69. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 4a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERRIOZAR

Udalaren irratiaren antolaketa eta funtzionamenduaren erregelamendua. Behin betiko onespena

Barañaingo Udalak, 2007ko otsailaren 28an egin osoko bilkura arruntean, legez ezarritako quoruma zuela, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Udalaren irratiaren antolaketa eta funtzionamenduaren erregelamenduan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erabaki hori 2007ko 39. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, martxoaren 30ean, baita Berriozarko Udalaren iragarki oholean ere eta gisa horretara jendaurrean eduki hiru hilabetez.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduak betetzeko, Udalaren irratiaren antolaketa eta funtzionamenduaren erregelamenduaren testua behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen aurka _xedapen administratiboa baita_ ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107.3 artikuluari jarraikiz; hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Bi hilabeteko epean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari zuzenean aurkeztuta, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1.998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz.

b) Hilabeteko epean, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkeztuta, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

Berriozarren, 2007ko maiatzaren 8an._Alkate udalburua, Benito Ríos Ochoa.

ERANSKINA

I. TITULUA

Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

1. artikulua. Berriozarko Irratia udal zentroak xedea du Berriozarko bizilagunak informatu eta jostaraztea, baita aisirako eta ikaskuntzarako aukera bat eskaintzea ere Berriozarko gazteei. Artekale 14an dago, Berriozarren.

Erabiltzaileez gain, arrazoi zehatzengatik erabili nahi duten bizilagunek ere parte hartzen ahalko dute irrati horretan.

2. artikulua. Erabiltzaileen kopurua mugatua izanen da, segurtasun arauen arabera. Zentroa eta bertako baliabideak oker erabiltzeagatik baizik ez du mugatzen ahalko Zuzendaritza Batzordeko buruak halako erabiltzaile batzuen onarpena.

3. artikulua. Erabiltzaileez gain, erabiltzaile behin-behinekoak edota aldi baterakoak ere izan daitezke, baina horretarako zuzendaritzaren baimena beharko dute.

4. artikulua. Erabiltzaile izateko, honakoak bete behar dira:

a) 14tik 30 urte bitartean (biak barne).

b) Behar den eskaera egitea zuendaritzari, inprimaki normalizatuetan.

c) Berriozarko Irratiko zuzendaritzak haren onarpena onestea.

5. artikulua. Debeku da, halaber, animaliak, gauzak edo tresnak sartzea, baldin eta erabiltzaileen arteko harremanak hein batean edo bertzean oztopatzen badituzte eta haiei traba egin badiezaiekete.

6. artikulua. Erabiltzaile guztiek eskubidea dute Berriozarko Irratiaren kudeaketan parte hartzeko eta halako saio batzuen zuzendaritza beren gain hartzeko.

Bertzetik ere, behartuak daude estatutuetako eta erregelamendu honetako aginduak betetzera eta Zuzendaritza Kontseiluak eta Tokiko Gobernu Batzarrak baliozkotasunez hartutako erabakiei men egitera.

7. artikulua. Nork bere borondatez uztea.

Erabiltzaile izatetik geldituko da zuzendaritzari idatziz borondatezko baja eskatzen dionak.

8. artikulua. Berriozarko Irratitik egotziko dira, eskubideak oro galduta, giza bizikidetzako arau oinarrizkoak behin eta berriz betetzen ez dituzten erabiltzaileak eta/edo Berriozarko Irratiko zuzendaritza organoek harturiko erabakiak eta/edo erregelamendu honetan xedatuak behin eta berriz urratzen dituztenak.

Zuzendaritza Kontseiluak eginen du egozteko erabakiaren proposamena, eta berak hartzen ahalko du, Gobernu Batzordeak erabaki bitartean, erabiltzailearen eskubide guztiak badaezpada ere eteteko erabakia. Erabaki hori hartu baino lehen jakinaraziko zaizkio erabiltzaile urratzaileari leporatutakoak, karguen jakinarazpena egin ondoko 15 eguneko epearen barrenean bidezko juzgatzen duena idatziz alega dezan.

Zuzendaritza Kontseiluak irizten badu egindako arau-haustea ez dela bereziki larria, arau-hausleari ohartarazpen publikoa egitea erabaki dezake, edo aldi baterako egoztea, gehienez ere 3 hilabeterako. Zuzendaritza Kontseiluaren proposamena Gobernu Batzordeari igorriko zaio, onets dezan.

