edo homologatutako beste edozeinekin batera, hartzaileak sinadura egiaztatu behar du eta egokia iruditzen zaion barne-kontroleko prozedura ezarri behar du erabilitako ziurtagiriak baliodunak direla egiaztatzeko.

2. Faktura eta ordezko agiriak bidaltzen diren formatu eta euskarri beretan gorde behar dira, baina hartzaileak, horien ordez, foru agindu honen 8. eta 9. artikuluetan baimentzen diren beste formatu eta euskarriak aukeratu ahal izanen ditu agiriak gordetzeko.

Hartzaileak foru agindu honen 8. eta 9. artikuluetan aurreikusi gabeko moduan aldatzen badu jasotako agirien euskarria edo formatua, agiri berri bat sortuko du eta hori ez da jada jatorrizko agiritzat hartuko.

3. Jasotako faktura eta ordezko agiriak gordetzeko kudeaketa modu ordenatuan egin behar da. Horrela, haien formatua eta euskarria gorabehera, eta bereziki euskarri elektronikoa dutenean, haien irakurgarritasuna bermatuko da. Tributudunak datu ulergaitzak deszifratu eta deskodetzeko bideak eman beharko ditu, Zerga Administrazioak hala eskatuz gero.

4. Tributudunak erabat eskuragarri jarri beharko ditu jasotako faktura edo ordezko agiriak, eta hori luzamendurik gabe egin beharko du, bidezko arrazoirik izan ezean. Erabateko eskuragarritasunak esan nahi du agiri guzti-guztiak kontsultatu ahal izanen direla zuzenean, duten euskarria dutela.

Agiriak kudeatu eta gordetzeko sistema informatikoa erabiltzen bada, eta, beraz, agiriek euskarri elektronikoa badute, hala biltegiratze sistema lokalean nola urrunekoan, erabateko eskuragarritasuna honela ulertu behar da: linean datuak kontsultatu ahal izatea eta agirien edukia ikusi ahal izatea, xehetasun guztiekin; bilaketa selektiboak egin ahal izatea, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren 53. artikuluan eta hurrengoetan arautzen diren erregistro liburuetan jaso behar diren datuetatik edozein erabiliz; kontrol fiskaleko jarduketak egiaztatu edo dokumentatzeko behar diren faktura eta ordezko agiriak linean jaitsi edo kopiatu ahal izatea jatorrizko formatuetan, eta paperean inprimatu ahal izatea.

Jasotako faktura edo ordezko agirien artean agiri elektronikoren bat badago, eta sinadura elektronikoa erabiliz bidali badute haren egiazkotasuna eta edukiaren osotasuna bermatzeko asmoz, foru agindu honetako aurreko artikuluetan adierazitako moduan, hartzaileak ordenaturik gorde beharko du, jasotako faktura eta ordezko agiriez gainera, horietako bakoitzari lotutako sinadura elektronikoa ere, ez badago agiriarekin batera fitxategian sartuta. Halaber, sinadura egiaztatzeko sistemak eduki beharko ditu, eta luzatzaileek erabilitako ziurtagiri elektronikoen baliozkotasuna behar bezala bermatzen duen barne-kontroleko prozeduraren bat ere bai, agiria luzatzerakoan iraungirik, baliogabeturik edo etenik zeuden ziurtagiriak atzeman ahal izateko.

5. Faktura eta ordezko agiri elektronikoen bidaltzailea eta/edo hartzailea tributudunen izenean eta haien kontura diharduen hirugarren bat denean, berak ere goian azaldu diren baldintzak bete beharko ditu. Alabaina, baldintzak bete ondoren, beren bezeroen eskura jarri ahal izanen dituzte aplikazio informatiko egokiak, bidalitako edo jasotako faktura eta ordezko agiriak, kasuan kasukoak, biltegiratzeko, foru agindu honetan agindutako moduan sortu edo egiaztaturiko sinadura elektronikoarekin batera, eta mezuen autentifikaziorako kode bat emateko agiri bakoitzari lotuta. Kode horren bidez, lotutako agiria eskuratu ahal izanen da biltegian, eta ziur jakinen da foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela.

