33. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 17a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

LERGA

Ordenantza behin betikoz onetsirik

2005eko 153. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, abenduaren 23an, argitara eman zen Udal hilerriko tasa arautzen duen ordenantzaren hasierako onespenaren iragarkia.

Delako ordenantzaren kontra alegaziorik jaso ez denez, behin betiko onetsirik gelditu da; hortaz, argitara ematen da haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Lergan, 2006ko otsailaren 16an._Alkatea, Ignacio Iriarte Marco.

UDAL HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA

Xedapen orokorra

1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluak eta hurrengoek xedatzen dutenari, eta 2/1995 Foru Legea eta 6/1990 Foru Legea aldatzen dituen martxoaren 1eko 4/1999 Foru Legeak xedatzen duenari jarraikiz ezarri da.

Orobat, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4, 25 eta 26. artikuluei, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 4 eta 29. artikuluei jarraikiz, ordenantza honen xedea da Udal hilerriko administrazioa, zuzendaritza eta zaintza arautzea, hori guztia bertzelako administrazioek eskutik dituzten legezko eskumenak ezertan ukatu gabe.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Alderdi batek eskaturik, Lergako udal hilerrian ehorzketagatik eta hobitik ateratzeagatik sortzen den udal jarduna, horra zergagaia.

Salbuespenak

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, Ordenantza fiskal orokorraren 8. artikuluan aipatu pertsona fisiko edo juridikoak nahiz entitateak.

Nola nahi den ere, Ordenantza fiskal orokorreko 8. artikuluan aurreikusitako hori izanen da ordezko subjektu pasiboa.

Tarifak

5. artikulua. Udal hilerriko zerbitzuak emateagatik, hona hemen tarifak:

Ehorzketak:

_Lergan erroldatuak ez direnak: 200 euro.

_Gorpuzkinen lekualdatzeak: 30 euro.

Sortzapena

6. artikulua. Tasa eta ordaintzeko obligazioa sortuko dira zergapeko egintza osatzen duen udal jarduera egiten denean.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Lergako udal hilerriko administrazio, zuzendaritza eta zaintza horiek ahalmen hauek dakartzate beraiekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

8. artikulua. Udal Hilerriko antolaketa eta funtzionamendua udal organoen esku izanen dira, eta horretarako behar diren langileak jarriko ditu.

9. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

10. artikulua. Ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak ehortziko dira, legezko izapideak bete badira, eta ehorzteko zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira Ordenantza honetako 5. artikuluan zehazten diren ehorzteko eskubideak.

11. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita bertze hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruzko xedapenetan ezarritakoari jarraituz ikuskatu behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz. Ehorzketak ondoko baldintzetan egin daitezke, betiere heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik sortzen ez badu:

_Nitxoetan ehortzitako hilotzak: zinkezko hilkutxarik gabe badaude, bi urte iragan beharko dira, gutienez, ehorzketa egunetik. Zinkezko hilkutxan badaude, atera eta lekuz aldatzen ahal dira, nahi denean.

_Lurpean ehortzitako hilotzak. Zinkezko hilkutxan badaude, atera eta lekuz aldatzen ahal dira, nahi denean. Zinkezko hilkutxan ez badaude, ezin izanen dira ehortzi gutienez 5 urte iragan baino lehen.

Horiek baino denbora laburragoko epeetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen, epaile batek manatu ezean.

12. artikulua. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman behar izanen.

Eskatzaileak bere kontura eginen ditu hilotza ateratzeko lanak. Udalari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

13. artikulua. Bertze hilerri batetik ekartzen diren hilotzak ehorzteko ez da lur gehiagorik okupatuko. Gutienez ere 10 urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bertzenaz, hezurtegira eramanen dira.

14. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekualdatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko litzateke ongi kontserbaturik ez balego.

15. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren zerbitzuak egietagatik udal tasak ordaindu eta gero, udal hilerriko lur guztiak erabiliko dira lurpean lagun bakarra hamar urtean ehorzteko hilobietarako. Dena den, leku guti izateagatik beharrean egonez gero, legeak agintzen duen gutienekoa beteta ateratzen ahalko dira hilotzak.

16. artikulua. Udal Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobietarako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez bertzerako.

Ehorzketa gaurko ilaren ordenari jarraikiz eginen da, horretarako prestatzen den hobian. Haren luze-zabalak 2,10 metro bider 0,90 metro izanen dira.

Hilarriek lerrokaturik egon behar dute eta haien luze-zabalak, gehienez ere, 2,20 metro bider 0,90 metro izanen dira.

17. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

18. artikulua. Hilerriko lurren aprobetxamendua iraungitzen ahal da honako hauengatik ere:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

19. artikulua. Hilobiak urratu behar direnean, bai alderdi batek ateratzeko eskaera egiteagatik bai aurreko artikuluan bildutako arrazoiak izateagatik, hobitik atera baino lehen, odolkidetasunezko bigarren gradu bitarteko senitartekoek Udalari adierazi beharko diote apaindurazko elementuen norakoa; orobat, hilerriko paretaren ondora aldatu daiteke hildakoaren identifikazio elementua, ez bertze inora.

Arau-hausteak eta zehapenak

20. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean, martxoaren 2ko 4/199 Foru Legean eta apligarri diren gainerako xedepenetan xedatutakoari ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza Fiskal Orokorra, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak aplikatuko dira.

Bigarrena._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

Iragarkiaren kodea: L0603113