9. artikulua. Berriozarko Udalaren aurrekontu arruntetan Berriozarko Irratiari atxikitzen zaion kontusaila, muga huraxe izanen du urteko aurrekontu arruntak.

II. TITULUA

Zuzendaritza Kontseilua

10. artikulua. Zuzendaritza Kontseilua erakunde autonomoaren zuzendaritza, kontsulta eta aholkurako organo gorena da. Gainera, hari dagokio erakundearen jardueretarako arauak eman eta betetzen direla zaintzea, hala nola lehendakariari aholku ematea ere, eta bere erabakiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dizkio, onets ditzan.

Berriozarko Irratiaren barne gobernua, bai zuzendaritzaren bai ekonomiaren aldetik, Zuzendaritza Kontseiluaren esku egonen da, betiere haren erabakiak Tokiko Gobernu Batzarrak berresten baditu.

Toki erakundeak Gazteriaren Mahaian dituen ordezkariak izanen dira Zuzendaritza Kontseiluko kideak.

Zuzendaritza Kontseilua honela egonen da osatua:

a) Lehendakaria edo zuzendaria: Kirol eta Gazteriako zinegotzia.

b) Kontseilukideak: herriko taldeen ordezkari bana, gazte elkarteen ordezkari bana eta Berriozarko Irratiko programen zuzendariak.

c) Idazkaria: gazteriaren arloko teknikaria.

Kargu politikoen iraupena legegintzaldi bakoitzean zehazten dena izanen da eta gazte elkarteen ordezkariena horiek desegiten direnean bukatuko da.

Saioen zuzendariek zuzendaritza utziko dute atxikitako programaren zuzendaritzan parte hartzen ez dutenean.

11. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluko karguak borondatezkoak eta irabazirik gabeak dira.

Borondatezko erabiltzailerik ez dagoenean, sistema bat bideratuko da kargu horiek nahitaezkoak izan daitezen.

Berriozarko Irratiko saioen zuzendariek beti bertan egon beharko dute esatari lanaren kudeaketarako.

12. artikulua. Hona hemen Zuzendaritza Kontseiluaren ahalmenak:

a) Udalaren irratiaren diruen eta haien erabileren gainean iritzia ematea.

b) Kontuak aztertzea eta haien onespena edo ezespena poposatzea.

c) Berriozarko Irratiaren jardueraren berri izatea.

d) Erabiltzaileek egiten dituzten eskaera eta errekerimendu orori erantzutea.

III. TITULUA

Lehendakaria eta Zuzendaritza Kontseiluko gainerako kideak

13. artikulua. Berriozarko Irratiko lehendakariak haren legezko ordezkaritza izanen du.

Berriozarko Irratiaren barne araubideari dagokionez, ondoko eskurantzak izanen ditu, bertzeak bertze:

a) Kontseiluaren bilkuretarako deialdiak egin, haien buru izan eta zuzendari lana betetzea.

b) Kontseiluaren ordezkari izatea.

c) Zuzendaritza Kontseilua biltzeko deia ez badaiteke egin, presako kasuetan, haren eskumenen esparruan erabakiak hartzea, betiere estatutuen zentzuarekin bat, eta Kontseiluari haien berri emanez, hurrengo bilkuran berrets ditzan.

d) Zuzendaritza Kontseiluaren erabakiak betetzen direla zaintzea.

14. artikulua. Hona idazkariari dagozkionak:

a) Kontseiluaren bilkuren aktak idaztea eta onesteko aurkeztea. Berak bertze inork ez ditu sinatuko, lehendakariak oniritzia emanda.

b) Erakunde autonomoari zuzendutako korrespondentziari edo berak igortzen duenari burubidea ematea.

c) Zuzendaritza Kontseiluaren egintza edo erabakiei buruz behar diren ziurtagiriak luzatzea.

IV. TITULUA

Berriozarko Irratiaren desegitea

15. artikulua. Berriozarko Irratia deseginez gero, haren ondarea eta ondasunak Berriozarko Udalaren eskuetan geldituko dira.

V. TITULUA

Ordezko zuzenbide arauak

16. artikulua. Berriozarko Irratiaren estatutuetan eta honako erregelamendu honetan aurreikusia ez dagoen orotan, estatu edo erkidego mailako legezko araudiak gisa honetako elkarteei buruz zehazten duenari jarraituko zaio.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Zuzendaritza Kontseiluan aldatzen edo berritzen ahalko da erregelamendu hau, betiere aldaketa hori eguneko gai zerrendan jasoa bada.

Iragarkiaren kodea: L0707625