Aurreko paragrafoko kasuan, kode horrekin paperean inprimaturiko agiria balioduna izanen da, foru agindu honen 9. artikuluan bezala, baldin eta agiria eta beraren sinadura elektronikoa barnean dituen biltegi hori mantentzen bada, bertan sinadura egiaztatzeko mekanismoa badago eta agiria erabat eskuragarri badago autentifikazio-kode elektroniko horren bidez.

8. artikulua. Jasotako fakturen, jasotako ordezko agirien eta beste dokumentu edo frogagiri batzuen digitalizazio ziurtatua.

1. Tributudunek fakturen, ordezko agirien eta paperean gordetzen dituzten jatorrizko beste agiri guztien digitalizazio ziurtatua egin ahalko dute.

Fakturak, ordezko agiriak eta beste agiri batzuk horrela digitalizatuz gero, tributudunak alde batera utzi ahalko ditu paperean zeuden jatorrizko agiriak.

2. Digitalizazio ziurtatua deritzon prozesu teknologikoan, teknika fotoelektronikoak edo eskaner teknikak erabiliz, paperezko agirietan dauden irudiak kodetutako irudi digital bihurtzen dira, erabili ohi diren formatu estandarretako batean. Betiere, bai formatua bai bereizmena Nafarroako Zerga Ogasunak onartutakoak izanen dira.

Digitalizazio prozesu horrek honako baldintzak bete behar ditu:

a) Tributudunak berak egin behar du digitalizazio prozesua, edo bestela, haren izenean eta kontura, digitalizazio zerbitzuak egiten dituen hirugarren batek. Bi kasuetan ere, artikulu honetako 3. idatz-zatian adierazitako moduan ziurtaturik dagoen digitalizazio softwarea erabili behar da.

b) Erabiltzen den digitalizazio prozesuak bermatu egin behar du digitalizatutako agiri guztien irudi zehatz eta osoa lortuko dela, eta irudi digital hori sinadura elektronikoaz sinatu behar da, foru agindu honetako aurreko artikuluetan ezarritako moduan, digitalizazio sisteman instalaturiko eta digitalizazio ziurtaturako softwareak inbokaturiko ziurtagiri elektroniko batean oinarrituta. Ziurtagiri hori tributudunari egokitu behar zaio digitalizazio ziurtatua berak egiten duenean, edo digitalizazio zerbitzuen emaileari, bestela. Batak edo besteak, hala dagokionak, digitalizazio ziurtatuko prozesuaren zehaztasuna bermatzeko behar diren prozedurak eta kontrolak eduki beharko ditu.

c) Digitalizazio ziurtatuaren emaitza datu base dokumental baten inguruan antolatu behar da, eta digitalizatutako agiri bakoitzeko datu-erregistro bat gorde behar da, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren 53. artikuluan eta hurrengoetan aipatutako erregistro liburuek eduki behar dituzten eremu guztiekin, eta, horretaz gain, agiri digitalizatuaren irudi bitarra duen eremu bat, edo hura daukan fitxategirako esteka duena; bi kasuetan ere agiriaren irudiaren sinadura elektronikoa erantsi behar da, aurreko b) letran adierazten den bezala.

d) Gordetzeko betebeharra duenak digitalizaziorako software ziurtatua eduki behar du, tresna hauek dituena:

1. Datu basearen sinadura, datu eta irudien osotasuna bermatuko duena tributudunaren likidazioaldi bakoitzaren itxieran.

2. Datu basea erabat eskuragarri izatea, luzamendurik gabe, bidezko arrazoirik ezean. Hori dela eta, honela ulertuko da erabateko eskuragarritasuna: linean datuak kontsultatu ahal izatea eta agirien edukia ikusi ahal izatea, xehetasun guztiekin; bilaketa selektiboak egin ahal izatea, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren 53. artikuluan eta hurrengoetan arautzen diren erregistro liburuetan jaso behar diren datuetatik edozein erabiliz; kontrol fiskaleko jarduketak egiaztatu edo dokumentatzeko behar diren agiriak linean jaitsi edo kopiatu ahal izatea jatorrizko formatuetan, eta paperean inprimatu ahal izatea.

3. Artikulu honetako 2. idatz-zatiko baldintzak bete eta digitalizazio softwarea homologatu nahi duten garapen-entitateek honako izapide hauek egin beharko dituzte:

a) Entitate interesdunek eskabidea aurkeztuko diote Nafarroako Zerga Ogasuneko Zerga Plangintza eta Informazioaren Zerbitzuko zuzendariari. Eskabidearen barnean erantzukizuneko aitorpena eginen dute, foru agindu honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela esanez, eta hori frogatzeko agiriak erantsiko dituzte.

Bereziki, eskatzaileak ondokoak aurkeztu behar ditu eskabidearekin batera: homologatu nahi duen digitalizazio ziurtatuko prozeduraren oinarri diren arau teknikoak; segurtasun, kontrol eta ustiapenerako protokolo, arau eta prozedurak, tributudunak paperean emandako jatorrizko agirien irudi digitalizatuak gordetzeko datu base dokumentalaren sorrerari eta kontsultari dagozkionak; eta sinadura elektronikorako mekanismoak.

b) Aurrekoez gain, informatikako ikuskaritzaren arloko entitate batek emandako txostena erantsi behar zaio dokumentazioari. Entitate horrek gaitasun tekniko egiaztatua izan behar du egin nahi den jarduera aztertu eta ebaluatzeko, eta txosten horretan bere iritzia azaldu behar du, ea entitate eskatzaileak betetzen dituen foru agindu honetan ezarritako baldintzak, homologatu nahi duen digitalizazio ziurtatuko sistema onartua izan dadin, eta erabiliko dituen prozedurak egokiak diren.

c) Aurkeztutako eskabidean dauden elementuak ez badira behar adinakoak araudi bidez ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskatzaileari errekerimendua egin ahalko zaio eta 10 eguneko epea eman, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik aurrera, akatsak zuzendu ditzan, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskabidea artxibatu eginen dela besterik gabe, bertan behera utzi duelakoan. Akatsak zuzentzeko errekerimendua epean bete arren akatsek zuzendu gabe segitzen dutela irizten bazaio, eskatzaileari onarpena ukatu zaiola jakinaraziko zaio, hurrengo e) letran azaltzen den moduan.

d) Aipatu egiaztapen hori egiteko, Nafarroako Zerga Ogasuneko Zerga Plangintza eta Informazioaren Zerbitzuko zuzendariak behar adina informazio osagarri eskatu ahal izanen du eskatzaileak adierazitakoa egiaztatzeko, eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapen osagarriak egin ahalko ditu.

e) Behin egiaztaturik foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen direla, Nafarroako Zerga Ogasuneko Zerga Plangintza eta Informazioaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpena emanen du aurkeztutako digitalizazio softwarea homologatu dadin eta zerrenda batean ikusgai jar dadin, Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrian, Interneteko http://www.navarra.es helbidean. Ebazpenean homologazioaren baldintzak azalduko dira eta haren identifikaziorako erreferentzia emanen da. Baimenik ez ematea erabakitzen bada, ukapen idazkian baimena zergatik ukatzen den azaldu behar da. Erabakiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izanen da, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zuzendua.

f) Nafarroako Zerga Ogasuneko Zerga Plangintza eta Informazioaren Zerbitzuko zuzendariak sei hilabeteko epea izanen du onarpen eskaerari buruz ebazteko. Epe hori amaitutakoan, egiaztapena amaitu gabe badago edo berariazko ebazpenik eman ez bada, Administrazioaren isiltasunaren bidez eskaera ezetsi dela ulertu ahal izanen da.

g) Espainian edo Europar Batasuneko beste herrialde batean finkatutako edozein garapen-entitatek egin ahal izanen du artikulu honetan aipatutako eskaera.

9. artikulua. Formatu elektronikoan igorritako faktura eta ordezko agiriak inprimatzea.

Bide elektronikoetatik igortzen diren faktura eta ordezko agiriak, oro har, hartzaileek formatu elektronikoa aldatu gabe gorde behar dituzte, beren egiazkotasuna eta edukiaren osotasuna bermatzen dituzten bitartekoekin batera. Hala ere, foru agindu honetako aurreko artikuluetan adierazitako moduan agiriak bide elektronikoetatik igorri eta sinadura elektronikoaz sinatzen badira, sinadura egiaztatu eta gero agiri horiek paperean inprimaturik gorde nahi dituzten zergadun hartzaileek euskarri-aldaketa hori egin ahal izanen dute. Software egokia erabili beharko dute, agiriaren edukiarekin batera paperean inprimatu ahal izateko PDF-417 kodeen bi multzo, autentifikazio marka grafiko bana, hain zuzen ere; horietako lehenbizikoan fakturako edo ordezko agiriko datuen eduki osoa sartuko da, luzatu zirenean sinatu ziren bezalaxe, eta bigarrenean sartuko dira aurreko fitxategiko sinadura elektronikoa eta modu estandarizatuan, irakurri eta gero, sinadura egiaztatzea ahalbidetzen duten elementu guztiak. Sinadura elektronikoa fakturaren edo ordezko agiriaren fitxategiaren barnean badago, edo agiriko datuak sinadura elektronikoaren formatuaren barnean badaude, nahikoa izanen da marka grafikoen multzo bakar bat inprimatzea, sinadura elektronikoaren fitxategi edo formatuko datu guztiak barnean dituena.

Marka grafikoek ezaugarri hauek izanen dituzte:

a) Jatorrizko fitxategiak birsortzeko irakurketa ahalbidetu behar dute eta datuen erredundantzia mantenduko dute irakurketa ahalbidetzeko, baita kodea hein batean hondaturik dagoenean ere. Ezaugarri hori lortzeko, artikulu honetako c) letran aipatutako zehaztapeneko akats-zuzenketaren 5. maila erabiliko da. Byte moduko konpresioa (Byte compaction BC mode) erabili behar da, informazioa BASE code 64 formatuan kodetu ahal izateko.

b) Markak inprimatze eremu angeluzuzen batean jarriko dira; eremuaren ezkerraldeko goiko erpinak beti koordenatu absolutu bera izanen du paper orriaren ezkerraldeko goiko erpinarekiko. Paper orria DIN A4 formatukoa izanen da eta bertikalean inprimatuko da.

c) Datuen gehieneko tamaina ez mugatzeko, MACRO PDF417 prozedura erabiliko da. Ez da erabiliko Truncated PDF417 izeneko prozedura. Horrela bermatuko da sortutako marka grafikoak irakurri ahal izanen direla. Fitxategi bakoitzaren deskripzioa marka grafikoan sartzeko, aukerako informazioaren eremuak erabili behar dira, prozeduraren zehaztapenean bertan definitutakoak.

d) PDF417, idatz-zati honen ondorioetarako, Uniform Symbology Specification-PDF417 zehaztapenaren araberako barra-kode multilineal bat da. American National Standards Institute-ren kreditazioa duen Estandarrak Garatzeko Elkarteak (AIM) argitaratu du zehaztapen hori.

10. artikulua. Fakturak eta ordezko agiriak luzatzea eta gordetzea Espainiako lurraldetik kanpo.

1. Fakturak eta ordezko agiriak gordetzeko betebeharra dutenek, jatorrizko agirien hartzaileek eta luzatzaileek, agiri horien kopia edo matrizeei dagokienez, eginbehar hori Espainiako lurraldean edo atzerrian betetzeko tokia zehaztu ahal izanen dute. Betiere, Zerga Administrazioko organoren batek haien zerga egoera aztertzeko jarduketaren bat egiten badu, haren esku jarri beharko dituzte horrela gordetako agiri edo informazio guztiak, hark eskatuz gero, eta atzerapenik gabe, bidezko arrazoirik izan ezean.

2. Agiriak Espainiatik kanpo gordetzen direnean, betebehar hori baliozko moduan betetzat jo dadin, baliabide elektronikoak erabili behar dira, urruneko biltegiratze sistema informatikoaren erabateko eskuragarritasuna bermatuko dutenak, atzerapenik gabe, bidezko arrazoirik izan ezean. Hortaz, ez da onartuko paperezko euskarria duten agiriak Espainiako lurraldetik kanpo gordetzea.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa dela eta, honela ulertuko da urruneko biltegiratze sistema informatikoaren erabateko eskuragarritasuna: linean datuak kontsultatu ahal izatea eta agirien edukia ikusi ahal izatea, xehetasun guztiekin; martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren 53. artikuluan eta hurrengoetan arautzen diren erregistro liburuetan jaso behar diren datuetako edozeinen bilaketa selektiboa egin ahal izatea; kontrol fiskaleko jarduketak egiaztatu edo dokumentatzeko behar diren agiriak linean jaitsi edo kopiatu ahal izatea jatorrizko formatuetan, eta paperean inprimatu ahal izatea.

Tributudunak berak edo tributudunaren izenean eta kontura diharduen hirugarren batek agiriak gordetzeko aukeratutako tokia Europar Batasunetik kanpoko hirugarren herrialde bat bada, edo aukeratu duen herrialdearekin ez badago elkarren laguntzarako tresna juridikorik aplikazio eremu egokia duena (honako arau hauetan aurreikusitakoen antzeko aplikazio eremua: 76/308/EEE Zuzentaraua, 1976ko martxoaren 15ekoa, Kontseiluak emana, zenbait ordainarazpen, eskubide eta zergari dagozkion kredituak kobratzeko elkarri laguntzeari eta beste neurri batzuei buruzkoa; 77/799/EEE Zuzentaraua, 1977ko abenduaren 19koa, Kontseiluak emana, estatu kideetako agintari eskudunek zuzeneko zergen arloan eta aseguru primen gaineko zergen arloan elkarri laguntzeari buruzkoa, eta 1798/2003/EE Erregelamendua, 2003ko urriaren 7koa, Kontseiluak emana, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren arloko administrazio-lankidetzari buruzkoa, 218/92/EEE Erregelamendua indargabetzen duena), fakturak edo ordezko agiriak hirugarren herrialde horietan gorde ahal izan daitezen, tributudunak berak gorde beharko ditu, Nafarroako Zerga Ogasunari jakinarazi eta gero, edo tributudunak gorde beharrean hirugarrenei agindu ahal izanen zaie agiriak gordetzeko, artikulu honetako 4. idatz-zatian zehaztutako prozedurari jarraituz.

3. Aurreko idatz-zatian azaltzen den moduan hirugarren herrialdeetan fakturak eta ordezko agiriak baliabide elektronikoen bidez gordetzeko baimen administratiboa emateko bete behar den prozedura aplikagarria izanen da, halaber, Espainiako lurraldeko egoiliarrak ez diren bezeroek edo fakturazio-zerbitzuak egiten dituzten hirugarrenek Espainiako egoiliar diren enpresaburu eta profesionalen izenean eta kontura fakturak edo ordezko agiriak luzatzeko baimenak eman behar direnean.

Espainian establezimendua edo egoitza duten enpresaburu eta profesionalek bakarrik eskatu ahal izanen dute prozedura hori, luzatu edo gorde behar dituzten fakturak edo ordezko agiriak luzatu edo biltegiratu nahi badituzte. Egoitza atzerrian izanik Espainiako entitate egoiliarrei zerbitzuak eman ahal izateko beren sistemak homologatu nahi dituzten zerbitzu-emaileen eskabideak ez dira onartuko.

4. Aurreko idatz-zatietan aipatutako prozedura honako hau izanen da:

a) Fakturak edo ordezko agiriak gordetzeko luzatze edo biltegiratze jarduerak egin aurretik, luzatze edo gordetze horretan interesa duenak baimena eskatuko dio Nafarroako Zerga Ogasuneko Zerga Plangintza eta Informazioaren Zerbitzuko zuzendariari, hau izanen baita ebazteko eskumena duen organoa.

Eskabidea tramitatzeko, Nafarroako Zerga Ogasunak komenigarri iruditzen zaizkion txostenak eskatu ahal izanen ditu.

b) Espedientea ebazteko, interesdunak behar diren informazio guztiak eman beharko ditu, Zerga Administrazioak ebaluatu ahal izan ditzan eskainitako bermeak, urruneko sistema informatikoetarako sarbideen mailari dagokionez eta sistemen segurtasunari eta fidagarritasunari dagokienez. Nazioartean ospea duten entitateek egindako kanpo-ikuskapen informatikoak eskatu ahal izanen dira.

Fakturak luzatzeko sistemen kasuan alderdi hauek baloratuko dira: Espainiako egoiliarrek atzerrian jarduteko proposaturiko fakturazio sistema elektronikoek luzatutako fakturen egiazkotasuna eta edukien osotasuna bermatzeko oinarrizko baldintzak betetzen dituzten, eta tributudunek bezeroekin edo hirugarren luzatzaileekin egindako kontratuak legezkoak diren.

Nafarroako Zerga Ogasunak, Estatuko Zerga Administrazioaren bidez, urruneko datu sistema dagoen tokiko Zerga Administrazioari (Europar Batasunetik kanpoko hirugarren herrialde batean badago), beste betekizun batzuen artean, Espainiako Zerga Administrazioari laguntzeko idatzizko konpromisoa eskatu ahal izanen dio, behar izanez gero. Horretarako izendatzen diren informatikako ikuskari espainiarrei hirugarren herrialdeko ikuskariekin lankidetzan aritzen utzi behar zaie, urruneko biltegiratze sistema informatiko horiek aztertu edo ikuskatzeko lanak egin ditzaten eta, behar izanez gero, Espainian establezimendua edo egoitza duten tributudunen fakturazioari buruz haietan gorderik dagoen informazioa eskuratu dezaten. Europar Batasuneko herrialdea bada, aplikagarria izanen da elkarren laguntzari buruzko Europako araudia.

c) Aurkeztutako eskabidean dauden elementuak ez badira behar adinakoak araudi bidez ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskatzaileari errekerimendua egin ahalko zaio eta 10 eguneko epea eman, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik aurrera, akatsak zuzendu ditzan, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskabidea artxibatu eginen dela besterik gabe, bertan behera utzi duelakoan. Akatsak zuzentzeko errekerimendua epean bete arren akatsek zuzendu gabe segitzen dutela irizten bazaio, eskatzaileari onarpena ukatu zaiola jakinaraziko zaio, hurrengo e) letran azaltzen den moduan.

d) Hasierako idazkiarekin batera aurkeztutako informazioa aztertu eta beharrezkotzat jotzen diren frogak gauzatu ondoren, sistemaz arduratu den organoak irizpena emanen du eta Nafarroako Zerga Ogasuneko Zerga Plangintza eta Informazioaren Zerbitzuko zuzendariak, irizpen hori oinarri, egoki deritzon erabakia hartuko du.

e) Behin egiaztaturik foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen direla, Nafarroako Zerga Ogasuneko Zerga Plangintza eta Informazioaren Zerbitzuko zuzendariak baimena ematea erabakiko du eta baimenari identifikazio-erreferentzia jarriko dio. Erabakian berariazko baldintzak ezarri ahal izanen dira eskatutako luzatze edo biltegiratze sistema onartzeko.

Baimenik ez ematea erabakitzen bada, baimena zergatik ukatzen den azaldu behar da. Erabakiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izanen da, Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zuzendua.

f) Espedientea ebazteko epea sei hilabetekoa izanen da. Berariazko ebazpenik ematen ez bada, epea amaitutakoan ulertu ahal izanen da eskaera Administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela.

Lehenbiziko xedapen gehigarria. Beste betebehar formal batzuk.

Administrazioak errazago egin ahal ditzan foru agindu honetan arautzen diren agirien inguruko egiaztapenak, datuak gorde behar dira, zerga araudian ezarritako epeetan, euskarri informatikoan, haiek sortzeko erabili ez ziren beste sistema informatiko batzuekin ere irakurri eta landu ahal izateko moduan.

Horretarako, zergadunak datuak sortzeko erabiltzen dituen aplikazio informatikoek datuak esportatzeko tresna egokia eduki behar dute. Tresna horrek bermatu egin behar du datuak inportatu ahal izanen direla zergadunak haiek sortzeko erabili ez zituen beste sistema eta aplikazio informatiko batzuetan, Zerga Administrazioak zergadunaren datuak aztertu behar dituen unean merkatuan eskura dauden sistema eta aplikazioetan, hain zuzen ere.

Bigarren xedapen gehigarria. Fakturazio telematikoko sistema baimenduen araubidea.

1. Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emandako uztailaren 29ko 245/2004 Foru Aginduak, baliabide elektronikoen bitartez fakturatzeko araubidea, fakturazio betebeharrak arautzen dituen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan aurreikusia dagoena, garatzen duenak, bosgarren artikuluan ezarritakoari jarraituz onetsi diren fakturazio sistema guztiek baliodunak izaten jarraituko dute baimendu zirenean ezarritako baldintzekin, eta ez dago foru agindu honen arabera haiek berriz baimendu beharrik.

2. Ez da onartuko halako sistema baimenduetan aldaketak egiterik, salbu eta aldaketak beharrezkoak direnean sistemak egokitzeko, Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduak, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsi eta honako foru agindu honen bidez garatuak, ezartzen dituen baldintza berriak bete ditzaten.

Sistema baimenduetan aldaketaren bat egin beharra badago, interesdunek aldez aurretik Nafarroako Zerga Ogasunari jakinarazi beharko diote eta hark ebatziko du, aipatu erregelamenduan eta honako foru agindu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen diren ala ez kontuan hartuta, besterik ez.

Hirugarren xedapen gehigarria. Ziurtapenaren eta sinadura elektronikoaren arloko zerbitzuak ematen dituzten entitateen ziurtagiri elektronikoak.

Foru agindu honen eremuan, ziurtapenaren eta sinadura elektronikoaren arloko zerbitzuak ematen dituzten entitateek beren zerbitzu-jarduera egin ahalko dute baita horretarako berek luzatutako ziurtagiri elektronikoak erabili behar dituztenean ere, ziurtapen praktikei buruzko aitorpenean aurreikusitako norainokoarekin eta mugekin.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indargabeturik dago uztailaren 29ko 245/2004 Foru Agindua, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, baliabide elektronikoen bitartez fakturatzeko araubidea, fakturazio betebeharrak arautzen dituen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan aurreikusia dagoena, garatzen duena.

Azken xedapenetan lehena. Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari ahalmena ematea.

Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari ahalmena ematen zaio foru agindu hau aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena. Indar hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko ekainaren 12an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: F0709746